212. ALDIZKARIA - 2015eko urriaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

53/2015 EBAZPENA, irailaren 18koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, “Iratiko Bide Berdea, Eguesibar-Zangoza tartea” Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea xedatzen duena. Proiektua Zangozako, Ledeako, Irunberriko, Urraulbeitiko, Longidako, Agoizko, Lizoaingo, Urrotz-Hiriko eta Eguesibarko udalek sustatu dute.

Nafarroako Gobernuak 2015eko ekainaren 11n hartutako Erabakiaren bidez, “Iratiko Bide Berdea, Eguesibar-Zangoza tartea” Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onetsi zen. Proiektua Zangozako, Ledeako, Irunberriko, Urraulbeitiko, Longidako, Agoizko, Lizoaingo, Urrotz-Hiriko eta Eguesibarko udalek sustatu dute. Erabaki hori 2015eko 123. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 26an.

Erabaki horretan ezarritako determinazioetako bati erantzunez, 2015eko uztailaren 30ean sustatzaileak testu bategina aurkeztu du, erabakian jasotako gainerako determinazioak jasotzen dituena, baita baietsitako alegazioen eta egindako txosten sektorialen edukia ere.

Sustatzaileak behar zen dokumentazioa aurkeztu duenez, eta kontuan hartuz Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren 2015eko irailaren 3ko txostena, bidezko da aipatutako plan sektorialaren araudia argitaratzea, txosten horretan adierazitako zuzenketak egin ondoren.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. “Iratiko Bide Berdea, Eguesibar-Zangoza tartea” Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea. Hortaz, araudiaren testu osoa ebazpen honekin batera argitaratzen den eranskinean jaso da. Proiektuaren sustatzaileak Zangozako, Ledeako, Irunberriko, Urraulbeitiko, Longidako, Agoizko, Lizoaingo, Urrotz-Hiriko eta Eguesibarko udalak dira.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean. Espedientearen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen epe horiek.

Iruñean, 2015eko irailaren 18an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

ERANSKINA

Aurkibidea

Kapitulu bakarra.–Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren hirigintza araubidea eta garapena.

1. artikulua.–Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren helburua.

2. artikulua.–Arau orokorrak.

3. artikulua.–Trazaduraren definizioa.

4. artikulua.–Luzerako trazaduraren definizioa.

5. artikulua.–Trazaduraren zeharkako sekzioaren eta haren osagaien definizioa.

6. artikulua.–Lurzoru urbanizaezina. Lurzoruaren kategoriak eta azpikategoriak. Arau orokorra.

7. artikulua.–Hiri lurzorua eta lurzoru urbanizagarria. Arau orokorra.

8. artikulua.–Bide berdearen babes araubidea.

9. artikulua.–Zortasun eremuaren babes araubidea.

10. artikulua.–Babes zerrenda.

11. artikulua.–Planeamendua egokitzeko irizpideak.

12. artikulua.–Trazaduraren aldaketak/egokitzapenak.

13. artikulua.–Trenbidearen elementuen kontserbazioa.

14. artikulua.–Dauden eraikinak eta jarduerak.

15. artikulua.–Kudeaketa.

16. artikulua.–Jarduketa programa.

KAPITULU BAKARRA

Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren hirigintza araubidea eta garapena

1. artikulua. Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren helburua.

Udalez gaindiko Proiektu Sektorial (UPrS) honen helburua da Iratiko bide berdearen trazadura zehaztu eta babestea, eta lurzoru publiko gisa eskuratzeko modua erraztea. Hori guztia UPrSan berean propio mugatutako tartean eta Iratiko antzinako trenbidearen trazaduraren zati bat –edo zehazten diren alternatibak– berreskuratzeko asmoz, aisialdiari edo kirolari lotutako kultur ibilbide gisa eta intereseko kultur elementuak eta natur guneak lotzeko bide gisa erabil dadin. UPrSaren helburua da, orobat, Iratiko bide berdeari loturiko elementuak eta espazioa babestea, eremu horretan onargarriak diren jarduerak, obra motak eta tratamenduak arautuz.

