1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2015eko urriaren 21ean hartua. Honen bidez eskatzen da Nafarroako Foru Komunitatea “Akitania-Euskadi Euroeskualdea” Lurralde Lankidetzarako Europako Elkarteari atxikitzea.
Kontuan harturik 1992an Lankidetzarako Protokolo bat formalizatu zela Akitaniako Eskualdearen, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean, zeinaren bidez eskualde horiek elkarlan esparru bat ezarri baitzuten erakunde harremanak garatzeko, beren eskumenen barnean, interes komunak betetzea helburu, eta Nafarroak aktiboki hartu zuela parte elkarlan testuinguru horretan. Hala ere, 2000. urtean Nafarroako Gobernuak mugaz gaindiko lankidetza hitzarmen bat sinatu zuen, bilaterala, Akitaniako Eskualdearekin. Gaur egun, Nafarroak lankidetza harreman bilateralak ditu Euskadiko Autonomia Erkidegoarekin, 2009ko uztailaren 3an sinatutako Lankidetzarako Protokolo Orokorraren bidez, eta Akitaniako Eskualdearekin, 2015eko maiatzaren 8an sinatutako Mugaz gaindiko Lankidetzarako Esparru-hitzarmenaren bidez.
Kontuan harturik ezen Euskadiko Autonomia Erkidegoak eta Akitaniako Eskualdeak, hasiera batean mugaz gaindiko lankidetza formula hauetatik abiaturik, aurrera egin dutela Europar Batasuneko zuzenbideak araututako lankidetza egitura berri baterantz, zeinak helburu baitu bere kideen artean erraztea eta sustatzea, estuki mugaz gaindikoa den lankidetzaz gain, eskualdeen arteko eta estatuz haraindiko lankidetza, hots, lurralde lankidetza izenez ezagutzen dena, Europar Batasunaren barnean kohesio ekonomikoa eta soziala sendotzeko.
Kontuan harturik Euskadiko Autonomia Erkidegoak eta Akitaniako Eskualdeak, 2011ko abenduaren 12an, “Akitania-Euskadi Euroeskualdea” Lurralde Lankidetzarako Europako Elkartea sortu zutela, helburu izanik lankidetza ekintzak gauzatzea, lagungarri izan daitezen Euroeskualdearen garapen ekonomikoa, soziala eta kulturala garatzeko, honelako jarduketa esparruetan: komunikazioak hobetzea eta eskuragarri egitea, betiere ingurumena errespetatuz, ikerketa eta berrikuntza jarduerak elkarren osagarri izatea eta balorizatzea, lurraldearen garapen jasangarria, bereziki energia berriztagarrien eta basoen balorizazioaren arloan, hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloko metodoen eta bitartekoen bateratze lana, nekazaritzarekin, elikadurarekin eta osasunarekin lotutako gaiak elkarrekin tratatzea, euskal hizkuntza eta kultura sustatzea, baliabide turistikoak elkarrekin balorizatzea eta eskualdeko politikaren eraginkortasuna hobetzea, horretarako halako lurralde lankidetza sustatuz non erdigunea izanen baitira berrikuntza eta ezagutzaren ekonomia, esperientzien trukea, praktika hoberenak transferitzea eta horiei zabalkundea ematea, eta Europar Batasuneko garapen ardatzen multzoari buruzko azterlanak, datu-bilketak eta analisiak egitea.
Kontuan harturik Nafarroako Foru Komunitateak, Euskadiko Autonomia Erkidegoak eta Akitaniako Eskualdeak elkarrekin konpartitzen dituztela auzotasuna eta ezaugarri geografiko, ekonomiko, sozial, kultural eta linguistiko nagusi gehienak, eta, horregatik, interesen erkidego bat osatzen dutenez, lurraldeen arteko lankidetza bideragarria dela. Horregatik, Nafarroako Gobernuak adierazten du beharrezkoa dela Akitaniarekin eta Euskadirekin diren erakundeen eta lankidetzako harremanetan aurrera egitea eta sakontzea, truke harremanen bidez eta proiektu komunak abiaraziz, elkarrekin garatzeko eta kohesio ekonomikoa, soziala eta lurraldekoa sendotzeko, halako moduz non ekarriko baita lurraldeen hazkunde adimentsua, jasangarria eta integratzailea, eta, hala, lagunduko baita lankidetza espazio handia sortzen, Europan toki nabarmena izanen duena.
Horregatik guztiagatik, aintzat harturik aipatutako Lurralde Lankidetzarako Europako Elkartearen Estatutuen 1. artikuluan aurreikusitako aukera, non jaso baita beste pertsona bat alderdi gisa onar daitekeela, kontuan harturik hiru eskualdeen interes komunek bat egiten dutela, Nafarroako Gobernuak bidezko jotzen du behar diren jarduketak hastea, Nafarroako Foru Komunitatea erakunde horri atxiki dadin eskubide osoko kide gisa.
Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposatuta,
ERABAKI DU:
1. Nafarroako Foru Komunitatea “Akitania-Euskadi Euroeskualdea” Lurralde Lankidetzarako Europako Elkarteari eskubide osoko kide gisa atxiki dadila eskatzea.
2. Erabaki hau igortzea “Akitania-Euskadi Euroeskualdea” Lurralde Lankidetzarako Europako Elkarteko lehendakariari, behar diren ondorioetarako.
3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2015eko urriaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.
Iragarkiaren kodea: F1514331