1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
75E/2015 EBAZPENA, irailaren 29koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Alesbesko Udalak sustatutako Alesbesko Hirigintzako Udal Planari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B)1 atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.
Alesbesko Udal Plan Orokorraren Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Eredua aurkeztearekin batera hasi zen. Horri buruzko txostena eman zen 2012ko apirilaren 17an. Txosten horretan, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi zuen zer alderdi hartu behar den kontuan ingurumenaren aldetik Hirigintzako Udal Plana eta hari dagokion Ingurumen ondorioen azterlana prestatzean.
Ondoren, 2014ko uztailaren 18an aldeko txostena egin zen Hirigintzako Planaren Ingurumen ondorioen azterlanaren nahikotasunari buruz, eta 2014ko azaroaren 12an egin bilkuran Alesbesko Udalak Hirigintzako Udal Plana onetsi zuen hasiera batean. Planeko dokumentazio osoa jendaurrean paratu zen 2014ko 241. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, abenduaren 11n. Dokumentazio horretan, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren txostenean eskatutako puntuak sartu ziren.
Hirigintzako Udal Planaren eta Ingurumen ondorioen azterlanaren deskribapena eranskinean dago.
Hiri ereduari dagokionez, lurraldearen baldintza nagusiak dira mendebaldeko mugan herrigunearen inguruan dauden uholde arriskuak. Alde horretatik, 2010eko “Arga eta Aragoi ibaien elkargunean uholdeen aurrean defendatzeko eta ibaiak lehengoratzeko alternatiben azterlana” abiapuntu hartuta, Uraren Zerbitzuak txostena egin zuen 2012ko maiatzaren 4an Alesbesko Lurraldea Antolatzeko Estrategia eta Ereduari buruz, eta adierazi uholde arrisku handia zegoela La Pinilla alderdian eta hori bateraezina zela bizitegitarako eremu bat sektore horretan kokatzearekin (SU-R1 sektorea). Hirigintzako Planean garatutako azken proposamenak eremu hori kendu zuen, eta herriguneko ekialdera eraman. Uraren Zerbitzuak proposamen horren aldeko txostena eman zuen 2015eko irailaren 8an.
Horrenbestez, herrigunea zabaltzeak ez du ingurumeneko ukipen nabarmenik ekartzen, nekazaritzako lurretan eta hiriaren inguruko lekuetan planteatzen baita. Izan ere, bertan ez da balio natural, ingurumeneko eta/edo kultural nabarmenik identifikatu.
Industriako lurzoruaren aurreikuspenei dagokienez, ez da beharrezkotzat jotzen eremu berririk gehitzea. Azalera SE-1 sektorean (Nava Las Eras) baino ez da handitzen, bizitegitarako eremuaren ondoan, jarraipena emateko herriguneko ekialdetik NA-660 errepidearekin bat egin arte pasatzen den ingurubideari. Nabe eta instalazio sakabanatuak dituzten lurgorrietan eta lur andeatuetan planteatzen da zabaltze hori. Sektore hori garatzeko, 13. zenbakiko abelbide adarreko azken tartean ukitutako azalerak lehengoratzea tramitatuko da, Biodibertsitatearen Zerbitzuak ezartzen dituen baldintzen arabera.
Hornidura, euri-uren hustuketa eta saneamendua egiteko sistemen nahikotasunari dagokionez, memorian adierazten da egungo sistemak nahikoak direla hirigintzako aurreikuspenei erantzuteko. Zaratari lotuta, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluan ezartzen den bezala, udalerriko zonifikazio akustikoa sartu da, eta bizitegitarako eremuak, industriakoak, hirugarren sektorekoak, osasun eta irakaskuntza arlokoak eta garraio azpiegiturakoak identifikatu dira.
Landa lurzorua sailkatzeko proposamena egokitzen da ingurumenaren, naturaren, kulturaren, nekazaritzaren, oihanaren eta paisaiaren egungo balioetara. Baratze tradizionaletarako eremua mugatzeko proposamenari dagokionez, Uraren Zerbitzuak 2015eko irailaren 8an egin txostenean jasota daude bete beharreko baldintzak eraikuntza horiek baimena eskuratzeko moduan egon daitezen uholde arriskuaren ikuspuntutik, eta gomendatzen da ibilgutik urrunen dauden eremuetan kokatzea.
Espedientean, Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atalaren 2012ko apirilaren 4ko txostena, Uraren Zerbitzuaren 2012ko maiatzaren 4ko eta 2015eko irailaren 8koak, eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren 2012ko otsailaren 15ekoa daude jasota.
