224. ALDIZKARIA - 2015eko azaroaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2613/2015 EBAZPENA, urriaren 27koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, erdi mailako euskara teknikarien lanpostuak betetzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez egiteko deialdiak onesten dituena. Zerrendetako bat aldi baterako kontratazioetarako da, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran aritzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea, hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda bat erdi mailako euskara teknikarien lanpostuetan prestakuntzan aritzeko, zerbitzu berezietako egoeran, eta, bestetik, beste zerrenda bat, aipatu lanpostuetan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, Osasun Departamentuaren menpekoetan izan ezik.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, prestakuntza egin nahi duten izangaien zerrendak osatzeko.

Horrenbestez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan, azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikuluarekin eta Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduarekin bat, honako deialdi hauek iragartzen dira:

DEIALDIAK

I.–Deialdia, erdi mailako euskara teknikari gisa aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda bat osatzeko

Hauek dira deialdiaren arauak:

Lehena.–Deialdia egiten da erdi mailako euskara teknikarien lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako bete ahal izateko (Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetakoak izan ezik).

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, unibertsitateko graduatuaren, diplomatuaren, ingeniari teknikoaren edo arkitekto teknikoaren titulua edo haien baliokidea den beste bat edukitzea, edo, bestela, titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekina, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenengo hiru kurtsoak osorik gaindituak izatea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) edukitzea, Nafarroako Gobernuak luzatua, edo ofizialki balio bera aitortua duen beste titulu bat.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

2.2. Oinarri honen 2.1.c) eta 2.1.d) ataletan eskatzen diren titulazio betebeharrak agiri bidez frogatu beharko dira, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren oinarrian xedatuarekin bat.

2.3. Deialdi honetako 2.1 oinarrian ezarritako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat gauzatuko da hautapen prozesua.

Laugarrena.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

Izangaiei dei egin eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honen oinarriak; Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua (2011ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 15ekoa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Deia egiterakoan kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa. Horren bidez, desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko moduaren xehetasunak arautzen dira. Horretarako, %33koa edo handiagoa den desgaitasun aitortua duten pertsonek organo eskudunak luzatutako agiriaren kopiaren bidez frogatu behar dute egoera hori.

II.–Deialdia, erdi mailako euskara teknikari gisa prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko

Hauek dira deialdiaren arauak:

Lehena.–Deialdia egiten da erdi mailako euskara teknikarien lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran arituko diren izangaien zerrenda bat hautaproben bidez betetzeko. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da zerrenda (salbu eta Osasun Departamentuan).

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, C, D edo E mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Beren lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, unibertsitateko graduatuaren, diplomatuaren, ingeniari teknikoaren edo arkitekto teknikoaren titulua edo haien baliokidea den beste bat edukitzea, edo, bestela, titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekina, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenengo hiru kurtsoak osorik gaindituak izatea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

e) Euskararen gaitasun agiria (EGA) edukitzea, Nafarroako Gobernuak luzatua, edo ofizialki balio bera aitortua duen beste titulu bat.

f) Erdi mailako euskara teknikari gisa lehenengo prestakuntzaldia egiteko izangaien zerrendan ez egotea.

2.2. Oinarri honen 2.1.d) eta 2.1.e) ataletan eskatzen diren titulazio betebeharrak agiri bidez frogatu beharko dira, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren oinarrian xedatuarekin bat.

2.3. Deialdi honetako 2.1 oinarrian jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita deia egiten denean eta prestakuntzaldiak iraun bitartean ere.

2.4. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuaren menpeko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan aritzen diren langileek, ezta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat gauzatuko da hautapen prozesua.

Laugarrena.–Prestakuntzaldian aritzeko izangaiei dei egitea.

Deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoari jarraikiz eginen da: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena (157. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 31koa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

III.–Bi deialdietarako arau komunak

Lehena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Bi deialdietan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.–Eskabideak.

2.1. Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuko Erregistroaren beste edozein bulegotan (zerrenda 2015eko 57. eta 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialetan argitaratu zen, martxoaren 25ean eta maiatzaren 29an), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

2.2. Eskabideak II. eranskinean heldu den ereduaren araberakoak izanen dira, aldi baterako kontratazioko izangaien kasuan, eta III. eranskineko ereduaren araberakoak, prestakuntzarako izangaien kasuan. Eredu horiek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean daude eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal dira, www.navarra.es helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adieraziko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Eskabidearekin batera, izangaiek nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo nortasuna eta nazionalitatea frogatzen dituen agiriaren fotokopia aurkeztu beharko dute bakarrik, eta, hala badagokio, aldi baterako kontratatuak izateko deialdiaren 2.1.a) oinarrian nazionalitateaz eta ahaidetasunaz eskatzen diren betekizunen frogagirienak.

