221. ALDIZKARIA - 2015eko azaroaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

54/2015 FORU AGINDUA, urriaren 23koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, zenbait eskumenen erabilera Aurrekontuaren zuzendari nagusiaren, Nafarroako Estatistika Institutuko zuzendariaren eta Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboko buruaren esku uzten duena, eta, zenbait kontratu formalizatzeko sinadura, berriz, departamentuko beste organo batzuen esku.

Irailaren 16ko 149/2011 Foru Aginduaren bidez Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrak berezko dituen eskumenak departamentu horretako zuzendari nagusien eta Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboko buruaren esku utzi ziren. Abuztuaren 28ko 134/2015 Foru Dekretuaren bidez, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren egitura organiko orokorra ezarri zen; horregatik bidezkoa da foru agindu berri bat ematea, eskumenen eskuordetza egokitzeko gaur egun dagoen egitura organikora.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.2 artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36. artikuluak xedatzen dutenez, kontseilarien berezko eskumenak maila bereko edo beheragoko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste organo batzuen esku uzten ahalko dira, organo horiek mendetasun-lotura hierarkikorik ez izan arren, salbu eta kontrakoa agintzen duen xedapenik bada. Halaber, ezartzen dute zeintzuk diren beste baten esku utzi ezin diren arloak, bai eta eskuordetza horren araubide juridikoa ere.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 40. artikuluak xedatzen du kontseilariek beren mendeko administrazio organoen titularren esku uzten ahal dutela ebazpen eta egintza administratiboen sinadura.

Legezko agindu horiekin bat,

AGINDU DUT:

1. Aurrekontuaren zuzendari nagusiaren esku uztea, bere eskumenen esparruaren barnean, indarreko araudiak ematen dizkidan honako eskumen hauen erabilera:

a) Zehapenei buruzko administrazio espedienteen ebazpena eta ondare erantzukizunekoak.

b) Gastuak egiteko baimenak eman eta xedatzea, ordaintzeko beharrak onartzea eta aurrekontuak aldatzea.

c) Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 36.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, kontratuen gainean dagozkidan ahalmenak, salbu eta Kontratazioaren, Aseguruen eta Afera Ekonomikoen Ataleko buruari esleitutakoak, obra, hornidura eta laguntza kontratuak formalizatzekoak, eta, aipatutako legearen 37.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Gobernuaren baimena behar duten kontratuak sinatzekoak.

2. Ondarearen Kudeaketa Teknikoaren Ataleko buruaren esku uztea obra kontratuak formalizatzeko sinadura, obrak ondarearen arlokoak eta Ondarearen Zerbitzuaren eskumenekoak diren kasuetan.

3. Kontratazioaren, Aseguruen eta Afera Ekonomikoen Ataleko buruaren, Erosketa Bulegoko buruaren eta Laguntza Juridikoaren Bulegoko buruaren esku uztea hornidura eta laguntza kontratuak formalizatzeko sinadura, kontratuak ondarearen arlokoak eta Ondarearen Zerbitzuaren eskumenekoak diren kasuetan.

4. Nafarroako Estatistika Institutuko zuzendariaren esku uztea, bere eskumenen esparruaren barnean, honako eskumen hauen erabilera:

a) Zehapenei buruzko administrazio espedienteen ebazpena eta ondare erantzukizunekoak.

b) Gastuak egiteko baimenak eman eta xedatzea, ordaintzeko beharrak onartzea eta aurrekontuak aldatzea.

c) Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 36.1. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, kontratuen gainean dagozkidan ahalmenak, salbu eta, aipatutako foru lege horren 37.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Gobernuaren baimena behar duten kontratuei dagozkienak.

5. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboko buruaren esku uztea auzitegi horren arloan dagozkidan eskumenak, salbu eta berraztertzeko erreskurtsoei eta inpugnazio ekonomiko-administratiboei buruzko erregelamenduko (uztailaren 2ko 178/2001 Foru Dekretuak onetsia) 24.3 artikuluan ezarritakoa, eta zehazki eskuordetuz espedienteak igortzea administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren organoetara.

6. Aurreko ataletan aipatutako eskuordetzatik kanpo gelditzen dira indarrean dagoen araudiaren arabera ezin utzi diren eskumenak eta administrazio errekurtsoen ebazpenen gaineko eskudantziak, lankidetza hitzarmenak sinatzekoak (salbu eta apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 86.2 eta 87.2 artikuluetan ezarritakoak) eta gastu konpromisoa hartzeko Nafarroako Gobernuaren baimena behar duten espedienteen gainekoak.

7. Foru agindu honen bidez eskuratutako eskuordetzaren indarrez ematen diren administrazio ebazpenetan inguruabar hori adierazi beharko da espresuki. Ebazpen horiek Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emanak bailiran izanen dira, ondorio guztietarako, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, edo berraztertzekoa, aipatu kontseilariari zuzendua.

8. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik beretik sortuko ditu ondorioak.

Iruñean, 2015eko urriaren 23an.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1514429