212. ALDIZKARIA - 2015eko urriaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

357E/2015 EBAZPENA, urriaren 5ekoa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez Lizarrako udal mugapean ardogintzako azpiproduktuak lortzeko instalazio baten Ingurumen baimen integratua eguneratzen da. Instalazioaren titularra Agrupación Alcoholera de Bodegas Cooperativas AGRALCO da.

2015eko abuztuaren 13an Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 542E/2015 Ebazpena eman zen, ardogintzako azpiproduktuak lortzeko instalazio baten Ingurumen baimen integratua eguneratzen duena. Instalazioaren titularra Agrupación Alcoholera de Bodegas Cooperativas AGRALCO da.

Egun berean argitaratu eta indarra hartu zuen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 12ko 59/2015 Foru Dekretuak.

Foru dekretu horretan xedatua kontuan hartuta, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko titularraren esku utzi ziren indarra duen araudiak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari ingurumena babesteko esku hartzearen arloan esleitzen dizkion beste eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta haien erabilera.

Berrikiago, irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren esku utzi du indarreko araudiak Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiari esleitzen dizkion zenbait eskumen administratiboren erabilera, hala nola Ingurumen baimen integratuak ofizioz aldatzeko ebazpena. Hartara, ardogintzako azpiproduktuak lortzeko instalazio baten Ingurumen baimen integratua eguneratzeko eskumena Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariari dagokio (instalazioaren titularra Agrupación Alcoholera de Bodegas Cooperativas AGRALCO da).

Adierazitakoa dela eta, bidezkoa da formalki onestea, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren bidez, Ingurumen baimen integratu horren eguneratzea, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 13ko 542E/2015 Ebazpenaren eduki berarekin, halako eran non ebazpen honek bat eginen baitu haren edukiarekin eta egintza administratiboa formalki onetsiko baitu organo eskudunak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura berriaren arabera.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 16ko 01503/2009 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 11ko 1187/2012 Ebazpenaren bidez eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 489E/2015 Ebazpenaren bidez aldatua, mahats-hazietatik olioa ateratzeko lerro bat ezarri nahi zela eta, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea aplikatu beharrez.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea aldatzen duen ekainaren 11ko 5/2013 Legearen bidez, industria isurketei buruz (kutsaduraren prebentzioa eta kontrol integratuak) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2010eko azaroaren 24an emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren (bertsio bateratua) transposizioa egin zen Espainiako antolamendu juridikora.

Horrek industria jarduera berriak sartzea ekarri du Ingurumen baimen integratuaren menpe dauden jardueren eta instalazioen kategorian. Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskinean eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak onetsitako lege horren Erregelamenduaren 1. eranskinean zerrendatzen dira jarduera horiek.

Horren ondorioz, enpresa horren instalazioa ere Ingurumen baimen integratuaren menpe dago orain, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea aplikatuz.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen bigarren xedapen iragankorrak ezartzen du ezen Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2010eko azaroaren 24an emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren transposizioaren ondorioz lehenbiziko aldiz Ingurumen baimen integratuaren menpe dauden industria jarduerek lege horren xedapenak bete behar dituztela 2015eko uztailaren 7an edo lehen, betiere 2013ko urtarrilaren 7an baino lehen ustiatzen baziren.

Horregatik, instalazio horren Ingurumen baimen integratua eguneratu da, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak ezartzen dituen lege, erregelamendu eta administrazio xedapenak sartzeko.

Zehazki, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 12.1.f) eta 22 bis artikuluetan xedatutakoa betetzeko, substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta emisioa berrikusi dira, eta lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloratu, eta erabaki da, ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.

Bestetik, azken urteotan, ingurumen arloko arau sektorial berri batzuk sartu dira indarrean, eta eragina dute aipatu instalazioan; besteak beste, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena zonabanatze akustikoari, kalitate helburuei eta emisio akustikoei buruz; Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legea; eta urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) eta e) letretan aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzuteko tramitean egon da 30 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta horiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez esleitu zaizkidan eskumenak erabiliz, haren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariaren, Mendi Zerbitzuko zuzendariaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten baita indarreko araudiak Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiari esleitzen dizkion zenbait eskumen administratiboren erabilera.

EBATZI DUT:

Lehena.–Lizarrako udal mugapean ardogintzako azpiproduktuak lortzeko instalazio baten Ingurumen baimen integratua eguneratzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Agrupación Alcoholera de Bodegas Cooperativas AGRALCO da.

Bigarrena.–Hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko baimenaren indarraldia mantentzea, 15G04097029361999 inskripzio zenbakiarekin Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan, ebazpen honetan xedatutakoari aurka egiten ez dion heinean. Baimen hori instalazioaren Ingurumen baimen integratuan agertzen da (Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 16ko 01503/2009 Ebazpena).

Hirugarrena.–Zentroaren inskripzioa kentzea (15P02097029362002 zenbakia) Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistrotik, hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legearen 29.4 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, arau hauetan jasotako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua, edo Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikulua.

Bosgarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek Ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiaren gainean eskura dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluarekin bat.

Seigarrena.–Deuseztatu egiten da instalazio honen Ingurumen baimen integratuaren indarraldiaren iraungitze data, eta kendu egiten da hura berritzeko betebeharra, ekainaren 11ko 5/2013 Legearen 1. artikuluko 19. idatz-zatian xedatutakoa betez; izan ere, lege horren bidez, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea aldatu zen, eta jatorrizko 25. artikulua kendu (Ingurumen baimen integratua berritzeari buruzkoa).

Zazpigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

Zortzigarrena.–Titularrak jarduketa plan bat aurkeztu beharko du 2015eko urriaren 31a baino lehen; hartan, ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatuko da.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Hamargarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau Agrupación Alcoholera de Bodegas Cooperativas AGRALCOri, Lizarrako Udalari, Servicios de Montejurra SAri, NILSAri, Abeltzaintza Zerbitzuari eta Nekazaritza Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko urriaren 5ean.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1513536