Agiri guztiak azterturik, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak Alesbesko Hirigintzako Udal Planaren aldeko txostena eman du, zenbait baldintza ezarrita.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea Alesbesko Hirigintzako Udal Planaren alde, Alesbesko Udalak sustaturik.
2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau ematen da baldin determinazio hauek betetzen badira:
a) Lurzoru urbanizaezina eta erabileren araubidea:
–Badina Escudera izeneko BILeko mugaketa zuzentzea, honako hauetan eskura dagoen informazioa abiapuntutzat hartuta: http://idena.navarra.es/Portal/Descargar?lang=eu, Ingurumena eta Biodibertsitatea, Natura 2000 Sarea.
–El Romeral alderdian, Iratxeta eta Estanca bazkalekuetan eta Balsa de Morante alderdiaren inguruan, udalerriko ekialdean, pinuen, sastraken eta alorren mugaketa zuzendu behar da.
–195. artikuluko 2. paragrafoa kentzea, abeltzaintza intentsiboko eta abeltegietako eraikuntzari buruzkoa. Izan ere, ez da egokitzen alor horretan indarra duen araudira: azaroaren 6ko 76/2006 Foru Dekretua, zeinek aldatu baitzuen Abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretua.
b) Industriako lurzoru urbanizagarria:
–Alesves II eta Españuelas industrialdeetan, urbanizatu beharreko azalerak 10 hektareatik gorakoak direnez eta LAP 5eko irizpideak aplikatuz, garapenerako baliabideen artean drainatze jasangarria egiteko sistemak erantsi behar dira, gainazaleko isurketa-urik ez sortzeko eta urbanizazioak ukitutako eremuan aurreko hidrologia ahal den gutxien aldatzeko. Horretarako, behar-beharrezkoa den aldeetan soilik iragazgaiztuko da lurzorua, eta euri ura iragazten duten egitura eta materialak erabiliko dira, batez ere landaredunak.
–Nava Las Eras SE-1 industria sektorea garatu baino lehen, 13. zenbakiko abelbide adarrak ukitutako gainazala lehengoratzea tramitatuko da, eta horretarako Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren aldeko txostena beharko da.
c) Aisialdirako etxolek eta lanabesen etxolek, LAP 5eko PN8 eranskinean ezarritako baldintzak betetzeaz gain, baimenak eskuratuko dituzte baldin eta perimetroko hesiak, kasua bada, ura libreki pasatzen uzten badu eta ez badu oztoporik jartzen uholde garaietan. Debeku dira soilik obrakoak diren itxiturak.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Alesbesko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2015eko irailaren 29an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
ERANSKINA
Hirigintzako Udal Planaren
eta Ingurumen ondorioen azterlanaren laburpena
Alesbesko Hirigintzako Udal Planean egindako azterketak, diagnostikoak eta proposamenek udal mugape osoa ukitzen dute, hau da, 46,8 km².
Alesbesko Hirigintzako Udal Planak funtsezko helburu hauek ditu: lurraldeak ematen dituen aukerei balioa ematea, LAP 5eko irizpideak aplikatuz, udalerrian naturaren eta kulturaren aldetik dauden balioak identifikatu eta babestea, bizitegitarako, ekipamendurako eta jarduera ekonomikoetarako lurzorurako beharrak asetzea, baita herritarren zerbitzurako sistema orokorren aurreikuspena ere. Planean garatutako proposamenak helburu horiei erantzun gogo die, udalerri osoa ukitzen duten azterketa eta diagnostikoa abiapuntua izanik.
Lurraldea okupatzeko eredu honetan, herrigune bat zehazten da jatorrizko hiriaren inguruan, eta zabalgune periferikoak daude iparraldean eta hegoaldean, Aragoi ibaiaren uholde arriskuak mugatuak. Badago, halaber, beste zabalgune bat hego-ekialdean, udalerria zeharkatzen duten bide eta trenbide azpiegiturek bereizita, fisikoki eta funtzionalki. Gainerako lurraldean ureztalurrak daude, eta lurraldeko azpiegitura handiek zeharkatzen dute.
Alesbesko herria igeltsu-tolestura baten gainean dago kokatuta, ziri itxurarekin. Igeltsu horiek irtengune morfologiko bat osatzen dute uholde lautadaren gainetik. Hartara, babesturik dago, modu naturalean, Aragoi ibaian aldian behin sortzen diren uholdeetatik.