2. artikulua. Arau orokorrak.

1.–Kontuan harturik Iratiko bide berdearen eraginpeko lurzoruaren ezaugarriak eta Udalez gaindiko Proiektu Sektorial honen helburua, trazadura berreskuratzeko edo bide berde gisa erabiltzeko oztopo izan daitezkeen erabilera eta jarduera guztiak debekatzen dira. Debekatzen dira, orobat, azpiegituraren helburuekin (kirolerako eta aisialdirako eremua) bateraezinak diren erabilera eta jarduera guztiak, deusetan galarazi gabe, erabilerari dagokionez, bestelako oinarrizko zerbitzu edo azpiegiturekin eduki beharreko bateragarritasuna.

2.–Zilegi izanen da Udalez gaindiko Proiektu Sektorial honetan ezarritako baldintzak goitik behera betetzen ez dituzten eraikuntzako eta trazadurako konponbideak onartzea, betiere proiektuaren determinazioen oinarrian dauden irizpide orokorretara egokitzen badira. Horrelako kasuetan, aurkezten den konponbidea behar bezala justifikatu beharko da exekuzio proiektuan, eta Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren baimena lortu beharko da.

3.–Proiektu Sektorial honetan aurreikusitako obrak gauzatzeko erredaktatzen diren proiektuek txosten sektorialetan eta Ingurumen eraginaren adierazpenean xedatutakoa bete beharko dute (adierazpen horren edukia espedientearen dokumentazioan ageri da).

4.–Proiektu Sektorial honetan aurreikusitako obrak gauzatzeko erredaktatzen diren proiektuek arlo horretan eskumena duten administrazio unitate organikoen aldeko txostena beharko dute.

3. artikulua. Trazaduraren definizioa.

Iratiko bide berdea dokumentazio grafikoan irudikatutako trazadurak mugatzen du, Proiektu Sektorialean zehazten diren ezaugarriei jarraikiz, hala luzerako trazaduraren definizioari dagokionez, nola zeharkako sekzioari dagokionez. Dokumentazio grafikoan zehaztu da, orobat, UPrSak ukitutako eremua.

4. artikulua. Luzerako trazaduraren definizioa.

1.–Iratiko bide berdearen luzerako trazadura UPrS honen dokumentazio grafikoan dago irudikatua. Diseinu zehatza irizpide hauen arabera finkatuko da:

a) Bide berdeak hango bide edo errepide lokalak erabiltzen dituen tarteetan, trazadurak bertako bideari segituko dio, nahiz eta lurzoruaren okupazioa osatzea erabakitzen ahal den, babes instalazioak edo plataformaren dreinatzea hobetzeko beharrezkoa baldin bada.

b) Bide berdearen tarte berrietan, tartea Nafarroako Errepide Sareko errepideren baten ondoan baldin badago, bide berdearen plataforma eta haren elementu osagarriak errepidearen jabari publikoaren esparrutik kanpora kokatuko dira, salbu eta gurutzatze-puntuetan eta tarte berezietan, hurrenez hurren, artikulu honen 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutakoetan. Hala ere, zilegi izanen da bide berdea eta haren instalazio osagarriak zortasun eremuan kokatzea, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko behar diren babes elementuak barne.

c) Ibaien ondoko eremuetan kokatzen diren bide berdearen tarte berrietan, bidearen plataforma hiru metrora bereiziko da batez beste, ibai-ibilguari lotutako ur bazterreko landareditik neurtuta.

2.–Aurreko idatz-zatian zehaztutakoa gorabehera, eta ibilbideari jarraipena ematearren, bide berdeak Nafarroako Errepide Sarearen errepideak gurutzatzen ahalko ditu UPrS honen dokumentazio grafikoan adierazitako puntuetan, baina seinaleztapenerako eta abiaduraren kontrolerako ezarritako baldintzak betez.

