212. ALDIZKARIA - 2015eko urriaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZOAIN-ARRIASGOITI

Aldaketa Herrilurren ordenantzan. Behin betiko onespena

Lizoain-Arriasgoitiko Udalak, 2015eko martxoaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi du Herrilurren ordenantzako aldaketa, 20. artikuluko 2. idatz-zatian jasotako aurreikuspena 28. artikuluko 2. idatz-zatian ere ezarri dadin. Hasierako onespena, 2015eko 81. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 28an, argitara eman zen eta jendaurreko epea inolako alegaziorik aurkeztu gabe iragan da.

Beraz, Udalak, 2015eko irailaren 24an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Herrilurren ordenantzako aldaketa. Hona hemen haren testua.

Lizoainen, 2015eko urriaren 6an.–Alkate udalburua, Amaia Ekisoain Gorriz.

HERRILURREN ORDENANTZA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da udal mugape honetako herrilurretako ondasunen administraziorako, xedapen egintzetarako, eta babes, berreskuratze eta aprobetxamendurako arauak ezartzea.

2. artikulua. Herriko bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak dira herrilurretako ondasunak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

4. artikulua. Herrilurretako ondasunak arautuko dituzte uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak (uztailaren 13ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduak (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuak onetsia) eta ordenantza honek.

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herrilurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publikoa edo soziala deklaratu beharko du eta, horren aitzinetik, Udalak arrazoiak eman beharko ditu.

Herrilurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herrilurretako ondasunen jabetza, aitzinetik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herrilurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari Udalak, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. Udalak Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

12. artikulua. Udalak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da, ezarri den gisara. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

Herrilurren aprobetxamendua

Xedapen orokorrak

13. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

–Laborantzarako herrilurren aprobetxamendua.

–Herrilarreen aprobetxamendua.

–Etxerako egurraren aprobetxamendua.

14. artikulua. Oro har, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea izatea.

–Udal erroldan izen emanda egotea, bizilagun gisa, gutienez ere lau urteko antzinatasunarekin.

–Herrilurraren titularra den entitatean urtean bederatzi hilabetez gutienez jarraian bizitzea.

–Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

–Pentsiorik batere ez jasotzea, indarra duen araudiari jarraikiz zuzeneko lana galarazten badu, salbu eta familia unitatearen diru-sarrerak ordenantzako 17. artikuluak aipatzen dituen kasuetan sartzen badira.

15. artikulua. Inor egiazki bederatzi hilabetez bertan bizi dela erabakitzeko, Udalak baldintza hauek hartuko ditu kontuan: etxebizitza modu iraunkorrean zabalik edukitzea eta udalerriarekin lotura zuzen eta taigabea izatea.

16. artikulua. Laborantzako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

–Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

–Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

–Enkante publikoan esleitzea edo Udalak zuzenean ustiatzea. Enkante publikoa hala murriztua nola denendako izan daiteke.

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

17. artikulua. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek ordenantzaren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbidearteko gutieneko soldataren %30 baino tikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek, guztira, soldata eta erdiaren azpitik egon.

Familia unitatean gorputzez edo adimenez desgaitasuna duten kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

Errenta mailak zehazteko irizpideak honako datu objektibo hauetan oinarrituz finkatuko dira: errentaren gaineko aitorpena, soldata bidezko diru-sarrerak, lurrak edo kapital zergagarriak edukitzea eta orobat Udalak erabakitzen duen bertze edozein.

18. artikulua. Aprobetxamendu modu honetarako, ereduko loteak sekaineko 50 erregu izanen ditu. Aitzineko 14. artikuluan ezarria betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, ereduko loteari ondoko koefizienteak aplikatuko zaizkio:

–Hiru kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea.

–4tik 6 kide bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea.

–7tik 9 kide bitarteko familia unitateak, 3 koefizientea.

–9 kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 koefizientea.

19. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea hamar urte izanen da, abuztuaren 15etik hasita, eta lehen multzo honetako onuradunek ordaindu beharreko kanona, berriz, %10 izanen da. Zenbateko hori urtez urte handituko da K.P.I.ren arabera.

20. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herrilurretako lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

Zuzenean eta pertsonalki lan egiteak erran nahi du nekazari lan guztiak berak egitea, uzta biltzea kenduta, esleipen hartzaileak ez diren langileek egiten ahalko baitute.

21. artikulua. Ezintasun fisikoa edo bertze arrazoiren bat dela eta zuzenean lantzen ahal ez diren lurzatiak, bai esleipenaren unean bai erabili bitartean, Udalei buruzko Foru Legearen 151. artikuluari eta harekin bat heldu direnei jarraikiz esleituko dira.

22. artikulua. Udalak egoki juzgatzen dituen egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko. Lurrak zuzen eta pertsonalki lantzen ez direla ulertuko da, Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 168. artikuluan eta ordenantza honen 20.ean ezarritako kasuetan.

Herritarrendako esleipen zuzena

23. artikulua. Lehentasuna duen taldearen beharrak asetakoan, gelditzen diren laborantzako lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira ordenantzaren 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateko titularrak diren herritarren artean.

24. artikulua. Udalak erabakiko du zein den herritarrendako esleipen zuzeneko loteen azalera, lehentasuna dutenendako esleipena egin ondotik, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, familia unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan.

25. artikulua. Esleitutako azalera, uzta bildu ondoan, ez da goldatzen ahalko urte bakoitzeko irailaren 1a baino lehen. Orobat, errentamenduaren bitartean, azalera hori ez da handitzen ahalko bide, lurzati bereko nahiz aldamenetako bide edo lur landugabeen kaltetan.

26. artikulua. Esleipen epea hamar urte izanen da, 2012ko abuztuaren 15etik hasita.

27. artikulua. Herrilurretako lurzatiak esleipen zuzenaren bidez hartu behar dituzten bigarren multzo honetako onuradunek ordaindu beharreko kanona hau izanen da: 1. mailako lurrak, katastroko sailkapenaren arabera: 24 euro erreguko; 2. mailakoak, 21,60 euro; 3. mailakoak, 18 euro; 4. mailakoak, 15,60 euro, eta 5. mailakoak, 12 euro.

Laborantza zuzenean eta pertsonalki eginen du esleipen-hartzaileak, eta betiere aplikatuko da Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 164 eta 169. artikuluetan ezarritakoa.

Zuzenean eta pertsonalki lan egiteak erran nahi du nekazari lan guztiak berak egitea, uzta biltzea kenduta, esleipen hartzaileak ez diren langileek egiten ahalko baitute.

29. artikulua. Udalak beretzat gordeko du herri bakoitzeko herrilur guztien %5, izan daitezkeen esleipen-hartzaileendako. Hala ere, azalera hori enkante bidez eslei daiteke, baldin eta berezitako %5 horretakoa bada eta epea zehaztu gabea bada.

30. artikulua. Horretarako lurrik baldin bada, Udalak lurzatiak eman ditzake baratzetako. Gehienez ere erregu bat izanen dute eta 30 euroko kanona ordaindu beharko da. Eskatzaileek ez dute lurrik izan behar.

31. artikulua. Modu batekoak nahiz bertzekoak izan, herrilurretako aprobetxamendu guztiak urte bakoitzeko irailaren 30a baino lehen ordaindu behar dira.

Enkante publikoa edo zuzeneko ustiapena

32. artikulua. Zuzeneko esleipena eginik oraino lurrik gelditzen bada, Udalak, 27. artikuluan zehaztutakoa hasierako preziotako hartuta, enkantea eginen du, prozedura hierarkiko honi segituz:

–Lehengo Kontzejuko herritarrei murriztutako enkantea.

–Ibarreko herritarrei murriztutako enkantea.

–Denendako enkantea, ondorio guztietarako.

