1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
328/2015 EBAZPENA, azaroaren 2koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, jarduera ekonomikoetako poligonoen udal sustapenerako diru-laguntzak emateko 2015eko deialdia onesten duena.
Nafarroako Gobernuaren helburu estrategikoetako bat lurraldearen garapen orekatua bultzatzea da eta, horretarako, besteak beste, udal industrialdeak kokatzea aurreikusten du. Industrialde horiek tokiko entitateek edo horretarako eratutako sozietate publikoek sustatzen dituzte. Garapen Ekonomikorako Departamentuak haiek eraikitzea sustatu gogo du laguntzak emanez, betiere, industrialdeek zenbait baldintza betetzen badituzte.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Jarduera ekonomikoetako poligonoen udal sustapenerako diru-laguntzen 2015eko deialdia onestea, poligonoak urbanizatzeko edo haien azpiegiturak hobetzeko obrak sustatzeko.
2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. 185.000 euroko gastua baimentzea, 2015era luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Laguntzak jarduera ekonomikoetako udal poligonoentzat” izeneko 125002-16400-7609-458100 kontu-sailaren kargura, ebazpen honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusi bezala.
Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, María Pilar Irigoien Ostiza.
ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1. oinarria.–Xedea.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren helburu estrategikoetako bat lurraldearen garapen orekatua da; horretarako, beste neurri batzuen artean, diru-laguntzak ematen ditu Nafarroako toki entitateek edo berariaz eratutako sozietate publikoek jarduera ekonomikoetako poligonoak herrietan susta ditzaten.
Jarduera ekonomikoetako herri mailako poligonoen definizioa, otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen da. Industrialdeak edo, zabalago hartuta, jarduera ekonomikoetako poligonoak udalerriak berak arintzeko eremuak prestatzeko beharraren ondorio dira; horretarako, hiri eremuak prestatzen dira egungo jarduerak lekualdatzeko, bai kokagune desegokian daudelako bai haien instalazioak handitu nahi dituztelako. Halaber, herriko bizimoduarekin eta beharrekin estuki lotutako proiektu txikiak hartzen ahal dituzte (tailerrak, biltegiak, industria txikiak, zerbitzuak, etab.).
2. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.
1. Honako hauek dira diruz laguntzen ahal diren gastuak poligonoak sustatzeko edo azpiegituretako hutsak konpontzeko, baldin eta 2011ko azaroaren 1etik 2015eko urriaren 1era bitarte hasiak badira eta 2015eko azaroaren 1a baino lehen bukatzen badira:
a) Lurrak eta, hala badagokio, beharrezkoak diren zortasun eskubideak erostea. Lurren baloraziorako, kontuan hartuko dira eskualdeko poligonoak sustatzeko asmoz antzeko egoeretan egindako erosketen prezioak, eta, betiere, ez dira 3 euro/m²-tik gorakoak izanen.
b) Hirigintza plan eta obra proiektuen idazketa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Legean eta aplikagarri den araudian xedatutakoari lotuko zaiona.
c) Poligonoa urbanizatzeko obrak eta azpiegiturak egitekoak.
d) Egindako obren zuzendaritza teknikoa.
2. Diru-laguntzaren zenbatekoak hurrengo hauek izanen dira:
a) Lurrak edo zortasunak eskuratzeko kostuaren %20 adinako diru-laguntza, zer obra mota den.
b) Obrak osorik gauzatzeko behar diren proiektuen kostuaren %70 adinako diru-laguntza.
c) Obren kostuaren eta obren zuzendaritza teknikoaren kostuaren baturaren ondoriozko emaitzaren %20 adinako diru-laguntza.
d) Poligonoak sortzeko helburuz toki entitateei egindako lurzoru eskualdaketak eta toki entitateek bertan dauden enpresei egiten dizkietenak zergapetzen dituen Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergako kuotaren %95eko hobaria.
3. oinarria.–Onuradunak.
Nafarroako toki entitate guztiak, NASUVINSA kapital publikoko sozietatea eta tokiko sozietate publikoak izan daitezke onuradunak. Tokiko sozietate publikoek, ezarritako guztiaz gain, diru-laguntzaren xedeko obrak sustatzeko tokiko administrazioaren eta sozietatearen artean sinatutako hitzarmena aurkeztu beharko dute.
Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak jaso ahal izateko, eskaerek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Obrak hasi baino lehenago, ukitutako lurra industriarako hiri lurzorua izatea indarra duen udal planeamenduan.
b) Obrek ukitutako lurrak titulartasun publikokoak izatea. Kanpoko azpiegituren eraikuntzak ukitutako lurren kasuan, ukipen bakarrak zortasunen ondoriozkoak badira, ez da beharrezkoa izanen lur horiek titulartasun publikokoak izatea, baina jabeek sinatutako ukipen baimenak ekarri beharko dira.
c) Poligono berrien kasuan, antolatu behar den azalera herrian dauden beharrekin eta egiazko eskakizunekin bat etortzea eta lurzatietatik heldu den azalera garbia, hasiera batean, 20.000 m2-koa izatea gehienez.
