210. ALDIZKARIA - 2015eko urriaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Eguesibarko Udalaren Hirigintza Planaren eraikuntza eta hirigintza arautzen dituen ordenantzaren aldaketa behin betiko onartzea, pixatoki kopurua eskatu beharraz eta saltokien sailkapenaz

Idazki honen bidez aditzera ematen da 2015eko maiatzaren 7ko Osoko Bilkurak hasiera batez onartu zuela Udalaren Hirigintza Planaren eraikuntza arautzen duen ordenantzaren aldaketa, pixatoki kopurua eskatu beharraz eta saltokien sailkapenaz. Jendaurrean jartzeko izapidea abiatzen duen iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialaren, 2015eko ekainaren 3koaren, 120. zenbakian agertu zen, eta, geroago, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren, 2015eko irailaren 2koaren, 173. zenbakian argitaratu zen beste batek zuzendu zuen hura.

Legeak eskatzen duen jendaurreko jakinarazpenaren izapidea bete ondoren, epe horretan alegaziorik edo erreklamaziorik aurkeztu ez denez, hasierako onespena behin betikoa da jada, betiere Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen, uztailaren 2koaren, 325. artikuluak xedatutakoari jarraikiz eta, aldi berean, Nafarroako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Legearen, abenduaren 20karen, 64. artikulua ere kontuan harturik. Era berean, aldaketaren edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara.

Onespen hura eginik, hona hemen Udalaren Hirigintza Planaren eraikuntza eta hirigintza arautzen dituen ordenantzaren 25. eta 27. artikuluen testua:

25. artikulua. Sailkapena.

Ordenantza hauek ezartzeko, eta merkataritza erabilerari eragiten ahal dioten bizigarritasun baldintzak kontuan harturik, honako kategoria hauek xedatu dira, eraikitako azaleraren arabera:

1.–Bostehun metro karratu arteko lokalak.

2.–Bostehun metro karratutik gorako lokalak.

3.–Bi mila bostehun metro karratutik gorako saltoki-guneak.

27. artikulua. Lokalaren kategoriaren araberako baldintza partikularrak.

1.–Lehen kategoriako lokalek (eraikitako 500 m² arteko azalera) honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Aurreko baldintzan baimendutako sarbidea ez den beste bat izan beharko dute.

–Jendearendako komuna izan beharko dute, erabilerak hala eskatzen badu, konketa eta komun-ontzia dituena.

2.–Bigarren mailako lokalek (eraikitako 500 m²-tik gorako azalera) honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Jendearendako komun bat izan beharko dute, eta konketa eta komun-ontzia barnean, eraikitako bostehun metro karratuko (500 m²) azalera multzo bakoitzeko, azalera horren zatikiak ere kontuan harturik. Era berean, lokaletik bereizirik egoteaz gain, ate bikoitza ere izan beharko dute komunek.

Gutxienez bi komun egon beharko dira, sexu bakoitzetik bat. Jarri beharreko komun kopurua hiru baino gehiago bada, honela banatuko dira, gutxi gorabehera: bi heren (2/3) emakumezkoendako eta heren bat (1/3) gizonezkoendako izanen dira.

Gizonezkoen komunean pixatoki bat jarri beharko da eraikitako 1.500,00 m²-ko azalera multzo bakoitzeko.

–Ezin izanen dira komunikatu beste erabilera batzuen eraikinetarako atarien edo banaketa eskailera-buruen bidez.

–Bide publikorako sarbide zuzenaren kota lokalaren zoladura baino baxuagoa edo altuagoa bada, arrapala bat jarri beharko da gutxienez, eta irisgarritasuneko arauek xedatzen dituzten dimentsioak eta ezaugarriak bete beharko dira.

3.–Hirugarren kategoriako lokalek honako baldintza partikular hauek bete beharko dituzte:

–Aireztatze naturala edo artifiziala izan beharko dute, irizpide orokorrei jarraikiz, lokal horretatik sarbidea hartzen duten lokalak edozein direlarik ere.

–Gutxieneko zabalera luzeraren %7 edo handiagoa izanen da, eta gutxienez 4 m-koa izan beharko du, eta etxebizitzen edo bulegoen atarietarako sarbidea izaten ahalko da. Kategoriaren arabera bete beharko lituzketen baldintza orokorrez eta partikularrez gain, saltoki-gunetik sarbidea duten lokalek suteen prebentziorako baldintzak ere beharko dituzte, galeriaz eta lokalez osaturiko lokal bakarra izanen balira bezala.

4.–Nolanahi ere, gizonezkoen komunetako pixatokiak gainerako instalazioetatik berezirik diseinatuko dira.

Sarriguren, 2015eko urriaren 8an.–Alkatea, Alfonso Etxeberria Goñi.

Iragarkiaren kodea: L1514040