Honako hauek dira Planaren hirigintzako proposamenak:
–Bizitegitarako lurzoruaren hiru sektore: bat alde zaharretik hegoaldera (SR-3), eta beste biak El Palomar bidearen inguruan (SR-4 eta SR-5).
–Jarduera ekonomikoetarako lurzoruari dagokionez, Lurraldea Antolatzeko Estrategia eta Ereduan jasotako aurreikuspenak berrikusi dira, eta iritzi da ez dela egokia eremu berririk aurreikustea. Alesves I eta II industrialdeak finkatzen dira, baita bizitegitarako zabalgunearen ondoan ipar-ekialdean dagoen eremua (Nava Las Eras alderdia) eta Españuelas eta El Plano alderdietako industria guneak ere.
Alesbesko herria garraiorako azpiegituren inguruan garatu da (hala nola trenbidea eta NA-660 errepidea). Biak sartuta daude hiri-bilbean. Planean antolamendu irizpide eta neurri egokiak hartu dira Zaragoza-Altsasu trenbideak herrigunean ekarritako zatiketa apaltzeko eta NA-660 errepidea etorbide bihur ez dadin. Horretarako, lurzoru urbanizaezina gorde da, etorkizunean ingurubide bat egiteko.
Ingurumen ondorioen azterlanean jasotzen den bezala, azpiegitura horiek dira asotsen sortzaile nagusiak. Planean ez da neurri zehatzik hartu balizko hots ukipenei dagokienez, finkatutako hiri eremuak baitira eta proposamen berriak azpiegitura horietatik urrun gelditzen dira. Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezarri bezala, udalerriko hots zonifikazioa erantsi da.
Udal mugapearen gainerako aldeetarako, landalurraren antolamenduari heltzen zaio lurra babestu eta gorde beharreko lurzoruaren kategorian sartuz eta haren erabileren araubideari jarraituz, Ingurumen ondorioen azterlanak biltzen duen aldez aurreko azterketatik abiatuta; azterketa horrek ekartzen ditu udalerriko ingurune fisikoaren datuak (klima, geologia, edafologia, hidrologia...) eta udalerriko natur balioen gainekoak. Sailkapen hori bateragarria da egungo balioekin:
–Udalerrian azalera handia ureztalurrerako erabiltzeak ekarri du ingurumenaren aldetik baliorik handiena duten eremuak lotuta egotea Arga eta Aragoi ibaien sistemari eta Badina Escudera hezegune endorreikoari. Ingurumeneko balioaren azpikategorian, honako hauek biltzen dira: Arga eta Aragoi ibaien erdiko tarteetako BILa, Badina Escudera BILa, ibai aldea, sastrakak eta basoberritzeko pinudiak (interesgarriak dira lurzorua babesten dutelako). Gainera, babes bereziko eremu gisa, Aragoi eta Arga ibaien elkargunearen interes geologiko bereziko tokia erantsi da, haren geomorfologiak eta paisaiak dituzten balioengatik.
–Udalerriaren gainerakoa, nekazaritzako produkziorako erabilia, ustiatze naturalerako balioa duen lurzorutzat hartzen da, eta intereseko zenbait elementu biltzen dira bertan: zuhaitz bereziak, ureztalurretan sakabanatuak, eta baratze tradizionaleko eremu bat, El Campillo, Vergel eta Arrudal alderdietan, urak aldian behin hartzen dituen lurretan (arrisku handiko, ertaineko eta txikikoak).
–Urak har ditzakeen eremuak eta dauden arriskuak planeamenduan sartu dira, 2010eko Arga eta Aragoi ibaien elkargunean uholdeen aurrean defendatzeko eta ibaiak lehengoratzeko alternatiben azterlaneko informaziotik abiatuta.
–Udalerriko kultur ondarearen artean aztarnategi arkeologikoak eta abelbideak daude: 5. zeharbidea, 9. iraganbidea, 13. adarra, Casanueva adarra, Camino de Cabañera adarra eta Casilla del Guarda adarra. Abelbide horietako batzuk udalerrian oinezkoentzat eta txirrindularientzat interesgarriak diren ibilbideen sarearen parte izatera pasa dira.
Planeko proposamenak aztertuta, Ingurumen ondorioen azterlanak ondorioztatu du ingurumeneko ukipenak bateragarriak direla, eta zenbait neurri erantsi ditu, dela prebentziorako dela zuzenketa egiteko. Neurri horien artean, batzuk hartuak daude Hirigintzako Udal Plana prestatzeko prozesuan. Hartara, arreta berezia emanen zaie plana garatzeko faseetan aplikatu beharreko neurri zuzentzaileei.
Iragarkiaren kodea: F1513407