236. ALDIZKARIA - 2015eko azaroaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CORELLA

Udal Planaren ordenantzako aldaketa. Behin betiko onespena

Corellako Udalak, 2015eko urriaren 15ean egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Udal Planaren ordenantzako aldaketa puntuala, 26. eta 28. artikuluak kentzeari dagokiona (ostalaritzako lokaletako sarbidea eta aireztapena). Horrenbestez, ostalaritzako lokalei buruzko ordenantza honela gelditzen da aldaketa egin ondoren:

“HIRUGARREN ATALA

Ostalaritzako establezimenduak

21. artikulua. Gutxieneko azalera.

Taberna, kafetegi, jatetxe eta abarretarako lokal guztien azalera erabilgarria 40 m²-koa izanen da gutxienez.

Jendearendako eremuaren azalera erabilgarria 30 m²-koa izanen da gutxienez, eta ez dute zuzeneko loturarik izanen inongo etxebizitzarekin.

22. artikulua. Garaiera libreak.

Lokalen gutxieneko garaiera librea bi metro eta berrogeita hamar zentimetrokoa izanen da (2,50 metro), salbu eta solairuarteetan, horrelakoetan garaiera hori bi metro eta hogei zentimetrokoa (2,20 metro) izaten ahal baita, baita sotoetan ere, orduan garaiera libre hori bi metro eta hogeita bost zentimetrokoa izaten ahal baita (2,25). Biltegi aldeetan, osasun zerbitzuetan eta langileek eskuarki erabiltzen ez dituzten geletan edo solairuarteetan, garaiera 2,00koa izan daiteke, gutxienez.

23. artikulua. Lotura beste lokal batzuekin.

Ez da baimentzen jendearendako eremua beste edozein lokalekin lotzea, publikoa edo pribatua izan. Establezimenduaren eremu pribatuak lotura zuzena izan dezake bere eraikineko eremu komunekin.

24. artikulua. Higiene zerbitzuak.

Gutxienez bi bainugela edukiko dira, bereiz, 2,00 m²-tik beherako azalera izanen ez dutenak. Bainugela bakoitzak komun eta konketa bat izanen ditu.

Komun bat baino gehiago dituzten bainugeletan, konketak batera joan daitezke haien barrenean.

25. artikulua. Solairuarteak eta biltegi-galeriak.

Solairuarteak egin daitezke, gutxienez 2,20 metroko garaiera dutela puntu guztietan.

Gutxieneko tartea kanpoko fatxadetako baten barneko paramenturaino: 3 m.

Ez dute lokaletik aparteko sarbiderik izanen.

26. artikulua. Establezimenduko sarbidea.

Artikulu hau kentzen da.

27. artikulua. Sotoak.

Ez da baimentzen sotoetan egitea ostalaritzako establezimendurik.

28. artikulua. Aireztapena.

Artikulu hau kentzen da.

29. artikulua. Jatetxearen eremuak.

1. Jateko eremu iraunkor bat duten establezimenduetan, eremu hori bereiz egonen da establezimenduko eremu publiko edo pribatuko gainerako tokietatik paramentu bertikalen bidez, finkoak edo mugigarriak izan.

2. Ezarritako baldintza horiek ez dituzte ukatzen ostalaritzako establezimenduak ukitzen ahal dituzten berariazko beste baldintza batzuk, batik bat suteen kontrako babesari, zaratari eta bibrazioei eta oztopo arkitektonikoak kentzeari eta irisgarritasunari dagokienez.”

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Corellan, 2015eko urriaren 23an.–Alkatea, Gorka García Izal.

Iragarkiaren kodea: L1514439