211. ALDIZKARIA - 2015eko urriaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2671/2015 EBAZPENA, urriaren 13koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen zonifikazioa eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi kurtsoena eta departamentu honen menpeko ikastetxe eta programetako plantillak argitaratzen dituena, eta lanpostuak ezabatzeko eta lanpostu ibiltariei atxikitzeko eskaeraren prozedurak eta Nafarroako Foru Komunitateko Maisu-Maistren Kidegoko irakasleen lekualdatze-lehiaketarako deialdian (Hezkuntza Departamentuak 2015-2016 ikasturtean egina) bete beharreko behin-behineko lanpostu hutsak zehazten dituena.

Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak urriaren 8an emandako 2621/2015 Ebazpenaren bidez, autonomia erkidegoen eremuko lekualdatze lehiaketarako dei egin zen Maisu-maistren Kidegoko, Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoko, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoko, Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoko eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen, Irakasleen eta Tailer Maisuen Kidegoko irakasle funtzionarioentzat.

Ebazpen horren laugarren oinarriak honako hau ezartzen du: deialdi honetan beteko diren lanpostu hutsak, hala behin-behinekoak nola behin betikoak, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez zehaztuko dira, eta Hezkuntza Departamentuko Informazio eta Argibide Bulegoan eta departamentuaren web-orrian argitaratuko dira: www.educacion.navarra.es.

Azaldutakoarekin bat, bidezko da Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi kurtsoen zonifikazioa eta departamentu honen menpeko ikastetxe eta programetako plantillak argitaratzea.

Bestalde, beharrezkoa da lanpostuak formalki ezabatzeko eskaeraren prozedura zehaztea, kasuan kasuko plantillan lanpostua aurreikusia ez duten maisu-maistrentzat, baita lanpostu ibiltariei atxikitzeko eskaeraren prozedura ere.

Halaber, bidezko da Nafarroako Foru Komunitateko maisu-maistren kidegoko irakasleen lekualdatze-lehiaketan (Hezkuntza Departamentuak 2015-2016 ikasturtean eginiko deialdian) bete beharreko behin-behineko lanpostu hutsak zehaztea.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak abuztuaren 13an emandako 1/2015 Ebazpenaren bidez eskuordetutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen zonifikazioa eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi kurtsoena ebazpen honen I. eranskin gisa argitaratzea.

Zonifikazio hori urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren 16. eta 17. artikuluetan aurreikusitako egoeretan dauden maisu-maistren kidegoko irakasleek lehentasunezko eskubidea erabil dezaten aplikatuko da, apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Errege dekretu horren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan adierazitako irakasleen kidegoetako funtzionarioen Estatuko lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuak betetzeko beste prozedura batzuk arautu ziren.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako plantillak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi kurtsoetakoak eta beste ikastetxe eta programa batzuetakoak ebazpen honetako II. eranskin gisa argitaratzea; orobat, Nafarroako Foru Komunitateko maisu-maistren kidegoko irakasleen lekualdatze-lehiaketan (Hezkuntza Departamentuak 2015-2016 ikasturtean eginiko deialdian) bete beharreko behin-behineko lanpostu hutsak zehaztea.

Lanpostu hutsen zeinua negatiboa bada, haien ondoriozkoak amortizatu eginen direla esan nahi du; hortaz, ez dute bete beharreko lanpostuen kopurua handituko.

Ebazpen honetan aurreikusitako lanpostu hutsei lekualdatze-lehiaketako deialditik ateratzen direnak gehituko zaizkie. Horiez gain, erretiroengatik, heriotzengatik edo lanpostua gordetzeko eskubiderik ez duten eszedentziengatik sor daitezkeen lanpostu hutsak ere erantsiko dira, 2015eko abenduaren 31 bitarte sortzen badira. Lanpostu horien guztien funtzionamenduak eskola plangintzan aurreikusita egon beharko du.

3. Maisu-maistren kidegoko lehiatzaileek eskatzen ez dituzten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehendabiziko bi kurtsoetarako eskainitako lanpostu hutsak Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko funtzionarioei eskainiko zaizkie; betiere, haien funtzionamenduak eskola plangintzan aurreikusita egon beharko du.

