2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ABLITAS
Aldaketa, Ablitasko Degollada, Fita, Arévalo eta Barranco de la Malpisa alderdietan ureztalur bilakatu diren herrilurren ordenantzan. Behin betiko onespena
Ablitasko Udalak, 2014ko azaroaren 3an egin osoko bilkuran, aldaketa hasiera batean onetsi zuen Degollada, Fita, Arévalo eta Barranco de la Malpisa alderdietan ureztalur bilakatu diren herrilurren ordenantzan.
Iragarkia 2014ko 231. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturik azaroaren 25ean, jendaurreko aldia iragan da inork erreklamaziorik aurkeztu gabe; hortaz, behin betiko onetsi da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.
Ablitasen, 2015eko urtarrilaren 12an.–Alkatea, Cecilio Antón Ruiz.
DEGOLLADA, FITA, ARÉVALO ETA BARRANCO DE LA MALPISA ALDERDIETAN UREZTALUR BILAKATU DIREN HERRILURREN ORDENANTZA
1. artikulua. Aplikazio eremua.
Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onetsitako proiektuan ezarritako jarduketa perimetroaren barreneko lurrei aplikatuko zaie araudi hau.
Helburua da uraren kontsumoa kontrolatzeko neurriak ematea eta gehiegikerien zehapenak arautzea; instalazioak gaizki erabiltzetik ondoriozta daitekeen erantzukizunetik salbuestea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua; ureztalurrean ezarri diren edo ezarriko diren laborantzei buruzko informazioa emateko konpromisoa izatea; esleituriko loteetan, ureztalurraren gutxieneko azalerari 15 urtean eutsi beharra ezartzea, eta lote horiek esleitzeko lehentasun irizpideak finkatzea; hori guztia Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat.
2. artikulua. Ur kontsumoak finkatzea.
Ureztalurrean sistemaren funtzionamendurik egokiena, eskura den uraren aprobetxamendurik hoberena eta haren eskuragarritasun zuzena lortzearren, Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean komenigarrien iruditzen zaizkion arauak emanen ditu, alderdi hauen gainean:
–Ureztatzeko arauak ezartzea.
–Matxuren berri ematea.
–Obra, sistema eta instalazioetako mantentze-lanak.
Orobat, ureztatze kanpaina bakoitzean, Alkatetzak erreferentziako ur kontsumoak ezarriko ditu ureztalurreko laborantza mota bakoitzerako, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Kontseilaritzak Riegos de Navarra, S.A.ren bitartez ematen dituen jarraibide teknikoekin bat.
Erreferentziako kontsumo horien arabera, Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean, nekazari bakoitzari adieraziko dio, aldatu dituen edo aldatuko dituen labore motekin bat, lurzati bakoitzean zenbat metro kubiko dagozkion kanpaina zehatz horretarako.
3. artikulua. Ur kontsumoak. Fakturazioa eta zehapenak.
Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, benetako kontsumoei dagozkien ordainagiriak fakturatuko dizkie ureztatzaileei, multzoka tarifatuz.
Fakturazioari dagokionez, kontsumoko metro kubiko bakoitzaren prezioak osatzen du 1. multzoa edo ureztatzaile bakoitzak ordaindu behar duen oinarri finkoa, Alkatetzak kalkulatua, dagokion lan batzordeak proposaturik. Prezio horretan fakturatuko da ureztatzaileak izandako kontsumoa, aldez aurretik harentzat finkatutako metro kubikoak adinakoa edo txikiagoa bada; gehiago izatera, %10 gehienez ere.
Berriz, II. multzokoak izanen dira ureztatzaile batek egiten dituen kontsumoak, berarentzat ezarritakoak baino gehiago badira, alegia, %11tik %20 artekoak badira; berarentzat ezarritako kontsumotik gorakoari zehapena ezarriko zaio, I. multzoan prezio kubiko bakoitzeko ezarritako prezioari %300 erantsita.
Azkenik, III. multzoan sartuko da ureztatzaileak izandako kontsumoa, aldez aurretik harentzat ezarritakoa baino %20 baino handiagoa bada. Kasu horretan, I. multzorako ezarritako prezioa %500 igota zehatuko da haren gehiegizko kontsumoa.