3.–Plataformaren baterako erabilera aurreikusia duten zubietan eta, arrazoi topografikoak direla eta, bide berdeak errepidearen jabari publikoaren eremua okupatu behar duen tarteetan, bide berdearen eraikuntza proiektuan Nafarroako Gobernuko Sustapen Departamentuko Herri-lanetako Zuzendaritza Nagusiak ezartzen dituen baldintzak bete beharko dira.

5. artikulua. Trazaduraren zeharkako sekzioaren eta haren osagaien definizioa.

Iratiko bide berdearen ereduzko sekzioa bost metro eta erdiko zerrenda batek osatuko du: hiru metro eta erdiko plataforma eta metro bateko bi areka alde banatan. Dena dela, honako kasu hauetan bestelako sekzioak onartzen ahalko dira:

a) Trenbidearen antzinako trazadura errekuperatzen ahal den tarteetan. Horrelako kasuetan, dagoen sekzioa onartuko da, salbu eta arrazoi funtzionalengatik zabaldu beharra baldin badago.

b) Bide berdeak egun dauden bideekin edo errepide lokalekin bat egiten duen tarteetan. Horrelako kasuetan, sekzioa erabiltzen den bidearena edo errepidearena bezalakoa izanen da, salbu eta arrazoi funtzionalengatik zabaldu beharra baldin badago.

c) Bide berdea zubi edo tuneletan barna doan tarteetan, sekzioa zubiarena edo tunelarena bera izanen da, eta oinezkoentzako edo txirrindularientzako erabilerari lotutako elementuak Bidearen zati izanen dira.

6. artikulua. Lurzoru urbanizaezina. Lurzoruaren kategoriak eta azpikategoriak. Arau orokorra.

1.–Iratiko bide berdearen trazadurak okupatzen duen lurzorua, planeamenduaren arabera, lurzoru urbanizaezina da; babestu beharreko lurzoruaren kategoria du, eta kultur balioa duen lurzoruen azpikategoria: Bide historikoa, Iratiko bide berdea.

2.–Indarreko planeamendua egokitzeko determinazio eta irizpideak aplikatuko dira, zehazki, araudi honetan lurzoru urbanizaezinentzat jasotzen direnak.

7. artikulua. Hiri lurzorua eta lurzoru urbanizagarria. Arau orokorra.

1.–Herriguneetan kokatzen diren Iratiko bide berdearen tarteetan, diseinuaren ezaugarriak finkatzeko orduan, bide berde gisa erabiltzeko funtsezko ezaugarriak eta hiri inguruneari dagozkion eginkizunak bateratu beharko dira.

2.–Hiri lurzoru gisa edo lurzoru urbanizagarri gisa sailkatuta dauden Iratiko bide berdearen trazadurako lurrak eraikinetatik libre utzi beharko dira, gutxienez, hiru metro eta erdiko zabalerako tarte batean, eta bide historiko gisa eman zaien aitorpenaren araberako tratamendua izanen dute, UPrS honen helburuekin bat.

3.–Indarreko planeamendua egokitzeko determinazio eta irizpideak aplikatuko dira, zehazki, araudi honetan hiri lurzoruentzat eta lurzoru urbanizaezinentzat jasotzen direnak.

8. artikulua. Bide berdearen babes araubidea.

1.–Iratiko bide berdea oinezko, txirrindula eta zaldientzako bide gisa erabiliko da. Debekatutako dago ibilgailu motordunik ibiltzea, honelako kasuetan izan ezik:

a) UPrS honek indarra hartu baino lehenagotik ere alboko finketan sartzeko erabiltzen ziren tarteetan.

b) Beste bide-azpiegitura batzuekin batera erabiltzen diren edo haiekin bat egiten duten tarteetan.

c) Larrialdietan eta Iratiko bide berdearen beraren mantentze-lanetarako.