4. Ebazpen honen bidez onetsitako plantillek ez dute lanposturik galtzea ekarriko.

Horrela, onetsitako plantillatik gora gelditzen diren lanpostuak, (+) ikurra daukatenak, amortizatu eginen dira erretiroa, eszedentzia edo lanpostua galtzea dakarren ezabaketa dela-eta, hutsik gelditzen badira lehiaketaren, heriotzaren edo antzeko arrazoien ondorioz.

5. Behin betiko destinoa duten maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioek, baldin eta beren lanpostua onetsitako plantilletan aurreikusia ez badago, beren lanpostua ezabatzeko eskatzen ahalko dute, honako prozeduraren arabera:

a) Kasuan kasuko plantillan aurreikusi ez diren edo murriztu diren lanpostuei atxikiak dauden maisu-maistrek lanpostua ezabatzeko eskaera egiten ahalko diote Giza Baliabideen Zerbitzuari, eta horretarako ebazpen honen III. eranskinean azaltzen den agiria beteko dute. Eskaera hori aurkezteko epea 5 egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Murriztutako lanpostuak baino gehiago badira murriztutako espezialitateko edo hizkuntzako lanpostuei atxikitako maisu-maistra eskatzaileak, hurrengo irizpideak bata bestearen ondoren aplikatzetik ateratzen diren maisu-maistrek jasoko dute ezabaketaren ondorioa:

1.–Behin betiko gisa etengabeko antzinatasun handiena ikastetxean edo eskualdean, lanpostu bereziei atxikitako maisu-maistren kasuan.

2.–Maisu-maistren kidegoan karrerako funtzionario gisa zerbitzuak ematen denbora luzeena.

Abenduaren 30eko 31/1991 Legearen 29. xedapen gehigarriaren arabera kidegoan sartutako langileen kasuan, maisu-maistren kidegoan karrerako funtzionario gisa duten antzinatasunari lan-kontratudun finko gisa egiaztatua dutena gehituko zaio, lehenengo zerbitzu-urtea kenduta.

3.–Antzinatasun handiena kidegoan.

4.–Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran, zerrendan zenbaki txikiena izatea edo puntuazio handiena.

c) Lanpostua ezabatzeak 5 egun balioduneko epearen azken egunean izanen ditu ondorioak, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Hortaz, interesdunek ikasturte honetako lekualdatze-lehiaketan erabiltzen ahalko dute lanpostuak betetzeko araudian aurreikusitako lehentasunezko eskubidea, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 8ko 2621/2015 Ebazpenean ezarritako baldintzekin bat. Ebazpen horren bidez autonomia erkidegoko lekualdatze-lehiaketetarako dei egin zen, kidego hauetako irakasle funtzionarioentzat: Maisu-maistren Kidegoa, Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoa, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoa, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoa, Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoa eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen, Irakasleen eta Tailer-maisuen Kidegoa.

6. Maisu-maistren kidegoko irakasleek behin betiko destinoa ikastetxe bateko lanpostu arruntean baldin badute, plantillan ibiltari gisa ageri dena, lanpostu ibiltari berriari atxikitzea hautatzen ahalko dute, ikastetxean duten antzinatasuna ondorio guztietarako mantenduz, edo, bestela, lanpostua ezabatzea hautatu, aurreko atalean adierazitako baldintzetan.

Lanpostu ibiltariari atxikitzea erabakitzen badute, IV. eranskineko ereduaren araberako eskaera bete eta Giza Baliabideen Zerbitzura igorri beharko dute, 5 egun balioduneko epean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Lanpostu berriko atxikipenak 2016ko irailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Destinoa ikastetxe bati atxikitako lanpostu ibiltarian duten maisu-maistren kidegoko irakasleak, plantillan ikastetxeko lanpostu arrunt gisa ageri badira, ofizioz atxikiko zaizkie ikastetxeko lanpostu arrunt berriari, eta 2016ko irailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

7. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute ebazpen honen eta eranskinen kontra, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta eranskinak Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta web orrian (www.educacion.navarra.es) argitara daitezen agintzea.

9. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Giza Baliabideen Zerbitzuko Deialdien Atalera eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2015eko urriaren 13an.–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Begoña Unzué Vela.

Iragarkiaren kodea: F1513976