Iragarkia
211. ALDIZKARIA - 2015eko urriaren 23a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
6E/2015 FORU AGINDUA, irailaren 28koa, Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilariak emana, “Gizarteratzearen arloko laguntzak pertsonen elikadura beharrei arreta emateko” izeneko diru-laguntzen deialdia onesten duena.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak xedatzen du botere publikoen jarduketek, besteak beste, funtsezko helburu hauek izanen dituztela gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan, autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea, kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea, pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea, eta gizarteak behar sozialak konpontzen parte har dezala bultzatzea, batez ere giza talde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateen bidez.
Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroaren arabera (ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua), gizarteratzearen arloko bermatu gabeko prestazioen artean daude, hain zuzen ere, gizarte-bazterketa egoeran daudenekin lan egiten duten gizarte ekimeneko entitateentzako diru-laguntzak.
Bestalde, ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak, Foru Komunitateko zergadunek gizarte intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzen duenak, %0,7 horretan sartzen den diruaren azken destinoa ezartzen du, jarduerak eta jardueren hartzaileak finkatu eta lehenesten ditu eta Nafarroako Foru Komunitateko GKEei eta irabazi-asmorik gabeko entitateei parte hartzeko eta inplikatzeko aukera ematen die.
Gizarte Politiketako urtarrilaren 21eko 35E/2015 Foru Aginduaren bidez, irabazi-asmorik gabeko entitateentzako diru-laguntzen deialdi bat onetsi zen talde ahulenen gizarteratzearen eta gizarte sustapenaren arloko proiektuetarako. Horren ondorioz, Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiak maiatzaren 11ko 89E/2015 Ebazpena eman zuen, deialdia ebatzi zuena, eta hartan 40.700,43 euro gelditu ziren banatu gabe. 7/2009 Foru Legearen 7. artikuluaren 2. paragrafoak ezartzen du haren 3. artikuluan zehaztutako multzo bakoitzeko kreditua agortu arte behar diren deialdi guztiak egin beharko direla.
Halaber, deialdia PFEZaren %0,7ko Funtsetik ateratako funtsez hornitutako kontu-sail baten bidez finantzatuta dagoenez, Gizarte Ongizateko Kontseiluak aho batez onetsi du, 2015eko maiatzaren 15eko bilkuran, egokia dela funts hori goiburuan aipatutako deialdian erabiltzea, ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak ezarritakoarekin bat.
Arau horietako aurreikuspenek bat etorri behar dute Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legekoekin. Foru lege horretan, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzei dagokien araubide juridiko orokorra ezarri da. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten diru-laguntza eskuratzeko.
Deialdi honen xedea da irabazi-asmorik gabeko entitateei emanen zaizkien diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea, gizartetik baztertuta dauden pertsonak gizarteratzeko jarduketak egin ditzaten haien elikadura beharrak asetzeari helduz.
Deialdiak bide ematen die entitate interesdun guztiei berdintasunez parte har dezaten eta, era berean, bermatzen du diru-laguntzak irizpide objektiboei jarraikiz emanen direla. Irizpide horiek Nafarroako Foru Komunitateak gizarte politikaren esparru orokorrean ezarritako jarraibideen arabera lehenetsiko dira.
Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntza hauek egokiak eta interes publikokoak direla, eta deialdia eta haren oinarri arautzaileak, legezkoak.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari gizarte gaien arloan eta gizarteratze arloan esleitu zaizkion eskumenak erabiltzea Eskubide Sozialetako Departamentuari dagokio, departamentu horren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatuaren arabera.
Horrenbestez, departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. 2015. urtean pertsonen elikadura beharrei arreta emateko, gizarteratzearen arloan ari diren irabazi-asmorik gabeko entitateei diru-laguntzak emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea. Oinarriak foru agindu honen I. eta II. eranskinetan jaso dira.
2. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, 40.700,00 euroko kreditua baimentzen da 2015era luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “PFEZeko %0,7ko funtsa. Diru-laguntzak bazterketa sozialaren eta gutxiengo etnikoak sustatzearen arloetako entitateentzat” izeneko 900003 91600 4819 231504 kontu-sailaren kargura.
3. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
5. Foru agindu hau Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiko Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzuari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalaren Kontabilitate Zentroari, eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegoari igortzea.
Iruñean, 2015eko irailaren 28an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.
I. ERANSKINA
2015. urtean pertsonen elikadura beharrei arreta emateko, gizarteratze proiektuak egiteko diru-laguntzen deialdiaren oinarriak
Lehena.–Xedea eta helburuak.
