233. ALDIZKARIA - 2015eko azaroaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

440/2015 EBAZPENA, azaroaren 10ekoa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 17ko 516/2015 Ebazpena aldatzen duena, laguntza eskaerak aurkezteko epea luzatzeko. 516/2015 Ebazpenaren bidez, “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” neurrirako laguntzen 2015eko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean.

Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 17ko 516/2015 Ebazpenaren bidez, “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” neurrirako laguntzen 2015ko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak nekazaritzaren garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezkoa, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua; haren 17. artikuluan aktibo fisikoetan inbertitzeko neurria ezarri zuen, eta azpineurri berariazko gisa, berriz, artikulu horren 1, a) puntuan zehazten zena, nekazaritzako ustiategiaren errendimendu orokorra eta iraunkortasuna hobetu beharrei buruz.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako programak neurri hori barne hartzen du. Haren definizioan, kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), orokorrean landa garapenari dagokionez, eta bereziki nekazaritzako elikagaien sektoreari dagokionez.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena, Nafarroako testuinguruan, Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak lortzeko eta haietan parte hartzeko tenorean; lehentasun horiek bideraturik daude hazkunde zentzuzkoa, iraunkorra eta bateratzailea erdiesteko Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen xedeak lortzera, eta islatzen dute Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluak jasotzen duen “esparru estrategiko amankomunari” dagozkion helburu tematikoak. Haren bidez xedapen komunak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta xedapen orokorrak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EB) Erregelamendua.

Zehatz-mehatz, 1305/2013 Erregelamenduaren 17. artikuluari jarraikiz, neurri hau Batasuneko landa garapenak duen lehentasun honi dagokio: “ustiategien bideragarritasuna eta nekazaritza mota guztien lehiakortasuna hobetzea eskualde guztietan, eta nekazaritzako teknologia berritzaileak eta oihanen kudeaketa iraunkorra bulkatzea”.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Ebazpen zatiko 4. puntua aldatzea (“2015eko ekitaldiko deialdian eskaerak aurkezteko epea”); hortaz, honela geldituko da testua:

“2015eko abenduaren 30ean bukatuko da deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea.”

Iruñean, 2015eko azaroaren 10ean.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F1515410