2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZUBIETA
Herritarren lana edo auzolana arautzen duen ordenantza
Behin betiko onespena
Zubietako Udalak, 2015eko irailaren 10ean egin osoko bilkuran, legez behar den quoruma izanik, erabaki zuen hasiera batean onestea Herritarren lana edo auzolana arautzen duen ordenantza.
Iragarkia 2015eko 201. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urriaren 8an. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Zubietan, 2015eko azaroaren 16an.–Alkatea, Ernesto Dominguez Olea.
HERRITARREN LANA EDO AUZOLANA
ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da auzolana edo herritarren lana arautzea, Zubietako Udalaren mesederako egiten diren lan eta zerbitzuei dagokienez.
2. artikulua. Oinarria.
Ordenantza hau, lehenik, auzolanak egiteko Zubietako ohitura zaharraren bidez arautzen da; orobat, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legearen 53, 54 eta 55. artikuluek xedatzen dutenaren bidez.
3. artikulua. Subjektu pasiboak.
Zubietan bizi eta bertako erroldan eta zentsuan sartuta daudenek dute auzolana egin beharra.
Herrian bizi den norbaitek baja hartzen badu Udalaren erroldatik auzolana ez egiteko asmotan, auzolanetarako deituko zaio bertan bizi dela egiaztatzen bada.
Zubietako usadio eta ohiturak jarraituz, nahikoa izanen da etxebizitza batean bizi den familiako kide batek egitea auzolana.
Auzolanak egin beharko dituzte Zubietatik kanpo bizi diren familiek ere, Zubietako etxebizitza baten jabe baldin badira eta bertara etortzen badira urteko zenbait denboralditan.
Zubietan etxebizitza bat baino gehiagoren jabe diren familiek, bertan bizi bada norbait iraunkor edo aldi baterako, etxebizitza horietako auzolanak egin beharko dituzte.
Salbuetsia dagoen persona bat errentan emandako etxebizitzen jabe denean, etxebizitza haien auzolanak egin edo ordaindu beharko ditu.
4. artikulua. Salbuespenak.
Lan pertsonala edo auzolana egitetik salbuetsita egonen dira honako pertsona hauek:
a) 18 urtetik beherakoak eta 55etik gorakoak.
b) Urritu fisiko, psikiko eta zentzumenezkoak, %25eko ezintasuna edo handiagoa aitortua baldin badute.
c) Aldi baterako lanerako ezintasuna duten pertsonak, 4 hilabete baino gehiago iraupena baldin badu. Gaxioaldi-baja agiria eta baieztapen agiria aurkeztu behar dira frogatzeko.
d) Presondegietan giltzapetuak daudenak.
e) Udalbatzaren ustez onura publiko edo interes sozialeko jarduerak egiten dituzten pertsonak. Horrela, salbuetsiak egonen dira zinegotziak karguan dauden bitartean.
Salbuetsiek auzolana egitea badaukate, hala nahi badute.
5. artikulua. Asegurua.
Auzalanean izan daitezkeen istripuak babestuko ditu Udalak aseguruak eginez.
6. artikulua. Kudeaketa.
1. Auzolana egiteko bi era daude:
a) Udalak antolatutako auzolanak. Hau izan da ohiko auzolana: Udalak antolatzen dituenak obrak edo lanak egiteko herriaren mesederako. Udalak adieraziko du noiz egin behar diren. Bando bidez emanen da auzolanaren berri eta egiteko eguna larunbata izanen da.
b) Gai diren pertsona zehatzei Udalak agindutako lan konkretuak. Lan horiek egiteko agindua emanen da presakoak direnean, konplexuak direlako, ezaugarri bereziak dituztelako edo beste arrazoiengatik. Udalak aginduta eginen dira beti.
Badago auzolan berezi bat, aurreko 2 eretatik kanpo dagoena. Hau da urtean behin egin eta kudeatzen duena Ehiztarien Elkarteak. Egin den lanaren berri emanen dio Elkarteak Udalari. Auzolan horretan parte hartzen duten ehiztariei ez zaie aintzat hartuko udal-auzolanen zerrendan.
2. Gutxienez hiru auzolan egin beharko dira urtean. Auzolanaren iraupena 8 ordukoa izanen da gutxi gorabehera, nahiz eta iraupen desberdina izan daitekeen lan bakoitzaren baldintzen arabera. Egin dela frogatzeko, agiria emanen du udal-ordezkariak auzolan bakoitza egiten denean.
3. Bertze lagun batek egiten ahal du auzolana, betiere horretarako egokia baldin bada eta bere borondatez aritzeko prest bada. Aldez aurretik, ordezpen horren berri emanen zaio Udalari.
4. Badago auzolana egitetik salbuestea, Udalak urtero ezarriko duen diru kopurua ordainduta. Kopuru hori 2016. urterako 50 euro izanen da auzolan bakoitzeko. Diru hori borondatezko ordainaldian pagatzen ez bada, derrigorrezko diru-bilketa erabiliko da %20ko errekarguarekin. Borondatezko ordainaldiko azken eguna urteko azken eguna izanen da.
5. Bizilagun bat bere traktorearekin joaten bada auzolanera, 2 auzolan kontatuko zaizkio.
Bizilagun bat bere makineria txikiarekin (sasiak garbitzeko makina adibidez) joaten bada auzolanera, auzolana eta erdi kontatuko zaio.
6. Urtean egiten diren auzolanak kontuan hartu ahalko dira hurrengo urteetarako; betiere onespena eman beharko du Udalak kasuz kasu.
7. Bizilagunek urte hasieran jakinarazten ahalko dute dirutan ordainduko dutela, sortzen diren lanetarako dei ez dakien.
7. artikulua. Deialdia.
Zubietako Udalak urtean hiru auzolan eginen ditu, gutxienez, eta horietarako deia 48 ordu lehenago eginen du, bando bidez eta iragarki oholean agertuz, edo, salbuespen gisa, bertzelako bitarteko bat baliatuz.
8. artikulua. Auzolan bakoitzeko lana Udaleko kide batek zuzenduko du. Espezializazioren bat beharrezkoa denean, Udalak espezialista baten esku uzten ahalko du lanak kontrolatu eta zuzentzeko ardura.
9. artikulua. Lehendik egindako lanak direla eta, inor ez da auzolanetik libratuko Udaleko ordezkari batek ez badu oniritzia idatzita ematen auzolana egin aitzin.
10. artikulua. Gutieneko auzolanak egin edo ordaindu ez badira, Udalak zenbait eskubide kentzen ahalko ditu: herrilurren errentamendua, hektareen banaketa NPBren aitorpenerako, herrilurrez baliatzea, sutarako egur-lotea, etab.
Azken xedapena
Ordenantza fiskal honek indarra hartuko du 2016ko urtarrilaren 1ean, eta ondorio juridiko osoak Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara ematen denean sortuko ditu.
Iragarkiaren kodea: L1515526