1. Eskubide Sozialetako Departamentuak diru-laguntzen deialdia egin du irabazi-asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateek, gizarteratze prozesuan dauden pertsonen elikadura beharrak asetzeko asmoz, egiten dituzten gizarteratze proiektuak finantzatzeko.
Bigarrena.–Aurrekontuko diru erabilgarria.
Helburu horretarako 40.700,00 euro bideratu dira, 2015era luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “PFEZeko %0,7ko funtsa. Diru-laguntzak bazterketa sozialaren eta gutxiengo etnikoak sustatzearen arloetako erakundeentzat” izeneko 900003-91600-4819-231504 kontu-sailaren kargura.
Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.
Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen onuraduna izateko, entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Legez eratutako pertsona juridikoak izanen dira, beren izaera juridikoaren arabera, eta, eskabideak aurkezteko epea akabatzean, erregelamenduz dagokien administrazio erregistroan inskribatuta egon beharko dute.
b) Irabazi-asmorik ez izatea.
c) Estatutuetan berariaz jasota izatea deialdiaren xedearekin zerikusia duen eremuko esku-hartze soziala.
d) Sozietatearen helbidea edo haren ordezkaritza iraunkor baten helbidea Nafarroako Foru Komunitatean izatea.
e) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea.
f) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira aipatutako betebehar guztiak, eta diru-laguntza jasotzen duen jarduerak irauten duen bitartean.
Laugarrena.–Proiektuetan bete beharrekoak.
Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Deialdi honetako 1. oinarriko xede eta helburuetarako eta Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluko printzipioetarako egokiak izatea.
b) Jarduerak 2015ean gauzatzea. Ebazpena ematen den eguna hartuko da jardueren hasiera-eguntzat, salbu eta entitate onuradunak lehenagoko bat adierazten badu berariaz, betiere deialdiaren urte naturalaren barnean.
c) 6. oinarrian aipatzen diren zeharkako kostuak, diru-laguntzaren kargura aplikatu eta aurrekontuan sartzen direnak, ezin izanen dira haren %10etik gorakoak izan.
d) Diru-laguntza jaso dezakeen gehieneko kopurua 20.350,00 eurokoa izanen da.
Bosgarrena.–Diru-laguntzen bateragarritasuna.
1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz aparte beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, Estatukoek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.
2. Ematen diren diru-laguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publiko batzuen laguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua.
Seigarrena.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak.
1. Diruz laguntzen ahal diren gastuak dira diru-laguntzaren xedeko jardueraren izaerarekin bat datozenak, behar-beharrezkoak direnak eta deialdiko epean egiten direnak. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
2. Honako kontzeptu hauek jasotzen ahal dituzte diru-laguntzak:
A) Proiektuko jarduerak egiteko beharrezko gastu zuzenak:
a.1) Higiezinen alokairuak eta haiek erabiltzeak ekartzen dituen gastu arruntak. Entitatearen egoitzan egiten diren jardueren kasuan, hura alokatuta badago, kostu zuzentzat soilik egozten ahal da jarduera horren zati proportzionala entitatearen jarduera guztien aldean. Aipatutako gastu arruntak zuzeneko gastu gisa diruz lagundu ahal izateko, jarduera egin beharko da bakar-bakarrik horretarako erabiltzen den lokal batean.
a.2) Jarduera egiteko zuzenean behar diren materialak eta hornidurak.
a.3) Langileria gastuak, haien barnean egonda soldatak, entitatearen kargura diren gizarte aseguruak eta jarduerak koordinatzeaz arduratzen diren langileen beste lan karga batzuk, eta/edo entitate onuradunak jarduerak gauzatzeko izendatutako gainerako langileenak. Entitateko langileek egiten dituzten jardueren kasuan, beste eginkizun eta lan batzuk egiten dituztenean diruz lagundutako jarduerak ekarritakoez aparte, kostu zuzentzat soilik egozten ahal da jarduera horren zati proportzionala langile horiek egiten dituzten jarduketa guztien aldean.
Nolanahi ere, langileria gastuetarako, zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan ematen dituzten profesionalentzat ezarritakoa emanen da gehienez ere diru-laguntza gisa.
a.4) Bidaiak eta dietak. Langileen mugikortasunari lotutako gastuak dira, jarduerak egitearekin lotura zuzena dutenak, betiere gainditu gabe Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian kostu errealaren gainean ezarritako muga. Erabaki horren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enplegatuek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuak (2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa).
a.5) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak. Entitateaz besteko profesional baten kontratazioa da, diruz lagundutako proiektuan jasotzen den jarduera zehatz bat egiteko.
B) Zeharkako gastuak.
