221. ALDIZKARIA - 2015eko azaroaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

305/2015 EBAZPENA, azaroaren 2koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, 2015ean Nafarroan enpresa digitalak sustatzeko diru-laguntzen deialdian ezarritako epeak zabaltzen dituena.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 8ko 36E/2015 Ebazpenaren bidez, 2015ean Nafarroan enpresa digitalak sustatzeko diru-laguntzen deialdia onetsi zen (2015eko 97. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 21ekoa).

Deialdiaren babesean aurkeztutako eskaera kopuru handia dela eta, laguntzak eman aurretik egin beharreko banakako ebaluazioa atzeratu egin da. Horregatik, beharrezkotzat jotzen da epeak luzatzea, entitate onuradunek denbora izan dezaten diruz lagundutako proiektuak gauzatzeko eta, gero, egindako gastuak eta ordainketak justifikatzeko.

Hortaz, bidezkoa da aldatzea deialdiaren 4. oinarria (diru-laguntza jaso dezaketen gastuak egiteko epea 2015eko urriaren 20tik abenduaren 21era zabaltzen da) eta 11. oinarria (egindako gastuak justifikatzeko epea 2015eko urriaren 31tik abenduaren 31ra zabaltzen da).

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2015ean Nafarroan enpresa digitalak sustatzeko diru-laguntzen deialdiaren barrenean, diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak egin eta justifikatzeko ezarritako epeak zabaltzea. Horretarako, hurrengo oinarri arautzaileak aldatu behar dira:

a) 4. oinarriaren 3. atala. Honela idatzita geldituko da:

“3. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak egiteko epea 2015eko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 21era bitartekoa da.

Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da haren fakturazioa epe horren barrenean denean. Gastu horien ordainketa egunari dagokionez, 11. oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio”.

b) 11. oinarriaren 1. atala. Honela idatzita geldituko da:

“1. Diru-laguntzaren xede den proiektua egin eta gero, onuradunek egindako proiektua eta gastu eta ordainketa guztiak justifikatu beharko dituzte, 2015eko abenduaren 31 (hori barne) baino lehen.

Ondorio horietarako, egindako gastutzat hartuko da 2015eko abenduaren 21erako fakturatu dena, ordaintzeko egon badaiteke ere. Ordaintzeko egonez gero, onuradunak justifikatu beharko du, eta aurreikusitako ordainketa-egutegiaren berri eman.”

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Pilar Irigoien Ostiza.

Iragarkiaren kodea: F1514764