229. ALDIZKARIA - 2015eko azaroaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

128E/2015 EBAZPENA, urriaren 19koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Izabako Udalak sustatutako Izabako Hirigintzako Udal Planari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B)1 atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

Izabako Udal Plan Orokorraren Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Eredua aurkeztearekin batera hasi zen. Horri buruzko txostena eman zen 2010eko abenduaren 29an. Txosten horretan, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi zuen zer alderdi hartu behar den kontuan ingurumenaren aldetik Hirigintzako Udal Plana eta hari dagokion Ingurumen ondorioen azterlana prestatzean.

Ondoren, 2014ko abenduaren 26an egin bilkuran, Izabako Udalak Hirigintzako Udal Plana onetsi zuen hasiera batez. Planeko dokumentazio osoa jendaurrean paratu zen 2015eko 9. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, urtarrilaren 15ean. Epe horretan, ez da ingurumenari buruzko alegaziorik jaso. 2015eko apirilaren 20an, Izabako Hirigintzako Udal Planaren dokumentazio osoa sartu zen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Ingurumen ondorioen adierazpena egiteko.

Hirigintzako Udal Planaren eta Ingurumen ondorioen azterlanaren deskribapena eranskinean dago.

Lurraldea okupatzeko ereduari dagokionez, batetik hirigune trinkoa dago muino baten gainean, eta, horren azpian, Belagua, Uztarroze eta Belabarze ibaiek bat egiten duten puntua. Landa lurra, bestetik, araudi sektorialek babestuta dago gehienbat, ingurumenaren, geologiaren eta paisaiaren aldetik dituen balio nabarmenengatik.

Landa-lurzorua antolatzeko, lurra babestu eta gorde beharreko lurzorutzat sailkatzetik abiatu da, natur ingurumeneko azterketa unitatean oinarrituta eginda. Planteatutako sailkapenak helburu du udalerriak naturan eta paisaian dituen balioak babestea, abeltzaintzako jarduera sustatzea ibarreko behealdeetan eta erabilerei buruzko erregulazioa ezartzea, nekazaritzako, abeltzaintzako eta basoko jarduera tradizionalak bateragarriak izan daitezen zerbitzuen eta aisialdiaren sektoreari lotutako jarduerekin, kalitatezko paisaiari kalterik egin gabe.

Natura 2000 Sarearen barnean babestutako eremu naturalei dagokienez, Planean Arrigorrieta eta Ezkaurre, Larrondo-Lakartxela eta Larra-Aztaparreta kontserbazio bereziko eremuak daude sartuta, eta Ezka eta Binies ibaiak Kontserbazio Bereziko Eremua ere sartu behar da (uztailaren 2ko 56/2014 Foru Dekretua). Natura 2000 Sareko eremuez gain, naturan, geologian eta paisaian dagoen aberastasuna eta dibertsitatea sartuta daude planeamenduan lurraldea lotzeko eremuen bidez, ibai sistemen eta hezeguneen bidez, interes geologikoen bidez, interes bereziko landareen bidez eta paisaia natural eta berezien bidez.

Aipatu beharra dago Larrondo-Lakartxela eta Larra-Aztaparreta kontserbazio bereziko eremuak onetsi ondoren, lurraldeen mugak doitu direla eta bi eremuek bat egiten dutela Larragoitiko gailurrean. Eremu horiek konektatzeko, lurraldea lotzeko eremu bat zehaztu behar da, kontserbazio bereziko eremuetan sartu gabe eta eremu honetako gainerako azpikategoriekin bateragarria den erabileren araubide batekin.

LAP 1ean zehazten den bezala, Belagua ibarra eta Larra-Lakartxela sartzen dira paisaiaren aldetik balioa duten eremu gisa, paisaia bereziaren izaerarekin. Atzealde eszeniko horretan, Larrondoko gailurra eta gailur-lerroa ere sartuko dira. Udalerriko paisaiaren berezitasun bezala, El Castillo alderdia aipa daiteke, hirigunetik gertu, bai eta Yeguaceros behatokitik Belaguako txoko aldera harkaitzez eta baso aurrekoz (urkiak, lertxundiak, ezkiak eta mendiko zumarrak) osatuta zabaltzen den zerrenda ere, ibarraren gaineko atzealde eszeniko bat eratzen duena.