Proiektuaren zeharkako kostuengatik diru-laguntzari %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio. Zeharkako gastuak entitate onuradunaren funtzionamenduko gastu arruntak dira, alegia: langile, lokal eta bulegoko materialen gastuak eta bestelako gastu arruntak. Zeharkako gastuen %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.
3. Ez dira inola ere diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat hartuko ekipamendu eta ondasun inbentariagarriak eta eraikuntzarako materiala eskuratzea, ezta protokoloko eta luxuzko gastuak (otorduak, harrerak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, etab.) eta amortizazioak ere.
Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.
1. Entitate eskatzaile bakoitzak diruz laguntzeko eskaera bakarra aurkez dezake.
2. Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
3. Eskaerak Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiaren Erregistroan (González Tablas, 7, 31005 Iruña) aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Jurudikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako tokietan.
Gainera, eskaera ez bada Eskubide Sozialetako Departamentuaren Erregistroan aurkezten, entitate interesdunak egun berean komunikatu beharko dio Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiko Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzuari, telefaxaren bidez (948240108), eskaera igorri duela. Posta bulegoen bidez aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onarpen data eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak agerraraz daitezen. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, telefax baten bidez jakinarazi beharko dio Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiari eskaera igorri duela.
Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.
1. Entitate eskatzaileek Nafarroako Gobernuko eskabide orokorra aurkeztu beharko dute, honako agiri hauekin batera (agiri horiek jatorrizkoak edo notarioaren edo administrazioaren bidez kautotutako fotokopiak izan beharko dute):
A) Entitate eskatzailearen agiriak:
a.1) Entitatearen estatutuak.
a.2) Entitatea erregelamenduz dagokion erregistroan inskribatuta dagoela frogatzen duten ziurtagiriak edo beste frogagiri bat. Entitateak helbide soziala Nafarroatik kanpora baldin badu, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza ireki dela dioen ziurtagiria. Aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahalko da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Ziurtagiri horrek/horiek urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du/dute, deialdi hau argitaratzen den egunean.
a.3) Identifikazio fiskaleko txartela.
a.4) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak luzatua, entitateak, haren administratzaileek eta ordezkariek diru-laguntzen onuradun izateko debekurik urratzen ez dutela dioena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.
a.5) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzaturiko ziurtagiria, eskaera aurkeztu aurretik hilabeteko epean egina beranduenik, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzaren aurrean ezartzen dizkion eginbeharrak eguneraturik dituela.
a.6) Nafarroako Gobernuak eta/edo Espainiako Zerga Agentziak luzatutako ziurtagiria, eskaera aurkeztu aurreko hilabetean egina, frogatzen duena tributu arloko betebeharrak eguneratuak dituela.
a.7) Diru-laguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.
a.8) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko diru-laguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada.
a.9) Hala behar izanez gero, eta 14. oinarrian xedatutakoari dagokionez, diru-laguntzaren helburuak betetzeko diru-funtsak aurretiaz behar direla frogatzeko txostena.
a.10) Nahi izanez gero, entitate eskatzaileek, diru-laguntza eskaerarekin batera, deialdi honen hemezortzigarren oinarrian araututa dagoen gardentasun-betebeharra betetzeko behar den informazioa aurkez dezakete. Informazio hori eskaerarekin batera aurkezten ez badute, diru-laguntza jasotzen duten entitateek hilabeteko epea izanen dute informazio hori aurkezteko, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.
B) Baloraziorako dokumentazioa:
b.1) Proiektuaren memoria inprimaki ofizialean, paperezko euskarrian eta informatikoan. Eredua Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiko bulego nagusietan (González Tablas kalea, 7) eta erakunde beraren webgunean (www.navarra.es, laguntzak eta bekak) eskuratzen ahalko da.
b.2) Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proforma fakturak, aurrekontu profesionalak eta abar), eta programaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi diren bestelako agiriak. Dokumentazio hori guztia memoriaren eranskintzat hartuko da.
2. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituzten agiriak edo administrazio honen esku dauden datuak badira, ez da beharrezkoa izanen a.1), a.2), a.3), a.7) eta a.8) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztea. Kasu horretan, eskatzaileak zilegi izanen du agiri horiek ez aurkeztea, baina idatziz adierazi beharko du noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu zituen, betiere bost urte baino gehiago igaro ez badira espediente hura amaitu zenetik. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat aurkez daiteke, inguruabar hori azaltzeko.
Aurreko paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako, entitateek frogatutako antzinatasuna errespetatuko da, baldin eta pertsonifikatzeko formula juridikoa baizik aldatu ez badute, eta, betiere, alderdi hori entitatearen estatutuetan frogatzen bada.
