221. ALDIZKARIA - 2015eko azaroaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

249/2015 FORU DEKRETUA, urriaren 21ekoa, José María Jimeno Juriori Nafarroako Urrezko Domina ematen diona, hilondoan, Nafarroako kulturari egin zion ekarpenagatik bere lan etnografiko, historiko eta toponimikoen bidez.

José María Jimeno Jurío (Artaxoa, 1927-Iruña, 2002) intelektual berezia eta paregabea izan zen, obra oparoa utzi zuena Nafarroako historiaren, toponimiaren, etnografiaren, hizkuntzaren eta folklorearen arloetan.

José Miguel Barandiaranen (1989ko Nafarroako Urrezko Domina) berebiziko eragina jasorik, Jimeno Juriok 70etako bukaeran ekin zion etnografiaren eta folklorearen ikerketari. 80 eta 90etan, berriz, Nafarroako toponimiaren bilketa, azterketa eta dokumentazio lan bikaina burutu zuen diziplina askotariko kideek osatutako taldearen zuzendari izan zen. 60 liburukiko obra gaitz hau, Nafarroako Gobernuaren babesa zuena, lanerako tresna bihurtu da historialari, hizkuntzalari, antropologo, geografo, biologo, arkeologo, edafologo eta beste zenbait alorretako ikertzaileentzat.

Historialari gisa, frankismoaren errepresioarekin lotutako datu eta testigantzen bilketa baliotsua eta berria burutu zuen Jimeno Juriok. Material horretan, hain zuzen, oinarritu dira memoria historikoari buruz Nafarroan gauzatutako lan sakonenak.

Orobat, bidezko da herrietako historiari egin zizkion ekarpenak aitortzea, historia ulertzen dela udalerri baten ekonomiaren, politikaren, gizartearen, hizkuntzaren eta kulturaren memoria gisa. Zentzu horretan, Nafarroako herri asko eta askotan utzi zuen bere aztarna Jimeno Juriok.

Gainera, José María Jimeno Jurío euskararen historialari handi bat izan zen, batez ere euskara ahantzia zegoen Nafarroako tokietakoa, eta ekarpen handiak egin zituen esparru horretan. Ekimen horiek guztiek sari asko ekarri zizkioten, herriek eta auzoek emanak, baita arlo kultural eta akademikoko agintariek emanak ere.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak, ibilbide hori aitortu eta eskertu nahian, egoki ikusi du Foru Komunitatearen saririk gorena José María Jimeno Juriori ematea, hilondoan.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako eta Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariek proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko urriaren 21ean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Nafarroako Urrezko Domina ematea José María Jimeno Juriori, hilondoan, Nafarroako kulturari egin zion ekarpenagatik bere lan etnografiko, historiko eta toponimikoen bidez.

2. Domina José María Jimeno Jurioren senitartekoei emanen zaie, Nafarroako Egunaren aurtengo ekitaldietan.

3. Foru dekretu hau José María Jimeno Jurioren senitartekoei jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Iruñean, 2015eko urriaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1514333