Azalera handiagoak ere onar daitezke, lurzatien benetako eskaerak horrela behar izanez gero. Halakoetan, lurzatien gehieneko azalera garbia honako hau izanen da: enpresek guztira eskatzen duten azalera gehi 14.000 m².
d) Ekimen publikoko poligono finkatuetan hutsak konpontzeko obren kasuan, beharrezkoa izanen da gutxienez 10 urte iragatea poligonoa egin zenetik eta egindako inbertsioak 300.000 eurotik gorakoak izatea.
e) Lurzatien benetako eskaera izatea, eskatzaileek egindako bermeen bidez edo dagoeneko egindako salerosketen bidez justifikatua, sortuko diren lurzatien azaleraren %30 okupatzeko.
f) Toki entitateak jarduketatik heldu diren lurzatiak saldu izana, betiere kostuaren zenbatekoa baino txikiago izanen ez den prezioan, jasotako diru-laguntzak eta aurreikusitako zerga-onurak kenduta.
Azpiegituretako hutsak konpontzeko kasuan, lurzati finkatuei dagokienez, tokiko entitateak gutxienez kostuaren %90 jasanarazi izana kontribuzio berezi baten bidez, kostuak banatzeko proiektu baten bidez edo antzeko beste edozein metodoren bidez.
4. oinarria.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.
1. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2015eko azaroaren 13an bukatu.
2. Eskaerak Garapen Ekonomikorako Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Tomás Caballero parkea, 1; 31005 Iruña), Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan.
Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.
3. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Egindako esku-hartzeak hirigintzari buruzko legea bete duela frogatzen duen ziurtagiria.
b) Obren sustapenak ukitutako finka guztiak edo, zortasunen kasuan, ukipen baimen guztiak udal titulartasunekoak direla frogatzen duen ziurtagiria.
c) Poligono berri baten sustapena denean, lurzatiak erosteko eskaeren zerrenda, erosketak eginak edo egin gabe izan, eta haietako bakoitzaren kopia, kasuan-kasuan utzitako bermearekin edo ordaindutako prezioarekin. Azpiegituretako hutsak konpontzeko obren kasuan, ukitutako lurzatien zerrenda eta izandako jasanarazpen ekonomikoa frogatzen duen ordainagiria.
d) Obren proiektuaren laburpena, A4 formatuan; agiri hauek eduki beharko ditu:
–Jarduketa justifikatzen duen memoria, non egindako obrak eta ondoriozko lurzatien edo lokalen zerrenda, haien azalerekin, azaltzen baitira.
–Obren dokumentazio grafikoa: tokia, ondoriozko lurzatiak eta lokalak eta haien azalerak.
–Aurrekontuaren kapitulu guztien laburpen-orria.
e) Egindako obrak osorik sustatzeko izandako kostu guztiak ordaindu direla frogatzen duten fakturak eta agiriak. Kontuan hartuko dira lurrak eskuratzeko kostuak (bai poligonorako bai behar diren zortasunetarako), hirigintza proiektuak eta urbanizazio nahiz obren proiektuak egiteko kostuak eta obrak berak gauzatzearen eta zuzendaritza fakultatiboaren gastuak.
Ez da kudeaketa edo aholkularitza gastuei buruzko agiririk aurkeztu behar, ez baitira diru-laguntzaren xede.
f) Obrak hasi eta bukatu izanaren aktaren kopia, behar bezala sinatua.
g) Udalaren ziurtagiria, kontratuak Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz esleitu direla frogatzeko.
4. Eskaera Erregistro Orokor Elektronikoan aurkezten bada, eskabideari eskaneatuta erantsiko zaizkio agiriak; dokumentu banatan aurkeztuko dira eta bakoitzari bere izena jarriko zaio. Artxiboak pdf formatuan egonen dira eta gehienezko neurria ezin izanen da 3Mb-etik gorakoa izan.
5. oinarria.–Diru-laguntza emateko irizpideak.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, epe barrenean aurkeztutako eskaerei 2.2 oinarrian ezarritako laguntza portzentajeak aplikatuko zaizkie, deialdirako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.
Ez badago behar adinako krediturik aurkeztutako eskaera guztiak ezarritako portzentajeekin diruz laguntzeko, hainbanaketa bat eginen da, halako eran non sustapenerako egindako jarduera bakar bat ere ez baita laguntzarik gabe geldituko.
6. oinarria.–Diru-laguntza eman eta ordaintzea.
Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak oinarri hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia da diru-laguntzen ebazpena emateko eta ordaintzeko eskumena duen organoa. Ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
7. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.
Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, eginbeharren bat hein batean ez betetzeak emaniko diru-laguntza birdoitzea ekar dezake, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz.
8. oinarria.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.
Horrelakoetan, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
9. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
10. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.
Iragarkiaren kodea: F1514763