233. ALDIZKARIA - 2015eko azaroaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

DEIALDIA, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak azaroaren 3an emandako 2662/2015 Ebazpenaren bidez onetsia. Honen bidez, Zuzenbideko lizentziadun edo gradudunak diren hautagaien zerrenda bat hautaproba baten bitartez osatzeko deialdi murriztua onesten da, gero Nafarroako Administrazio Auzitegiko kide gisa bitarte baterako izendatzeko.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren azaroaren 3ko 2662/2015 Ebazpenaren bidez, hautaproba baten bitartez Zuzenbideko lizentziadun edo gradudunak diren izangaien zerrenda bat osatzeko deialdi murriztua onetsi da, gero Nafarroako Administrazio Auzitegiko kide gisa bitarte baterako izendatzeko, gertatzen diren premien arabera. Hona hemen deialdiaren oinarriak:

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Hautaproba baten bitartez Zuzenbideko lizentziadun edo gradudunak diren izangaien zerrenda bat osatzeko deialdi murriztua iragartzen da, gero Nafarroako Administrazio Auzitegiko kide gisa bitarte baterako izendatzeko, gertatzen diren premien arabera, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak eta hura garatzen duten gainerako arauek ezartzen dutenari jarraikiz.

1.2. Bitarte baterako izendatuek Nafarroako Administrazio Auzitegiko kideen eginkizunak izanen dituzte.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Hautaproban onartuak izateko, izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioa izatea.

b) Lanpostuan sartzeko Zuzenbideko lizentziadun edo gradudun titulua eta ez bertzerik eskatzen den A mailako lanpostu batean behin betiko aritzeko izendatua izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

Oinarri honetako baldintzak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita dei egiten zaien unean eta bitarte baterako izendapenak iraun bitartean ere.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartz eko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo Nafarroako Gobernuko Erregistroaren beste edozein bulegotan (zerrenda 2015eko 57. eta 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialetan argitaratu zen, martxoaren 25ean eta maiatzaren 29an) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskaera baliabide telematikoak erabiliz aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoa eta gainerako agiriak eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

3.2. Eskabideak II. eranskinean argitaratzen den ereduari lotu beharko zaizkio. Interneten bidez eskuratuko dira, www.navarra.es helbidean, bai deialdia argitaratzen duen aldizkari ofizialetik, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean adierazi beharko da eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen direla eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean. Baldintza horiek hautapen prozesua bukatu bitarte eta bitarte baterako izendapenak iraun bitarte mantendu beharko dira.

3.3. %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko agiriaren kopia ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak luzatua. Interesdunen eskura dago egokitzapenak eskatzeko eredu bat www.navarra.es helbidean, deialdiaren aipuan, “Enplegu Publikoa” atalean, hain zuzen.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda ikusgai jarriko du Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren web orrian (www.navarra.es). Izangai bazterturik ez bada, zuzenean behin betikotzat hartu eta onetsiko da zerrenda.

Egun horretatik aurrera, argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

5.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren web orrian (www.navarra.es) argitaratuko du, hautaproba egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Izangai onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

6.–Epaimahaia.

6.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Mahaiburua: M.ª Asunción Erice Echegaray andrea, Nafarroako Administrazio Auzitegiko burua.

Ordezkoa: Olga Artozqui Morrás andrea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

–Mahaikidea: Roberto Rubio Torrano jauna, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kidea.

Ordezkoa: María Jesús Moreno Garrido andrea, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kidea.

–Mahaikidea: María Carmen Lorente Gracia andrea, Nafarroako Administrazio Auzitegiko idazkaria.

Ordezkoa: María Pilar Zapico Revuelta andrea, Barne Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Mahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkari bat.

Ordezkoa: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkari bat.

–Mahaikide-idazkaria: Miguel José Izu Belloso jauna, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kidea.

Ordezkoa: María Jesús Balana Asurmendi andrea, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kidea.

6.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako arrazoiak gertatzeagatik epaimahaia aldatuko balitz, halaxe jakinaraziko litzateke, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendekin batera.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

7.–Hautaketa prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

7.1. Proba praktiko baten bidez eginen da hautaketa, eta pliken sistema erabiliko da.

Epaimahaiak proposatutako bi kasu praktiko idatziz ebatzi beharko dira, bost orduz gehienez ere, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren eskumenaren berezko gai juridikoei buruz.