2.–Bide berdea ezin izanen da erabili eraikuntza-jarduera berrietara sartzeko.

3.–Aurreko atalean zehaztutakoaren arabera ibilgailuen sarrera mugatua baimenduko duten iragazki-elementu edo iragazki-ate selektiboen ezaugarriak zehaztu beharko dira.

9. artikulua. Zortasun eremuaren babes araubidea.

1.–Lurzoru urbanizaezinean hiru metro zabal izanen den zortasun eremu bat ezartzen da bide berdearen alde banatan, bidearen kanpoko ertzetik neurtuta. Ekai-Longidako zerrategiaren aldea zortasun eremuaren barrenean sartuko da.

2.–Lurzoru urbanizaezinaren kategoriei eta azpikategoriei aplikatzen ahal zaien araudia eta maila handiagoko beste lege batzuetan ezarrita dagoena aplikatzea deusetan galarazi gabe, honako araubide hau ezarri da zortasun eremuko erabilera eta jardueretarako:

Eraikuntzakoak ez diren jarduerak:

–Debekatuta daude meategiak ustiatzea, legarra eta harea ateratzea, harrobiak, obra-hondakindegiak, zabortegiak, eraikuntzako erabileren edo jardueren ezarpenari lotutako lur mugimenduak eta arraseko mozketak.

–Eraikuntzakoak ez diren gainerako jarduerak baimentzen dira. Eraikuntza jarduerak:

–Honako hauek dira baimentzen ahal diren jarduerak:

Bide berdearen jarduerei lotutako instalazioak eta, halakorik bada, eraikinak.

Azpiegiturak, betiere ibilbidearen jarraitutasuna bermatzen bada eta araudi honen 2. artikuluan ezarritako arau orokorren kontrakoak ez badira. Lur azpiko azpiegituraren bat egiteko bide berdearen espazioa okupatu behar baldin bada, dagokion proiektuan bidearen tratamendua behar bezala lehengoratzeko neurriak jaso beharko dira.

–Gainerako eraikuntza jarduerak debekatutako jardueratzat hartuko dira.

10. artikulua. Babes zerrenda.

1.–Babes zerrenda bat dator zortasun eremuarekin. Dena dela, toki planeamenduak babes zerrenda handitzen ahalko du, hurrengo artikuluan ezartzen diren irizpideei jarraikiz.

2.–Toki planeamenduak babes zerrenda handitzen baldin badu, babes zerrenda handituaren eremuan baimendu daitezkeen erabilera eta jarduerak ezartzen ahalko dira zerrenda horretako lurzoru urbanizaezinen azpikategoriarentzat ezarritako erabileren araubidearen arabera, betiere zuzenean eragiten ez bazaio bide berdeak lehen mailako kirol aisialdirako eta turismorako baliabide gisa duen helburuari.

11. artikulua. Planeamendua egokitzeko irizpideak.

1.–Indarreko planeamenduaren figurak berrikusi edo aldatuz gero, UPrS honen eta, kasua bada, hura garatzeko figuren idatzizko determinazioak eta determinazio grafikoak jaso beharko dira.

2.–Indarreko planeamenduaren figurak berrikusi edo aldatuz gero, Iratiko bide berdearen inguruan landa giroa mantenduko dela bermatu beharko da.

3.–Lur azpiko azpiegituraren bat egiteko bide berdearen espazioa okupatu behar baldin bada, dagokion proiektuan bidearen tratamendua behar bezala lehengoratzeko neurriak jaso beharko dira.

4.–Egokitzat hartzen diren eremuetan, zilegi izanen da udal planeamenduan bide berdearen inguruko babes zerrenda zabaltzea, kontuan harturik ingurune hurbilak gomendatzen dituen zuzenketak edo bidearen ikuspegiaren barrenean dauden balio zehatz nabarmengarriak.

5.–Udal planeamenduak kontuan hartu beharko du bide berdean sartzeko eta ateratzeko tarteen balioa nabarmendu beharko litzatekeela herriguneen sarreretan edo produkzio jardueretarako erabiltzen diren eremuen inguruetan.