Gainera, planaren esparruan Mata de Haya pagadiaren berezitasuna nabarmendu behar da, aberatsa baita basoko orkideetan.

Ibarreko behealde horietan (Belagua, Belabarze eta Mintxate), non abeltzaintzaren jarduera nagusia egiten baita, belardiz, bordaz eta heskaiz osatutako paisaia mantentzeko asmoz, haiei buruzko araudia berrikusiko da, baimengarri gisa eta ez onartu gisa ager daitezen abeltzaintza estentsiboaren sostenguko eraikuntzak. Belabarze ibarrean zehazki, intereseko flora biltzen duten eremu hidrofilo bakanak identifikatuko dira, hala nola Belabarzeko hezegunea, Eriophorum latifolium-a eta Epipactis palustris-a dituena (7. poligonoko 62b azpilurzatia), eta 88. poligonoko 99. lurzatiko enklabea. Enklabe horietako erabileren araubideak haien iraupena arriskuan jar dezaketen jarduerak arautuko ditu, hala nola drainatzeak, lur-mugimenduak edo aldi baterako kanpalekuak, besteak beste.

Bestalde, ingurumeneko ukipenei dagokienez, jarduera bereziaren azpikategorian eta sistema orokor gisa sailkatuta dauden zenbait proposamenek eta jarduerak sor ditzakete ingurumeneko ukipen nabarmenak Ezka eta Binies ibaiak Kontserbazio Bereziko Eremuan eta ibai horien uholde arriskuko eremuetan. Nolanahi ere, Hirigintzako Planean eta Ingurumen ondorioen azterlanean zehazten den bezala, jarduera horiek baimena behar dute Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen babesean. Zehazki, urak har ditzakeen eremuen gainean planteatu dira kirol eremu balioaniztuna (futbol zelaia, SGP-1), aparkalekua eta jolas eremua (SGP-4), udal zerbitzuen eremua eta ur kirolen eremua izena duten proposamenak. Proposamen horiek bateragarriak izan daitezke uholdearekin, baldin eta trabarik paratzen ez bada, hala nola itxiturak edo hormak, korronteen araubidea aldatzen dutenak, Uraren Zerbitzuak bere 2015eko irailaren 16ko txostenean zehazten duen bezala. Nolanahi ere, futbol zelaiaren kasuan, azpimarratu behar da ezen, tokirik zelaienetan eta Ezka ibaitik hurbilen daudenetan kokatuta dagoenez, uholde arriskua oso handia dela.

Udal zerbitzuen eremuari dagokionez (2. poligonoko 403. lurzatia) eta egun erabilera eta/edo destino zehatzik ezartzen ez denez, ezin da zehaztu bateragarria den uholde arriskuarekin. Hala ere, urak lurzatiaren azalera handi bat har dezakeenez, ikusten da bertan ezar daitezkeen erabilera ugari kolokan gera daitezkeela. Horrenbestez, aholkatzen da kokalekurik egokiagoa aztertzea uholdeen eta arriskuen ikuspuntutik.

Proposamen horiek bat egiten dute Ezka eta Binies ibaiak Kontserbazio Bereziko Eremuarekin. Hortaz, aplikatzekoak dira Kontserbazio Bereziko Eremuan ezartzen diren neurriak, arauak eta jarraibideak, kasuan kasuko araudiko fitxetan erantsiak egonen direnak, funtsezko elementuak, hala nola ur bazterreko haltzadiak eta ibaiaren korridorea, zainduko direla bermatzeko. Jarraibide horiek, halaber, aplikatzekoak dira ibaiarekin paraleloan joaten den ibai ibilbidearen diseinuan.

