2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA
Eskumenak delegatzea
Iruñerriko Mankomunitateko Batzar Nagusiak erabaki hau hartu zuen 2015eko urriaren 13an egindako saioan:
1.–Batzar Nagusiarenak diren eskumen hauek Gobernu Batzorde Iraunkorraren esku uztea:
a) Ondasunak bereganatzea, bi ekitalditako edo gehiagoko aurrekontuak baliatu behar badira edo eskumena Mankomunitateko lehendakariari badagokio izan ezik.
b) Ondasunak besterentzea, eskumena Mankomunitateko lehendakariari badagokio edo ondasunaren balioa aurrekontuko ohiko baliabideen ehuneko hogei baino handiagoa bada izan ezik.
c) Ondasunak halako erabilpen edo zerbitzu publiko bati atxikitzea, eta bai kudeaketa elkarteei ere, Garraio Zerbitzuari atxikitako ondasun higigarriak izan ezik.
d) Ondasunak eta zerbitzuak ematea, Mankomunitateko lehendakariaren eskumena bada izan ezik, edo 5 urterako baino gehiagorako eman eta balioa aurrekontuko ohiko baliabideen %20 baino handiagoa bada.
e) Obra eta zerbitzuen proiektuak kontratatzea eta ematea, Mankomunitateko lehendakariaren eskumena bada izan ezik.
f) Beste administrazio publiko batzuekin koordinazio edo lankidetza hitzarmenak onartzea, baldin eta hitzarmenek ez badakarte eskumenak delegatzea edo transferitzea.
g) Finantza edo kreditu eragiketak eta kitapen edo itxarote emakidak onartzea, baldin eta haien zenbatekoak ez badu gainditzen aurrekontuko ohiko baliabideen %10.
h) Delegatutako eskumenak gauzatzeari dagozkion gastuak egitea.
i) Plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda onestea, bai eta lansari osagarrien zenbatekoa eta aldi baterako langileen kopurua eta ezaugarriak finkatzea ere.
j) Mankomunitatearen zerbitzuko langileen bateragarritasuna baimentzea edo ukatzea, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunari buruzko 53/1984 Legean ezarritakoaren arabera.
k) Batzar Nagusiak bere eskumenak erabiliz gauzatutako egintzen aurka jar daitezkeen berraztertzeko errekurtsoak ebaztea.
l) Batzar Nagusiaren eskumeneko erabakiak hartzea, baldin eta Nafarroako Gobernuaren obra eta azpiegiturei buruzko planak osatzen badituzte.
m) Ur horniduraren eta/edo saneamenduaren zerbitzuak ematea baimentzea, Iruñerriko Mankomunitatean sartu gabeko toki erakundeetako lurralde eremuetan uraren ziklo integrala kudeatzeko.
Gobernu Batzorde Iraunkorrak eskumen guztiak baliatuko ditu, haiei berez dagozkien ahalmen guztiekin, agindutako egintzen aurka jar daitezkeen errekurtsoak ebaztea barne hartuta, bai eta Nafarroako Auzitegi Administratiboan edo justizia auzitegietan egintza horien defentsa egitea ere.
2.–Eskumen hauek Mankomunitateko lehendakariaren esku uztea:
a) Egintza judizial eta administratiboak gauzatzea, eta Mankomunitatearen defentsan aritzea eta alegazioak aurkeztea Mankomunitatearen intereseko gaien gaineko prozedura administratiboei dagozkien jendaurreko epeetan.
b) Mankomunitatearen egintzen defentsan txostenak egitea, Nafarroako Auzitegi Administratiboan errekurritzen badira.
c) Hiri garraioaren zerbitzuaren gaineko hainbat alderdi aldatzeko eskumena, hala nola ordutegiak, maiztasunak, geralekuak..., baldin eta aldaketa horiek ez badute ukitzen zerbitzuaren egituraketa nagusia. Erabakitako aldaketaren berri eman beharko zaio Batzorde Iraunkorrari, hark egiten duen aurreneko saioan.
d) Garraio zerbitzuari dagozkion ondasun higigarriak atxikitzea.
Mankomunitateko lehendakariak eskumen guztiak baliatuko ditu, haiei berez dagozkien ahalmen guztiekin, agindutako egintzen aurka jar daitezkeen errekurtsoak ebaztea barne hartuta, bai eta Nafarroako Auzitegi Administratiboan edo justizia auzitegietan egintza horien defentsa egitea ere.
Iruñean, 2015eko urriaren 14an.–Lehendakaria, Aritz Ayesa Blanco.
Iragarkiaren kodea: L1514051