212. ALDIZKARIA - 2015eko urriaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

335/2015 EBAZPENA, irailaren 23koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, Eristaingo (Nafarroa) Andre Mariaren eliza izeneko monumentua ondasun inbentariatu deklaratzeko espedientea irekitzen duena.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten hau aurkeztu du:

“Eristain Soltxagako etxe multzo bat da, Olorizko udal mugapean kokatua. Andre Mariaren eliza mantendu du, nahiz eta batzuek –Pascual Madoz eta Julio Altadill– Joan Bataiatzailearena deitzen dioten.

Urriak dira toki horren berri historikoak. Jatorria villa erromatar batean izan dezake, Orbaibarren izan ziren haietako batean. Izan ere, ipar-mendebaldeko izkinako oinarria lauda bat da, erromatarren oroitzapenezko inskripzioa dakarrena. Toponimoa 1085etik aurrera jasotzen da dokumentazioan. Elizaren aurrean, leinu-etxea dago, jabe ezagunak dituena 1543az geroztik.

Eliza habearte bakarrekoa da, oin-plano angeluzuzenekoa eta burualde semizirkularrekoa. Hura habeartea baino baxuagoa da eta esfera-laurdeneko estalkia dauka. Burualdearen ahoak erromaniko berantiarreko zutabeak ditu alboetan, XII. mendearen bukaeran erantsiak. Garaipen arkuaren aurrean arku zorrotz bat dago, hura baino altuagoa. Bi arku horien arteko tarte laburra kanoi zorrotzeko gangarekin estaltzen da, eta hori da, hain zuzen, habearteko lehengo estalkiaren aztarna bakarra. Habearteak zurezko egitura du gainean.

Deigarria da iparraldeko eta sartaldeko murruek kanpoaldera begira duten aparailu irregularra. Kanpai-horma erremate-linearen gainean eraiki zen, atearen gainean falka baten modukoa osatzen duten harri erabilien aparailuak ongi ikusarazten duen bezala. Iparraldeko fatxada ere handitu zen, fatxadarekin bat egiten duen puntu batetik, oso ongi bereizten ez bada ere.

Atea erdi-puntukoa da. Haren dobelak handiak dira, hainbat zabaleratakoak. Gaizki mozturik daude, baina juntura finak dauzkate, arkuaren erdiarekiko erradialak ez diren marren arabera, sistema mozarabiarrari jarraikiz. Behealdeko bi harlandu handi eta luzeekin eta arkuaren lehenengo dobelen mozketa garbiekin osatzen da.

Iñiguezek dioenez, “beste aldaketa batekin berregin zen ekialdeko buruhorma, eta abside semizirkular bat gehitu, erremate gisa alakako harburuak dituena, erromanikoa baino lehenagokoak. Gauza bera gertatzen zaio mainel batez erdibituriko leiho ezohikoari, leihoburu kurboan bi zulo izanda, errotarri bat berraprobetxatzeko-edo.” Habeartea berriro erreformatu zen “XII. mendearen bukaeran, orduan erromaniko berantiarreko zutabetxoak itsatsi baitziren, ahoko arkua zorroztu nahi izan baitzuten eta bestea, goikoa, eraiki baitzuten.” “Absideko proportzio baxu horrek ere aurre-erromanikora eramaten gaitu, ziur aski Leireko zaharrena baino lehenagokoa izan gabe. Absidea alboko murruaren ondorengoa da, eta horrek, sartaldeko piñoiaren adina dela-eta X. mendekoa izan daitekeenak, antz handia du Lizarraldeko Villatuertako San Migel elizakoarekin.”

Egun, sartzeko atea epistolaren alboan dago. Puntu erdikoa da, baketoien modura jarraiturik dauden lau arkiboltarekin. Hura babesten duen portalea XVI. mendekoa da eta, Iñiguezen arabera, XV. mendeko bi zutabe erabili ziren euskarrirako. Harlanduzko atal batez osatua, ateburua duen ate bat dauka, bai eta bi bao ere alboetan, zutabe banak zatituak, zein zati batean hondaturik dagoen harlangaitzezko karel batean bermatzen baitira eta zeinek bere gaineko egurrezko egiturari eusten baitiote.

1987ko irailean esku hartu zen elizan garbiketa lanak egiteko eta hondakinak kentzeko. Absidean margolan gotikoak agertu ziren, eta, elizako arkurik altuenean, Pantokratorren irudi bat, sabai izun batek estalia.

Balio arkitektonikoa dela eta, 1992an, Vianako Printzea Erakundeak eliza guztiz eraberritu zuen, kanpoko aldetik zein barreneko aldetik, baita horma-margolanak ere. Eraikuntza ongi kontserbaturik dago, eta landa gisako inguruneak xarma berezia dauka.

Eraikina, Eristaingo (Oloritz) 7. poligonoko 38. lurzatian baita, Nafarroako Ondare Arkitektonikoaren Inbentarioan sartua dago 10576 fitxa zenbakiarekin, eta horrek biko sailkapena eman dio.

Eraikinaren balioarengatik, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak urriaren 25ean emandako 341/2012 Ebazpenaren bidez, Eristaingo (Nafarroa) Andre Mariaren eliza izeneko monumentua ondasun inbentariatu deklaratzeko espedientea ireki zen. Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak ebazteko aurreikusten duen sei hilabeteko epea baino gehiago luzatu zen espedientearen tramitazioa. Beraz, urriaren 11ko 322/2013 Ebazpenaren bidez, iraungi egin zen.

