1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
88E/2015 EBAZPENA, urriaren 7koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Arguedasko udal mugapeko (Nafarroa) El Yugoko mendilerroko 9 Mw-eko parke eolikoaren proiektuari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Sustatzailea Senda Viva Eolo SL da.
2010eko abenduaren 30ean, Arguedasko Udalak Senda Viva Eolo SLk aurkeztutako dokumentazioa igorri zuen, El Yugoko mendilerroko 9 Mw-eko parke eolikoaren plan bereziaren tramitazioa hasteko.
Horrenbestez, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan adierazitakoa betez, kontuan harturik proiektuaren ezaugarriak, proiektuak ingurumen eragina ebaluatzeko prozedura bete behar du, foru dekretu horren 3 A eranskineko C) 4 atalean egoteagatik, 3C eranskineko irizpideak aplikatu beharrez.
2011ko 23. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 3an, argitaratutako iragarkiaren bidez, espedientea jendaurrean jarri zen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2008 Foru Legearen eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioetarako. Martxoaren 9an, Arguedasko Udalak ziurtatu zuen epe horretan ez dela alegaziorik jaso.
Proiektuan, 4,5 MW-eko bi haize-sorgailu paratu gogo dira, El Yugoko mendilerroko goiko aldean, Senda Viva parkeko esparruaren ekialdeko muturrean, Errege Bardeako BIL eta parke naturalaren ondoan. Haize-sorgailuaren dorrea 120 metro da altu, eta palak, berriz, 62.5 metro luze. Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan azterlan oso bat biltzen da hegaztiek espazioa erabiltzeko duten urteko zikloaz eta beharrezko neurri zuzentzaileen eta aurreikusten diren ingurumeneko ukipenen azterketaz. Bi haize-sorgailuren proposamena enpresak berak aztertutako alternatiba baten aldaketa da, ingurumenean sortzen zuen eraginarengatik baztertu baitzen, zehazki hegaztien gaineko ukipena handia zelako.
Bi haize-sorgailuak orain paratu gogo diren eremuan babestutako hegaztiak maiz aurkitzen dira, dela elikatzeko, dela babesteko, dela migrazioen joan-etorriak egiteko, hala jasotzen baita hegaztiei buruz aurkeztutako azterlanean. Hartara, aukera asko daude espezie horiek funtzionamenduan dabiltzan haize-sorgailuen kontra talka egiteko.
Adierazi beharra dago Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 27ko 0315/2006 Ebazpenaren bidez Ingurumen ukipenetarako baimena ukatu zela Eólica Navarra SLk Valtierrako Los Tres Caminos alderdian, El Yugo mendilerroaren esparruan, 4 haize-sorgailurekin sustatutako eremu energetiko esperimental bat paratzeko. Izan ere, eremu energetiko esperimentala kokatu gogo zen eremua ugalketarako tokia da Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan habitata aldatzeren ondorioz kaltebera edo sentikor gisa eta Hegaztiei buruzko Zuzentarauaren I. eranskinean sartuta dauden espezie batzuentzat, eta, halaber, eremu hori garrantzizko pasabidea da zenbait harraparirentzat, eta egiaztatu da instalazio mota horiek arriskua dakartela.
Aurkezten den dokumentazioa aztertuta eta kontuan izanik departamentu honetan dagoen informazioa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren txostenean adierazi da proiektua bideraezina dela ingurumenaren aldetik, funtsean arrisku handia dagoelako bueltarik gabeko eraginak sortzeko ingurumenean, mehatxatutako hegaztien gainean, Errege Bardearen inguruan ekologian eta paisaian dauden balioei eragiten dielako eta erabilera publiko nabaria duen El Yugoko mendilerroko paisaiari eragiten diolako, zein, gainera, babestu beharreko lurzoru gisa sailkatuta baitago paisaian duen balioa dela-eta (paisaia berezia) Ebroko ardatzeko Lurraldearen Antolamenduko Planean.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura osatuta dagoela iritzita, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen eraginaren kontrako adierazpena egitea Arguedasko udal mugapeko (Nafarroa) El Yugoko mendilerroko 9 Mw-eko parke eolikoaren proiektuari. Sustatzailea Senda Viva Eolo SL da.
Irizten da parke eolikoaren proiektua ez dela bideragarria ingurumenaren aldetik. Izan ere, proiektuaren kokalekua balio handikoa da ingurumenerako, eta mehatxatutako hegaztiak babesteko garrantzia handikoa, eta arrisku nabarmena dago haiei eragiteko.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 53. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
3. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Basozaintzari, Arguedasko Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2015eko urriaren 7an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
Iragarkiaren kodea: F1513863