Bederatzigarrena.–Diru-laguntza emateko prozedura eta instrukzioa.
1. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
2. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta, instrukzio organo gisa, Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzua ariko da. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko betebeharrak betetzen diren, eta eskaerak baloratuko ditu ofizioz, oinarri hauen arabera.
3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, ondotik aipatzen diren kasuetan interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan aurreikusita dagoenari jarraikiz:
a) Eskaeran identifikazio daturik ez agertzea, dela eskatutako diru-laguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.
b) Zortzigarren oinarriaren A ataleko dokumentazioan akatsak edo hutsak izatea.
c) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak (akats aritmetikoak, zehaztasunik eza, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehazkabe horiei aurre egiteko.
d) Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 70. artikuluan aurreikusitako edozein kasu.
Gainerako kasu guztietan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagozkion guztietan, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.
Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.
1. Eskaerak 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera baloratuko dira, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.
2. Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuek gutxienez 50 puntu lortu beharko dituzte. Horietarik 35, gutxienez, II. eranskineko ‘B” atalean.
3. Diru-laguntzaren zenbatekoa eskatu eta onartutako aurrekontuaren %100arekin bat etorriko da.
4. Positiboki baloratzen diren eskaeren zenbateko guztiek aurrekontuetan horretarako aurreikusita dagoen dirua gainditzen badute, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta diru-laguntzak muga horretaraino banatuko dira. Prozedura horren arabera diru-laguntza eskuratzen ahal duen azken proiektuan eskatutakoak gainditzen duenean hura finantzatzeko erabiltzen ahal den zenbatekoa, diru-laguntza ematea proposatuko da haren kontzesioa eraginkorra bada, eta horretarako 11. oinarriko 2. atalean aurreikusitako tramiteari jarraituko zaio.
Hamaikagarrena.–Alegazioen tramitea.
1. Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, interesdunei entzutea emateko tramitea egin daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.
2. Diru-laguntzaren proposamenaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa baldin bada, instrukzio organoak eskaera berregiteko eskatzen ahalko du, xedea eta ezaugarriak errespetaturik, konpromisoak eta baldintzak emanen zaion diru-laguntzara egokitzeko. Aldatutako proiektu horren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta, halakorik badago, hasiera batean antzeko baldintzetan aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino (eskaeran ageri den kofinantzaketa portzentaje bera mantenduko da).
Hamabigarrena.–Prozeduraren ebazpena.
1. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusiari dagokio aurkeztutako eskaerak ebaztea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenen ondorioz.
2. Ebazpen horretan honako hauek agertuko dira: diru-laguntzak zer eskatzaileri esleitu zaizkion, laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea, eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.
Hamahirugarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.
Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duen legedian ezarri bezala jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.
Hamalaugarrena.–Diru-laguntza ordaintzea.
1. Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da diru-laguntza, hau da, ordainketa bakar batean ebazpenarekin batera, irabazi-asmorik gabeko entitateek edo horien federazio, konfederazio edo taldeek aski baliabiderik ez dutenean diruz lagundutako jarduera behin-behinekoz finantzatzeko; betiere, behar bezala frogatu beharko dute.
Horretarako, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioaz gainera, funtsak hornitu beharra frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitateak. Honako hauek erantsiko dira: behar hori frogatzen duen txostena, ordezkariaren ziurtagiri bat, entitatearen titulartasuneko banku kontuak agertzen dituena, bankuko kontuetako uneko saldoak agertzen dituen bankuko ziurtagiri bat –banku elektroniko bidez lortutakoak ere onartuko dira–, eta diruzaintzako fluxuen hileroko aurreikuspen bat, honako hauek zehaztuz: kobrantzak, ordainketak, maileguak eta diru-laguntzaren xedeak betetzeko funts-hornidura frogatzen duen beste edozein ziurtagiri.
2. Ordainketa aurreratua egitea bidezkoa ez den kasuetan, jarduera egin dela justifikatu ondoren ordainduko da diru-laguntza, 15. oinarrian adierazitakoari jarraikiz. Ordainketa partzialak egiten badira, ordainketa proportzionalak izanen dira, behin gastuak eta kofinantzaketa –horrelakorik bada– justifikatu ondoren.
Hamabosgarrena.–Justifikazioa.
1. Entitate onuradunek diruz lagundutako proiektuaren gauzatzeari buruzko txosten teknikoa eta ekonomikoa aurkeztu beharko dute (partziala edo azkenekoa, zer dagokion), inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan. Eredua Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzuan eskura daiteke, edo Nafarroako Atarian (www.navarra.es).