33. artikulua. Halako lurzati edo lote bat lizitazioaren hasierako prezioan esleitu ez eta eman gabe gelditzen bada, hurrengo enkante motara pasatuko da. Lizitatzailerik ez bada, lizitazioaren hasierako prezioa merkatuko da hurrenez hurren, baina bakar-bakarrik denendako enkantean aplikatzeko.

34. artikulua. Enkantea egin ondoan lurrik soberan bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

Esleitzeko prozedura

35. artikulua. Behar den ediktua Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Herriko Etxeko iragarki oholean argitaratzearekin hasiko da esleipen prozedura. Beren burua eskubideduntzat jotzen dutenek hamabortz egun izanen dituzte behar den eskabidea egiteko.

36. artikulua. Eskabideak aitzineko artikuluan ezarritako epearen barrenean aurkeztuko dira Herriko Etxean, eta haiekin batera, honako hauei buruzko zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da:

–Herriko bizilagun izatea, lau urteko antzinatasunaz bederen eta urtean, gutienez, bederatzi hilabete herrian bizitzea.

–Zerga betebeharrak eguneratuak izatea.

–Famili unitatea osatzen duten kideak.

–Zenbat lur dituen jabetzan.

–Zenbat lur errentan edo bertzelako laborantza motetan.

–Eskatzailearen errenta aitorpena, azken ekitaldikoa.

37. artikulua. Udalak, eskabideak ikusirik, modu bakoitzera onartutakoen zerrenda eginen du eta bertze hamar eguneko epea irekiko, erreklamazioetarako. Epe hori inork erreklamaziorik aurkeztu gabe iraganik, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da. Aldiz, erreklamaziorik bada, Udalak hamar eguneko epea izanen du horiek ebazteko, behin betiko zerrenda onesteko eta Herriko Etxeko iragarki oholean jendaurrean paratzeko.

Behin betiko esleipenaren erabakia banan-banan jakinaraziko zaio onuradun bakoitzari.

Larreen aprobetxamendua

38. artikulua. Herrilurretako larreen aprobetxamenduak, finka partikularrenekin batean, ustiapen unitate bakarra osatzen du eta, lehenago zenbat kontzeju izan ziren, horrenbertze bazkatokitan banaturik dago.

39. artikulua. Larreak modu hauetariko baten bidez esleituko dira:

–Herritarrendako zuzeneko esleipena.

–Antzinako usadioaz.

–Enkantean esleituz.

Aprobetxamenduen epea hamar urtekoa da, 2012ko urtarrilaren 1etik hasita.

40. artikulua. Abeltzain bakoitzak bere herriko bazkalekuetako larreetarako eskubidea baizik ez du izanen. Hala ere, Udalak bazkaleku bat baino gehiago esleitzen ahalko dio abeltzain berari, betiere baldintza hauek betetzen badira:

–Herriko bazkalekuko azienda-karga baino azienda gehiago izatea.

–Udalari lurrak lagatzea, ehiza eta belar aprobetxamenduetarako.

–Lurzati berrantolamendua egin ez den tokian egiteko behar diren agiriak sinatzeko konpromiso irmoa.

41. artikulua. Ardi aziendak modulutako harturik, abelburu bakoitzeko ordaindu beharreko saria, ondorio guztietarako, 6 euro/urtea izanen da. Gainerako espeziei dagokienez, parekotasun hauek ezarriko dira:

Ahuntz 1: 1,2 ardi.

Behi 1: 10 ardi.

Behor 1: 12 ardi.

42. artikulua. Bazkaleku guztietako prezio eta azienda-kargak hauek dira:

BAZKALEKUA

ARDI BURU KOPURUA

PREZIOA

BEORTEGI

200

1.200 euro

GALDUROTZ

250

1.500 euro

ILOTZ

60

360 euro

JANARITZ

140

840 euro

LERRUTZ

125

750 euro

LEIUN

90

540 euro

LIZOAIN

200

1.200 euro

MENDIOROTZ

150

900 euro

OZKARITZ

140

840 euro

ERREDIN

160

960 euro

UROTZ

75

450 euro

URRITZELKI

90

540 euro

IHELTZ

125

750 euro

ZALBA

100

600 euro

ZUNTZARREN

325

1.950 euro

Ordainketa urtean behin eginen da, urte bakoitzeko irailaren 30a baino lehen.

