1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
122/2015 EBAZPENA, urriaren 20koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Deierriko eta Lezaungo udal mugapeetako abelbideak sailkatzeko eta haietan hondatu edo galdu diren mugarriak berritzeko espedienteari hasiera ematen diona.
Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legeak xedatzen du Ingurumen Departamentuaren eskumena dela Nafarroako abelbideak sailkatu, mugatu, mugarritu, handitu eta ezartzea. Eskumen horrekin bat, Biodibertsitatearen Zerbitzuak beharrezkoa deritzo Deierriko eta Lezaungo udal mugapeetako abelbideak sailkatzeko eta hondatuta edo galduta dauden mugarriak berritzeko lanak hasteari.
Kontuan hartuz proposamen hori justifikaturik dagoela Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legeak dioenaren ondorioz, batez ere legearen 5. eta 6. artikuluetan eta hirugarren xedapen gehigarrian esaten denaren ondorioz.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuarekin bat,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitateko Deierriko eta Lezaungo udal mugapeetako abelbideak sailkatzeko eta haietan hondatu edo galdu diren mugarriak berritzeko espedientearen hasiera onestea.
2. Abelbideak sailkatzeko espedientean ariko den Nafarroako Foru Komunitateko ordezkaria izendatzea, hain zuzen ere Cristóbal Molina Terrén jauna, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Biodibertsitatearen arloko Lankidetza eta Kudeaketa Bulegoko burua.
3. Ebazpen hau Biodibertsitatearen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Ebazpen hau Deierriko eta Lezaungo udalei jakinaraztea, eta adieraztea haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2015eko urriaren 20an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
Iragarkiaren kodea: F1514475