2. Azken txostenak edo txosten partzialak justifikazio-kontuaren itxura izanen du, eta gastua justifikatzen duten agiriekin batera aurkeztuko da. Hurrengo alderdi hauek jasoko ditu:
a) Tarteko ordainketak egiteko txosten partzialak:
a.1) Proiektuaren bilakaerari buruzko tarteko txosten laburra, ezarritako ereduaren araberakoa, kronograma batean diruz lagundutako jardueren exekuzioa adieraziz, finkatutako helburuen (orduak, prezioa, parte-hartzaile kopurua, etab.) eta gastatutako diru kopuruaren arabera. Tarteko txosten horiek aurkezturik ere, programaren memoriak osorik aurkeztu beharko dira hura bukatutakoan.
Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzuak proiektuaren bilakaerari buruzko txosten bat aurkezteko eskatzen ahalko du, ekitaldiko edozein unetan, diruz lagundutako jarduerak zenbateraino gauzatu diren azalduko duena.
a.2) Diru-laguntzaren xedeko proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda, honako hauek zehaztuta: agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, igorri zeneko data, zenbatekoa eta egiazki noiz pagatu den. Zerrenda horrekin batera, gastuaren eta ordainketaren frogagiriak aurkeztuko dira (jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak). Egiaztagiri gisa, banku laburpenak, gordekinak eta fakturak onartuko dira bakar-bakarrik. Horietan, honako hauek adierazi beharko dira: jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua, fakturazio betebeharrak arautzeko Erregelamendua onetsi zuen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Jatorrizko fakturei zigilua jarriko zaie, hartutako diru-laguntza justifikatzeko Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusian aurkeztu izanaren adierazgarri.
a.3) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzaturiko ziurtagiria, eskaera aurkeztu aurretik hilabeteko epean egina beranduenik, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzaren aurrean ezartzen dizkion eginbeharrak eguneraturik dituela.
a.4) Diru-laguntzaren bidez finantzaturiko langileen lan-kontratuak eta dagokien ikasketa tituluak, aurkeztutako proiektuaren arabera, betiere Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzuak ez baditu.
b) Azken txostena, ereduaren araberakoa, proiektua bukatu ondoan:
b.1) Txosten teknikoa proiektuaren betetze mailari buruz, eredu ofizialaren araberakoa, lorturiko helburuak eta emaitzak eta eginiko jarduerak zehaztuko dituena gutxienez; horri guztiari egiaztatze-bideak erantsiko zaizkio.
b.2) Proiektuaren diru-sarreren eta gastuen balantzea, kontzeptuen arabera sailkaturik.
b.3) Diruz lagundutako proiektuaren justifikazio ekonomikoa, hurrengo ordainketak egiteko oinarri honen 2.a) atalean ezarri diren baldintzetan.
b.4) Onetsitako aurrekontua eta gauzatutakoa erkatzen dituen taula, desbideratu dena adierazita.
b.5) Entitateko arduradunak sinatutako ziurtagiria, non frogatzen baita jarduera garatzeko diru-sarrerek ez dituztela gastuak gainditu.
b.6) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzizko, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo martxa onaren berri emateko.
3. Jarduerak, diru-laguntzaz gain, funts berekiekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatu direnean, azken justifikazioan –edo justifikazio partzialetan, hala balegokio– diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela. Hala ez bada, ordaindutako zati proportzionala itzuli beharko da.
4. Diru-laguntzaren azken ordainketarako eskubidea ematen duen azken txosten partziala aurkezteko mugaeguna 2015eko abenduaren 31 izanen da.
5. Azken txostena, beranduenez, 2016ko urtarrilaren 31n aurkeztu beharko da, egun hori barne.
6. Justifikatutako gastua ez bada iristen aldez aurretik edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, bidezko izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako Departamentuaren alde, aldez aurretik edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe diru-laguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera horren bidez entitateak adieraziko du itzuli duen zenbatekoari uko egiten diola.
Entitate onuradunak organo kudeatzaileari eskatuko dion ordainketa-gutunaren bidez eginen da diru-sarrera.
Hamaseigarrena.–Hornitzaileak hautatzea eta azpikontratatzea.
1. Entitate onuradunak hirugarrenekin kontratatzen ahalko du diru-laguntzaren xede den jardueraren betetze partziala; horretarako, diruz lagundutako aurrekontuaren %50 erabiltzen ahalko du gehienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Onuradunak berak egiten badu diru-laguntza jasotzen duen jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo geldituko da.
2. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako portzentajeekin eta zehaztapenekin bat, azpikontratazioa egitean, gehienbat desgaitasuna duten langileek edo bazterketa egoeran daudenek osatutako enpresei edo entitateei emanen diete lehentasuna entitate onuradunek, betiere entitate horiek egin ditzaketen prestazio edo jarduerak badira, nolakoak diren ikusita. Entitate onuradunak ez badu lehentasun hori aplikatzen, arrazoibidez justifikatu beharko du diru-laguntza kudeatzen duen zerbitzuan.
3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, diruz lagundutako gastuak laguntzako edo aholkularitzako enpresek zerbitzuak egiteko erabiltzen direnean eta 12.000 eurotik gorakoak direnean, hura eman zuen organoaren aurrean frogatu behar dute hornitzailea efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak erabiliz hautatu dela. Horretarako, xede hori betetzeko gaitasuna duten hiru enpresari galdetu eta haiekin negoziatu beharko dituzte kontratuaren baldintzak, eta hura sinatu beharko dute eskaintzarik onuragarriena egiten duenarekin. Kontsulta-tramiteak eta eskaintzak gorde egin beharko ditu entitate onuradunak. Kontu horiek agiri bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.
4. Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, diru-laguntza jaso dezaketen gastuen ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean.
Hamazazpigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.
Proiektu jakin baterako diru-laguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Diru-laguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak deialdi honetako oinarri arautzaileen, baldintzen eta betebehar formal eta materialen arabera gauzatzea, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea. Gauzatze horrek, betiere, proiektua osatzen duten jarduerak kudeatu eta gidatzea hartzen du bere baitan, baita beharrezkoak diren baliabideak jartzea ere.
b) Oinarri arautzaileotan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.
c) Diruz lagundutako entitateek proiektuen zabalkundean eta publizitatean diru-laguntza nork eman duen adierazi beharko dute, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat. Entitateek foru agindu horren 2. artikuluaren baldintza orokorrak eta 4.1 b) artikuluaren berariazko baldintzak bete beharko dituzte.
d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.
e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.
f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.
g) Justifikazio kontuak aurkeztea ezarritako ereduaren arabera.
h) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
i) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legedian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.
j) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.
k) Gizarte Politiketako Departamentuaren baimena eskatu eta eskuratzea diruz lagundutako proiektuan funtsezko aldaketak egiteko, proiektua gauzatzea nabarmen aldatzen edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen direnean. Funtsezko aldaketatzat jotzeko, honako hauetan izan beharko du eragina: helburuetan, emaitzetan, onura hartzen duen populazioan, lurralde kokapenean, edo, hasierako aurrekontuarekin alderaturik, diru-laguntza jaso dezakeen gastu bakoitzaren %5eko desbideratze ekonomikoa. Proiektua aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira, betiere, diruz lagundutako proiektua gauzatzeko epea bukatu baino lehen. Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak, administrazioak onartu ala ez, diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da. Proiektua gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketa ez-funtsezkoak arrazoituta adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari justifikazioko txosten partzialean edo azken txostenean, barnean dela Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.
Hemezortzigarrena.–Gardentasunerako betebeharrak.
Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasunerako betebeharra bete beharko dute Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:
a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.
b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasunari lotutako betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Eskabidearekin batera borondatez aurkeztu ez bada, informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo argitaratzen den egunetik hasita, argitaratuz gero.
Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko deklarazio bat aurkeztu beharko du.
Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez-betetze kasuetan, onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, aurrerakinak barne, eta, hala badagokio, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hemeretzigarrena.–Ez-betetzeak.
1. Proiektua burutu ezik edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak bete ezik, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdian berariaz aipatzen diren betebeharrak bete ezik, hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorrarazitako berandutze interesak ordaintzeko eskatzea.
2. Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete ez diren ikusita.
3. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honako hauen arabera:
–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.
–Aurretik baimen administratiboa eduki gabe eginiko aldaketen zenbatekoa eta munta.
–Txostenak epetik kanpo aurkezten direnean, zenbat egun iragan diren.
4. Aurreko ataletan xedatutakoa gorabehera, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari. Itzulketa eskatzeko prozedura 12 hilabeteko epean ebatziko da, hasten denetik kontatuta.
Hogeigarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.
1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
2. Ebazpen espresaren edo ustezkoaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoaren arabera.
Hogeita batgarrena.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaileotan ezarritakoaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere aplikatuko dira.