14/2005 Foru Legearen 20.1.f artikuluak ezartzen du espedientea iraungitzen bada, ezin emanen zaiola hasiera berriro hurrengo hiru urteetan, ez bada titularraren eskariz. Iruñeko Artzapezpikutzak, eraikinaren titularra baita, eraikin hau ondasun inbentariatu deklaratzeko eskatu zuen 2015eko irailaren 14an.

Aurreko guztiarengatik, proposatzen da hura ondasun inbentariatu deklaratzea, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

14/2005 Foru Legearen 42. artikuluak ondoko hauek ezartzen ditu: “1. Ondasun higiezin inbentariatuen babes araubidea deklarazioan finkatutakoa izanen da, eta espresuki ezarriko ditu kontserbaziorako neurririk egokienak. 2. Ondasun higiezin bat ondasun inbentariatu bihurtzen duen deklarazioan jasotako zehaztapenek lehentasuna izanen dute ondasun horri buruz hirigintza-planetan jasotakoen aldean; izan ere, haiek deklarazio horretan ezarritakoari egokitu beharko zaizkio, dela planak prestatzean, dela ondoko aldaketen bidez”.

Bestalde, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 63.2 artikuluak aurreikusten du, eraikin edo elementu historiko edo kulturalei edo ingurunearentzat balioa dutenei dagokienez, “Edozein kasutan ere, planeamenduko determinazioek galaraziko dute, eraikin, espazio eta elementu horien inguruan, beren hondamena eragin edo beren ikusmira eta hiri-bilbearen gainerakoarekiko lotura nabarmen aldatzen duten eraikin eta instalazioak egitea”.

Ondasun hori ongi babesteko, beharrezkotzat jo da zenbait babes neurri izanen dituen eremu edo ingurune bat mugatzea. Arrazoia da eraikinaren ikuspegiak mantentzea eta haren kokalekuaren ezaugarriak eta baldintzak kontserbatzea. Eremu horrek hartzen ditu Olorizko Udalerriko 7. poligonoko lurzati hauek: 38. –eliza bera–, 35., 36., 37., 39., 40., 41., 42., 43., 102. eta 103.a.

Ondoko hauek dira ukituak:

–Iruñeko Artzapezpikutza.

–Francisco Armendáriz Lecumberri.

–Alfredo Berrogui Arizu.

–Mariano García Astiz.

–Daniel Resano Cayuela.

Eremu horretarako ondoko babes neurriak proposatzen dira:

1. Elizari dagokionez, aski da 14/2005 Foru Legearen 43. artikuluak ezartzen duenarekin, beharrezkoa dela kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako.

2. Inguruneari dagokionez, beharrezkoa da kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako, eta ondoko hau ezartzen da:

a) Hiri lurzatiak:

–37, 39 eta 40. lurzatietan ez da eraikinik eginen.

–36. lurzatian, oraingo eraikinaren ordez –biltegia– azalera bereko beste bat egin daiteke, solairu batekin, gehiago jaso gabe.

–35. lurzatian, eraikin nagusia katalogatua baitago, eranskina berritu daiteke, eraikitako bolumenari eutsita.

–41. lurzatian tramitatzen ari den Hirigintzako Udal Planeko aurreikuspenak aplikatuko dira, eraikin berrientzat BS+1 gehieneko garaierarekin. Atzeratutako gehieneko lerrokadura, berriz, lau metrokoa izanen da, lurzatiaren hegoaldeko mugari dagokionez.

–42. eta 43. lurzatietan, gehieneko eraikigarritasuna eta garaiera gaur egungoak izanen dira, gehieneko lerrokadura oraingo aurreko fatxadena mantenduz.

b) 102. eta 103. landa lurzatietan ez da eraikinik jasoko.

Azkenik, deklarazio espedientea eraikitzearen ondoriozko behin-behineko babes neurri gisa, ukituriko eremuak zatikatzeko edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentziak eta emanak daudenen ondorioak bertan behera utzi behar dira. Toki horietan lanen bat berehalakoan egin behar bada ezinbestean, beharrezkoa izanen da beti Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuaren baimena.”

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 25eko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Eristaingo (Nafarroa) Andre Mariaren eliza izeneko monumentua ondasun inbentariatu deklaratzeko espedientea irekitzea, azalpen atalean adierazten diren ingurune mugekin. Muga horiek jasota daude ebazpen honi erantsitako planoan.

2. Espedientea tramitatzen jarraitzea, indarrean dauden xedapenek ezarritako moduan.

3. Ebazpen hau Iruñeko Artzapezpikutzari, Olorizko Udalari eta interesdunei jakinaraztea. Aditzera ematen zaie, ebazpen honen azalpen atalean xedaturikoarekin bat, ukituriko eremuak zatikatzeko edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentziak eta emanak daudenen ondorioak bertan behera utzi behar direla. Toki horietan lanen bat berehalakoan egin behar bada ezinbestean, beharrezkoa izanen da beti Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuaren baimena.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta argitaratzen denetik 30 eguneko epea ematea jendaurrean egon dadin, interesdunek egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Iruñean, 2015eko irailaren 23an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Fernando Pérez Gómez.

Iragarkiaren kodea: F1514123