213. ALDIZKARIA - 2015eko urriaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2013/2015 EBAZPENA, urriaren 14koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Honen bidez diru-laguntzak arautzen dira ekonomia sozialeko enpresaren eredua sustatzeko, bazkide langile edo lan-bazkide berriak sar daitezen lagunduz eta enpresak ekonomia sozialekoak bihurtuz.

Ekonomia sozialeko enpresaren ereduak eskatzen du, dela lan elkartuko kooperatibetan dela lan sozietateetan, enpresako langile gehienak bazkide langileak edo lan-bazkideak izatea.

Askotakoak izan daitezke bazkide horiek enpresa horietan sartzeko kasuak: alde batetik, enpresa gazteetan eta hazten ari diren enpresetan, bazkide langile edo lan-bazkide berriak sartzeak bide ematen du kalitatezko enplegu gisa finkatzeko sortzen den enplegua, eta, beste aldetik, enpresa zaharrago batzuetan, belaunaldiak berritzeko premiak direla-eta, bazkide langile edo lan-bazkide berriak sartu behar dira ereduak segida izanen duela bermatzeko. Gainera, azken urte hauetan ikusi da zenbait enpresa bideragarrik, ekonomia sozialeko eredukoak izan gabe, ez dutela ondorengorik negozioari segida emateko, eta, hortaz, aukera bat da haietako langileentzat, langabezian ez bukatzeko, enpresa ekonomia sozialekoa bihurtzea eta, horrenbestez, langileak bazkide langile gisa edo lan-bazkide gisa sartzea.

Edonola ere, urteak joan urteak etorri, agerian gelditu dira zenbait traba bazkide berri horiek sar daitezen. Horrek ekonomia sozialeko ereduaren jarraipena arriskuan jar dezake, baita enpresaren proiektuaren beraren jarraipena ere. Traba handienetakoa da pertsona fisikoen ahalmen ekonomiko apala nahitaezko ekarpenak egiteko, beharrezkoak direnak bazkide langilearen edo lan-bazkidearen izaera eskuratzeko. Hori dela eta, deialdi honek halako pertsonentzat arautzen dituen diru-laguntzek sostengu argia ematen dute ekonomia sozialeko eredua finkatzeko. Izan ere, frogaturik dago krisialdi ekonomikoetan ere enplegua sor dezakeela, politika publikoen beharrezko laguntzarekin, eta, hortaz, estrategikoa dela gure Komunitatearen hazkunderako.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 10eko 763/2013 Ebazpenak arautzen ditu oinarri hauetako diru-laguntzak.

Deialdi hori 2013an, 2014an eta 2015eko ekainera arte izan da aplikagarri. Nolanahi ere, 1. oinarrian enpresaren ondorengotzarako zehazten den definizioak ez du bat egiten deialdiaren helburuarekin eta gainerako edukiarekin. Hortaz, arrazoizkoa da hura aldatzea kontzeptuak argitzeko. Hori dela eta, ekainaren 15eko 1177/2015 Ebazpenaren bidez (2015eko 118. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ekainaren 19an), ondoriorik gabe utzi zen aipatutako ebazpena eta deialdi berri bat prestatzen hasi zen, problema horiek konpontzeko.

Nafarroako Gobernuak, 2015eko irailaren 30ean egindako bilkuran, erabaki du Nafarroako Enplegu Zerbitzuari banakako ebaluazioaren araubidean diru-laguntzak banatzeko baimena ematea ekonomia sozialeko enpresaren eredua sustatzeko, bazkide langile edo lan-bazkide berriak sar daitezen lagunduz eta enpresak ekonomia sozialekoak bihurtuz; izan ere, sistema hori egokiagoa da laguntza horientzat, non diru-laguntzaren egitate sortzailea kasu guztietan bera baita.

Azaldutakoarekin bat eta martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Bazkide langile edo lan-bazkide berriak sar daitezen lagunduz eta enpresak ekonomia sozialekoak bihurtuz ekonomia sozialeko enpresaren eredua sustatzeko diru-laguntzen deialdia onestea, baita ebazpen honen eranskinean biltzen diren haren oinarri arautzaileak ere.

2. 79.189.97 euroko gastua baimentzea, 2015era luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Ekonomia sozialeko enpresetan enpresaren ondorengoak sartzeko laguntzak” izeneko 170001 15100 7709 241202 kontu-sailaren kargura (diru-laguntzen biltegi zentraleko zenbakia: 5130).

3. 2015eko ekainaren 19tik ebazpen hau argitaratzen den egunera arte lan elkartuko kooperatiba batean edo lan sozietate batean sartu diren bazkide langileek edo lan-bazkideek hilabeteko epea izanen dute eskaera aurkezteko, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du bide administratiboa amaitzen, eta, haren kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2015eko urriaren 14an.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.–Xedea eta jarduketa eremua.

