4. PROZEDURA JUDIZIALAK
BILBOKO LAN ARLOKO 9. EPAITEGIA
Ediktua. 457/2015 prozedura
María Luisa Linaza Vicandi andrea, Bilboko Lan arloko 9. Epaitegiko Justizia Administrazioaren letradua. Aditzera ematen dut:
Francisco Javier Galas González jaunak eskaturik, diru kopuru baten erreklamazioa dela-eta, Soldatak Bermatzeko Funtsaren eta Stef Iberia SAUren aurka lan arloko epaitegi honetan bideratzen ari diren lan arloko 457/2015 prozedura arruntaren autoetan, honako hau eman da:
Dekretatzen dut. Dekretua eman duen idazkari judiziala: María Luisa Linaza Vicandi andrea. Bilbon (Bizkaia), 2015eko irailaren 2an.
Aurrekariak:
Lehena.–2015eko maiatzaren 25ean, bulego judizial honetan demanda-idazkia jaso da banaketa bulegotik, hain zuzen ere Francisco Javier Galas Gonzálezek, diru kopuru baten erreklamazioa dela-eta, 2015eko maiatzaren 25ean aurkeztua legelari batek lagundurik; alderdi demandatu gisa Soldatak Bermatzeko Funtsa eta Stef Iberia SAU agertzen dira.
Bigarrena.–Akats zuzengarria aurkitu zen demandan eta, LJLaren 81. artikuluarekin bat, auzi-jartzaileari lau eguneko epe luzaezina eman zitzaion demanda zuzentzeko, hau da, laugarren eta bosgarren egintzetan aipatzen dituen argibide-eranskinak aurkezteko. Eskatutako diru kopurua zehazteko kalkulu aritmetikoak egiaztatzea da helburua. Auzi-jartzaileari hori jakinarazi ondoren, horretarako emandako epean zuzendu du.
Zuzenbideko oinarriak:
Lehena.–Aurreko demanda azterturik, epaitegi honek baditu horretaz arduratzeko jurisdikzioa eta eskumena, Lan arloko Jurisdikzioari buruzko Legearen 2. eta 10. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
Bigarrena.–Bestetik, demandak behar diren baldintzak bete ditu eta, ondorioz, bidezko da demanda tramitatzeko onartzea eta adiskidetze-ekitaldia eta judizioa, bata bestearen ondoren, egiteko eguna eta ordua ezartzea, Prozedura Zibilari buruzko Legearen 182. artikuluan (LJLaren 82.1 artikulua) ezarritako irizpideei jarraikiz, eta alderdiak zitatzea legezko ohartarazpenak eginda.
Hirugarrena.–LJLaren 81.4 artikuluak xedatzen du ezen, judizioan egin beharreko froga prestatzeko eginbideak edo hura aurreratzekoak edo ziurtatzekoak eskatuz gero, kasu honetan gertatu den bezala, epaileari jakinaraziko zaiola, bidezkoa dena ebatz dezan, eta ebazpen hori jakinarazi beharko da, demanda tramitatzeko onarpenarekin eta ezarritako egunarekin batera.
Xedapen zatia:
1.–Diru kopuru baten erreklamazioaren gaineko demanda tramitatzeko onartzen da. Francisco Javier Galas Gonzálezek aurkeztu zuen demanda, eta alderdi demandatu gisa Soldatak Bermatzeko Funtsa eta Stef Iberia SAU agertzen dira.
Auzi-jartzaileak Miren Alazne Alonso Izurza legelaria izendatu du, LJLaren 80.1.e) artikuluan ezarri diren ondorioetarako.
2.–Adiskidetze-ekitaldia eta judizioa 2016ko otsailaren 25ean eginen dira.
Alderdiek 11:50ean agertu beharko dute adiskidetze-ekitaldira epaitegi honetako erabilera anitzeko gelan, Justizia Jauregiko 6. solairuan.
Ekitaldi horretan alderdiak bat etortzen ez badira, 12:10ean agertu beharko dute lehenengo solairuan dagoen 14. judizio-aretora (Barroeta Aldamar, 10), dagokion judizioa egitera.
Egin bekie zitazioa alderdiei, alderdi demandatuari demandaren eta ekarritako gainerako agirien kopia emanez.
