233. ALDIZKARIA - 2015eko azaroaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

258/2015 FORU DEKRETUA, azaroaren 11koa, “Frantzisko Xabierkoa” saria José Ramón Armendáriz Barrios jaunari, Montxo Armendarizi, ematen diona.

Nafarroako Gobernuak “Frantzisko Xabierkoa” saria sortu zuen abenduaren 14ko 89/2009 Foru Dekretuaren bidez, eta haren helburua pertsona, entitate eta erakundeei esker ona azaltzea da, Foru Komunitatetik kanpo egindako lanaren bidez Nafarroari buruzko irudi ederra emateagatik Espainiako eta nazioarteko gizartearen aurrerapenean, ongizatean eta hobekuntzan diharduen erkidego gisa.

Nafarroako Gobernuaren iritziz, José Ramón Armendáriz Barriosek, Montxo Armendarizek, ezaugarri horiek guztiak biltzen ditu.

Olletan (Nafarroa) jaioa, Montxo Armendarizek zinemagintzaren narrazioan eman du bere bizitza profesionala eta pertsonala, eta ikus-entzunezkoen hizkuntza erabili du bere sormena adierazteko istorioen kontalari gisa.

Arlo horretan, ingurune erdi-profesional batean, 35 mm-tan errodatutako hainbat film labur izan dira bere lehen lanak, eta horiei esker izan da aintzat hartua zenbait zinemalditan. Ia bere lan guztiak izan dira sarituak; horregatik da zinemagile nafar ohoratuena.

Bere lehen film luzea Nafarroako nekazaritza giroko protagonista batekin filmatzeko ikerketaren fruitua da, Anastasio Otxoa ikazkinarekin hain zuzen; hura du filmak inspirazio iturri eta haren bidez agertzen da Armendarizen sentikortasuna; Tasio du izena film horrek, bere opera primak. 1984. urtea zen eta hortik aurrera abiatu zuen zinemagile nafarrak behin betiko karrera zuzendari eta gidoigile gisa, eta kritikaren eta ikusleen iritzi onak egonkortasuna eman diote lanbide zail horretan.

1984tik gaur arte bederatzi film luze sinatu ditu, eta sari asko jaso; Oscar saritik hurbil ibili da Nafarroako hainbat tokitan errodatu zuen “Bihotz ondoko sekretuak” filmarekin.

Hainbat argitalpen, artikulu, elkarrizketa eta beste baliabide batzuetan aztertu izan da Montxo Armendarizen zinema, eta azken urteotako zinemagile garrantzitsuenetakotzat jo dute. Harro esan dezake estilo bat, oso berezia, ezarri diola bere obrari, koherentea beti bere izaera naturalista eta kostunbristarekin, gure inguruan bor-bor dauden familia edo gizarte arloko gaietatik hurbil; horiek sentikortasunez adierazi ditu eta aurrean duen errealitatearen ezagutza sakona erakutsi digu.

Izen ona lortu du nazioarteko zinemaldietan (Berlin, Cannes, Chicago, Karlofy Vary edo Nantes), eta mundu osoan barna hedatu ditu bere hainbat filmetan (Tasio, Bihotz ondoko sekretuak, Isiltasun hautsia, Obaba, Ez izan beldur) atze-oihal izan dituen Nafarroako paisaiak.

Montxo Armendarizek, besteak beste, Zinemagintzako Sari Nazionala eta Vianako Printzea Kulturaren Saria jaso ditu, biak 1998an.

Horregatik guztiagatik, bere ibilbide profesional bikaina eta bere lanean Nafarroaz eskaintzen duen irudi ona goraipatu nahirik, Nafarroako Gobernuarentzat bidezkoa da hari “Frantzisko Xabierkoa” saria ematea.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko azaroaren 11n egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. “Frantzisko Xabierkoa” saria José Ramón Armendáriz Barrios jaunari, Montxo Armendarizi, ematea.

2. 2015eko abenduaren 14an emanen zaio saria Madrilgo Lázaro Galdiano fundazioaren entzunaretoan.

3. Foru agindu hau interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2015eko azaroaren 11n.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1515396