Erdi mailako euskara teknikari lanpostu batean aritzeko deia jasotzen duten izangaiek ez bestek aurkeztu beharko dituzte deialdiko titulazio betebeharra frogatzen duten agiriak, kontratua gauzatzen denean edo prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoera deklaratzen denean.

2.3. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuak deialdietan onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es web orrian, deialdiaren aipamenean. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko dira onartuen behin betiko zerrendak.

Egun horretatik aurrera, argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsi eta Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Atarian (www.navarra.es) argitaratuko ditu (deialdiaren aipamenean), deialdi hauetan ezarritako hautaprobak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ohartuz gero, interesdunek deialdietan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Laugarrena.–Probak.

4.1. Ebazpen honen bidez onetsitako deialdietarako hautapen prozesuan proba bakar bat eginen da, bi zati izanen dituena. Biak egun berean eginen dira, bata bestearen atzetik. Probak zati hauek izanen ditu:

a) Lehen zatia, ariketa teoriko-praktikoa: ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren lehenengo bost gaietatik bat garatzea, zozketaz aukeratzen dena. Izangaiek ordu eta erdi izanen dute ariketa hori egiteko.

b) Bigarren zatia: irakaskuntza programa bat landu eta justifikatzea, gai zerrendako 6. gaitik 10.era bitarte daudenetatik bat, zozketaz aukeratua. Izangaiek bi ordu izanen dute gehienez programazio hori prestatzeko.

Gero, programazioa kalifikazio epaimahaiaren aurrean azaldu beharko dute, jendaurreko ekitaldi batean, eta epaimahaiak galderak egiten ahalko dizkie. Azalpen hori ariketa egiten den egun berean edo beste batean egin daiteke, epaimahaiak erabaki bezala, hautapen prozesuan parte hartzen duten izangaien kopurua ikusita.

Proba hau egiteko ezin da inolako testu edo dokumenturik kontsultatu.

4.2. Hautapen probak 40 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez ere, 20 puntu zati bakoitzeko. Erdi mailako euskara teknikarien lanpostuetan aritzeko zerrendetan sartuko dira hautaproban ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortzen duten izangaiak.

4.3. Probarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute parte-hartzaileek. Beren nortasuna frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

4.4. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Bosgarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Fernando Rey Escalera jauna, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko mahaiburua: Aingeru Miqueo Azpiroz jauna, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko erdi mailako euskara teknikaria.

Mahaikidea: Paula Kasares Corrales andrea, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko mahaikidea: María Anunciación Etxetxipia Senosiain andrea, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko erdi mailako euskara teknikaria.

Mahaikidea: Ana Isabel Alberro Goñi andrea, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko Euskararen Egiaztapenen eta Prestakuntzaren Ataleko burua.

Ordezko mahaikidea: María José Guillenea Dendarieta andrea, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko erdi mailako euskara teknikaria.

Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

Ordezko mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

Mahaikide idazkaria: María Carmen Asenjo Chocarro andrea, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko erdi mailako euskara teknikaria.

Ordezko mahaikide idazkaria: Ignacio Luis Martínez Recari jauna, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko erdi mailako euskara teknikaria.

5.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Seigarrena.–Emaitzak.

6.1. Parte-hartzaileen artean gertatzen diren berdinketak irizpide hauei jarraituz ebatziko ditu kalifikazio epaimahaiak:

a) Aldi baterako kontratazioetarako deialdia: berdinketak zozketa bakar baten bidez erabakiko dira, zeina kalifikazio epaimahaiak eginen baitu. Berdindutako guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, zozketan hautatutakoaren abizenak eta izena abiapuntu harturik. Zozketaren emaitzak web orrian (deialdiaren aipuan) eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean argitaratuko dira.

b) Izangai berriak prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak badirau, aldi baterako kontratazioetarako deialdian berdinketak hausteko ezarritako zozketaren arabera ebatziko da.

6.2. Probak kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian (www.navarra.es, deialdiaren aipamena):

–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko proba gainditzen duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangai berrientzako deialdiko proba gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

Epaimahaiak, halaber, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio arau honetan aipatzen diren zerrendak, onets ditzan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zazpigarrena.–Erdi mailako euskara teknikarien lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda.

7.1. Behin betiko zerrendak.

Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez izangaien zerrendak onetsiko dira. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean argitaratuko da (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa), baita Nafarroako Gobernuaren web orrian ere (www.navarra.es, deialdiaren aipamena).

