21. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

109/2014 EBAZPENA, urtarrilaren 27koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko “Gobernu Kontseiluaren Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiaren Arautegia onesten duena”. 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluak hartutako erabaki baten bidez onetsi zen.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia, “Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiaren Arautegia onesten duena”.

“GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO LIBURUTEGIAREN
ARAUTEGIA ONESTEN DUENA

Liburutegiaren eginkizunak, antolamendua eta egitura ezartzen zituen lehen Arautegia 1998ko irailaren 30eko A100/98 Gobernu Batzordearen Erabakiaren bidez onetsi zen. Ordutik gaurdaino aldaketa handiak gertatu dira bai informazio teknologien esparruan bai unibertsitatearen hezkuntza sisteman, ikerketa-jardueran, eta, azkenik, unibertsitateko kideen gizarte azturetan. Aldaketa hauek guztiak modu zuzenean eragin dute liburutegi batek garatu behar dituen eginkizunetan, jardueretan eta prozesuetan.

Bestalde, lehen arautegi horretan definitutako zenbait gai, erabiltzaileen batzordea kasu, ez direla eraginkorrak frogatu da. Gainera, aipatu arautegiari hainbat modutan eragiten dioten araudi aldaketak ere egon dira LOUn eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuetan (2011ko apirilaren 11ko 70 zk. NAO), eta horrek bere agindu batzuk aldatzera behartzen du.

Guztiagatik, gomendagarria da araudi esparru berria bilduko duen arautegi berri bat egitea une honetan, unibertsitate komunitateko kideen beharretara eta zerbitzatzen duen gizartearen beharretara hobeki egokitzeko.

Honako hau da Gobernu Kontseiluak, Ikerketa errektoreordeak proposatuta, eta bere kideen aldez aurreko eztabaida izan eta gero, 2014ko azaroaren 25ean egindako bileran, hartu duen.

ERABAKIA:

Lehena.–Baliogabetzea 106/96 Erabakia, Liburutegiko Erabiltzaileen Batzordearen osaera onesten duena, eta 100/98 Erabakia, Unibertsitateko Liburutegiaren Arautegia onesten duena.

Bigarrena.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiaren arautegia, I. eranskinean dagoena.

Hirugarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman, eta biharamunean hartuko du indarra aipatu arautegiak.

Laugarrena.–Erabaki hau Ikerketarako errektoreordeari, Liburutegiko zuzendariari eta sailetako eta ikastegietako zuzendariei igortzea behar duen zabalkundea izan dezan”.

Iruñean, 2015eko urtarrilaren 27an.–Errektorea, Julio Lafuente López.

ERANSKINA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiaren Arautegia

Liburutegiaren eginkizunak, antolamendua eta egitura ezartzen zuen lehen Arautegia 1998ko irailaren 30eko A100/98 Gobernu Batzordearen Erabakiaren bidez onetsi zen. Ordutik gaurdaino aldaketa handiak gertatu dira bai informazio teknologien esparruan bai unibertsitatearen hezkuntza sisteman, ikerketa-jardueran, eta, azkenik, unibertsitateko kideen gizarte azturetan. Aldaketa hauek guztiak modu zuzenean eragin dute liburutegi batek garatu behar dituen eginkizunetan, jardueretan eta prozesuetan.

Bestalde, lehen arautegi horretan definitutako zenbait gai, erabiltzaileen batzordea kasu, ez direla eraginkorrak frogatu da. Gainera, zuzenean eragiten dioten araudi aldaketak ere egon dira LOUn eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuetan (2011ko apirilaren 11ko 70 zk. NAO).

Guztiagatik, gomendagarria da araudi esparru berria bilduko duen arautegi berri bat egitea une honetan, unibertsitate komunitateko kideen beharretara eta zerbitzatzen duen gizartearen beharretara hobeki egokitzeko.

I. TITULUA

Definizioa eta funtzioak

1. artikulua.

