223. ALDIZKARIA - 2015eko azaroaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AEZKOAKO BATZARRE NAGUSIA

Aezkoako batzarkideak aukeratzeko hauteskundeetarako deialdia

Aezkoako Batzarre Nagusiaren ordenantzen 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, batzarkideak hautatzeko deia egiten da. Hauteskundeak 2015eko abenduaren 27an, igandez, eginen dira.

Ariben, 2015eko urriaren 29an.–Batzarreburua, Félix Jamar Jáuregui.

DEIALDIA BATZARKIDEAK AUKERATZEKO HAUTESKUNDEETARAKO

Egutegia

–Hautagai-zerrenden aurkezpena:

Hautagaiak aurkezteko epea azaroaren 9tik azaroaren 25era bitartekoa da, biak barne. Aurkezteko interesa duenak inprimakiak hartu ahal ditu Batzarre Nagusiko Idazkaritzan edo Aezkoako herrietako edozein Udaletxetan.

Hautagai-zerrendak Batzarre Nagusiko Idazkaritzan aurkeztuko dira honako ordutegian: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara. Horiekin batera errolda agiria aurkeztuko da.

–Alegazioak egiteko epea:

Azaroaren 27an, aurkeztutako hautagai-zerrendak paratuko dira Udaletxe bakoitzeko eta Batzarreko iragarki-oholetan, eta alegazioak aurkezteko hamar egun naturaleko epea irekiko da. Epea abenduaren 7an bukatuko da. Erreklamaziorik baldin badago, Batzarreak ebatziko ditu horretarako eginen duen bilkura berezian, eta ondoren ezagutzera emanen dira hautagaiak behin betiko zerrendak argitaratuz.

–Hauteskunde kanpaina:

Hauteskunde kanpaina eginen da hautagaien behin-betiko zerrendak argitaratzen direnean hasi eta abenduaren 25era arte.

–Hauteskundeak:

Udal bakoitzak Hauteskundeen Mahaiburua eta bi Mahaikide, hala nola behar diren ordezkoak, izendatuko ditu. Mahaia bozketa hasi baino ordu erdi bat lehenago osatuko da.

Abenduaren 27an, igandea, goizeko 09:00etatik 14:00ak arte eginen da bozketa, Udal bakoitzak prestaturiko gelan eta hautesleei dagokien hauteskunde Mahaian.

–Alegazioak:

Abenduaren 29an, hautatutako hautagaien zerrendak paratuko dira Udaletxe guztietan eta Aezkoako Batzarrean, eta inpugnazioak aurkezten ahalko dira 2016ko urtarrilaren 8a arte.

–Batzarre Nagusiaren osaketa:

Hautatutako batzarkideek Batzarre Nagusi berria osatuko dute 2016ko urtarrilaren 23an, larunbata, goizeko hamabietan.

Hauteskundeetarako arauak

1.–Boto-txartelen banaketa.

Aurkeztutako hautagai-zerrenden txartelak herri bakoitzera banatuko dira beharrezko denborarekin, eta boto-emaileen eskura egonen dira bozketa egiten den lekuan eta egunean. Boto-emaileek bozkatuko dute aurkeztutako zerrenden artean aukeratu duten zerrendari dagokion boto-txartelaren bidez. Ezinen da zerrendetatik hautagaiak aukeratu, orain zerrenda itxien sistema erabiltzen delako. Beraz, botoa eman behar zaio zerrenda osoari.

2.–Boto baliogabea.

Botoa baliogabetu eginen da papereko izenak aldatu edo ezabatu edo tokiz aldatzen badira, ofizialak ez diren paper edo kartazalak erabiltzen badira, eta paperak kartazalik gabe ematen badira edo paper bat baino gehiago sartzen badira kartazal batean. Hauteskunde-mahai bakoitzak erabakiko du botoen baliogabetasunari buruz.

3.–Posta bidez bozketa.

Posta bidez bozkatu nahi duenak honakoa egin behar du:

–Hautesleak berari dagokion Udaletxera igorriko du botoa, posta ziurtatuaz, eta kartazalak onartzeko azken eguna abenduaren 26a izanen da.

–Botoa sartuko da hauteskundeetarako banatutako kartazal baten barruan. Horrekin batera kartazal batean honako agiriak sartuko dira: nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua. Kartazala hautesleari dagokion Udaletxera igorriko da, eta haren atzeko aldean esaldi hau idatziko da: “Aezkoako Batzarre Nagusiko Kideen Hauteskundeak” eta boto-emailearen sinadura jarriko da.

4.–Hautagaien baldintzak.

Ordenantzan ezarritakoari jarraikiz, erredakzio berriaren ondorioz, Aezkoako Batzarre Nagusiaren Batzarkidea izan daiteke, Aezkoako bizilaguna den oro: adinez nagusiak edo emantzipatuak badira eta Aezkoako Harana osatzen duten herrietako edozeinetako biztanleen erroldan agertzen badira. Batzarkide-hautagaia izan nahi duenak, Udaletako idazkaritzetan eta Aezkoako Batzarre Nagusiarenean, hautagai-zerrenda aurkezteko eredua izanen du eskura. Hautagai-zerrendek gutxienez 9 hautagai izanen dituzte, eta gehienez 15 hautagai, gehi 3 ordezko zerrenda bakoitzeko.

Edozein zalantza argitzeko, Batzarre Nagusiaren Idazkaritzara deitu: 948 76 43 75.

Iragarkiaren kodea: L1514687