7.2. Deia.

Arau honetan aipatutako zerrendetan ageri diren izangaiei dei egiteko, ebazpen honen bidez onetsitako deialdietako oinarrietan ezarritakoari jarraikiko zaio; betiere, prestakuntzarako izangaiak lehenetsiko dira aldi baterako kontratatuak izateko izangaien aurretik.

Deia jasotzen duten izangaiek kasuan kasuko deialdian eskatutako titulazioaren betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, unibertsitateko diplomadunaren, ingeniari teknikoaren, arkitekto teknikoaren edo graduatuaren tituluaren edo baliokidetzat aitortutako beste titulu baten fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, baita Nafarroako Gobernuak emandako Euskararen Gaitasun Agiriarena edo ofizialki horren baliokidetzat aitortutako beste titulu batena ere, edo titulu horiek eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena. Tituluak, betiere, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratuak izan beharko dira.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Erdi mailako euskara teknikarien lanpostuak aldi baterako betetzeko B motako gidabaimena izatea beharrezkoa denean, izangaiek baimen hori badutela frogatu beharko dute dei egiten zaienean.

Zortzigarrena.–Gehieneko denbora prestakuntzarako zerbitzu berezietan.

8.1. 4 urteko bigarren prestakuntzaldian sartzen diren izangaiak ezin dira 10 urte baino gehiago egon prestakuntzarako zerbitzu berezietan, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritzen badira ere.

8.2. Prestakuntzarako zerbitzu berezietan 6 urte bitarte egoteko eskubidea duten izangaiek ezin izanen dute gehieneko epe hori gainditu, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritzen badira ere.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren eta oinarrien kontra eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2015eko urriaren 27an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.–Euskararen legezko estatusa eta hori arautzen duen legedia Nafarroan.

2. gaia.–Euskararenl hizkuntza komunitatearen egoera demolinguistikoa: euskararen ezagutza eta erabilera eta hizkuntzarekiko jarrerak. Euskararen gizarte errealitatea Nafarroan: euskararen egoera sozio-funtzionala.

3. gaia.–Hizkuntza politika eta hizkuntza plangintza. Hizkuntza politikak gutxiagotutako hizkuntzen esparruan. Hizkuntza plangintzaren eragileak eta baliabideak. Gutxiagotutako hizkuntzen corpusaren plangintza eta estatusaren plangintza.

4. gaia.–Planak edo proiektuak diseinatzeko urratsak; hau da, eremu jakin bateko hizkuntza komunitatearen testuinguruan jarritako helburuak lortzeko egin beharreko jarduerak antolatzeko metodologia. Planak eta proiektuak Administrazioan euskararen erabilera planifikatzeko tresnatzat.

5. gaia.–Euskararen normalizaziorako azpiegiturak eta baliabideak. Euskalgintzaren egungo egoera, historia eta egindako ekarpena. Gizarte eragileen eta administrazioaren arteko elkarlana. Euskararen hizkuntza komunitatea indartzeko izan diren ekimen nagusiak.

6. gaia.–Helduak euskalduntzeko ikastaroak. A1 mailaren astebeteko programazioa: helburuak, edukiak, hizkuntza trebetasunak landu eta garatzeko teknikak, denboraren banaketa, ebaluazioa eta bestelako ezaugarriak.

7. gaia.–Helduak euskalduntzeko ikastaroak. A2 mailaren astebeteko programazioa: helburuak, edukiak, hizkuntza trebetasunak landu eta garatzeko teknikak, denboraren banaketa, ebaluazioa eta bestelako ezaugarriak.

8. gaia.–Helduak euskalduntzeko ikastaroak. B1 mailaren astebeteko programazioa: helburuak, edukiak, hizkuntza trebetasunak landu eta garatzeko teknikak, denboraren banaketa, ebaluazioa eta bestelako ezaugarriak.

9. gaia.–Helduak euskalduntzeko ikastaroak. B2 mailaren astebeteko programazioa: helburuak, edukiak, hizkuntza trebetasunak landu eta garatzeko teknikak, denboraren banaketa, ebaluazioa eta bestelako ezaugarriak.

10. gaia.–Helduak euskalduntzeko ikastaroak. C1 mailaren astebeteko programazioa: helburuak, edukiak, hizkuntza trebetasunak landu eta garatzeko teknikak, denboraren banaketa, ebaluazioa eta bestelako ezaugarriak.

II. ERANSKINA

Aldi baterako kontratazioen deialdirako eskabide-eredua (PDF).

III. ERANSKINA

Prestakuntzarako izangai berrien deialdirako eskabide-eredua (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1514858