6.–Udal planeamenduan osatu beharko dira, berariazko arauen bidez, UPrS honetan antzinako trenbideari lotutako elementuak zaintzeko ezarri diren babes arau orokorrak.

7.–Zehazki, antzinako trenbidearen trazadurari eta erabilerari lotutako eraikinei dagokienez, udal planeamenduan, ahal dela, babes aktiborako arauak ezarriko dira, baita eraikin horiek zaharberritzeko eta erabiltzeko kudeaketa irizpideak ere, batez ere haien jabetza publikoa baldin bada.

12. artikulua. Trazaduraren aldaketak/egokitzapenak.

Obra gauzatzeko orduan, Bide Berdearen trazadura eta/edo konponbide teknikoak aldatu edo egokitu behar izanez gero ezaugarri teknikoak hobetzeko edo egokitzeko, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeari jarraikiz eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatuko dira.

Beste kasu batzuetan, edo egin gogo diren aldaketak jatorrizko diseinuarekin alderatuta oso bestelakoak direnean, proiektu sektorialaren aldaketa bat tramitatu beharko da unean-unean indarra duen Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean ezarritako prozedurari jarraituz.

Nolanahi ere, aldaketak justifikatuak izan beharko dira, eta ingurumenaren eta paisaiaren ikuspuntutik kalitatezkoa den trazadura berri bat proposatu beharko da, bidearen jarraitutasuna eta zabalera aldatu gabe. Azpiegitura berriaren sustatzailearen kontura izanen dira bide berdearen saihesbidea behar bezala eraikitzeko gastuak.

13. artikulua. Trenbidearen elementuen kontserbazioa.

UPrS honetan babes berezia jaso da antzinako trenbidearen trazadurari lotutako instalazio eta eraikin hauentzat, haien kontserbazioa bermatzearren:

1.–Ekaiko zerrategia.

2.–Agoizko zentral hidroelektrikoa.

3.–Zangozako geltokiko biltegia.

4.–Ledeako geltokia.

Berariazko babes hori gorabehera, zeina aipatutako elementu eta instalazioen babeserako determinazio xehakatuetan finkatzen baita, Udalez gaindiko Proiektu Sektorialean berean udalei eskatzen zaie ahaleginak egin ditzatela jatorrizko trenbidearen azpiegituraren elementu guztiak kontserbatzeko –udalaren hirigintza planeamenduaren bidez, eta, zehazki, haren katalogoen bidez–, batez ere trazadurari lotutako egitura eta eraikinak, konparazio batera, geltokiak, geralekuak, biltegiak eta geltokiko buruaren etxebizitzak eta abar, betiere interesgarriak badira eta, haien kontserbazio egoera ikusita, errekuperazioa bideragarria bada eta justifikatua badago.

Nolanahi ere, bide historikoari lotutako eraikin eta instalazioak, lurzoru urbanizaezinean kokatzen direnean, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 111., 113. eta 114. artikuluetan ezarritako araubidearen eta 15/2015 Foru Legean ezarritakoaren menpe egonen dira, eta araudi honen 2. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute. Horren arabera, eraikinen jarduera nagusia bizitegitarako erabilera denean, ezin izanen da jarduera baimengarritzat hartu inolaz ere.

13.1. Ekaiko zerrategia.

–Babes eremua.

UPrSaren planoetan grafiatu eta mugatu da. Oro har, Ekai-Longidako Aserradero auzoarekin bat dator, eta lurzati hauek hartzen ditu barrenean: Longidako katastroko 20. poligonoko 53.A azpilurzatia, 56. lurzatia, 57.A azpilurzatia, 59. lurzatia, 60. lurzatia, 61. lurzatia, 62. lurzatia, 63. lurzatia, 162.A azpilurzatia.

