229. ALDIZKARIA - 2015eko azaroaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

224/2015 FORU AGINDUA, urriaren 8koa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Genetika eta Ugalketako Aholku Batzorde Teknikoa sortzen duena.

Nafarroako Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak 3. artikuluan ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko osasun laguntza publikoak eskaintzen dituen osasun eta laguntza prestazioak, gutxienez, unean-unean Gizarte Segurantzaren osasun zerbitzuetarako finkatzen diren berberak izanen direla, eta hala laguntza sisteman sartzea nola osasun prestazioak jasotzea berdintasun eraginkorreko baldintzetan eginen dela.

Osasun Sistema Nazionalaren zerbitzu komunen zorroa eta zorro hori eguneratzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuan Laguntza bidezko giza-ugalketa jasotzen da Osasun Sistema Nazionalaren Zerbitzu Komunen Zorroaren barrenean, betiere antzutasuna diagnostikatzen bada edo ohartarazpen kliniko bat ezartzen bada.

Bestalde, Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuaren arabera, Zerbitzuen Zorroa zenbait modalitatetan sailkatzen da, eta, hala, Osasun Sistema Nazionalaren Laguntza Zerbitzuen Oinarrizko Zorro Komunean sartzen ditu osasun zentroetan edo osasun eta gizarte zentroetan prebentziorako, diagnostikorako, tratamendurako eta errehabilitaziorako egiten diren laguntza jarduera guztiak. Prestazio hori finantziazio publikoak estaltzen du oso-osorik.

Osasun Sistema Nazionalaren zerbitzu komunen zorroa eta zorro hori eguneratzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuaren I., II. eta III. eranskinak aldatzen dituen urriaren 31ko SSI/2065/2014 Aginduan zehaztasun gehiago jasotzen dira laguntza bidezko giza-ugalketako tratamenduetarako, izan ere, helburu terapeutiko edo prebentiboarekin egiten direnean, eta beste zenbait egoera berezitan, Osasun Sistema Nazionalaren zerbitzu komunen zorroan sartzen dira, eta haietaz baliatzeko irizpide orokorrak ere argitzen ditu, baztertzeko irizpide eta egoerekin batera.

Foru agindu horretan jasotzen diren laguntza bidezko giza-ugalketarako tekniken artean ezarpenaren aurreko diagnostiko genetikoa dago, hartaz baliatzeko berariazko irizpide eta guzti, hala jatorri kronosomikoa edo genetikoa duten eritasun edo nahaste larriei aurrea hartzeko helburuarekin egiten den kasuetarako, nola hirugarrenentzako helburu terapeutikoekin egiten denerako.

Laguntza bidezko giza-ugalketaren teknikei buruzko maiatzaren 26 14/2006 Legeak 12. artikuluan ezartzen du beharrezkoa dela ezarpenaren aurreko diagnostiko genetikoaren kasu guztien berri ematea osasun agintaritza eskudunari eta Laguntza bidezko Giza-ugalketaren Batzorde Nazionalari, eta are gehiago, kasu batzuetan beharrezkoa dela batzorde horrek adostasun txostena ematea eta osasun arloko agintaritzak berariazko baimena ematea, kasuz kasu aztertuta.

Ezarpenaren aurreko diagnostiko genetikoaren egoera eta gure erkidegoan teknika horretaz baliatu daitezkeen kasuak aztertzeko, Osasun arloko aholkularitza zientifiko-teknikoa egituratzeko Osasuneko kontseilariaren 1990eko urtarrilaren 12ko Foru Aginduaren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Genetika eta Ugalketako Aholku Batzorde Teknikoa sortzea.

2. Batzordea honako hauek osatuko dute:

–Joseba Asiáin Albisu jauna, Osasun Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

–Javier Carnicero Jiménez de Azcárate jauna, Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuko burua.

–Jon Ariceta Iraola jauna, Nafarroako Ospitaleguneko Prozesu Kirurgikoen zuzendariorde asistentziala.

–M.ª Antonia Ramos Arroyo andrea, Nafarroako Ospitaleguneko Genetika Medikoaren Zerbitzuko burua.

–Ricardo Ezcurra Irure jauna, Nafarroako Ospitaleguneko Obstetrizia eta Ginekologia Zerbitzuko burua.

–Jesús María Zabaleta Jurío jauna, Nafarroako Ospitaleguneko Ugalketa Unitateko koordinatzailea.

–Serafín García Mata jauna, Nafarroako Ospitaleguneko Osasun Laguntzako Etika Batzordeko burua.

–Laura Terreros Blanco andrea, kudeaketa arloko teknikaria, Prestazio eta Itun Ataleko burua.

–M.ª José Lasanta Sáez andrea, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Ataleko burua.

3. Batzordeak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasuneko zuzendari nagusiari arlo horretan aholku ematea.

b) Ezarpenaren aurreko diagnostiko genetikoaren eskaerak aztertu eta baloratzea.

c) Nafarroako Ospitaleguneko Batzorde Etikoari kontsulta eskatzea, beharrezkotzat jotzen duenean.

d) Beharrezkoa dela iritziz gero, aztertutako kasuen gaineko ebaluazio txostenak egitea.

e) Beharrezkoa izanez gero, prestazioa jasotzeko lehentasun hurrenkera ezartzea.

f) Ezarpenaren aurreko diagnostiko genetikoaren arloan Nafarroan gertatzen den kasuistikaren jarraipena egitea, “Prestazioa Nafarroako Foru Komunitateko Osasun Sistema Publikoan sartzeko txosten-proposamenean” jasotako ebaluazio irizpideen bidez.

g) Ezarpenaren aurreko diagnostiko genetikoaren prozeduretan sartzeko baldintzetan berdintasun eraginkorra izan dadila begiratzea.

h) Arlo honetako prestazioen antolaketa, jarduera, emaitzak eta kalitateak hobetzeko asmoz, organo eskudunak agintzen dizkion gainerako eginkizunak.

4. Batzordeak egoki iruditzen zaizkion aholkulari espezialistei deitzen ahal die laguntza eskatzeko.

5. Batzordearen jarduna honako arau hauek erregulatuko dute: foru agindu honek, batzordearen beraren barne araudiak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean agertzen diren kide anitzeko organoentzako jarraibideek, betiere Administrazio Publikoen araubide juridikoari buruzko oinarrizko araudia errespetatuz.

6. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko urriaren 8an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F1514267