II. ERANSKINA
Gizarteratze proiektuak baloratzeko irizpideak
A. EGOKITASUN INSTITUZIONALA (%20) | (20,00 puntu). |
a.1. Oinarri soziala eta ezarpena Nafarroan | (3,00 puntu gehienez) |
a.1.1. Jarduera urteak, erregistroko inskripzioaren arabera (0,10 urteko) | (puntu 1,00 gehienez) |
a.1.2. Bazkide kopurua, eskala honen arabera >300 50etik 300era arte < 50 Fundazioen kasuan | (puntu 1,00 gehienez) puntu 1,00 0,50 puntu 0,00 puntu 0,50 puntu |
a.1.3. Elkarteko zuzendaritza edo ardura karguetan dagoen emakume kopurua, eskala honen arabera %50 eta hortik gora %20tik gora eta %50etik behera < %20 | (puntu 1,00 gehienez) puntu 1,00 0,50 puntu 0,00 puntu |
a.2. Gaitasun finantzarioa | (7,00 puntu gehienez) |
a.2.1. Aurreko urteko emaitza ekonomikoen azterketa (diru-sarreren eta gastuen arteko aldea) Superabita (Diru-sarr.> Gast.) Oreka (Diru-sarr. = Gast.) Defizita %10etik beherakoa [(Diru-sarr.- Gast.)/Gast. < -%10] Defizita %10etik gorakoa | (3,00 puntu gehienez) 3,00 puntu 2,00 puntu 1,00 puntu 0,00 puntu |
a.2.2. Finantza-iturrien azterketa –Finantzabide pribaturik bada, eskala honen arabera > %30 > %15 Gainerakoak –Finantza-iturri asko badaude, eskala honen arabera > 4 finantza-iturri > 2 finantza-iturri Gainerakoak | (4,00 puntu gehienez) (2,00 puntu gehienez) 2,00 puntu 1,00 puntu 0,00 puntu (2,00 puntu gehienez) 2,00 puntu 1,00 puntu 0,00 puntu |
a.3. Gaitasun operatiboa eta esperientzia gizarteratze-lanaren arloan | (10 puntu gehienez) |
a.3.1. Azkeneko 4 urteotan gizarteratzearen arloan egindako jarduera-proiektuen kopurua (0,5 puntu proiektu bakoitzeko; 0,0 puntu, proiekturik ez bada) | (2,00 puntu gehienez) |
a.3.2. Azpiegituren azterketa –Lokal propioak baldin baditu –Lokal publikoak erregulartasunez erabiltzen baditu –Oinarrizko ekipamendua badu | (2,00 puntu gehienez) puntu 1,00 puntu 0,75 puntu 1,00 |
a.3.3. Entitateak kontratatzen dituen pertsonengatik (0.5 lanaldi osoko kontratu bakoitzeko; lanaldia laburragoa bada, proportzioan dagokiona) | (2,00 puntu gehienez) |
a.3.4. Prestakuntzako praktiketan ari direnak | (2,00 puntu gehienez) |
a.3.5. Auditoretza soziala egiten dute edo kalitate sistema homologatua dute | (2,00 puntu gehienez) |
B. PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA (%80). | (80,00 puntu). |
b.1. Honako hauen arteko koherentzia: oinarriak, helburuak, jarduerak eta lortu beharreko emaitzak | (25,00 puntu gehienez) |
b.1.1. Oinarria eta jarduteko eremua Guztiz koherentea da Bi alderdietako batean bakarrik dago koherentzia Inkoherentea da, edo oso gutxi zehaztuta dago | (7,00 puntu gehienez) 7,00 puntu 3,00 puntu 0,00 puntu |
b.1.2. Helburuak Guztiz koherenteak dira, eta ongi zehaztuta daude Inkoherenteak dira, edo oso gutxi zehaztuta daude Ez dira bete | (5,00 puntu gehienez) 5,00 puntu 2,00 puntu 0,00 puntu |
b.1.3. Jardueren deskribapena Zehatz deskribatuak Hala-hola. Ez daude zehatz deskribatuta Ez dira bete | (5,00 puntu gehienez) 5,00 puntu 2,00 puntu 0,00 puntu |
b.1.4. Espero ziren emaitzak Zehatz deskribatuak Hala-hola. Ez daude zehatz deskribatuta Ez dira bete | (5,00 puntu gehienez) 5,00 puntu 2,00 puntu 0,00 puntu |
b.1.5. Jardueren egutegia Zehatz deskribatua Hala-hola. Ez dago zehatz deskribatuta Ez da bete | (3,00 puntu gehienez) puntu 3,00 2,00 puntu 0,00 puntu |
b.2. Ebaluazioaren azterketa (adierazleak, egiaztatzeko iturriak, ebaluazio eta jarraipen prozesua) | (8,00 puntu gehienez) |