UPrS honetan zehaztutako eremua egokitu liteke, justifikatuz gero, udalaren hirigintza planeamenduak UPrS honetan ezarritako oinarrizko babesa sakondu nahi baldin badu– udalaren plan orokorraren esparruan edo, kasua bada, plan berezi baten bidez–, determinazioak xehatu eta zehaztearren.

–Babeserako baldintza orokorrak.

UPrSaren babes eremuak Aserradero auzo osoa hartzen du, eta, horrenbestez, hango instalazioak eta eraikinak bezala, hutsik dauden espazioak ere hartzen ditu, eta, zehazki, zura jasotzeko erabiltzen zen jatorrizko dartsenari dagokiona.

Esku hartzeko proiektu guztiek aurreikusi beharko dute eraikitako eta hutsik dauden espazioak berreskuratzea osoko proiektu batean, eta ahaleginak eginen dira eraikinak ingurumenean eta paisaian txertatzeko.

Edozein esku-hartzeri ekin aurretik edo aldi berean, toki haren industria garapenari lotutako prozesu kimikoen ondorioz lurzoruetan dagoen kutsadura desagerrarazi beharko da.

–Izan daitezkeen erabilerak.

Lekune horretan erabilera desberdinak ezar daitezke, instalazio eta eraikinek jatorrian zituzten ezaugarrien arabera, betiere esku hartzeko zentzuzko proposamen baten barrenean, non arrazoibidez agertuko baita bai proposatzen diren erabileren bateragarritasuna, bai haietako bakoitzak multzoan duen parte-hartze maila. Horri dagokionez, bidezko da ekipamendu-erabilerak eta erabilera sozio-kulturalak –ahal delarik Bide Berdeak aisialdirako duen izaera ludikoari lotuak–, hirugarren mailako jarduerekin nahasita aurreikustea, are bizitegietarako erabilerekin ere.

Nolanahi ere, planteatzen diren hirigintza antolamendu guztiek, funtzionaltasunaren aldetik koherenteak eta ekonomikoki bideragarriak izateaz gainera, leku hura eta, neurri batean, han dauden eraikinak errekuperatzen eta birgaitzen lagundu behar dute, lurraldearen ikuspegi batetik, eta Longidako udalerriaren helburu eta estrategiekin bat etorri behar dute, kontuan hartuz Ekaiko etorkizuneko hirigintza garapen hipotetikoetatik hurbil dagoela, tramitatzen ari den Longidako Udal Plan Orokor berriak egiazki adierazten duen bezala.

Lekune horretarako proposatzen den antolamenduan Bide Berdea errespetatu eta kualifikatuko da, aisialdirako ibilbide gisa dituen erreferentziak eta elementuak hartan sartuz, baita toki horren jatorrizko erabilerari dagozkionak ere, izan ere, azken finean, horiek dira babestea eragin dutenak.

–Baimentzen ahal diren obrak.

Duten egoeraren arabera kontserbatzeko modukoak izan daitezkeen elementuak zaharberritu, eraberritu eta birgaitzeko obrak baimenduko dira, tximiniarenak, esate baterako; baita oso hondatuak edo lurreratuak egoteagatik zaharberritu ezin daitezkeen eraikinak berreraikitzeko jarduketak ere, arkitektura berri batetik abiatuta.

Zaharberritu edo eraberritzeko esku-hartzeetan, kontserbatzeko modukoak diren eraikinen jatorrizko izaera desitxuratzen duten elementu erantsi edo desegokiak kenduko dira, eta, hortaz, dauden eraikinen eraispen erabateko edo partzialak onartuko dira.

Zaharberritu, eraberritu edo birgaitzeko obrez gainera, erabilera eta jarduera berrien zerbitzura egonen diren eraikin eta instalazio berrien obrak onartuko dira, leku horretarako osoko antolamenduaren esparruan txertatzen badira, inguru horren eraberritzearen ikuspuntutik.

Udal planeamenduarentzako gomendioak.