Udal hondakindegia finkatzeko proposamenari dagokionez (1. poligonoko 190. lurzatian kokatua) eta kontuan izanik ingurumenean eta paisaian sortzen dituen ukipenak, aztertu beharko litzateke hura itxi eta lehengoratzeko eremu andeatu gisa sartzea. Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan eraikuntza eta eraispen hondakinen produkzioa eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuaren arabera, herrigune bakartuetan, eta Izaba horietako bat da, zilegi da aldez aurretik tratatu gabeko eraikuntzetako eta eraispenetako hondakinak hondakindegian uztea, baldin eta abenduaren 27ko 1841/2001 Errege Dekretuan eta sektorean aplikatu beharreko araudian hondakin ez-arriskutsuen zabortegietarako ezarritako baldintza eta betekizun teknikoak betetzen badira eta titularra hondakin kudeatzaile gisa aritzen bada. Alde horretatik, beste hondakindegi bat prestatzeko, beharrezkoa da hura kokatzeko alternatibak ingurumen aldetik aztertzea, baina hori ez dagokio Hirigintzako Udal Planaren tramitazioari.

Errepidea babesteko egiturak eta elur-jausien eta elur-bisutsen kontrako hesiak dira martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen arabera ingurumeneko ebaluazioa egin ondoren behin betiko kokalekua eta exekuzio baldintzak zehazteko dituzten beste proposamen batzuk. Mintxateko harrobiari dagokionez, adierazi behar da egungo baldintzetan harrobia lehengoraturik dagoela eta legarrak ateratzeko toki egokitzat ezin dela hartu.

Hiri lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian, bizitegitarako eremuei dagokienez, planaren proposamena eredu finalista baten moduan ulertu behar da, epe luzean garatzeko. Diseinu horretan, iritzi da hazkunde horietako muga naturalak desnibel topografikoak eta Ezka eta Uztarroze ibaietako uholde arriskuko eremuak direla.

Hiriko mugaketa berriak belardiak eta soroak ukitzen ditu nagusiki, eta puntualki hirigunearen inguruko zuhaiztiak, ingurumeneko balio interesgarririk gabeak. Salbuespena jarduketa zehatz batzuk dira, hala nola AR1-S1eko bizitegitarako garapena, Ezka eta Binies ibaiak Kontserbazio Bereziko Eremuko zuhaixka moduko sahasti piriniotarrak (3240 intereseko habitata) ukitzen baititu. Irizten da ez dela nahikoa Planean berdegunean ibai eremu babestu horretan kokatzeko ezarritako baldintza, eta, hortaz, beharrezkoa da ibai ertzeko formazio horiek sektoretik kanpo uztea.

Etxebizitza kolektiborako eremuari dagokionez (UE-1), Uraren Zerbitzuaren 2015eko irailaren 16ko txostenean adierazten da ezen Belabarze erreka-zuloko uholde arriskutik kanpo egonagatik ere, horren uhartasuna eta ohiz kanpoko prezipitazioetan Ezka ibaiak sor dezakeen buxadura direla eta, ez dela gomendagarria eremu horretan bizitegitarako erabilera paratzea. Kasu horretan, proposatutako barne antolamendua, aparkalekua hegoaldeko mugan kokatuz, egokia da Belabarze erreka-zulotik dagoen tartea handitzeko.

Izabatik irtenda, Uztarroze aldera, kokatuta dagoen industria eremuak ez du ingurumeneko ukipen nabarmenik sortzen, antolamenduan berdeguneak hariztiarekin eta malda pikoeneko tokiekin bat eginda baitaude.

Mugigarritasunaren ikuspuntutik, ibilgailuentzako eta oinezkoentzako loturak aurreikusten dira hirigunea iragazkortzeko (SGP-6). Hirigunearen mendebaldeko hegitik joaten diren sorrera berriko tarteetan, ikusteko dagoenez Quercus pubescens-ez osatutako hariztiaren gaineko ukipena, trazadura orientagarria izanen da. Hura diseinatzeko orduan, bestelako aukerak aztertuko dira, trazadura lurraren topografia ahalik eta gehien egokitzeko irizpideen arabera, eta paisaia integratzeko eta ukitutako azalerak lehengoratzeko neurri zehatzak biltzen dituen azterlan bat eginda.