Proba hori egiteko, legezko testu iruzkinik gabeak erabiltzen ahalko dira bakarrik.

Bi kasu praktikoak osorik hartuta baloratuko dira; gehienez ere, 100 puntu lortzen ahalko dira.

Bazterturik geldituko dira kasu batean 0 puntuko kalifikazioa jasotzen duten izangaiak, bai eta probaren balorazioan gutxienez 30 puntu lortzen ez dituztenak ere.

7.2. Probarako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute bertara. Azterketara agertzen ez direnak edo beren nortasuna arestian aipatutako agirietako baten bidez frogatzen ez dutenak baztertu eginen dira.

7.3. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

8.–Proba gainditu duten izangaien zerrenda.

Probaren kalifikazioa amaiturik, kalifikazio epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta Nafarroako Gobernuaren web orrian (www.navarra.es) proba gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren araberakoa, eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari hura helaraziko dio, bai eta espediente osoa ere, onets dezan.

Berdinketak zozketa bidez ebatziko ditu epaimahaiak. Ukitutako izangaiei ekitaldi horretara joateko deia eginen zaie.

9.–Behin betiko zerrendak eta deia.

9.1. Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko da bitarte baterako izendapenerako izangaien zerrenda. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean argitaratuko da (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa), baita Nafarroako Gobernuaren web orrian ere (www.navarra.es).

9.2. Oinarri honetan aipatzen den zerrendan dauden izangaiei lortzen duten puntuazioaren arabera deituko zaie.

Nafarroako Administrazio Auzitegiko kideen lanpostuetarako premiak aldi baterako betetzeko, funtzionarioa bitarte baterako izendatuko da, indarreko araudian ezarritakoarekin bat.

9.3. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak baztertuko dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

10.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren eta oinarrien kontra eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2015eko azaroaren 3an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. Espainiako Zuzenbide Publikoaren iturriak: aipamena, antolaketa eta printzipioak. Espainiako 1978ko Konstituzioa.

2. Nafarroaren foru araubidea. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa. Nafarroako Foru Komunitateko erakundeak.

3. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea. Lege hori garatzen duen araudia.

4. Toki entitateak. Nafarroako Foru Komunitateak toki administrazioaren arloan dituen eskumenak. Antolaketa, funtzionamendua, prozedura. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legea, Toki Administrazioari buruzko Legea eta horiek garatzen dituzten erregelamenduak.

5. Toki entitateen jarduketen inpugnazioa eta kontrola. Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa. Nafarroako Administrazio Auzitegia. Eskumena, antolaketa eta prozedura.

6. Nafarroako toki entitateen ondasunak. Ondasunen defentsa, babesa eta erabilera.

7. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea. Tributuak kudeatzeko prozedurak. Toki entitateen aurrekontuak eta kontuak. Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroa eta katastroa.

8. Langile publikoak. Printzipio konstituzionalak. Nafarroako Foru Komunitateak arlo horretan duen eskumen historikoa. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua eta hura garatzen duten erregelamenduak. Nafarroako toki entitateetako langileak.

9. Kontratazio publikoa. Foru Komunitatearen eskumenak. Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea. Nafarroako toki entitateen kontratuak.

10. Administrazio publikoen diru-laguntzen araubide orokorra. Toki entitateen diru-laguntzak.

11. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza. Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenak. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legea.

12. Ingurumenaren babesa. Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenak. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legea eta hura garatzen duten erregelamenduak.

13. Hizkuntza ofizialak. Euskarari buruzko Foru Legea eta hura garatzen duten erregelamenduak.

14. Trafikoa, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioa eta Bide Segurtasuna. Indarrean dauden legeak eta lege horiek garatzen dituzten erregelamenduak. Toki entitateen eskumenak. Zehapen araubidea.

Oharrak:

1) Gai guztiak bat etorriko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legeriarekin.

2) Legezko testu iruzkinik gabeak erabiltzen ahalko dira proban.

II. ERANSKINA

Eskabidea (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1515436