224. ALDIZKARIA - 2015eko azaroaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

47/2015 FORU AGINDUA, urriaren 13koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, 591 eredua onesten duena (“Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga. Zergadunekiko eragiketen urteko aitorpena”).

Iraunkortasun Energetikorako Neurri Fiskalei buruzko abenduaren 27ko 15/2012 Legeak, sistema fiskala bateragarriagoa izan dadin ingurumenaren eta jasangarritasunaren aldetik efizientzia eta errespetu handiagoa duen erabilerarekin, eta aurrekontuen oreka lor dadin ingurumeneko politikak zerga sisteman sartzeko esparruan, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zuzeneko zerga erreala sortu zuen, energia elektrikoa sortzeko eta hura sartzeko jarduerak zergapetzen dituena Espainiako sistema elektrikoan.

Ekainaren 24ko 14/2015 Foru Legearen bidez Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoa aldatu zen, eta, besteak beste, 31 bis artikulua erantsi zen, zerga hau harmonizatzeko irizpideak jaso zituena.

Artikulu horrekin bat, zerga horren ordainarazpenean, Estatuak aldi bakoitzean ezartzen dituen funtsezko eta formazko arau berak aplikatu behar ditu Nafarroako Foru Komunitateak. Dena dela, zergaren aitorpena eta diru-sarrera egiteko bere ereduak onesten ahalko ditu, gutxienez ere lurralde erkideko datu berak edukiko dituztenak, eta likidazioaldi bakoitzean diru-sarrera egiteko epeak ezartzen ahalko ditu, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik asko aldendu gabe.

Tributu arloan dagokion ahalmena erabiliz, Foru Komunitateak martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legea onetsi zuen, eta haren lehenbiziko artikuluan arautzen da energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga. Foru lege honetan aurreikusi gabekoan, Estatuak onetsitako funtsezko eta formazko arauak izanen dira aplikatzekoak.

Ildo horretan, Zerga berezien erregelamendua, uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsia, abenduaren 27ko 1041/2013 Errege Dekretuaren bidez aldatzen da, eta, halaber, haren bidez beste xedapen batzuk ere sartzen dira, energia elektrikoa fabrikatzeko zerga bereziekin eta energia elektrikoaren ekoizpenaren gaineko zergarekin loturik, eta xedapen gehigarri bakarrean ezartzen da nahitaezkoa dela, zerga horregatik zergadunei zenbatekoak ordaintzen dizkietenentzat, zergadun horiekin egiten dituzten eragiketen urteko aitorpen bat aurkeztea.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 46.2 artikuluarekin bat, zerga arloko informazioa emateko legez nahitaezkoak diren betebeharrak betetzeko xedea duten aitorpenak Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan aurkeztu beharko dira, zein bere araudiaren arabera, honako irizpide hauen arabera:

a) Enpresa eta lanbide jarduerak egiten dituzten tributudunen kasuan, jarduera horiek ikuskatzeko eskumena duten administrazioan.

b) Enpresa edo lanbide jarduerarik egiten ez duten tributudunen kasuan, segun helbide fiskala Nafarroako Foru Komunitatean edo zergen aldetik lurralde erkidean duten.

Bidezko da, beraz, 591 eredua onestea (“Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga. Zergadunekiko eragiketen urteko aitorpena”), eredu hau Nafarroan aurkeztera beharturik daudenek beren tributu arloko betebeharrak bete ditzaten.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluan eta zazpigarren xedapen gehigarrian eta Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga eta kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga arautzen dituen martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen azken xedapenen lehenean ezarritako eskudantziarekin bat,

AGINDU DUT:

1. artikulua. 591 eredua onestea.

1. 591 eredua onesten da: “Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga. Zergadunekiko eragiketen urteko aitorpena”.

2. 591 eredua telematika bidez aurkeztu beharko da nahitaez, Internet erabiliz, 4. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Aurkezpenari fitxategi bat eransten ahal zaio, eranskinean agertzen den edukiaren eta diseinuaren araberakoa.

2. artikulua: 591 eredua aurkeztera behartuta daudenak.

591 eredua aurkeztera beharturik daude Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren pertsona fisikoak edo juridikoak, publikoak nahiz pribatuak, eta entitateak, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergadunei zenbatekoak ordaintzen dizkietenak, energia elektrikoa sortzeari eta hura sistema elektrikoan sartzeari loturik.

