217. ALDIZKARIA - 2015eko azaroaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MURILLO EL FRUTO

Udal ordenantza, Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta materialen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Murillo el Frutoko Udalak, 2015eko uztailaren 31n egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta materialen erabilera arautzen duen udal ordenantza. Iragarkia 2015eko 163. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abuztuaren 21ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Murillo el Fruton, 2015eko urriaren 9an.–Alkatea, Juan Carlos Gabari Sanz.

ORDENANTZA, UDALAREN ERAIKIN, LOKAL, INSTALAZIO
ETA MATERIALEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen helburua da Murillo el Frutoko Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta materialak herritarrek nola erabili behar dituzten arautzea. Eskolako instalazioak ordenantza honetan agertzen diren xedapenetatik salbuetsita egonen dira. Udal igerilekuak beren erregelamenduan ezarritakoaren arabera erabiliko dira. Han araututa ez dauden alderdietan, ordenantza honi jarraikiko zaio.

2. artikulua. Legediaren babesa.

Ordenantza hau eman da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluak zenbait udal ondasunen erabilera arautzeko udalei aitortzen dien eskumenarekin bat, lege horren 128. artikuluan xedatuaren babesean.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantzako arauak norbanakoek erabil ditzaketen udal eraikin, lokal, instalazio eta material guztiei aplikatuko zaizkie.

4. artikulua. Eskatzaileak.

Ordenantza honetako udal ondasunen erabilera pertsona fisikoek eta juridikoek –irabazi asmorik gabeek– eskatzen ahalko dute, onura publikoa edo gizartearen eta aisialdi-kulturaren alorretako interesa duten jarduerak egiteko.

5. artikulua. Erabilera zibikoa.

Baimena lortzen duten eskatzaileek udal ondasunak erabili beharko dituzte haien izaera eta xedea kontuan hartuz, inolako kalte edo galerarik sortu gabe, nahiz eta higadura gerta daitekeen, zertarako eskatu zen, helburu horrekin egindako erabilera ohikoa, egokia eta arrazoizkoa dela eta.

6. artikulua. Beste erabilera bat emateko debekua.

Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta ondasunak ezin izanen dira inoiz erabili baimendutako helburuaz bestelako helburuetarako.

7. artikulua. Garbitasuna eta antolamendua zaindu beharra.

Udalaren eraikin, lokal eta instalazioen erabiltzaileek zainduko dute haien garbitasuna eta antolamendua. Egun bateko erabilaldiaren ondotik, garbitu eta altzariak eta barneko elementuak ordenatuko dituzte, beste hartzaile batzuek berehalakoan erabiltzeko moduan.

8. artikulua. Sartzeko modua.

Eraikina edo lokala erabiltzeko giltza behar denean, erabilera eskatu duenak izanen du giltza itzultzeko ardura. Ez du horren kopiarik eginen, horretarako alkatearen baimena jaso ezean. Kopiak eskuratuz gero, denak itzuliko zaizkio Udalari eraikinak eta lokalak erabiltzeko epea bukatutakoan.

9. artikulua. Eskabideen formalizazioa.

Ordenantza honetan aipatzen diren Udalaren eraikinak, lokalak, instalazioak edo ondasunak erabili nahi dituzten pertsonek edo entitateek idatziz eskatu beharko diote Murillo el Frutoko Udalari, beren identifikazio datuak, beharrak, erabileraren denbora, okupatzaileen kopurua eta erabileraren helburua adieraziz.

Murillo el Frutoko Udalak egokiak iruditzen zaizkion agiri edo argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu, eskaerari buruzko ebazpena emateko.

Instalazioak aldi berean erabiltzeko eskaerak daudenean eta horiek elkarren artean bateraezinak direnean, udal erregistroko sarrera hurrenkerari jarraituko zaio zorrotz, eta lehentasuna izanen dute Murillo el Frutoko herritarrek edo entitateek egindako eskaerek.

10. artikulua. Ebazpen arrazoitua.

Alkateak arrazoiturik ebatziko du bidezkoa dena, aintzat hartuta kasuan kasuko eraikinaren, instalazioen edo ondasunen erabilgarritasuna, eskaeren ezaugarriak, erabiltzaile kopurua, helburua eta erabilera denbora.

11. artikulua. Erabileraren amaiera.

Erabilera bukatutakoan, erabiltzaileek horren berri emanen diote Udalari, eta horrek bidezkoak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu, erabiltzaileek ordenantza honetan ezarritakoa betetzen duten ikusteko.

Egiaztapen hori egin eta kalte-galerarik ez dagoela eta zehapenik paratzea bidezko ez dela ikusi ondoren, itzuli eginen da fidantza.

Kontrakoa gertatuz gero, bidezkoak diren erantzukizunak eskatuko dira eta eragindako kalte-galeretatik eta bidezko diren zehapenetatik etor daitezkeen diru erantzukizunak ordaintzeko izanen da fidantza.

12. artikulua. Erabileraren erantzukizuna.

Ordenantza honetan aipatzen diren eta erabiltzen diren Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta ondasunen erabiltzaileek erantzukizun solidarioa izanen dute, maltzurkeria edo utzikeria direla medio bertan eragindako kalte eta galerengatik.

13. artikulua. Arau-hausteak.

Honako hauek arau-haustetzat joko dira:

a) Eraikin, lokal edo instalazioak okupatzea, ekipoak, makineria eta gainerako ondasun higigarriak hartzea, Udalaren baimenik izan gabe.

b) Baimena izanik okupaturiko lokal eta aretoen garbiketa ez egitea ordenantza honetan agindutako eran.

c) Kalteak egitea eraikinetan, lokaletan, instalazioetan, makinerian eta Udalaren gainerako ondasun higigarrietan.

d) Erabilitako eraikin edo lokaletan sartzeko giltzen kopiak egitea, Alkatearen baimenik izan gabe.

e) Erabili diren eraikin eta lokaletatik behin betikoz alde egiten denean giltzak berehala ez itzultzea.

f) Ordenantza honetan aipatzen diren lokalak, makineria eta ondasunak oker erabiltzeagatik kalteak, galerak edo hondaketa sortzea.

