221. ALDIZKARIA - 2015eko azaroaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

9/2015 EBAZPENA, abuztuaren 28koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, “Erripagaña” Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea onesten duena. Espedienteak Iruñeko G-2 unitate morfologikoa ukitzen du, eta Construcciones Andía SAk sustatu du.

Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiaren ekainaren 16ko 558/2015 Ebazpenaren bidez, aipatutako espedientea tramitatzen hasi zen. Ebazpen hori 2015eko 132. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 9an, eta hilabeterako ireki zen jendaurrean egoteko eta alegazioak egiteko epea.

Ezarritako epean, ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedientearen xedea da Iruñeko G-2 unitate morfologikoko G-2.2 lurzatia lau lurzatitan zatitzea (G-2.2.A, G-2.2.B, G-2.2.C eta G-2.2.D), eraikina fase desberdinetan egiteko aukera emateko. Haren bidez, orobat, indarreko araudian atiko gisa aurreikusita dagoen solairua etxebizitzetarako solairu bihurtuko da; horrenbestez, B+8+A izatetik B+9 izatera igaroko da.

Aldaketa hori Udalez gaindiko Plan Sektorial baten antolaketa xehakaturako determinazioei dagokie, eta horren tramitazioa eta onespena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 45.5 artikuluaren arabera, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari dagokion, gaur egun Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua deitua.

Ikusirik Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak egindako txostena, 2015eko abuztuaren 25ekoa, eta Sustapen Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen martxoaren 20ko 21/2013 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz, abuztuaren 12ko 59/2015 Foru Dekretuarekin loturik (haren bidez Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen),

EBATZI DUT:

1. “Erripagaña” Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa onestea behin betiko. Espedienteak Iruñeko G-2 unitate morfologikoa ukitzen du, eta Construcciones Andía SAk sustatu du.

2. G-2 unitate morfologikoari dagokion hirigintza fitxa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, ebazpen honi gehitu zaion eranskinean jaso baita.

3. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka interesdunek, administrazio publikoak ez badira, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Iruñeko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko abuztuaren 28an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

ERANSKINA

“Erripagaña” Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa, G-2 unitate morfologikoa ukitzen duena (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1514610