3. artikulua: 591 eredua aurkezteko epea.

Aurreko artikuluan aipatutakoek 591 eredua aurkeztu beharko dute, datuak zer urte naturali dagokien, hurrengo urteko abenduaren lehenbiziko hogei egun naturalen barnean.

4. artikulua: 591 eredua aurkezteko modua.

591 eredua telematika bidez aurkeztuko da, Internet erabiliz, 5. eta 6. artikuluetan ezarritako prozedurari jarraikiz eta hango baldintzak betez.

5. artikulua: 591 ereduko aitorpenak telematika bidez, Internet erabiliz, aurkezteko baldintza orokorrak.

1. 591 ereduko aitorpenen aurkezpen telematikoa baldintza hauei jarraikiz eginen da:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du.

b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz.

Baimenduta dauden ziurtapen zerbitzuak eta ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; atal horretara Interneteko helbide honen bidez iritsiko da: http://www.hacienda.navarra.es.

c) Aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonak ordezkatuz telematika bidez aurkezteko eta tributu zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, aitorpenak hirugarrenak ordezkatuz egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada aurkezlea, Nafarroako Zerga Ogasunak aurreko b) letran adierazitakoaren arabera onartutako ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du.

d) 591 ereduaren aurkezpen telematikoa egiteko, aitortzaileak edo baimendutako aurkezleak, halakorik bada, Nafarroako atarian eskuragarri dagoen web inprimakia erabili beharko du.

591 ereduaren formularioak ahalbidetzen du eskatzen den informazioa aurkeztea eranskineko edukiaren eta diseinuaren araberako fitxategi bat inportatuz.

e) Aitortzaileek aurkezpen telematiko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak izan beharko dituzte kontuan. Arau horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrian daude argitaratuta, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean.

2. Telematika bidez igortzen diren aitorpenetan akats formalak agertzen direnean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari akatsak azaltzeko mezuen bitartez, behar den zuzenketa egin dezan.

6. artikulua. 591 ereduko aitorpenen aurkezpen telematikoa, Internet bidez, egiteko prozedura.

Aitorpenen aurkezpen telematikoa Internet bidez egiteko, prozedura hau erabiliko da:

1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekin egiten diren izapideen zerbitzuan sartu.

2. Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.

3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena egokia bada, sistemak balioztatuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da aditzera, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena zuzen bete ondoren, sistemak komunikatuko du aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia, eta, orobat, inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

591 eredua (“Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga. Zergadunekiko eragiketen urteko aitorpena”) erabiliko da 2014. urteari eta hurrengoei dagokien zergadunekiko eragiketen urteko aitorpena aurkezteko.

Iruñean, 2015eko urriaren 13an.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

ERANSKINA

591 eredua (“Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga. Zergadunekiko eragiketen urteko aitorpena”) telematikoki aurkezteko sortzen diren fitxategiek izan behar dituzten diseinuak.

Hirugarrenekin egindako eragiketak eta autokontsumoak.

Inportatu beharreko fitxategia testu formatukoa izanen da, eta, eremuak, (;) karakterearekin bereiziak.

Eremu bat aukerakoa bada, (;) karakterea jarriko da.

Inportatu daitezkeen gehieneko erregistro kopurua 500 da.

Inportatu beharreko erregistroaren formatua:

EREMUA

LUZERA

MOTA

DESKRIPZIOA

1

9

AN

Hartzailearen IFZ

2

50

AN

Hartzailearen izena edo sozietatearen izena

3

10,2

AN

Ordaindutako zenbatekoa; eurotan emanen da, bi dezimalekin

Adibidez:

99999999R; IFZ-REN SOZIETATEAREN IZENA;12345678,12;

Eremuen deskripzioa.

Hartzailearen IFZren instalazio bakoitzarekin loturik, honako informazio hau emanen da:

–IFZ: nahitaezko eremua. Ordainketaren hartzaile den pertsonaren edo entitatearen IFZ.

–Izena edo sozietatearen izena: nahitaezko eremua. Ordainketaren hartzaile den pertsonaren edo entitatearen izena.

–Ordaindutako zenbatekoa: nahitaezko eremua. Eurotan adieraziko den zenbatekoa.

Iragarkiaren kodea: F1514005