Planaren memorian zehazten da horniduraren, euri uren hustubideen eta saneamenduaren eta hornidura elektrikoaren sistemak nahikoak izanen direla hirigintzako aurreikuspenei erantzuteko. Hiri inguruneari dagokionez, adierazi behar da neurri positiboa izanen dela AR-2 sektorean energiaren eraginkortasuna helburu duen argiteria publikoaren sistema bat paratzea. Bestalde, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluan ezartzen den bezala, udalerriko zonifikazio akustikoa sartu da, eta bizitegitarako eremuak, industriakoak eta garraio azpiegiturakoak identifikatu dira.

Espedientean, Uraren Zerbitzuaren 2010eko abenduaren 20ko eta 2015eko irailaren 16ko txostenak, eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren 2011ko irailaren 22koa daude jasota.

Agiri guztiak azterturik, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak Izabako Hirigintzako Planaren aldeko txostena eman du, zenbait baldintza ezarrita.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea Izabako Hirigintzako Udal Planaren alde, Izabako Udalak sustaturik.

2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau ematen da baldin determinazio hauek betetzen badira:

a) Lurzoru urbanizaezina eta erabileren araubidea:

–Ezka eta Binies ibaien eremua Kontserbazio Bereziko Eremu gisa sartzea.

–Lurraldea konektatzeko mugaketa doitzea Larra eta Lakartxela kontserbazio bereziko eremuen artean eta haien erabilera araubidea berraztertzea, kontraesanik egon ez dadin erabilera publikoko mendien araubidearekin.

–Larra-Lakartxelako paisaia berezia osatzea Larrondo mendia gehituz, bai eta, paisaian duen balioarengatik, Yeguaceros behatokitik Belaguako Txoko aldera harkaitzez eta baso aurrekoz (urkiak, lertxundiak, ezkiak eta mendiko zumarrak) osatuta zabaltzen den zerrenda ere, ibarraren gaineko atzealde eszeniko bat eratzen duena.

–Baimengarri gisa ezartzea abeltzaintza estentsiboari sostengua emateko eraikuntzak belardi eta ibarreko behealdeko laboreetan.

–Ingurumenaren aldetik duten balioagatik, Belabarzeko hezeguneak gehitzea (62b azpilurzatia, 7. poligonoa, 99. lurzatia, 88. poligonoa) bere ingurumeneko balioen jarraipena eta babesa bermatzen dituen erabilera araubide batekin eta Mata de Hayako pagadiaren berezitasuna nabarmentzea, aberatsa baita basoko orkideetan.

–SGP-1i buruzko (erabilera anitzeko kirol eremua) eta SGP-4ri buruzko (aparkalekua eta jolas eremua) hirigintzako arauen 89. eta 92. artikuluak osatzea, baita lurzoru urbanizaezinari buruzko (jarduera bereziak babesteko lurzoru urbanizaezina) 36. artikulua ere, Uraren Zerbitzuak zehaztutako neurriekin, erabilerak bateragarriak izan daitezen Ezka eta Binies ibaiak Kontserbazio Bereziko Eremuari buruzko araudiarekin eta uholde arriskuarekin.

–SGP-6 izeneko bidea gauzatu baino lehen, mendebaldean, bestelako aukerak aztertzea eta paisaia integratzeko azterlan bat eranstea.

b) Bizitegitarako lurzoru urbanizagarria:

–AR1-S1 bizitegitarako eremutik kanpo uztea 2. poligonoko 385., 387., 400. eta 404. lurzatiak, Ezka eta Binies ibaiak Kontserbazio Bereziko Eremuan kokatuak. Horiek babestu beharreko landa lurzoru gisa mantenduko dira, ingurumen balioa izateagatik.

c) Neurriak eta Planaren jarraipena:

–Oro har, Hirigintza Planaren aplikazio eta garapenean, Ingurumen ondoriozko azterlanaren 5. kapituluan bildutako neurri zuzentzaileak eta prebentziokoak aplikatuko dira.

–Hirigintzako Udal Plana behin betiko onesten denetik aurrera, Ingurumena zaintzeko plana aplikatuko da, Ingurumen ondorioen azterlanaren 7. kapituluan bildua, helburu duena neurri zuzentzaileak eta prebentziokoak beteko direla bermatzea.