Ebazpen honek helburu du diru-laguntzak arautzea ekonomia sozialeko enpresaren eredua sustatzeko, bazkide langile edo lan-bazkide berriak sar daitezen lagunduz, eta enpresak ekonomia sozialekoak bihurtzeko.

2.–Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.

Diru-laguntzaren xedea bazkide langilearen edo lan-bazkidearen kapital ekarpena izanen da, Nafarroako Foru Komunitatean helbide fiskala eta lantokia dituen lan elkartuko kooperatiba batean edo lan sozietate batean sartzean egin beharrekoa.

3.–Diru-laguntzaren onuradunak eta betebeharrak.

1. Ondoko hauek izanen dira laguntzaren onuradunak:

a) Bazkide langile edo lan-bazkide berriak sartzea:

Lan sozietateetan eta lan elkartuko kooperatibetan langile bazkide gisa edo lan-bazkide gisa sartzen diren pertsona fisikoak, sozietate edo kooperatiba horiek funtzionamenduan gutxienez urtebete eramaten badute Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta-egoeran jarri zirenetik.

b) Enpresak ekonomia sozialekoak bihurtzea:

Lanleku duten enpresen izaera juridikoa aldatzearen ondorioz, lan sozietateetan eta lan elkartuko kooperatibetan langile bazkidearen edo lan-bazkidearen izaera eskuratu duten pertsona fisikoak.

2. Pertsona onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Helbidea Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.

c) Diru-laguntzak jasotzeko aukera galtzea dakarren ebazpen irmo baten bidez zehatuak ez izatea.

d) Bazkide langile edo lan-bazkide berriak sartzen diren kasuetarako, izaera hori eskuratu aurreko bi urteetan enpresan bazkide gisa aritu ez izana.

e) Eraldaketa kasuetarako: eraldatu nahi den enpresaren plantillakoa izatea.

Gizarte Segurantzan bazkide langile gisa edo lan-bazkide gisa alta ematearen eguna, edo kasuan kasuko aldaketarena, erreferentziatzat hartuko da betekizunak konplitzeko.

4.–Diru-laguntzaren zenbatekoa eta diruz laguntzen ahal diren gastuak.

1. Bazkide langilearen edo lan-bazkidearen izaera eskuratzeko jartzen den diru kopuruaren %30ekoa izanen da laguntza, 6.000 euro gehienez.

2. Eskatzaileak langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean kapitalizatu baldin badu langile bazkide bihurtzeko behar den diru ekarpena finantzatzeko, kapitalizatutako diru kopurua ez da kontuan hartuko laguntza hau kalkulatzeko.

3. Jartzen den zenbatekoak gutxienez ere 3.000 eurokoa izan beharko du. Langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean kapitalizatuz gero, enpresari egindako diru ekarpenaren eta zenbateko kapitalizatuaren arteko aldeak gutxienez ere 3.000 eurokoa izan beharko du.

5.–Eskaeren eta erantsi beharreko dokumentazioaren aurkezpena.

1. Eskabideak aurkezteko epea hiru hilabetekoa izanen da, lan sozietate batean edo lan elkartuko kooperatiba batean bazkide langile gisa edo lan-bazkide gisa Gizarte Segurantzan alta hartzen duen egunetik aurrera edo kasuan kasuko aldaketa egiten denetik aurrera. Betiere, abenduaren 1etik aurrera aurkezten diren eskaerak hurrengo ekitaldiaren kargura erantzun beharko dira, aurrekontuko diru-izendapenik baldin bada.

Eskaerak, ahal delarik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan, baita Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoaren bidez ere, www.navarra.es web-gunetik abiatuta (sinadura elektronikoa behar da). www.navarra.es (sinadura elektronikoa behar du).

Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, harrera data eta tokia agerrarazteko. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.

Eskaerak adierazitako epeaz kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

Halaber, eskaera aurkezteak berarekin dakar pertsona bakoitzak Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea horrek erakunde eskudunei informazioa eska diezaien aipatu entitateek Ogasun Publikoarekiko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzeko.

2. Oinarri hauetan ezarritako diru-laguntzen onuradun izan nahi duten pertsonek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Enpresan sartzen den bazkide langilearen edo lan-bazkidearen nortasun agiri nazionala.

b) Bidezko denean, eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duen agiria.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietako debekurik urratzen ez dela frogatzen duen agiria, artikulu horren 7. idatz-zatian xedatutakoaren arabera egina.

d) Hala badagokio, langile bazkide edo lan-bazkide bihurtu aurreko bi urteetan sozietateko bazkide ez dela izan frogatzen duen agiria.

e) Langile bazkidearen edo lan-bazkidearen izaera frogatuko da bazkideen liburuetako orrialdeen eta sozietatearen kapitalerako diru ekarpenen fotokopia aurkeztuz, non adieraziko baita kooperatiban sartzen den bazkidea, edo eskritura publikoa edo agiri baliokidea, bazkide berria lan sozietatean sartu dela frogatzen duena.

f) Langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean pagatzeko ebazpena, bazkide langile gisa edo lan-bazkide gisa sartzeko behar den ekarpena egiteko eman bazaio.

g) Bazkide langile gisa edo lan-bazkide gisa sartzeko behar den ekarpena pagatu izanaren frogagiria, titulu izendunak, kartillak, fitxak edo kapital sozialeko ekarpenen erregistro liburua aurkeztuz.

3. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak dagoeneko dituen agiriak ez dira aurkeztu behar, beste espediente batzuk tramitatzeko aurkeztu direlako. Kasu horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

6.–Prozeduraren instrukzioa.

Prozedura instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzua izanen da.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak tramitatzeko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Emateko prozedura Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

Eskaerak erregistroko sarrera-dataren hurrenkerari jarraikiz erantzunen dira, aurrekontu-kreditua agortu arte.

7.–Prozeduraren ebazpena.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuaren proposamen txostena ikusita, behar den ebazpena eman eta jakinaraziko du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera isiltasun administratiboaren bidez ezetsitzat joko da.

Diru-laguntza onartzeak berarekin dakar ados egotea onuradunen datuak (izena, jasotako laguntzaren zenbatekoa, etab.) argitaratzearekin eta baimena ematea Nafarroako Enplegu Zerbitzuari beharrezko egiaztapenak egiteko, betekizunak konplitzen direla ziurtatzeko.

8.–Onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak izanen dira, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezartzen direnak, eta bereziki honako hauek:

a) Diru-laguntza edo laguntza emateko oinarri izan den jarduketa egitea.

b) Frogatzea, batetik, jarduketa burutu dutela, eta bestetik, diru-laguntza emateko eskatzen diren betebehar eta baldintzak eta emateko ebazpenean ezartzen direnak bete direla.

c) Jarduketak sustatu eta zabaltzeko adierazpen guztietan Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundu dituela agerraraztea.

d) Onuradunak bere gain hartuko du enpresan gutxienez bi urtez bazkide langile gisa edo lan-bazkide gisa egoteko betebeharra, hartan sartzeko egindako ekarpena mantenduz. Baja emanez gero edo kapitalaren ekarpena gutxituz gero, horren berri eman beharko zaio Nafarroako Enplegu Zerbitzuari hilabeteko epean.

9.–Diru-laguntza ordaintzea.

Interesdunak diru-laguntzaren oinarri den jarduketa justifikatu ondoren eman eta ordainduko da diru-laguntza, hori guztia Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiaztatu ondoren.

10.–Jarraipena eta kontrola.

Onuradunek honako egiaztatze lan hauek onartu beharko dituzte: Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharrekoak, bidezko diren finantza kontrolekoak, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko kontu-hartzailetzarenak, Comptos Ganberaren legedian ezarritakoak eta legez bidezko diren gainerako egiaztatzeak.

11.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Diru-laguntza hauek bateragarriak dira helburu bererako ematen diren bestelako laguntza edo diru-laguntzekin. Edozein kasutan, haien diru kopurua ez da egindako ekarpenaren %100 baino handiagoa izanen.

12.–Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.

1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan zehazten diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak betetzen ez badira. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutzako interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Langile bazkideak edo lan-bazkideak enpresan baja hartzen badu enpresan egoteko oinarri hauetan eskatzen den denboraren %60 edo gehiago bete delarik, itzulketa partziala eskatuko da, eskatutako denbora osatzeko falta den denboraren arabera. Baja gertatzen bada erabateko ezintasunaren, baliaezintasun handiaren edo heriotzaren ondorioz, ez da berandutza interesik ordaindu beharko, 35. artikuluaren 1. atalaren c) letran xedatutakoa aplikatuz. Bestela, ordaindu beharko dira, artikulu bereko 2. ataleko i) letran xedatutakoaren arabera.

3. Enpresan egondako denbora %60tik beherakoa bada, diru-laguntza osorik itzultzeko eskatuko da, baina berandutza interesik gabe, 35. artikuluko 1. atalaren c) letran adierazitakoarekin bat, betiere langile bazkidearen baja gertatu bada erabateko ezintasunaren, baliaezintasun handiaren edo heriotzaren ondorioz.

4. Diru-laguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, eta aldaketa hori Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baimentzen ez badu, zerbitzu horrek ebazpena emanen du diru-laguntza osoa itzuli behar dela agintzeko, berandutzako interesak barne.

13.–Arau-hausteak eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.

14.–Publizitatea.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzak argitara emanen ditu Nafarroako Enpleguaren Atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako moduan.

15.–Arau osagarriak.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.

16.–Administrazio errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta garapenerako egintzen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F1514075