213. ALDIZKARIA - 2015eko urriaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

348E/2015 EBAZPENA, urriaren 2koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Murillo el Cuendeko udal mugapean Traibuenasko isurketa gunea aldatzeko proiektuari Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona. Sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak, S.A. da.

2015eko maiatzaren 7an Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektatutako jarduketak helburu du hodi berri bat jartzea Traibuenasko herriko hondakin urak arazteko sistematik. Zidakos ibaiarekin paraleloan joaten da gehienbat, grabitate bidez, eta aspertsio bidezko ureztaketa duen alor bat inguratzen du. Urak Zidakos ibaira eraman baino lehen, Baiunga ubidea zeharkatu behar du. Isurketa gunea presa bateko eustormaren bukaeran dago. PVCko hustubide bat da, 25 mm-ko diametrokoa eta 449,37 m-ko luzerakoa.

Proiektuari ingurumen ukipenen azterlan bat erantsi zaio, obrek ukitutako eremuetako ingurumen azterketa zuzena egiten duena. Honako hauek dira ingurumeneko ukipen nagusiak: landare erruderal nitrofiloak, lezkak eta ibai-ertzeko landareak kentzea, nahiko andeatuta daudenak, hustubideak Zidakos ibaian urak isurtzen dituen puntuan, eta fauna eragoztea makinen joan-etorriengatik eta gizakiak ibai inguruan egoteagatik. Azken kasuan eraginaren ebaluazioa positiboa da Zidakos ibaiko urak hobetu direlako isurketa egin ondoren.

Behar adinako neurri zuzentzaileak proposatzen dira, oinarri dituztenak obra behar bezala zuinkatzea, landare lurra gordetzea eta aldi baterako okupazio zerrenda mugatzea, Zidakos ibaiaren ertzearen gaineko balizko ukipenak murrizteko.

Espedientean Murillo el Cuendeko Udalaren 2015eko uztailaren 3ko aldeko txostena jaso da, baita Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren irailaren 28koa ere.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena egin dio espedienteari, baldin eta ebazpen honetan biltzen diren baldintzak betetzen badira.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Traibuenasko isurketa gunea aldatzeko proiektuari Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Murillo el Cuendeko udal mugapean . Sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak, S.A. da.

2. Baimenak neurri zuzentzaile hauek betetzera behartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

–Zanga zabaltzean, gainazaleko landare lurra kenduko da, gutxienez 30 zentimetrotan, eta zangaren alde batean metatuko, gainerako hondeaketa materialetik aparte. Hartara, zanga ixten denean, landare lurra goiko geruzan paratuko da berriz.

–Landareak eta ibilguak babesteko, neurri hauek hartuko dira:

  • Aldi baterako okupatuko den zerrenda behar bezala balizatuko da. Ibai-ertzeko landareetatik hurbilen dagoen aldean, balizajetik landareen mugara 3 metro egonen dira gutxienez.
  • Ibaitik zangara aldi baterako okupaziorako gelditzen den zerrenda landare lurra gordetzeko baino ez da erabiliko.
  • Aldi baterako okupazio zerrendan, ibai ertzeko landareetatik urrunen gelditzen den aldetik pasatuko dira ibilgailuak eta makinak, zangaz bestaldean. Horrela saihestuko da lurra trinkotzea eta kalterik egitea ibaitik gertu dauden zuhaitz eta zuhaixketako adarrei edo enborrei.
  • Aldi baterako okupazio zerrenda ibaiarekin paralelo joaten denean, ibilgutik ezpondak bereizita, ezpondaren oinarrian balizatuko da zerrenda (ureztatzeko bi linearen artean), eta okupatu beharreko zangatik kanpo geldituko dira ezpondako zuhaitzak eta zuhaixkak.
  • Azken 20 metroetan, Zidakos ibaitik hurbil, aldi baterako okupazioak zuhaixkei baino ez die eraginen, saihestuko baita zuhaitzak ukitzea (sahatsak, makalak eta zurzuriak). Era berean, kalearen tarte hori balizatuko da, eta, obrek ukitzeko moduko zuhaitzik badago, behar bezala babesturik geldituko da, oholez inguratuta.

–Zidakos ibaiaren ertzean, lanak abuztuaren 30etik apirilaren 1era bitarteko epean egin beharko dira. Ibai ertzeko landareak garbitzen direnetik (hasieran eskuzko makinekin eginen da) makina astunak sartzen direnera, gutxienez 48 ordu pasako dira, faunak ihes egin eta babes berriak bila ditzan.

–Ibai ertzeko sasiak garbitzearen neurri osagarri gisa, kolektorearen irteera duen hormaren atzean, proiektuarekin batera aurkeztutako ingurumen ukipenen azterlanean zehaztutako landaketak eginen dira, 340 m²-ko azalera batean, proposatutako espezie eta ezaugarriekin.

–Inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, bota beharreko zuhaitzak markatzea eta abar) sustatzaileak Basozaintzari abisu eman behar badio, mezu elektronikoa bidaliko dio Tafalla-Zangoza aldeko barrutiari (ogfotafa10@cfnavarra.es).

Hirigintza arlokoak:

–Jarduketak ureztatzeko lurzoruari egiten dion ukipenari dagokionez, lurzoruak nekazaritzarako duen gaitasunari ahalik eta gehien eusteko asmoz, baimena jasotzeko, eskatzaileak konpromisoa hartu behar du zanga betetakoan lurra egokituko duela, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak 2015eko ekainaren 18ko txostenean adierazi zuenarekin bat.

–Isurketaren trazadura paralelo joaten denez gero ondarea babesteko 2. maila duen Los Morales aztarnategi arkeologikoarekin (Murillo el Cuende 22), beharrezkoa izanen da, ondare arkeologikoa babestu beharrez, jarraipen arkeologikoa egitea obrari, Ondare Historikoaren Zerbitzuaren 2015/03/06ko txostenean zehaztutakoaren arabera. Prospekzioek eta indusketek, baita aztarnategi arkeologien gaineko jarduketa guztiek ere, Kultura Zuzendaritza Nagusiaren kasuan kasuko baimen administratiboa eduki beharko dute, ondare historikoari buruz indarra duen araudiari jarraituz (Nafarroako Foru Komunitatean egin beharreko prospekzio eta indusketa arkeologikoak arautu zituen urriaren 3ko 218/1986 Foru Dekretua). Halaber, sustatzaileari gogorarazten zaio idatziz jakinarazi behar diola Arkeologia Atalari noiz hasiko diren lanak, behar den denborarekin.

–Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik, batik bat Ebroko Ur Konfederaziotik, Urari buruzko Lege indardunean ezarritakoaren arabera.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Murillo el Cuendeko Udalari, Tafalla-Zangoza aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko urriaren 2an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1513602