Ingurumena zaintzeko plana aplikatu eta garatzeko ardura Izabako Udalari dagokio. Horrek, bost urtean behin, ingurumeneko jarraipenari buruzko txosten bat eginen du, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren txostena jaso ondoren. Txosten hori Ingurumena zaintzeko planaren arabera egituratzen da.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Izabako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko urriaren 19an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

ERANSKINA

Hirigintzako Udal Planaren eta Ingurumen ondorioen azterlanaren laburpena

Izabako Hirigintzako Udal Planean egindako analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udal mugape osoa ukitzen dute, hau da, 46,8 km².

Izabako Hirigintzako Udal Planak funtsezko helburutzat ditu udalerriko biztanleen bizi kalitatea hobetzea, bizitegitarako, ekipamenduetarako eta jarduera ekonomikoetarako lurzoruaren premiak asetzea eta herritarren zerbitzurako sistema orokor egokiak aurreikustea. Alde horretatik, Planak bere araudia dakar, egungo hiri bilbeak mantendu eta hobetuko direla eta kultur ondarea babestuko bermatzeko, bai eta ingurune fisikoa aberastasun naturalaren, produkziokoaren eta paisaiakoaren euskarria den aldetik babesteari buruzko neurriak ere.

Izabako Udalaren okupazio ereduan, Izabako hirigune trinkoari eusten zaio, landa izaerarekin. Bertan konplexutasun funtzionala mantentzen da, bizitegitarako eta zerbitzuetarako erabilerak dituela. 4 sektore bereizten dira udalerrian:

–1. sektorea: hirigunea, funtsean aurreko planeamenduan (1996) sailkatutako hiri lurzorua.

–2. sektorea: bizitegitarako proposatutako zabalpenei dagokie eta lurzoru urbanizagarria da.

–3. sektorea: hiri lurzorua (3-A sektorea) eta industria erabilerako lurzoru urbanizagarria (3-B sektorea) dauka, 1 eta 3,4 ha-ko azalerarekin. Industria lurzoruaren eremuak finkatzen dira, Kurutxagakoa lurzoru erabilgarri osora zabalduz.

–4. sektorea: lurzoru urbanizaezin osoa hartzen du.

Bizitegitarako erabilerari dagokionez, planak etxe baratzedunaren tipologia mantentzen du alde zaharreko bazterretan, eta blokeko bizitegitarako tipologia hartzen du zabalpen eremuei jarraipena emateko. Bizitegitarako proposamena ondoko jarduketa hauetan gauzatzen da:

–Hiriguneko espazio erabilgarriak osatzea.

–Iparraldera, ekialdera eta hegoaldera zabaltzea, hazkundearen muga naturala izanik Ezka eta Belabarze ibaiak eta desnibel topografikoak, lurzoru urbanizagarri gisa.

Lurzoru urbanizagarria eredu finalista bati helduta diseinatu da, garapena epe luzerako aurreikusita eta herrian gara daitekeen gehieneko muga nahiz denboran gainditu ezin diren mugak ezarriz.

Biltegietarako eta/edo jarduera ekonomikorako lurzoruari lotuta, proposatzen da Izabatik Uztarroze aldera irtenda zerrategiaren ondoan kokatuta dagoen eremua zabaltzea eta industria erabilerari eusten dio herrira hegoaldetik iristeko errepidean dagoen eremuak.

Hirigunearen inguruan kokatuta, honako hauek nabarmentzen dira Planean proposatutako jarduketen artean: erabilera anitzeko kirol eremua (futbol zelaia, SGP-1), aparkalekua eta jolas eremua (SGP-4), Udalaren zerbitzuen eremua Belagua ibaiaren eskuinean, ur kirolen eremua Uztarroze eta Belagua ibaiek bat egiten duten puntuan, eta hirigunearen kokaleku diren hegietan, energia berriztagarrien eremua, El Castillo eremu arkeologikoaren ondoan.

Izabako hirigunera sartzeko bidea zuzendu eta hobetu gogo da kanpoko bide baten bitartez, hirigunearen mendebaldetik (Landadia-Garagardoia) eta ekialdetik (Burguiberria-Barrikata). Sistema hori hiri lurzorutik eta lurzoru urbanizagarritik nahiz lurzoru urbanizaezinetik pasatzen da.

