233. ALDIZKARIA - 2015eko azaroaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

381E/2015 EBAZPENA, urriaren 28koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez Esteribarko udal mugapean magnesita fabrikatzeko instalazio baten Ingurumen baimen integratua eguneratzen da. Instalazioaren titularra Magnesitas Navarras SA da.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak apirilaren 30eko 889/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 5eko 189/2013 Ebazpenaren bidez aldatua.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea aldatzen duen ekainaren 11ko 5/2013 Legearen bidez, industria isurketei buruz (kutsaduraren prebentzioa eta kontrol integratuak) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2010eko azaroaren 24an emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren (bertsio bateratua) transposizioa egin zen Espainiako antolamendu juridikora.

Horrek industria jarduera berriak sartzea ekarri du Ingurumen baimen integratuaren menpe dauden jardueren eta instalazioen kategorian. Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskinean eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak onetsitako lege horren Erregelamenduaren 1. eranskinean zerrendatzen dira jarduera horiek.

Horren ondorioz, instalazio hau ere Ingurumen baimen integratuaren menpe dago orain, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea aplikatuz.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen bigarren xedapen iragankorrak ezartzen du ezen Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2010eko azaroaren 24an emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren transposizioaren ondorioz lehenbiziko aldiz Ingurumen baimen integratuaren menpe dauden industria jarduerek lege horren xedapenak bete behar dituztela 2015eko uztailaren 7an edo lehen, betiere 2013ko urtarrilaren 7an baino lehen ustiatzen baziren.

Horregatik, instalazio horren Ingurumen baimen integratua eguneratu da, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak ezartzen dituen lege, erregelamendu eta administrazio xedapenak sartzeko.

Zehazki, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen lehen xedapen iragankorraren 2.d) atalean xedatutakoa betetzeko, substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta emisioa berrikusi dira, eta lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloratu, eta erabaki da, ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.

Bestetik, azken urteotan, ingurumen arloko arau sektorial berri batzuk sartu dira indarrean, eta eragina dute aipatu instalazioan; besteak beste, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena zonabanatze akustikoari, kalitate helburuei eta emisio akustikoei buruz; Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legea; eta urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena.

Gainera, Batzordearen 2013ko otsailaren 26ko betearazpen erabakia argitaratu zen, zementuaren, karearen eta magnesio oxidoaren fabrikaziorako dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dituena industriako isuriei buruzko Europako Parlamenturen eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera; horrexek, argitalpen egunetik gehienez ere lau urtean, Ingurumen baimen integratuaren baldintzak berritzera eta, beharrezkoa izanez gero, eguneratzera behartzen du, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko e) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da 30 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez esleitu zaizkidan eskumenak erabiliz, haren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariaren, Mendi Zerbitzuko zuzendariaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten baita indarreko araudiak Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiari esleitzen dizkion zenbait eskumen administratiboren erabilera.

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Esteribarko udal mugapean magnesita fabrikatzen duen instalazio baten Ingurumen baimen integratua eguneratzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Magnesitas Navarra SA da.

Bigarrena.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 5eko 189/2013 Ebazpenaren bidez instalazio horri emandako Ingurumen baimen integratuan hondakin-uren isurketei eta hondakin arriskutsuen produkzioari buruzko baimen eta inskripzioen indarraldia mantentzea, ebazpen honetan xedatutakoaren aurka ez dauden bitartean.

Hirugarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan 15P03098029862015 zenbakiarekin inskribatzea hondakin ez arriskutsuen sortzaile gisa. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakin arriskutsuen sorreran egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Laugarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, arau hauetan jasotako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua, edo Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikulua.

Bosgarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek Ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiaren gainean eskura dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluarekin bat.

Seigarrena.–Deuseztatu egiten da instalazio honen Ingurumen baimen integratuaren indarraldiaren iraungitze data, eta kendu egiten da hura berritzeko betebeharra, ekainaren 11ko 5/2013 Legearen 1. artikuluko 19. idatz-zatian xedatutakoa betez; izan ere, lege horren bidez, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea aldatu zen, eta jatorrizko 25. artikulua kendu (Ingurumen baimen integratua berritzeari buruzkoa).

Zazpigarrena.–Instalazio honen Ingurumen baimen integratu honi lotutako isurketa baimenak bost urteko indarraldia du, ebazpenaren egunetik hasita, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketek unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte. Indarraldi honetan zehar legeriak isurketa baimenetarako epe handiagoa ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen, besterik gabe, hasierako epea arauak ezartzen duen gehienezko eperaino zabaltzeko. Berritzeak ez du saihestuko arroetako erakundeak baimena berrikustea, beste inguruabar batzuk izaten direnean. Ingurumen baimen integratua berritzeko dagokion legerian ezarritako aldez aurretiko denborarekin, baimenaren titularrak erakunde autonomikoari hondakin uren isurpenen ezaugarri gaurkotuei buruzko azterlan teknikoa igorriko dio eta, kasua bada, neurri zuzentzaileak hobetzea proposatu, arroko erakunde horrek isuriei buruzko beste txosten bat egin dezan. Era berean, Ebroko Ur Konfederazioak Ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko eskatzen ahalko dio autonomia erkidegoko erakundeari, egoki diren legeetan aipatzen diren kasuetan (Kutsaduraren Kontrolari eta Prebentzioari buruzko 16/2002 Legearen 26. artikulua eta uztailaren 2ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua, Urari buruzko Legearen testu bategina). Hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea, isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Zortzigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

Bederatzigarrena.–Titularrak jarduketa plan bat aurkeztu beharko du 2015eko azaroaren 15a baino lehen; hartan, ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatuko da.

Hamargarrena.–2016ko uztailaren 9a baino lehen, titularrak instalazioak egokitzeko proiektu teknikoa aurkeztu beharko du, zementua, karea eta magnesio oxidoa fabrikatzeko dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dituen Batzordearen 2013ko martxoaren 26ko betearazpen erabakian ezarritakoa betetzearren, modua izan dadin Ingurumen baimen integratuaren baldintzak berrituko dituen prozedura bat tramitatzeko, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Hamaikagarrena.–2015eko abenduaren 31 baino lehen, titularrak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren esku utzi behar du Zubirin dagoen estazioaren titulartasuna, airearen kalitatea zaintzeko, bi alderdien artean hitzarmen bat eginez, non lagapen horren baldintzak zehaztuko baitira bai eta zenbat ordainduko duen titularrak estazioaren funtzionamenduaren ondoriozko kostuei aurre egiteko.

Hamabigarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Hamahirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamalaugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

Hamabosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Magnesitas Navarra SAri, Esteribarko Udalari, Ebroko Ur Konfederazioari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko urriaren 28an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1514626