Unibertsitateko Liburutegia unibertsitateko zerbitzu bat da ikaskuntzan, irakaskuntzan, ikerketan, eta kudeaketan laguntzeko, irakaskuntza eta kudeaketa jarduerak eraginkortasunez egiteko behar diren informazio zientifiko, tekniko eta profesionalerako baliabideak erabili eta hedatzeko sistema bermatu behar duena.

2. artikulua.

Liburutegiaren ondare materiala osatzen dute sailek, ikastegiek eta zerbitzuek edozein euskarritan erositako funts bibliografiko, dokumental eta ikus-entzunezko funts guztiek, zein den ere erosteko erabiltzen den aurrekontu-kontzeptua. Era berean, legatu, dohaintza nahiz trukeen bidez iritsitakoak, eta beste erakunde batzuek Unibertsitaterako erositakoak, toki desberdinetan eta Unibertsitateko beste eraikuntza batzuetan gordetzen badira ere.

3. artikulua.

Liburutegiaren eginkizunak dira:

a) Ikaskuntza, irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketarekin lotutako beharrekin harremana duten bildumak eta informazio baliabideak biltzea, gordetzea, handitzea, eskuratu ahal izatea eta ateratzea.

b) Ikaskuntzan, irakaskuntzan, ikerketan eta kudeaketan laguntzeko behar diren bildumak eta informazio baliabideak erostea edozein euskarritan.

c) Nafarroako Unibertsitate Publikoko ondare bibliografikoa osatzen duten argitalpenen osotasunaren eta zaintzaren ardura hartzea.

d) Bildumak eta informazio baliabideak aurkitzeko eta haietara sartzeko behar diren tresna bibliografiak prestatzea, arau eta gomendio tekniko nazionalekin eta nazioartekoekin bat, baita lege xedapenekin ere, unibertsitate komunitateko kideek eskuragarri dituztela bermatzeko xedez.

e) Unibertsitate komunitateko kideek hainbat bilduma eta informazio baliabide kontsultatzeko tresna, ekipamendu eta instalazio egokienak mantentzea.

f) Unibertsitateko ikasketak, irakaskuntzak eta ikerketak dauzkaten behar aldakorrei egokituko zaizkien liburutegi-zerbitzuak sustatzea eta garatzea.

g) Unibertsitate komunitateko kideei erraztea Unibertsitateko bildumetan ez dauden argitalpenak eta informazioa eskuratzea.

h) Unibertsitate komunitateko kideei ezagutzera ematea Liburutegiko baliabide, bilduma eta zerbitzuak erabiltzeko modua, bai eta laguntza eta prestakuntza ematea ikaskuntzan, irakaskuntzan eta ikerketan hobetzen laguntzen duten baliabide, tresna eta informazio-gaitasunetan.

i) Informazio bibliografikoko eta bibliometrikoko zerbitzuak ematea, tresna egokienekin erantzuteko ikaskuntza, irakaskuntza, kudeaketa eta ikerketarako informazio beharrei.

j) Unibertsitateko beste instantzia batzuekin batera parte hartzea eta proiektuak garatzea zerbitzuen kalitatea hobetzeko.

k) Beste liburutegi eta informazio zerbitzu batzuei erraztea Unibertsitateko bildumak eskuratzea.

l) Liburutegiaren zerbitzuak garatzeko taldeka egiten diren proiektuetan parte hartzea eta halakoak sustatzea tokiko zein nazioko eta nazioarteko beste liburutegi instantzia batzuekin eta/edo instantzia bibliografikoekin batera.

m) Unibertsitateko instantziek eta/edo horretarako eskumena duten erakundeek eskatzen dituzten Liburutegiaren esparruko txostenak, estatistikak eta memoriak egitea. Unibertsitateko kideei liburutegiaren bidez egiten diren kudeaketa guztien berri ematea.

n) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren gobernu instantziek Liburutegiko Zerbitzu gisa esleitutako eginkizun eta eskumen guztiak garatzea.

4. artikulua.

Bere eginkizunak betetzeko, Liburutegiak plantilla nahikoa eta aurrekontu esleipena, azpiegitura eta beraren instalazio egokiak edukiko ditu.

II. TITULUA

Egitura eta antolaketa

5. artikulua.