Zitazio zeduletan honako ohartarazpen hauek eginen dira:
a) Bi alderdiei ohartarazten zaie baliatu nahi dituzten frogabide guztiak eraman beharko dituztela judiziora (dokumentuak izanik, behar bezala aurkezturik, ordenaturik eta zenbakiturik egonen dira), eta adiskidetzea formalizatzen ahalko dutela judizioa saihesteko, horretarako bulego judizialean agertuz, jarritako egunaren zain egon gabe, eta zilegi izanen dutela, orobat, auzia LJLaren 63. artikuluan xedatutakoaren arabera eratuta dauden bitartekotza prozeduren mende jartzea, nahiz eta horrek ez duen etetea ekarriko, bi alderdiek adostasunez eskatzen ez badute behintzat, bitartekotzaren mende jartzea justifikatuz (LJLaren 82.3 artikulua).
b) Alderdi demandatzaileari ohartarazten zaio agertzen ez bada edo etetea eragiteko bidezko arrazoirik alegatzen ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela (LJLaren 83.2 artikulua).
c) Alderdi demandatuari ohartarazten zaio bidezko arrazoirik gabe ez agertzea ez dela oztopo izanen adiskidetze-ekitaldia eta judizioa egiteko, aurrera eginen baita auzi-ihesean dagoela deklaratu beharrik gabe (LJLaren 82.3 eta 83.3 artikuluak).
d) Alderdi demandatuari ohartarazten zaio alderdi demandatzailea judizioan legelariak lagunduta agertuko dela, eta aipatutako profesionaletako batekin agertzeko asmorik baldin badu, epaitegiari jakinarazi beharko diola, idatziz, zitazioaren ondoko bi egunetan. Hala egiten ez badu, ulertuko da uko egiten diola judizioan profesional horiez baliatzeko eskubideari (LJLaren 21.2 artikulua).
e) Alderdi demandatuari ohartarazten zaio epaitegi honetan aurkezten duen lehen idazkian edo agertzen den lehen aldian, jakinarazpenetarako helbide bat eta datu guztiak adierazi beharko dituela (LJLaren 53.2 artikulua).
f) Bi alderdiei ohartarazten zaie jakinarazpenetarako emandako helbideak eta datuek ondorio osoak izanen dituzte, eta haietan eraginik gabe egindako jakinarazpenak baliozkoak izanen dira, bestelako datuak ematen ez diren bitartean; haiek eguneratzea alderdien eta haien ordezkarien karga prozesala izanen da. Halaber, telefono zenbakia, faxa, helbide elektronikoa edo antzekoa aldatzen denean, bulego judizial honi jakinarazi beharko zaio, baldin eta epaitegiarekin komunikatzeko erabiltzen bada (LJLaren 53.2 artikuluaren bigarren lerroaldea).
3.–Demandan eskaturiko frogen eginbideei dagokienez, jakinaraz bekizkio epaileari, bidezkoa dena ebatz dezan, eta ematen duen ebazpena jakinaraz bedi dekretu honekin batera.
Kontu eman bekio epaileari, PZLaren 182.5 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
Jakinaraz bekie ebazpen hau alderdiei.
Aurkaratzeko modua: bulego judizialean berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea, idazkari judizialari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta ondoko hiru egun balioduneko epean. Errekurtsogileak ebazpenari zer akats egozten dion adierazi behar du (LJLaren 186.1 eta 187.1 artikuluak).
Errekurtsoa jartzeak ez du etenen errekurritutako ebazpena (LJLaren 186.3 artikulua).
Hori dekretatu eta sinatzen dut. Fede ematen dut.
Eta Stef Iberia SAUri legezko jakinarazpena egiteko balio izan dezan, non den jakiterik ez baitago, honako hau egiten dut Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.
Hartzaileari ohartarazten zaio bulego judizialeko iragarki-oholean eginen direla hurrengo komunikazioak, salbu eta autoenak, epaienak, prozesuari bukaera ematen dioten edo auzia ebazten duten dekretuenak, edo epatzeenak.
Bilbon (Bizkaia), 2015eko urriaren 29an.–Justizia Administrazioaren letradua, sinadura ulertezina.
Iragarkiaren kodea: J1515303