241. ALDIZKARIA - 2015eko abenduaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

260/2015 FORU DEKRETUA, azaroaren 17koa, Azkoiengo udalerrian, Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko Arga 4-XXII. sektoreko nekazaritza azpiegituretako jarduketa onetsi, hau da, lurzatien berrantolamendua egitea eta ureztaketa modernizatzea, eta jarduketa hori onura publikokoa eta presakoa dela adierazten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planean sartutako ureztaketetako jarduketa eta obrei buruzko martxoaren 16ko 7/1999 Foru Legeak adierazten du Nafarroako Ubidearen eraginpeko eremuetako nekazaritza azpiegituretan egiten diren esku-hartzeak onura publikokoak eta interes orokorrekoak direla.

Irailaren 5eko 102/2012 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Ubidearen 1. fasearen handitzea Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planeko jarduketen zerrendan sartzea onetsi zen.

Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko interes orokorreko azpiegiturak eraiki eta ustiatzeko araubidea ezartzea du xede azaroaren 22ko 12/2005 Foru Legeak.

Nafarroako Gobernuak 2013ko urtarrilaren 16an hartutako Erabakiaren bidez, onetsi zen behar diren jarduketak hastea Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko 1. fasea handitzearen ondoriozko interes orokorreko azpiegiturak eraiki eta ustiatzeko.

Eremu ureztagarriaren eraikuntzari jarraipena emateko eta Arga 4-XXII. sektorean ureztalurra modernizatzeko beharrezko jarduketak koordinatzeko, bidezkoa da une honetan nekazaritza azpiegituretako jarduketa onestea, lurzatien berrantolamendua egiteko eta ureztaketa modernizatzeko.

Horiek horrela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko azaroaren 17an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Onespena.

Azkoiengo udalerrian, nekazaritza azpiegituretan egin beharreko jarduketa onestea. Jarduketa hori Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko Arga 4-XXII. sektorean eginen da, lurzatien berrantolamendua eginez eta ureztaketa modernizatuz.

2. Onura publikoa eta presaz egin beharra deklaratzea.

Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko Arga 4-XXII. sektorean nekazaritza azpiegituretan egin gogo den jarduketaren onura publikoa eta presaz egin beharra deklaratzen da, ondasunak eta eskubideak desjabetzeko, aldi baterako eta betiko okupatzeko eta bidezkoak diren zortasun iraunkorrak edo aldi baterakoak sortzeko.

3. Proiektuaren deskribapena.

Eremu horretako nekazaritza azpiegituretan izan beharreko esku-hartzean sartzen dira, lehenik, lurzati berrantolamendua ureztaketak eskatzen duen egiturari egokitzeko obrak, eta bigarrenik, modernizaziorako beharrezkoak diren obrak.

Azkoiengo Ureztatzaileen Elkarteak (Arga eta Aragoi ibaiak) eskatutako modernizazioaren funtsa da ureztaketa sistema aldatzea Itoiz-Nafarroako Ubidetik presiozko ureztaketa ezartzeko, 200 bat hektareatan izan ezik, non lurzatien berrantolamenduaren ondorioz aukera izanen baita Arga edo Aragoi ibaietatik uholde bidezko ureztaketa nahi duten jabeak kokatzeko.

Ura hartzeko obrak eta sektoreko eta eremuko oinarrizko sarea egin beharko dira, baita emaria presio bidez banatzeko sarea ere ureztaketa unitateak hornitzen dituzten hidranteetaraino, lurzatiko ureztaketa-sistemekin berdintzen baitira. Azken horiek nekazaritzako interes pribatuko obra gisa sailkatuko dira.

4. Ingurumeneko alderdiak.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak 2013ko abuztuaren 19an Nafarroako Ubidearen 1. fasea eta haren eremu ureztagarria handitzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialari buruz egindako ingurumen eraginaren adierazpenak zehazten du zein diren ezarri beharreko neurri zuzentzaileak, eta ingurumena zaintzeko programa ere ezartzen du, haiek beteko direla bermatzen duena.

5. Erabili beharreko prozedura.

Nafarroako Ubidea abian jartzeko eta Arga 4-XXII. sektorea hornitzeko aurreikusi diren epeak ikusirik, lurzatiak berrantolatzeko prozedura Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Legearen IV. kapituluan aurreikusten den prozedura arrunta izanen da.

Azkoiengo Ureztatzaileen Elkarteak, azpiegiturak finantzatzearen ondorioetarako bakar-bakarrik, erabaki zuen Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko abenduaren 9ko 18/1994 Legean xedaturikoari jarraikiz tramitatzea, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen xedapen iragankorrean xedaturikoarekin bat.

Kasu honetan, jarduketaren perimetroan lehendik egindako ureztaketa-kontzesio batzuk daudenez, Nafarroako Ubidearen 1. fasea handitzeko eremu ureztagarriari erantsiko zaizkio, aplikatu beharreko araudian xedatu bezala (Urei buruzko Legea eta Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamendua).