Liburutegia, administrazio unitate den aldetik, zuzendaritza bakarrekoa eta eskuduna izango da bere arloari dagozkion jarduera guztien gainean.

6. artikulua.

Bai Liburutegiaren zuzendaritza bai lan tekniko eta administratiboak Unibertsitatearen beraren langile teknikoek egingo dituzte, profesionaltasun, kualifikazio eta esperientzia irizpideei jarraiturik.

7. artikulua.

NUPeko liburutegiak bere eginkizunak egingo ditu errektoreak eskuordetutako errektoreordearen agintaritza eta zuzendaritza funtzionalarekin, eta hari dagokio:

a) Liburutegiko Kontseiluaren buru izatea.

b) Liburutegiaren funtzionamendurako jarraibide orokorrak eta ematen dituen zerbitzuak ezartzea.

c) Unibertsitatearen gobernu erakundeei proposatzea haiek hartu beharreko ebazpenak edo xedapenak, beren eskumenen arabera, Unibertsitateko Liburutegiaren antolamenduari eta funtzionamenduari dagozkionak.

d) Unibertsitatearen gobernu erakundeek ematen dituzten ebazpenak edo xedapenak betetzen direla gainbegiratzea, Liburutegiaren antolamenduari eta funtzionamenduari dagozkionak.

8. artikulua.

Liburutegiaren burua zuzendaria izango da, eta bera da haren kudeaketaren eta funtzionamenduaren arduraduna.

Hauek dira zuzendariaren eginkizunak:

a) Zerbitzua zuzendu, antolatu eta kudeatzea, Unibertsitatearen gobernu erakundeek onesten dituzten xedapen eta jarraibideekin bat.

b) Unibertsitateko Liburutegiaren arautegia eta gainerako araudia betetzea eta bete dadin zaintzea.

c) Zerbitzuari atxikitako langileen giza baliabideen politika garatzea, Kudeatzailetzak ezarritako jarraibideekin bat.

d) Bere eskumeneko gastuak proposatzea.

e) Liburutegiaren urteko txostena egitea.

f) Zerbitzuari eragiten dieten instalazio eta ekipamendu proiektuetan parte hartzea.

g) Liburutegiaren Kontseiluko Idazkaritzari dagozkion berariazkoak.

h) Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiaren ordezkaritza egitea, bilera tekniko edo profesionaletan, zerbitzuko agintari akademiko arduradunak adierazitako jarraibide orokorren arabera.

9. artikulua.

Liburutegiko Kontseilua unibertsitate komunitateak Unibertsitatearen liburutegiaren plangintzan, garapenean eta gainbegiraketan parte hartzeko daukan organo kolegiatua da. Kontseilua honako kide hauek osatuko dute:

a) Kontseiluko burua: errektoreak eskuordetu duelako, Liburutegiaren eskumenak dauzkan errektoreordea, edo hark eskuordetutako pertsona.

b) Kontseilukideak:

–Bat, Ikerketa Batzordeak beren kideen artetik izendatzen duena.

–Bat, Kalitate Batzordeak beren kideen artetik izendatzen duena.

–Bat, Irakaskuntza Batzordeak beren kideen artetik izendatzen duena.

–Bi irakasle, Gobernu Kontseiluak irakasle eta ikertzaileen artetik izendatuak, errektoreak proposatuta.

–Gobernu Kontseiluak izendatutako AZLko kide bat, AZLkoen ordezkariek hala proposaturik.

–Bat, Ikasleen Kontseiluak beren kideen artetik izendatzen duena.

c) Idazkaria: Liburutegiko zuzendaria idazkari arituko da.

Gobernu Kontseiluko kideen izendapena lau urterako izango da, eta izendaturikoak, berriz hautatu ahalko dira halako beste epe baterako. Gainerakoek kide izateari utziko diote izendapena ekarri zuen izaera galtzen dutenean.

10. artikulua.