43. artikulua. Aprobetxamendua modu zuzenean eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua, lagapena eta inoren aziendak sartzea. Hala ere, Udalak bertzeren aziendak sartzeko baimena eman dezake, Ondasunen Erregelamenduaren 194. artikuluan xedatuari jarraikiz.

44. artikulua. Bazkatokiek beren ukuiluak badituzte, haien prezioa igoko da, gutienez ere 42. artikuluan ezarritakoaren %100. Ukuiluek eta baztakokiek unitate banaezina osatuko dute eta esleipen-hartzaileak bien kostuak onartu beharko ditu.

45. artikulua. Esleipen-hartzailearen kontura izanen dira higiezinetako mantenimendu eta zainketa gastu guztiak. Garbitu, gutienez, urtean behin garbitu beharko dira, eta higiezinak dituen zerbitzuen kostua ere haien gain izanen da.

46. artikulua. Jabego partikular nahiz herrilurretakoetara sartzeko, aziendek diren sarbideak erabiliko dituzte beti.

47. artikulua. Finkaren titularraren baimenik gabe ez dira sartzen ahalko ereindako lurretan, baratzetan, luzerna soroetan eta gisakoetan. Uzta bildutako sailetan ere ez dira sartzen ahal, uzta ondoko 5 egun iragan arte, edo 10, titularrak ahotza biltzeko nahia espresuki agertzen badu.

Erauntsi handi baten ondotik ere ez dira laborantzetan sartzen ahal, harik eta bortz egun iragan arte.

48. artikulua. Bazkatokiak esleitzeko segitu beharreko prozedura ordenantzaren 35.etik 38.era bitarteko artikuluetan ezarritakoa da. Aldaketa bakarra, aziendaren osasunaren ziurtagiria eta eskatutako bazkatokien zerrenda eskabidean sartu beharra.

Etxerako egurraren aprobetxamendua

49. artikulua. Udal mugapeko hermendien ustiapena Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuak ematen dituen jarraibideen arabera eginen da beti, eta aldez aurretik baimena emanda.

50. artikulua. Usadioari jarraikiz, udalerriko herritarrei oihan aprobetxamendu bakarra emanen zaie, alegia, etxerako egurra.

51. artikulua. Aprobetxamendu hori nahi duten herritarrek behar den eskabidea egin beharko diote Udalari, urte bakoitzeko irailaren 30 baino lehen.

52. artikulua. Udalak, aurkeztutako eskabideak ikusirik, Nafarroako Gobernuaren aitzinean tramitatuko ditu, onets ditzan.

53. artikulua. Eskabideen prezioa 10 euro izanen da, eta horiek udal diruzaintzan ordaindu beharko dira, ustiapena egin baino lehenago.

Arau-hausteak

54. artikulua. Ordenantza honetan xedatzen den edozer ez betetzea, horra arau-haustea. Arau-hausteak arinak edo larriak izan daitezke:

Ordenantza honetan agintzen den edozer ez betetzea, horra arau-hauste arina.

Ordenantza honen 20 eta 25. artikuluetan agintzen dena ez betetzea edo 4 urtean hiru zehapen arin metatzea, horra arau-hauste larria.

Zehapenak

55. artikulua. Arau-hauste arinek 60tik 100 euro bitarteko isunak edo legez kanpo aprobetxatu dena halako bortz ordaindu beharra izanen dute zehapen.

Arau-hauste larriek 101etik 12.000 euro bitarteko isunak edo erdietsitako produktuen balioa halako 6tik hamar bitarte ordaindu beharra izanen dute zehapen.

Prozedura

56. artikulua. Zehapen prozedura ofizioz hasten ahalko da edo alderdi batek eskaturik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Prozedura Administratibo Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 134. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako printzipioei jarraikiz.

Azken xedapena

57. artikulua. Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1513581