14. artikulua. Zehapen araubidea.

Aipatu arau-hausteak eginez gero, honako zehapen hauek ezarriko dira:

a) Aurreko artikuluko a), b), d) eta e) ataletakoei, 100 euroko isuna ezarriko zaie.

b) Aurreko artikuluko c) eta f) ataletakoei, 300 euroko isuna ezarriko zaie.

15. artikulua. Erabilera tarifak.

Hauek izanen dira erabilera tarifak, Udalak urtero onesten duen aurrekontuei buruzko araudian eguneratzen ahalko badira ere:

1.–Gizarte eta Kultur Zentroa erabiltzeagatik:

a) 50 euro egunean, erabileraren helburua denean bilerak, hitzaldiak, erakusketak eta beste edozein ekitaldi egitea, janari-edariak kontsumitzea eta musika kontzertuak egitea helburu duten ekitaldiak izan ezik.

b) 100 euro egunean, erabileraren helburua denean musika kontzertuak antolatzea, ezkontza bazkariak, esku-eskatzeak, jaunartzeak, ezkondu aurreko agurrak, bazkariak eta/edo afariak egitea.

2.–Udal frontoia erabiltzeagatik:

–Kirolen praktikari lotuta dagoenean helburua, 3 euro ordainduko dira argi fitxa bakoitzeko.

–50 euro egunean, erabileraren helburua denean bilerak, hitzaldiak, erakusketak eta beste edozein ekitaldi egitea, janari-edariak kontsumitzea eta musika kontzertuak egitea helburu duten ekitaldiak izan ezik.

–100 euro egunean, erabileraren helburua denean musika kontzertuak antolatzea, ezkontza bazkariak, esku-eskatzeak, jaunartzeak, ezkondu aurreko agurrak, bazkariak eta/edo afariak egitea.

3.–Raimundo Lanas aretoa, Kultur Etxea eta parrokia zentroko zinema aretoa erabiltzeagatik:

–Erabilera orokorragatik, 5 euro ordaindu beharko dira ikastaro- edo erabilera-ordu bakoitzeko, baldin eta irabazi asmoa badute Raimundo Lanas aretoan eta Kultur Etxean erabilgarri dauden aretoetan nahiz parrokia zentroko zinema aretoan jarduera antolatzen dutenek.

4.–Aipatu diren 50 euroko eta 100 euroko tarifak ordaindu beharrik ez dute izanen, Gizarte eta Kultur Zentroa eta udal frontoia erabiltzeagatik, honako hauek:

i. Helbide soziala Murillo el Fruton duten elkarte eta entitateek.

ii. Herrian helbidea ez duten elkarte eta entitateek, baldin eta haien helburu sozialak izaera filantropikoa eta/edo sozio-kulturala badu, irabazi asmorik gabe, eta betiere eskaera gutxienez ere Murillo el Frutoko hiru bizilagunek sinatzen badute.

iii. Alderdi politikoek, federazioek, koalizioek eta hauteskunde batasunek, haien hautagaiak Administrazioak aldarrikatu baditu, hauteskunde kanpainak dirauen denboran.

5.–Erabiltzeko baimena izan eta udal ondasunak erabiltzen hasi aurretik ordainduko dira, betiere, aipatutako tarifak.

16. artikulua. Fidantza eratzea.

a) Fidantza jar dadila eskatzen ahalko da, legez onartzen diren moduetako edozein erabiliz. Fidantza horrek eraikin, lokal edo ondasunak ongi erabiltzeko betebeharra bermatuko du eta, halaber, haietan kalte-galerarik gertatzen bada, erabiltzaileek ordaindu beharko dituzten kalte-ordainen bermea izanen da.

b) Hauek izanen dira fidantzen zenbatekoak:

–20 euro, udal frontoia kirolak egiteko erabiltzeagatik.

–50 euro, Raimundo Lanas aretoa, Kultur Etxea eta parrokia zentroko zinema aretoa erabiltzeagatik.

–150 euro, Gizarte eta Kultur Zentroa eta udal frontoia erabiltzeagatik (kasu honetan, kirolekoak ez diren jarduerak egiteagatik).

c) Erabilera eguna baino lehen eratu beharko dira fidantzak, eta erabili ondoko hamabost eguneko epean itzuliko dira, Udaleko funtzionarioek ikusi eta egiaztatu ondoren eskatzaileak erabili aurreko garbitasun egoerak bere horretan segitzen duela eta kalterik ez dela izan.

d) Fidantzak eratzetik libre egonen dira ikastetxe publikoko kideak, frontoia eskola ordutegian heziketa helburuetarako erabiltzen dutenean; orobat Kirol Mankomunitateak urteko bere programa arruntaren baitan antolatzen dituen hezkuntza jarduerak.

17. artikulua. Udal frontoia kirolak egiteko erabiltzeko ordutegiak.

a) Neguko ordutegia (azaroaren 1etik martxoaren 31ra):

–Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 21:00etara.

–Larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan, 10:00etatik 21:00etara.

b) Udako ordutegia (apirilaren 1etik urriaren 31ra):

–Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 22:00etara.

–Larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan, 10:00etatik 22:00etara.

c) Udalak zehazten dituen merkataritzako establezimenduetan jasoko dira giltzak, aldez aurretik eskatzailearen NANaren fotokopia emanda eta fidantza eratuta.

Iragarkiaren kodea: L1513958