Ondokoak dira Liburutegiko Kontseiluaren eginkizun:

a) Liburutegi politikari dagozkion estrategia ildo orokorrak proposatzea.

b) Unibertsitateko gobernu erakundeetara joatea liburutegiari eta informazio zientifikorako sarrera edukitzeko politikari buruzko gaietan.

c) Unibertsitateko Liburutegiaren urteko txostena onestea.

d) Zerbitzuarekin lotutako beste edozein gai aztertzea, kontseiluburuak eskatzen dizkionak, eta gutxienez kontseilukideen heren batek eskatzen dioten beste edozein, eta txostena egitea arautegi honen aldaketari eta berau garatzen duten arauen onespena edo aldaketari buruz.

11. artikulua.

Liburutegiko Kontseilua urtean bi aldiz bilduko da, gutxienez.

12. artikulua.

Batzorde Teknikoa organo tekniko bat da, Liburutegiaren Zuzendaritzari aholkua emateko eginkizuna duena gai teknikoetan eta barne eraentzako gaietan, Unibertsitateko Liburutegiaren funtzionamendu egokirako irizpideak bateratu eta beharreko jarraibideak ezartzen dituena.

Liburutegiko zuzendariak, burua izango denak, zuzendariordeak eta Liburutegiko ataletako buruek osatuko dute.

Batzorde Teknikoa gutxienez hilabetean behin bilduko da, Zuzendaritzak deituta edo bere kideen erdiak eta bat gehiagok deituta.

III. TITULUA

Erabiltzaileak

13. artikulua.

Unibertsitatearen Estatutuekin bat etorriz, Liburutegiaren erabiltzaile dira NUPeko unibertsitate komunitatea osatzen duten kide guztiak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileak, ikasleak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak erabiltzaile izango dira aipatu komunitateko kide diren artean.

14. artikulua.

1.–Liburutegi zerbitzuko erabiltzaile izan ahalko dira Unibertsitateak bere autonomia erabiliz sinatzen dituen hitzarmenen ondorioz, eskubide hori zabaltzen zaien pertsona guztiak. Emandako zerbitzuen irismena hitzarmen bakoitzean ezarriko da.

2.–Era berean, Liburutegiko erabiltzaile izan ahalko dira merezimendu bereziengatik edo Unibertsitatearen aitorpenagatik, eta Gobernu Kontseiluak eman dielako, eskubide hori duten pertsonak.

3.–Liburutegiko zuzendaritzak aukera izango du, aldi baterako eta behar bezala justifikatutako arrazoiengatik, erabiltzaile izendatzeko erabiltzaile edo talde jakin batzuk, eta horren berri emango dute eskumena daukan errektoreordetzan.

4.–Artikulu honetan aipatzen diren erabiltzaileak Liburutegiaren zerbitzuetara sartzeko baldintzak Liburutegiari dagokion arautegian ezarritako tipologiaren batean sartuko dira.

5.–Erabiltzaileek erabiltzaile direla frogatuko dute, orokorrean, unibertsitate komunitateko kide direla frogatzen duen txartelaren bidez, eta Liburutegiko langileek baliteke eskatzea bereziki azterketa-garaietan edo bereziki betea dagoen aldietan.

15. artikulua.

Unibertsitateko Liburutegiko erabiltzaileen eskubideak honako hauek dira:

a) Liburutegiak ematen dituen bibliografia eta dokumentu bildumetara eta zerbitzuetara sartzea, haiek arautzen dituzten arauetan ezarritako baldintzak betez.

b) Zerbitzu guztiak erabiltzeko behar den informazioa jasotzea.

c) Irakaskuntzarekin, ikaskuntzarekin eta ikerketarekin lotutako banakako eta taldeko jarduerak garatzeko lekuak eta bitartekoak edukitzea.

d) Informazio eta dokumentazio zientifikorako iturri berekiak edo kanpokoak aurkitzeko eta haiek eskuratzeko laguntza eta orientazio bibliografikoa erdiestea.

e) Liburutegiko langileen aldetik arreta egokia eta zuzena jasotzea.

f) Datu pertsonalak Norberaren Datuak Babesteko Lege Organikoarekin eta hura garatzeko eta aplikatzeko arauekin bat erabiliak izateko eskubidea bermatua izatea.

g) Beren kexa eta iradokizunak lehenbailehen jaso eta haien erantzunak hartu daitezen bitartekoak edukitzea.

h) Aplikatu beharreko legezko xedapenek ezarritako beste edozein.