b.2.1. Adierazleak Egokia Hala-holakoa Desegokia | (3,00 puntu gehienez) 3,00 puntu 1,50 puntu 0,00 puntu |
b.2.2. Egiaztapen-iturriak Egokia Hala-holakoa Desegokia | (3,00 puntu gehienez) 3,00 puntu 1,50 puntu 0,00 puntu |
b.2.3. Ebaluazio eta jarraipen prozesu bat izatea Egokia Hala-holakoa Desegokia | (2,00 puntu gehienez) 2,00 puntu 1,00 puntu 0,00 puntu |
b.3. Giza baliabideen eta baliabide material eta ekonomikoen azterketa | (15,00 puntu gehienez) |
b.3.1. Giza baliabideen egokitasuna Egokia Hala-holakoa Desegokia | (3,00 puntu gehienez) 3,00 puntu 1,50 puntu 0,00 puntu |
b.3.2. Boluntarioak izatea Egokia Hala-holakoa Desegokia | (2,50 puntu gehienez) 2,50 puntu 1,00 puntu 0,00 puntu |
b.3.3. Baliabide teknikoen egokitasuna Egokia Hala-holakoa Desegokia | (2,50 puntu gehienez) 2,50 puntu 1,00 puntu 0,00 puntu |
b.3.4. Aurrekontuaren xehakatze zuzena Egokia Hala-holakoa Desegokia | (4,50 puntu gehienez) 4,50 puntu 2,00 puntu 0,00 puntu |
b.3.5. Kofinantzaketa izatea, eskala honen arabera NGtik kanpoko ekarpena > %10 NGtik kanpoko ekarpena %10eraino Ez dago NGtik kanpoko ekarpenik | (2,50 puntu gehienez) 2,50 puntu 1,00 puntu 0,00 puntu |
b.4. Aurkeztutako proiektuak beste entitateekin eta baliabide sozialekin duen bateragarritasuna eta koordinazioa aztertzea | (10,00 puntu gehienez) |
b.4.1. Lehen Laguntzako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin eta/edo auzo unitateekin aldian aldiko koordinazio-egitura planteatzen du Egokia Hala-holakoa Desegokia edo ez dago halakorik | (5,00 puntu gehienez) 5,00 puntu 2,00 puntu 0,00 puntu |
b.4.2. Entitate eskatzailearen antzeko ezaugarriak dituzten entitateekin aldian aldiko koordinazio-egitura planteatzen du Egokia Hala-holakoa Desegokia edo ez dago halakorik | (5,00 puntu gehienez) 5,00 puntu 2,00 puntu 0,00 puntu |
b.4.3. Nor bere aldetik aritzen da, edo ez da inolako koordinazio sistemarik aipatzen | (0 puntu) |
b.5. Pertsona onuradunen parte-hartzearen azterketa | (12,00 puntu gehienez) |
b.5.1. Profilaren analisia eta zenbatespen kuantitatiboa Egokia Hala-holakoa Desegokia | (4,00 puntu gehienez) 4,00 puntu 1,75 puntu 0,00 puntu |
b.5.2. Pertsonen sarbiderako erabilitako prozedura Batez ere Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen eta Auzo Unitateen bidez Batez ere Gizarte Ekimeneko Entitateen bidez Ez dago halakorik | (4,00 puntu gehienez) 4,00 puntu 1,75 puntu 0,00 puntu |
b.5.3. Proiektuaren onuradun diren pertsonek parte hartzeko bideak izatea (akordio idatziak, gogobetetasun inkestak,...) Baditu Ez ditu | (4,00 puntu gehienez) 4,00 puntu 0,00 puntu |
b.6. Aurreko urteko jardueren jarraipenaren azterketa, baita haien eraginkortasunarena ere | (10,00 puntu gehienez) |
b.6.1. Proiektuaren jarraipena Proiektu berak Gizarte Politiketako Departamentuaren diru-laguntzarik jaso badu aurreko urteko deialdian, eta egoki gauzatu dela irizten bada Proiektu berak Gizarte Politiketako Departamentuaren aurreko urteko deialdiko diru-laguntzarik jaso ez badu, baina hala ere egin egin dela egiaztatu bada Ez da ageri aurreko urtean egin denik | (5,00 puntu gehienez) (5,00 puntu). (2,50 puntu). (0,00 puntu). |
b.6.2. Proiektuak joan den urtean izandako eraginkortasuna (aurreikusiaren eta gauzatuaren arteko balantzea) %90 eta gehiago %60tik gora eta %90etik behera %40tik gora eta %60tik behera <40% | (5,00 puntu gehienez) (5,00 puntu) (2,00 puntu) (1,00 puntu) (0,00 puntu) |
Iragarkiaren kodea: F1513389
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
