212. ALDIZKARIA - 2015eko urriaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZOLINA

Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Zolinako Kontzejuak, 2015eko abuztuaren 3an egin bilkura berezian, aldez aurretik legezko deialdia eginda, erabaki zuen, bertaratu ziren guztiak bat etorrita, hasiera batean onestea Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza, eta haren tramitazioarekin jarraitzea.

Onespenaren erabakia 2015eko 164. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 24an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Zolinan, 2015eko urriaren 1ean.–Kontzejuko burua, Jesús Ignacio Larrainzar Ridruejo.

ORDENANTZA, ZOLINAKO HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Zolinako mugapeko herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira, eta ez dute tributurik ordainduko.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko modua.

4. artikulua. Hauek dira herrilurretako ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; Herrilurren ordenantza hau eta, bertzenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Zolinako Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den gisan.

Herrilurretako ondasunen inguruan Zolinako Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Herri Ondasunei buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Zolinako Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondoan bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Zolinako Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Herrilurrei buruzko Foru Legearen 6. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Zolinako Kontzejua herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bertzelako ekintzei.

8. artikulua. Zolinako Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Zolinako Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak hartuko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Zolinako Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo bertze edozein tituluren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aitzinetik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

11. artikulua. Zolinako Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

12. artikulua. Zolinako Kontzejuak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimenaren txanda izanen da, zehaztuko den gisan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie Kontzejuak herritarrei.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

13. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Laborantzako herrilurren aprobetxamenduak.

b) Herrilurretako bertze aprobetxamendu batzuk.

14. artikulua. 1.–Oro har, herrilurren aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Aranguren ibarreko Biztanleen Udal Erroldan Zolinako bizilagun gisa inskribatua izatea, hiru urteko antzinatasunaz gutxienez ere.

c) Zolinan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.

d) Aranguren ibarreko Udalean eta Zolinako Kontzejuan ordaindu beharreko zergak ordainduak izatea.

2.–Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3.–Espresuki agintzen zaie onuradunei erabat debekatua dutela genetikoki eraldatutako edozein landare mota ereitea herrilurretan.

4.–Herrilurren onuradunek ongarria edo landare hondarrak (malkarra) bota beharko dituzte, gutxienez 4 urtean behin.

5.–Herrilurren onuradunek lurzatiak mantendu eta zainduko dituzte nekazari on bati dagokion bezala, txukun laboratuta eta harririk gabe.

6.–Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Zolinako Kontzejuak argituko ditu, banan-banan.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

15. artikulua. Zolinako laborantzako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez esleitzea edo Zolinako Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Zolinako Kontzejuak laborantzako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bertzearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

16. artikulua. 1.–Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek guztira soldata eta erdiaren azpitik egon.

2.–Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3.–Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landalurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hirilurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

17. artikulua. 1.–Kontzejuak laborantzarako herrilur gutxi duenez, aprobetxamendu mota honetarako loteak eskabideen arabera emanen dira, betiere laborantzako lurren azaleraren %50 gainditu gabe.

18. artikulua. Aprobetxamendua ez da zortzi urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreen kasuan, eta Udalak baimendu ondoan, epe hori laborearen bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.

19. artikulua. Herrilurretako lurzatien onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu horretan:

–Lehorreko lurrak: 6 euro/erregu/urtea.

Modalitate horiek 2015. urterako proposaturiko kanonari dagozkio eta urtero eguneratuko da, nekazaritzako KPIrekin, gehienez ere. Nolanahi ere, kanonak Zolinako Kontzejuak ordaindu beharreko kostuak berdindu beharko ditu, gutxienez ere.

20. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herrilurretako lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez ustiatu.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean, betiere ordenantza honetan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

21. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen hartzaileak egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko, Kontzeju honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi baterako beste arrazoi batengatik soldatapekoak hartzen direnean.

Horrelakoetan, hamabortz eguneko epean jakinaraziko zaio Zolinako Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat, Kontzejuaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurrak norberak zuzenean lantzen ahal ez baditu, 22. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

22. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, esleitzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Zolinako Kontzejuak esleitu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Kontzejuak lurzatien titularrei esleipenetik ateratako etekinak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Kontzejuak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte.

Herrilurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

23. artikulua. Zolinako Kontzejuak egokiak iruditzen zaizkion egiaztaketak egin ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitutako herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Herrilurren Batzordearen ustean, esleitutako lurzatiak, ordenantza honetako artikuluetan xedatzen denaren arabera, norberak zuzenean lantzen ez baditu.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, beraiek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Esleituriko lurzatiaren %80 gutxienez lantzen ez denean.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak badituzte.

2. ATALA

Herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

24. artikulua. Lurzatiak 1. sailean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herrilurrak, baita onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira erregelamendu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateko titularrak diren herritarren artean baldin Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda badaude.

25. artikulua. Kontzejuak lehentasunezko esleipena egin ondoren zehaztuko du herritarren arteko zuzeneko esleipeneko loteen azalera, gelditzen den azalera eta eskatzaileen kopurua kontuan hartuta.

26. artikulua. Esleipenaren epea 18. artikuluan adierazitako berbera da.

27. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herrilurrak hartzen dituzten onuradunek kanon hau ordainduko dute:

–Lehorreko lurrak: 20 euro/erregu/urte.

–Dena dela, prezioa Udalak ezarriko du Aranguren ibarreko laborantzako herrilur guztietarako.

28. artikulua. Esleipen hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, ordenantza honetan xedatua bete beharko da.

29. artikulua. Zolinako Kontzejuak herrilurretako lurzatien loteak eginen ditu, aprobetxamendu modu ezberdinetan dauden eskaeren arabera.

3. ATALA

Zolinako Kontzejuaren ustiapen zuzena edo enkante publikoa

30. artikulua. Zolinako Kontzejuak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondotik, laborantzako lurra sobran baldin badago, enkante irekian eginen du esleipena, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Kontzejuak finkatuko du erreguaren hasierako prezioa; inguruko antzeko lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek KPIaren arabera eguneratuko dira, urtero.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra sobran gelditzen bada, Zolinako Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Esleitzeko prozedura

31. artikulua. Kontzejuaren iragarki oholean ediktua agertuta, hamabortz egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herrilurren esleipena eska dezaten. Hamabortz eguneko epea bukatuta ez da eskabiderik onartuko.

32. artikulua. Eskaerei honako hauen zinpeko aitorpena erantsiko zaie:

a) Zolinako biztanle izatea, gutxienez hiru urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Udal eta kontzeju honekiko zerga betebeharrak eguneratuak izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

d) Familia unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai udalerri honetan bai bertzeetan, lehorreko lurrak diren edo ureztatzekoak zehaztuta.

e) Familia unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz bertzeko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal mugape honetan bai bertze batzuetan, lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuta.

f) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bertzelako errentakoak.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Zolinako Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatzearren; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 16 artikuluan zehazten den bezala.

g) Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda egotea, herritarren arteko zuzeneko esleipena eskatzen dutenentzat.

33. artikulua. Zolinako Kontzejuak proposaturik, esleipen modu bakoitzera –lehentasuna duten herritarrena nahiz esleipen zuzenekoa– onartu direnen zerrenda onetsiko da. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

34. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda Kontzeju honen iragarki oholean jarriko da hamabost egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

35. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du Kontzejuak, eta mota bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

36. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusita, Zolinako Kontzejuak ordenantza honen 17. artikuluan ezarritako ezaugarriak betetzen dituzten loteak esleituko ditu.

Loteak banatzean, haietaz baliatzeko eskubidea duten bizilagunekin ados jartzen ahaleginduko da; desadostasunik bada, zozketa eginen da.

Lurzatiak esleituta, onuradunen eta dagozkien herrilurretako lurzatien zerrenda jarriko da jendaurrean 15 egunean, Kontzejuaren iragarki oholean. Kontzejuak onetsi beharko ditu zerrendak.

37. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, behin ebatzita eta akatsak zuzenduta, Kontzejuak behin betikotzat joko du laborantzarako herrilurren aprobetxamenduen esleipena.

IV. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

38. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua norberak zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Zertarako esleitzen den herrilurra, bertze zerbaitetarako erabiltzea.

e) Lurrak lantzea udal esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

f) Laborantza iraunkorrak egitea, Udalaren baimenik izan gabe.

g) Esleipenetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

h) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

39. artikulua. Adierazitako arau-hausteetan, kontzesioa kenduta zehatuko da.

Iragarkiaren kodea: L1513565