NA-137 errepidearen inguruan, zein Frantziarekin komunikatzeko bide nagusia baita, proposamen garrantzitsuenek helburu dute neguan bide hori segurtasunez igarotzeko moduan egonen dela bermatzea. Horretarako, elur-jausien eta elur-bisutsen kontrako hesiak paratzea planteatzen du, baita tunel irten bat paratzea ere errepidea elurretik babesteko. Nolanahi ere, Planak zehazten du jarduera horiek tramitazioa behar dutela, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Planean jasotako aurreikuspenetarako, nahikoak dira aurreikusitako hiri zerbitzuak eta azpiegiturak.

Eraikitako ondarea babesteari dagokionez, katalogoa eransten da, Nafarroako Ondare Arkitektonikoaren Inbentarioko informazioarekin. Ondare horri eusteko, zaharberritzea baimentzen da, bizigarritasunari buruzko araudiak baimentzen dituen adina etxebizitza egonda, 100 m²-ko azalera eraiki baten gainean. Ordenantzen bitartez, arkitektura berria arkitektura tradizionalera egokitu gogo da, modu integratuan eta beste eremu batzuetatik bereizita.

Lurzoru urbanizaezinari dagokionez, ondoko azpikategoria hauek aplikatzen dira Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen azpikategoriak kontuan izanda:

–Esparru hauek biltzen dira ingurumen balioa duen lurzoruaren barnean:

  • Natura 2000 Sareko eremuak, kontserbazio bereziko eremu izendatuak eta, hortaz, kudeaketa plan onetsi bat dutenak (Arrigorrieta eta Ezkaurre KBEa, Larrondo-Lakartxela KBEa, Larra-Aztaparreta KBEa eta Ezka eta Binies ibaiak KBEa) eta hegaztien babesgune bereziak (Arrigorrieta B-130 HBBa eta Larra-Aztaparreta 123 HBBa).
  • Natur erreserbak (Larra) eta erreserba integralak (Ukerdi eta Aztaparreta).
  • LAP 1en zehaztutako babes bereziko eremuak, hala nola Larra-Lakartxelatik Larra-Ezkaurrera lurraldea lotzeko eremuak, eta Belagua ibaiaren, Ezkaroze ibaiaren, Mintxateren eta Belabarze erreka-zuloaren inguruan antolatzen den ibai sistema. Interes bereziko landareriaren artean pinu gorri klimatikoak sartzen dira, Urralegi erreka-zuloaren inguruko gailur-lerrokoak. Eta interes geologiko handieneko eremu gisa: Izabako tolestura kontzentrikoak, Piedra de San Martineko leizea, La Contiendako zelaiko arroka leunduak, Lakora mendiko arrakalak, Belagua mendako alderantzizko faila, Ezkaurreko antiklinal hustua, Arrigorrietako olitostroma eta glaziarretako morrenak, interes geologiko bereziko lekutzat hartuak.
  • Zuhaizti guztiak, hala nola ler gorri silizikolak, haritz ilaunduak, pagadiak, koniferoen eta hostozabalen basoak, ezkaien eta astigarren baso mistoak, lizardiak.
  • Orobat, Ezkaurreko iboiak, Lakora eta San Martin leizeko idoiak, guztiak kontserbazio bereziko eremuetan sartuak.

Paisaiaren aldetik balio duten eremuei dagokienez, honako hauek dira lekurik garrantzitsuenak: Larra-Lakartxelako gailurrak eta gailur-lerroak eta Belaguako zelaia, paisaia berezien gisa, eta hirigunetik iparraldera dauden ebakidurak eta Mintxateko eta Belabarzeko ateak, paisaia naturalen gisa.

Nekazaritzako, abeltzaintzako eta basozaintzako aprobetxamendurako eremuak ustiatze naturaleko balioa duen lurzoruaren azpikategorian sailkatzen dira: ibarreko behealdeak (Belaguako txokoa, Belabarze eta Mintxate), mendiko larreak eta sastrakadiak, basoak eta landaketak.