Udaleko hirigintza planeamendua egitean, gomendatzen da, UPrSan ezarritako oinarrizko babes baldintzak garatzeko, xehatu eta zehaztu ditzala UPrS honetan ezarri diren oinarrizko babes determinazioak, dela udal plan orokorraren esparruan, dela plan berezi baten bidez, eta, posible bada, garapen hori lotuz babestutako lekunearen errekuperazio funtzionalerako osoko proiektu batekin.

Garapen horri esker, bereiz eta zehazki finkatuko lirateke multzoaren eta bere lurralde ingurunearen barreneko instalazio bakoitzaren izaerarentzat eta balioarentzat egokien diren babes baldintzak, baita haiek erabiltzeko baldintzarik egokienak ere, betiere multzo osorako aurkezten ahal den esku-hartze proposamen orokorraren arabera.

13.2.–Agoizko zentral hidroelektrikoa.

–Babes eremua.

Agoizko katastroko 2. poligonoko 468. lurzatia eta Agoizko katastroko 2. poligonoko 116E azpilurzatia.

–Babeserako baldintza orokorrak.

Babesak, eraikinaz gainera, hura kokatzen den lurraren ingurune hurbila ere hartzen du. Esku-hartze guztietan, eraikina ingurumenaren eta paisaiaren aldetik ibaiertzean ongi txertatzea bilatuko da.

–Izan daitezkeen erabilerak.

Erakinaren erabilera egokiak ekipamenduetarakoak dira, zehazki, sozio-kulturalak, batez ere bide berdearen izaera ludikoari lotuak daudenak, edo, bereziki, zentralak trenbidearen zerbitzura egindako funtzio historikoari loturikoak.

–Baimentzen ahal diren obrak.

Zaharberritu, eraberritu edo birgaitzeko obrak onartzen dira –kanpokoak zein barrenekoak–, eraikitako kanpo bolumena, konposizioa eta eraikuntzako elementu aldaezinak kontserbatzeaz gainera, eraikina errekuperatzeko eta erabiltzen hasteko balio dutenak; horiek horrela, dauden baoak errespetatuko dira, nahiz eta gaur egun itsu dauden beste paramentu batzuetan irekitzea onartzen ahal den. Eraberritze lanetan teilatua aldatzea sartzen ahal da, zehazki, estaltzeko materiala.

Eraikina errekuperatzeko esku-hartze guztietan, ingurune hurbila garbitzea eta ibaiaren ibilguarekin egokitzea aurreikusi beharko da.

13.3.–Zangozako biltegia.

–Babes eremua.

Zangozako 2. poligonoko 660. lurzatia.

–Babeserako baldintza orokorrak.

Babesak, eraikinaz gainera, hura kokatzen den lurzatiaren ingurune hurbila ere hartzen du.

–Izan daitezkeen erabilerak.

Erakinaren erabilera egokiak ekipamenduei loturikoak dira, zehazki, erabilera sozio-kulturalak, batez ere bide berdearen izaera ludikoari lotuak daudenak eta lekuneak bidearen erreferentzia gisa eta Done Jakue Bidearekin lotzeko gune gisa duen izaerari lotuak. Ezaugarri horiek ikusita, justifikatu liteke eraikinaren zati bat bizikletak gordetzeko eta alokatzeko biltegi gisa erabiltzea, edo, bestela, Bide Berdearen edo Done Jakue Bidearen trazadurari loturiko erakustoki gisa.

–Baimentzen ahal diren obrak.

Zaharberritu, eraberritu edo birgaitzeko obrak onartzen dira –kanpokoak zein barrenekoak–, eraikitako kanpo bolumena kontserbatzeaz gainera, eraikina errekuperatzeko eta erabiltzen hasteko balio dutenak. Zehazki, egun dauden itxituretan esku hartzen ahalko da, bao berriak irekiz konponbide arkitektoniko bateratu eta integratu baten esparruan.

