236. ALDIZKARIA - 2015eko azaroaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

424/2015 EBAZPENA, azaroaren 12koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, arauak ematen dituena 2015eko abenduaren 20an, asteko atsedenaldirik ez duten besteren konturako langileek errazago izan dezaten botoa emateko eskubidea erabiltzea, egun horretan Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskunde orokorrak, udaletarako hauteskunde partzialak eta kontzejuetarako hauteskunde partzialak eginen baitira.

Urriaren 26ko 977/2015 Errege Dekretuaren bidez dei egin da Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskunde orokorretarako; urriaren 26ko 953/2015 Errege Dekretuaren bidez, udaletarako hauteskunde partzialetarako, eta urriaren 21eko 244/2015 Foru Dekretuaren bidez, kontzejuetarako hauteskunde partzialetarako. Horiek guztiak 2015eko abenduaren 20an eginen dira. Hauteskunde prozesuen arau osagarriei buruzko apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraituz, Gobernu Ordezkaritzarekin adostu ondoren, bidezkoa da egun horretan asteko atsedenaldirik ez duten langileen lan ordutegiari buruzko neurriak hartzea Nafarroako Foru Komunitatearen eremurako.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Honako arau hauek ematea Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskunde orokorrak, udaletarako hauteskunde partzialak eta kontzejuetarako hauteskunde partzialak eginen diren egunean, 2015eko abenduaren 20an, asteko atsedenaldirik ez duten besteren konturako langileek errazago izan dezaten botoa emateko eskubidea erabiltzea:

1.a Hautesle gisa parte hartzen duten langileentzako baimen ordainduak:

a) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik lanean arituko ez diren edo lanean bi ordutik beheiti arituko diren langileak: kasu horietan ez dute baimen ordaindurako eskubiderik izanen.

b) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik bitik lau ordura bitartean lanean arituko diren langileak: bi orduko baimen ordaindua izanen dute.

c) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik lautik sei ordura bitartean lanean arituko diren langileak: hiru orduko baimen ordaindua izanen dute.

d) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik sei ordutik gora lanean arituko diren langileak: lau orduko baimen ordaindua izanen dute.

e) 2015eko abenduaren 20an beren ohiko bizilekutik urrun lan egin behar duten langileek edo egun horretan bozkatzeko eskubidea erabiltzeko zailtasuna sortzen dieten beste baldintza batzuetan daudenek eskubidea izanen dute aurreko baimenaren ordez izaera bereko beste bat izateko. Horren helburua norberak zentsuko inskripzioaren ziurtagiria eskatzea da, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan, azaroaren 2ko 6/1992 Lege Organikoaren bidez aldatutakoan, 72. artikuluan adierazita baitago. Baimen horren iraupena posta bulegoen irekitze ordutegiak ikusita kalkulatuko da, lehendik ezarritako irizpide berberen arabera.

Kasu horietan guztietan, lanaldi partzialean aritzeko kontratatutako langileak izateagatik, horiek ohikoa baino laburragoa den lanaldia egiten badute, haien lanaldiaren eta enpresa berean lanaldi osorako kontratatuta dauden langileen ohiko lanaldiaren arteko proportzioaren arabera murriztuko da baimenaren iraupena.

Enpresari dagokio, lanaren antolamenduaren arabera, langileek botoa ematera joateko duten baimenaren epeak banatzea.

2.a Hauteskunde-mahaietako lehendakari edo bokal, artekari edo ahaldun diren langileentzako baimen ordaindua.

Mahaiko lehendakariek, bokalek eta artekariek bozketen eguneko lanaldi osorako baimen ordaindua izanen dute, baita hurrengo eguneko lanaldiko bost ordutarako ere. Ahaldunei dagokien baimenak bozketen eguneko lanaldia hartuko du, ez gehiago. Atal honetan aipatutako egoeraren batean dagoen langileren batek hauteskunde egunaren bezperan gaueko txandan lan egin behar badu, enpresak, interesdunak berak eskatuta, txanda aldatu beharko dio, bozketaren egunaren aurreko gauean atseden har dezan.

3.a Apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuan adierazi diren eta aurreko ataletan azaldu diren baimenen ondoriozko lanaldi murrizketak ordainduak izanen dira eta, Langileen Estatutuaren 37.3 d) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hori frogatzeko boto eman izanaren ziurtagiria edo, hala balitz, kasuan kasuko hauteskunde-mahaiaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, denek jakin dezaten.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Pilar Irigoien Ostiza.

Iragarkiaren kodea: F1515506