Eransketa hori sektorearen gaineko erabakia onetsi aurretik egin beharko da. Orobat, eta uneoro, INTIA-Nafarroako Nekazaritzako Industrien Teknologien eta Azpiegituren Institutua, S.A.k etengabeko jarraipena egin beharko du, ukipenik ez izateko Nafarroako Ubidearen 1. fasea handitzeko eremu ureztagarriaren proiektu osoaren irismen teknikoaren eta ekonomikoaren gainean.

6. Jarduketaren xedeko lurralde eremua.

Jarduketa eremuaren azalera 1.360 hektareakoa da gutxi gorabehera.

Luzati berrantolamenduaren eremuko behin-behineko mugak honako hauek dira:

–Iparraldea: Faltzesko Ureztatzaileen Elkartearen ureztalurra.

–Hegoaldea: Funesko udal mugapea eta Martzillako udal mugapea.

–Ekialdea: Azkoiengo IV-5 Sektorean eraldatutako lehorreko lurrak, NA-660 errepidea eta Azkoiengo ureztalurrak (Bayunga).

–Mendebaldea: Arga ibaia eta bazter utzitako lurra.

Mugaketa hori bat dator Nafarroako Ubidearen 1. fasea eta haren eremu ureztagarria handitzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialarekin. Nafarroako Gobernuak 2013ko irailaren 25eko Erabakiaren bidez onetsi zuen proiektu hori eta Arga 4-XXII. sektoreko eremu ureztagarria lurzatiak berrantolatzeko eremuaren barrenean dago.

1/2002 Foru Legearen 13.4 eta 17.a artikuluetan xedatutakoaren arabera aldatzen ahalko da azpiegituretako jarduketaren perimetroa.

7. Ustiatzeko oinarrizko azalerak.

Inguruko ekoizpen joerekin bat, ureztalurrak ustiatzeko oinarrizko azalera 25 hektareakoa izanen da gehienez, eta 5 hektareakoa gutxienez. Ureztalurra ustiatzeko oinarrizko azaleraren gutxieneko muga ureztaketaren oinarrizko azalera izanen da. Alde horretako lehorreko lurren ustiapen azalera oinarrizkoen goiko eta beheko mugak 180 eta 36 hektarea izanen dira, hurrenez hurren. Ureztalurrak lehorreko lur bihurtzeko faktorea 7,2 izanen da.

8. Laborantzako gutxieneko unitateak.

Laborantzako gutxieneko unitateen balioak honako hauek dira: 36 hektarea lehorreko lurretarako, 5 hektarea presio bidezko ureztalurretarako, eta 1 hektarea grabitate bidezko ureztalurretarako.

9. Lurren balioa kalkulatzeko aplikatu beharreko moduluak.

Lurren Funtseko esleipen-hartzaileek pagatu beharreko prezioa zehazterakoan lurren balioa ezartzearren, nekazaritza sozietateak osatzean ekarririko lurren balioa finkatzearren eta ustiatzeko oinarrizko azalerak osatzeko eta nekazaritzako ustiategiak elkartzeko diru-laguntzak kalkulatzearren, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat, maiatzaren 19ko 116/2003 Foru Dekretuan (azaroaren 26ko 334/2001 Foru Dekretuaren eranskina aldatu zuen horretan) ageri den lehenengo mailako lurraren balioa ezarriko da eskualde honetan lurzati berrantolamenduko arauetan lehenengo mailako lurren sailean sarturiko lurrei aplikatu beharreko modulu gisa. Izan ere, aipatutako 334/2001 Foru Dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko ondasun higiezin batzuk baloratzeko prozedura onetsi zen, merkatuko batez besteko prezioak egiaztatzeko metodoa aplikatuz, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren eta Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren kudeaketari dagokionez. Bigarren mailatik aurrera sailkatu diren lurrei aplikatu beharreko moduluak lortzeko, berriz, lehen mailako modulua biderkatuko da lurzati berrantolamenduko arauetan zehazten diren kasuan kasuko konpentsazio koefizienteekin.

10. Azpiegiturak gauzatzea.

Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko interes orokorreko azpiegiturak eraikitzeari eta ustiatzeari buruzko azaroaren 22ko 12/2005 Foru Legearen arabera eraikiko dira Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko Arga 4-XXII. sektoreko ureztaketa modernizatzeko azpiegiturak, haren 2.1 artikuluari jarraituz: “azpiegitura horiek osorik edo haien zati bat eraiki eta ustiatzeko, herri-lanak emateko kontratua egiten ahalko da, Nafarroako Gobernuak finkatzen dituen aldi baterako programazioaren eta parametro tekniko eta ekonomikoen arabera”.

Orobat, aipatu 12/2005 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraituz, eraikuntza ez bada egiten herri-lanak emateko kontratu baten bidez, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legean ezarritakoaren menpe jarriko da.

11. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentura igortzea.

12. Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sortuko ditu ondorioak.

13. Adieraztea foru dekretu honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka errekurtso hauetariko bat jartzen ahal dela:

–Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru dekretua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, foru dekretua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2015eko azaroaren 17an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1515621