233. ALDIZKARIA - 2015eko azaroaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1987/2015 EBAZPENA, 2015eko azaroaren 3koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen 2015eko lan eskaintza publikoa onesten duena”. 2015eko azaroaren 3ko Gobernu Kontseiluak hartutako erabaki baten bidez onetsi zen.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, 2015eko azaroaren 3an Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen dut. Erabaki horren bidez onetsi zen “Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen 2015eko lan eskaintza publikoa.

“NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, UNIBERTSITATEKO 2015. URTERAKO IRAKASLEEN ETA IKERTZAILEEN LAN ESKAINTZA PUBLIKOA ONESTEN DUENA

2014ko abenduaren 26ko 36/2014 Legeak, 2015. urterako Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzkoak, ezartzen du urte honetan zehar arlo publikoan ez dela langile berririk sartuko, eta lege horren 21. artikuluan ezartzen da murrizketa horretatik salbuetsiko direla zenbait arlo eta administrazio, eta horien artean unibertsitateak daudela, eta xedatzen da gehienez ere, ehuneko 50eko birjarpen tasa ezarriko dela.

Aipatu 21. artikuluaren bosgarren idatz-zatian ezartzen da Unibertsitateetako irakaskidegoetako ikertzaileen lanpostuak betetzeko deialdietarako baimenak, administrazio publikoak bere mendeko unibertsitateei ematen dizkienak, emateko baldintza izango dela langileen birjarpen tasa ezartzetik eratorritako lanpostuak lan eskaintza publikoan sartzea, eta eskaintza hori, 2007ko apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 70. artikuluaren 2. atalean ezarritakoarekin bat etorriz, Administrazio Publikoaren gobernu erakundeak onetsi behar du eta ‘Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean’ argitara eman behar da edo, bestela, Estatukoan, 2015. urtea amaitu baino lehen.

Bestalde, 2001eko abenduaren 21eko Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoaren 62.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, 2015eko irailaren 11ko 20/2015 Errege Lege-Dekretuak eman dion idazketan, Unibertsitateko Katedradunen Kidegorako sarbidea izateko barne-igoerako lanpostuetarako deialdiak egiteko ahalmena dute unibertsitateek, betiere txanda libreko lan eskaintza publikoan dagoen lanpostu kopuru gainditzen ez bada deialdian. Gardentasun eta berdintasun printzipioei jarraiki, lan eskaintza publikoaren barruan sartu behar dira, beharrezkoa denean, barne-igoerarako eskaini nahi diren lanpostuak, txanda librean eskaintzen diren lanpostuekin batera, eta bai barne igoerarako diren lanpostuak bai txanda librekoak argi eta garbi bereiz egon behar dira.

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan ezarri bezala, lan eskaintza publikoak, giza baliabideen plangintza tresna den aldetik, langileak definitzen eta kopuruak zehazten ditu giza baliabideen plangintza orokorretik eratorritako beharren eta lehentasunen arabera.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaskidegoetako irakasle eta ikertzaileen 2015eko lan eskaintza publikoak barnean hartzen ditu aurrekontu esleipena daukaten eta langile berriak sartuta bete behar diren giza baliabideen beharrak. Halaber, barne-igoerarako eskaini nahi dituen unibertsitateko katedradunen kidegoko lanpostuak jasotzen ditu, txanda librekoetatik bereizita.

2014ko ekitaldian Unibertsitate honetan zerbitzua emateari utzi dioten langile finkoen kopuruaren arabera, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuari jakinarazi zaion langileen birjarpen tasa, 2014ko abenduaren 26ko 22/2014 Legearen 21. Bat. 3 artikuluaren hirugarren idatz-zatian ezarritako kalkuluarekin bat, hiru lanpostukoa da. 36/2014 Legearen 21. Bat. 2.j) artikuluarekin bat, deialdiko lanpostua Unibertsitateko katedraduna, Unibertsitateko irakasle titularra edo Kontratupeko irakasle doktorea izango da.

Halaber, unibertsitateko katedradunen kidegoko hiru lanpostu eskainiko dira barne-igoerarako.

Ikusirik Langileen Kudeaketarako Ataleko buruak egin duen txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari txostena egin eta gero.

Irakaskuntza Batzordeak proposatuta, honako hau da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak, 2015eko azaroaren 3an eginiko bileran, hartu duen

Lehenengoa.–Lan eskaintza publikoa onestea.

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko 2007ko apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 70. artikuluan eta Estatuaren 2015eko Aurrekontu Orokorrei buruzko 2014ko abenduaren 26ko 36/2014 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, onetsi da Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaskidegoetako irakasle eta ikertzaileen 2015eko lan eskaintza publikoa.

Bigarrena.–Txanda irekiko lanpostuak.

2015. urterako txanda irekian eskaintzen den irakasle eta ikertzaileen lanpostu kopurua hau da:

KIDEGOA

TALDEA

LANPOSTUAK GUZTIRA

Unibertsitateko titularra

A1

3

Hirugarrena.–Barne-igoerako lanpostuak.

2015. urterako barne-igoeran eskaintzen den unibertsitateko katedradunen kidegoko lanpostu kopurua hau da:

KIDEGOA

TALDEA

LANPOSTUAK GUZTIRA

Unibertsitateko katedradunak

A1

3

Laugarrena.–Hautaketa prozesuak.

Lan Eskaintza honetatik eratortzen diren hautaprobak arautzen dituzten oinarri espezifikoak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratu behar dira hiru urteko epean, Lan Eskaintza hau argitaratzen den egunetik aurrera, 2007ko apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 70. artikuluaren 1. idatz-zatian ezarritakoarekin bat.

Arautegiaren aldaketa bat egin, eta ondorioz barne-igoerako lanpostutzat hartzen badira hornitzeko deialdia egina duten baina, azkenik, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren I.I.-ren plantillan langile finkotzat hartuak zeudenei esleitzen bazaizkie, eta, hortaz, langileen birjarpen tasatik hartzen badira, Irakasle eta Ikertzaileen Lan Eskaintza Publiko hau partzialtzat hartu beharko litzateke.

Bosgarrena.–Hedapena.

Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzara, Giza Baliabideen Zerbitzura eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentura erabaki hau igortzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea”.

Iruñean, 2015eko azaroaren 3an.–Errektorea, Alfonso Carlosena.

Iragarkiaren kodea: F1515219