UPrS honetan ezarritako babesa ez da bateraezina eraikinaren eraispenarekin eta gero berreraikitzearekin Iratiko Bide Berdeari eta/edo Done Jakue Bideari loturiko gune sozio-kultural gisa erabiltzeko.

13.4.–Ledeako geltokia.

–Babes eremua.

Ledeako 1. poligonoko 359. eta 608. lurzatiak eta 99b azpilurzatia.

–Babeserako baldintza orokorrak.

Babesak, eraikinez gainera, haiek kokatzen diren lurzatien ingurune hurbila ere hartzen du, zehazki, lekuneko eraikinen artean dagoen espazioa, trenbidearen kaxari edo korridoreari dagokiona.

–Izan daitezkeen erabilerak.

Erakinaren erabilera egokiak zuzkidurei loturikoak dira, zehazki, erabilera sozio-kulturalak, batez ere bide berdearen izaera ludikoari lotuak daudenak, trenbidearen trazadurari eta historiari lotuak, edo, oro har, Ledeako natur eta/edo kultur ondareari lotuak, izan ere, lekunea errekuperatzeko proiektuak aukera ematen du haien balioa nabarmentzeko. Proposamenak bat etorri beharko du Ledeako Udalak garai batean hartutako ekimenekin.

–Baimentzen ahal diren obrak.

Oro har, zaharberritu, eraberritu edo birgaitzeko obrak onartzen dira –kanpokoak zein barrenekoak–, eraikitako kanpo bolumena kontserbatzeaz gainera, eraikinak errekuperatzeko eta erabiltzen hasteko balio dutenak. Zehazki, egungo itxituretan esku hartzen ahalko da, bao berriak irekiz konponbide arkitektoniko bateratu eta integratu baten esparruan, gutxienez antzinako geralekuaren eta geltoki/etxebizitzaren bolumenei dagokienez, hurbil baitaude.

Antzinako biltegiari dagokionez, ezarritako babesa ez da bateraezina eraikinaren eraispenarekin eta gero berreraikitzearekin eman nahi zaion erabilera berrirako behar dituen ezaugarriekin, betiere erabilera hori emateko beharrezkoa baldin bada.

14. artikulua. Dauden eraikinak eta jarduerak.

1.–Araudi honen 9. artikuluan mugatutako zortasun eremuan legez dauden eraikin eta jarduerak bere horretan uzten ahal dira, tokiko planeamenduko determinazioak deusetan galarazi gabe.

2.–Eraikin horietan egiten diren esku-hartze guztiak eraikuntza eraberritu eta/edo zaharberritzeko izanen dira, eta ezin izanen da eraikitako bolumena handitu. Jarduketa horiek bidearen kokaguneko landa giroa errespetatu beharko dute, inguruetako ingurumen arloko balioak kaltetu gabe.

15. artikulua. Kudeaketa.

Bide berdearen barrenean publikoak ez diren tarteak egokitu eta urbanizatzeko behar diren lurrak eskuratu behar direnean, edo publikoak izan arren, erabilera publikokoak ez badira, behar diren desjabetze espedienteak tramitatu beharko dira.

Udal edo administrazio publiko bakoitzak bere lurralde eremuan bide berderako behar diren lurrak (publikoak ez direnak) desjabetzeko espedientea sustatuko du.

16. artikulua. Jarduketa programa.

Desjabetze espedienteak, gehienez, urtebeteko epean hasi beharko dira, UPrS honek indarra hartzen duenetik hasita.

Gehienez ere bi urte eta erdiko gutxi gorabeherako epea ezartzen da bide berdearen egokitzapen eta urbanizazio proiektuak aurkezteko.

Gehienez ere zortzi urteko gutxi gorabeherako epea ezartzen da bide berdearen egokitzapen eta urbanizazio lanak bukatzeko.

Nolanahi ere, epe horiek luzatzen ahalko dira, arrazoi sozioekonomikoengatik edo egokia izateagatik justifikatuz gero.

Iragarkiaren kodea: F1513217