Balio kulturaleko azpikategorian, honakoak sartzen dira: altxonbideak eta abelbideak, eta lurraldean sakabanaturik dauden interes kulturaleko elementuak, hala nola dolmenak, zubiak eta ermitak (Idoia, Belen eta Arrako), bide historikoak eta oinezkoentzako ibilbideak eta El Castillo alderdiko eremu arkeologikoa.

Urak har ditzakeen eremuak arriskuak prebenitzeko lurzoru gisa sartzen dira baldin eta tarte horretaz informaziorik badago, hala nola Ezka ibaia eta Uztarroze ibaiarekin bat egiten duen tokia, Belagua ibaia eta Belabarze erreka-zuloa. Kasu honetan, Nafarroako Aragoi eta Irati ibaien arroetako antolamendu hidraulikoa eta ibai horiek gainezka egitean urak hartzen ahal dituen eremuen mugapenaren 2003ko azterketatik jaso da informazioa.

Ingurumen ondorioen azterlana

Ingurumen ondorioen azterlanean, udalerriaren ingurumenari buruzko azterketa, diagnostikoa eta balorazioa sartu dira. Natur ingurunearen datuak eta datu sozioekonomikoak biltzen dira, klimaz, geologiaz, geomorfologiaz, hidrologiaz, biogeografiaz eta landaretza naturalez, habitatez, mehatxupeko floraz, faunaz eta babestutako espazio naturalez.

Lurraldearen azterketa eta karakterizazioa egiteko, landare, habitat eta lurzoru erabileraren mota desberdinak baliatu dira, eta ingurumeneko unitate homogeneoak identifikatu eta baliokidetasunak ezarri dira LAP 1en deskribatutako ingurumeneko unitateekin. Berezitasunaren, hauskortasunaren, naturaltasunaren irizpideen arabera eta kontuan izanda Batasunaren intereseko habitatak edo lehentasunezko intereseko habitatak dauden, ondorioztatzen da hauek direla ingurumenaren balio handiena duten unitateak: mendiko larreak, harkaitzak eta hartxingadiak, mendi-pinuen basoak, pinudi silizikolak, pagadi-izeidiak, hariztiak eta hezeguneak. Ingurumenaren balio ertaina-handia edukita, zuhaixkak, belardiak eta ibarreko behealdeak eta ibilguak eta ibai-ertzak. Baso landaketak eta laboreak sartzen dira ingurumenaren balio txikia dutenen artean.

Planaren proposamenak eta landa-lurzoruan izanen diren erabilerak eta jarduerak identifikatuta, baita erabilera horiei lotuta dauden arazoak ere, helburuak eta lehentasunak zehazten dira ingurumena babestu eta zaintzeko, landa-lurzorua antolatzeko oinarriak finkatuz.

Ingurumen ondorioen azterlanak, Hirigintzako Planak naturaren eta gizartean ingurunean izanen dituen eraginak baloratuta, ondorioztatzen du ukipenen balorazio globala, neurri zuzentzaileak, prebentziokoak eta konpentsaziokoak aplikatu aurretik, positiboa izanen dela gizartearen eta kultur ondarearen ikuspuntutik, eta negatiboa natur ingurunerako, baina apaletik moderatura bitartekoa. Lurzoru urbanizaezinean etorkizunean egin daitezkeen zenbait jarduketari dagokionez, izan elur-jausi eta elur-bisutsen kontrako hesi berriak paratzea, errepidea babesteko egitura, ibai ibilbidea, ur kiroletarako eremu bat prestatzea, aparkalekua eta jolas eremua edo bide sistema, zeinek eraginak sor baititzakete zenbait habitatetan, ezartzen du ebaluatu eta zuzendu beharko direla kasuan kasuko exekuzio proiektuetan.

Ingurumen ondorioen azterlanaren 5. kapituluan, hiri lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian nahiz lurzoru urbanizaezinean aplikatu beharreko neuri zuzentzaileak, prebentziokoak eta konpentsaziokoak zehazten dira, baita ingurumena babesteko plan bat ere, neurri horiek bete eta aplikatuko direla bermatzeko.

Iragarkiaren kodea: F1514215