212. ALDIZKARIA - 2015eko urriaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1419/2015 EBAZPENA, urriaren 1ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoan ematen diren ebazpenak prestatu, igorri, argitaratu eta artxibatzeko lanak Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoaren esku uzten dituena.

Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 5eko 112/2013 Foru Aginduaren bidez abuztuaren 8ko 52/2012 Foru Agindua aldatu zen, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egitura osasun laguntzaz kanpoko atalen eta osasun laguntzaz kanpoko unitateen mailan ezartzen zuena, izan ere, horren ondorioz Ebazpenak Kudeatzeko Unitatea kendu zen erakunde autonomoaren egitura organikotik. Administrazio unitate horrek erakunde autonomoan ematen diren ebazpenak prestatu, igorri, argitaratu eta artxibatzearen gaineko zenbait eginkizun zituen esleiturik.

Bestalde, administrazio unitate horrek izena aldatu du, orain Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoa baita, eta Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 5eko 111/2013 Foru Aginduaren bidez Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Antolaketa Atalari atxikia gelditu zen.

Horrela, gaur egun Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ez ditu lan horiek egiteko behar diren baliabide tekniko eta langileak.

Berariaz esleitutako xede eta helburuei buruz instrumentalitate printzipioak dioenari jarraikiz (printzipio hori erakunde publikoen araubide juridikoan jasotzen da), gomendagarria izan daiteke erakunde publiko bati atxikita ez dauden administrazio organoek egitea erakunde publiko horri dagozkion zenbait eginkizun orokor, kudeaketa esleipen baten bidez. Eginkizun horien artean Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoan ematen diren ebazpenak prestatu, igorri, argitaratu eta artxibatzeko lanak daude.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39.1 artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko organoek ahalmena dute beren eskumeneko lan material edo teknikoak edo zerbitzuak beste organo batzuei mandatu bidez esleitzeko, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako. Antzeko moduan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluak xedatzen duenez, administrazio organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko lan material edo teknikoak edo zerbitzuak administrazio bereko edo ezberdineko beste organo batzuei mandatu bidez esleitzen ahalko zaizkie, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako.

Osasuneko kontseilariak irailaren 21eko 204/2015 Foru Aginduaren bidez, baimena ematen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoan ematen diren ebazpenak prestatu, igorri, argitaratu eta artxibatzeko lanak Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoaren esku uzteko.

Horregatik, irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuen 15.2.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoaren esku uztea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoan ematen diren ebazpenak prestatu, igorri, argitaratu eta artxibatzearen gaineko lan hauek:

–Ebazpenak prestatzea, administratiboki gainbegiratzea, helaraztea eta, kasua bada, argitara daitezen igortzea.

–Ematen diren ebazpen guztiak katalogatu eta artxibatzea.

–Administrazio egintzei buruzko ziurtagiriak prestatzea.

2. Esku-uztea lau urterako izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

3. Ebazpen hau igortzea Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoari eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Araubide Juridikoaren Zerbitzuari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko urriaren 1ean.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Óscar Moracho del Río.

Iragarkiaren kodea: F1513489