2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZUBIETA
Hirigintzako tramitazioen tasak arautzen dituen ordenantza
Behin betiko onespena
Zubietako Udalak, 2015eko irailaren 10ean egin osoko bilkuran, legez behar den quoruma izanik, erabaki zuen hasiera batean onestea Hirigintzako tramitazioen tasak arautzen dituen ordenantza.
Iragarkia 2015eko 201. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urriaren 8an. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Zubietan, 2015eko azaroaren 16an.–Alkatea, Ernesto Dominguez Olea.
ORDENANTZA, HIRIGINTZAKO TRAMITAZIOEN
TASAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12.1, 100 eta hurrengo artikuluetan xedatutakoaren babespean.
Zergapeko egintza
2. artikulua. Zergapeko egintza da hirigintzako jarduketen eta hirigintzaz kanpoko lizentzien tramitazioari dagozkion zerbitzu tekniko edo administratiboak ematea, udal mugapearen edozein tokitan egiten denean, hala lur pribatuan nola publikoan.
3. artikulua. Tasa hauei loturiko udal egintza, bertzeak bertze, hirigintzako jarduketa hauetan gauzatzen da:
a) Udal Planeko aldaketa puntualak tramitatzea.
b) Plan partzial edo bereziak eta haien aldaketak tramitatzea.
c) Lerrokaduren azterlan osagarriak edo xehetasun azterlanak tramitatzea.
d) Unitateen mugapenak eta erabilera aldaketak tramitatzea.
e) Birzatiketak edo kudeaketarako bestelako bitartekoak tramitatzea.
f) Lur-bereizketak.
g) Urbanizazio proiektuak tramitatzea.
h) Hirigintzako kontsultak.
i) Hirigintza-lizentzia behar duten obrak.
j) Erantzukizunpeko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten egintzak.
k) Exekuzio aginduak.
l) Aurri-espedienteak.
ll) Jarduera lizentzien tramitazioa.
m) Irekitzeko lizentzien tramitazioa.
n) Jarduera lizentzien, irekitzeko lizentzien eta gainerako beste batzuen gaineko kontsulten tramitazioa.
ñ) Eta, oro har, aurrekoetan sartzen ez den hirigintzako edozein tramitazio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak babestua baldin bada (5/2015 Foru Legeak, martxoaren 5ekoa, Nafarroan hirigintza iraunkorra, hiri-berrikuntza eta hirigintza-jarduera laguntzeko neurriei buruzkoak, egin dizkion aldaketekin).
Ordaindu beharra
4. artikulua. Hirigintzako tramitazioa eskatzen den unean sortzen da tasa ordaindu beharra.
Subjektu pasiboa
5. artikulua. Hirigintzako tramitazioa eskatzen duten pertsona fisiko edo juridikoek ordaindu behar dute.
Tarifak eta karga-tasa
6. artikulua. Hirigintzako aholkularitzaren txostenak eta prentsan argitaratzen diren iragarkiak zer kostu duten, horrenbertzekoak izanen dira aplikatu beharreko tarifak, tasak eta karga-tasak, ordenantzaren 3. artikuluan aipatzen diren hirigintzako jarduketei dagokienez.
Alkatetzak eginen du tasen behin betiko likidazioa.
Tramitazioa
7. artikulua. Hirigintzako tramitaziorako eskaera orok berarekin beharko ditu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak aipatzen dituen edukia eta zehaztapenak.
Kudeaketa arauak
8. artikulua. Planeamendurako espedienteak tramitatzeko arduradunek, udal teknikarien aldeko txostena hartu ondotik, likidazioa eginen dute, eta bertan honako hauek aipatuko dira: subjektu pasiboaren izena, tasa zer kontzepturen arabera likidatzen den, tasaren tarifa eta zenbatekoa.
9. artikulua. Tasen likidazioa onetsi eta gero, interesdunari jakinaraziko zaio, erregelamenduzko epean tasak ordain ditzan.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra.–Behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.
Iragarkiaren kodea: L1515527