Alkatetzak, lan batzordeak proposaturik, kanpaina bakoitzean ezarriko du I. multzoko metro kubikoaren prezioa.
4. artikulua. Erantzukizunak.
Zein ureztatzailek instalazioak gaizki erabili eta kalteak sortzen dituen, hark izanen du erantzukizuna, hala nola alderdi baterako eta ohiko laborantzetarako ezarritako ur kopurua baino gehiago erabiltzean sortzen dena.
Kaltearen arrazoia ezin denean argitu eta ezin zaienean halako ureztatzaile bati edo gehiagori leporatu, Udalak bere gain hartuko du erantzukizuna, eta ezin izanen dio inola ere egotzi Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.
Ur-ahoei eginiko kalteetan, haiek eragin dituztenak izanen dira erantzule. Kaltearen kausa ezin denean argitu eta ezin direnean eragile bat edo batzuk seinalatu, ureztazaileak bere gain hartuko du erantzukizuna.
Ureztatzaileen kontura izanen dira ur-harguneetatik abiatzen diren instalazioen mantentze-lanak, herri lurzatiko ureztaketa sarea, barneko balbulak, iragazkiak, aspertsoreak eta abar.
5. artikulua. Ureztatzaileen betebeharrak.
Ureztatze kanpaina bakoitzean, ureztatzaileek, datuak eskatzen bazaizkie, erranen diote Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, edo haren meneko enpresa publikoei, eskualdean zer laborantza aldatu dituzten edo zer aldatzeko asmoa duten. Bertzenaz, Udalak izanen du informazio hori eman beharra.
Ureztatzaileek, ureztaketa bukatuta eta neguko hotzak ureztatzeko instalazioak kaltetu ez ditzan, bateriak kendu eta desmuntatu beharko dituzte, baita lurzatietako hodiak hustu eta garbitu, eta programatzaileen estalkiak itxi ere.
Ezingo dira bide ondoko aspertsoreen xaflak tolestu edo aldatu uraren irteera aldatzeko.
6. artikulua. Laborantzako loteen neurria eta lehentasun hurrenkera.
Ureztatzeko deklaraziotik aitzina, eta gutxienez hamabost urtean, loteek oinarrizko ureztatze azalera izanen dute edo gehiago. Oinarrizko azalera hori eraikuntza proiektuan zehaztuko da, Nafarroako Gobernuak eremu horretan jarduteko dekretuan finkatzen duena oinarritzat hartuta.
Modernizazio edo eraldaketatik ateratzen diren loteak esleitzeko, lehentasun hurrenkera hau izanen da:
A. Lehen-lehenik, familienak diren nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, nekazari gazte batek zuzentzen baditu edo bertan aritzen bada.
B. Bigarrenik, nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, ogibide nagusia nekazaritza dutenek osatuak.
C. Hirugarrenik, Udalak berak zuzenean ustiatzea. Soberako loteak egonez gero, enkante publikoan esleituko dira, aipatu Foru Legearen 40.5.b) artikuluan ezarritakoari jarraituz.
7. artikulua. Herrilurrak esleitzeko epea eta aplikatuko den lur-saria.
Presio bidezko ureztaketako lurzatietan, urtean 37 euro ordaindu beharko dira erregu bakoitzeko. Zenbateko horretan ez dira sartzen Ureztatzaileen Elkarteak urtero ezartzen duen ureztatzeko uraren gastua, ez eta antzeko beste gasturik ere.
Esleipenaren epea: 15 urte.
Aprobetxamenduko lur-saria urtero eguneratzen ahalko da, nekazariek izandako prezio aldaketaren arabera, erakunde ofizial eskudunak onetsitako indizeen arabera, eta, halakorik ez bada, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onetsitako kontsumorako prezioen igoeraren arabera.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenbizikoa.–Ordenantza hauek edo barne erregelamendu honek ez diete ez Udalari ez ureztatzaileei legez eskuratua ez duten bestelako eskubiderik ematen, ezta kentzen ere haien arabera dagozkienak.
Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du, behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko egunean.
Iragarkiaren kodea: L1500376