16. artikulua.

Unibertsitateko Liburutegiko erabiltzaileen betebeharrak honako hauek dira:

a) Liburutegiaren erabilera eta zerbitzuetarako sarbidea arautzen dituzten xedapenak betetzea.

b) Errespetatzea instalazioen osotasuna eta egoera, ekipamendua eta bibliografia eta dokumentu bildumak.

c) Indarrean diren legeak betetzea jabetza intelektualari buruzko gaietan eta dauden baliabideen erabilerarako baimen gaietan.

d) Liburutegiaren instalazioetan isiltasuna eta behar bezalako jarrera gordetzea.

e) Gainerako erabiltzaileak eta langileak errespetatzea, eta Liburutegiaren zerbitzuei laguntzea, behar bezalako funtzionamendua izan dezaten.

f) Ez erabiltzea zerbitzu eta prestazioak, sarbide baimenik izan gabe.

g) Aplikatu beharreko legezko xedapenek ezarritako beste edozein.

17. artikulua.

Liburutegiko langileek ezarritako arauak ongi bete daitezen arduratuko dira, eta horretarako ezartzen diren neurriak betearazteaz arduratuko dira.

IV. TITULUA

Liburutegi zerbitzuaren erabilerarako araubidea eta bermeen araubidea

18. artikulua.

Unibertsitateko Liburutegi zerbitzuen erabilera zorrotz lotuko zaie arautegi honetan ezarritako betebeharrei eta Liburutegiko Zerbitzuak arautzen dituen araudiari.

Nolanahi ere, arautegi honetan eta bere arau osagarrietan ezarritakoaren aurkako portaeren erantzukizuna, halakoak egiten dituzten erabiltzaileen gain egongo da.

Liburutegia ez da arduratuko erabiltzaileen gauzak zaintzeaz, eta erabiltzaileek berek zaindu eta kontrolatu beharko dituzte.

19. artikulua.

Izaten ahal diren erantzukizun administratibo, akademiko, zibil eta penalak galarazi gabe, kasu bakoitzean neurriak hartuko dira liburutegiko zerbitzuak behar bezala ematen direla ziurtatzeko, eta instalazioen, ekipamenduen eta bibliografia bildumen kalteak, aldaketak edo hondatzeak saihesteko, eta liburutegiaren erabiltzaile guztien eskubideak errespetatzen direla ziurtatzeko.

20. artikulua.

1.–Liburutegiaren funtzionamendu egokia bermatzeko, ez dago baimenduta erabiltzea sakelako telefonorik ez eta aretoetako isiltasuna eragozten duten bestelako gailurik, ezta jatea, edatea edo erretzea ere.

2.–Ezin dira beste batzuentzako tokiak gorde, ez eta lekua hartuta edukita alde egin, denbora tarte labur baterako ez bada.

Liburutegiko langileek debeku eta muga hauek betetzen ez duen edozein pertsonari eskatuko diote berehala uzteko halakorik egiteari, eta gogoraraziko diote debekatua dagoela Liburutegiaren arautegian. Pertsonak bere horretan jarraitzen badu, jakinaraziko zaio Liburutegiko erabiltzaile izaera kendu ahal zaiola, aldi baterako edo behin betiko.

21. artikulua.

Berme neurriak hartuko dira Arautegi hau ez betetzea dakarten portaeren aurrean edo Liburutegiaren funtzionamenduari edo haren baliabide materialei dagozkien jarrera desegokien aurrean.

a) Liburutegiak maileguan emandako dokumentuak, edozein euskarritan, galtzen edo desagertzen badira, galdutako ondasun hori berriz erosi edo berrezarri beharko da, ahal bada, eta erabiltzailearen kontura. Erostea ezinezkoa bada, dokumentuen balioa kuantifikatu eta dagokion zenbatekoa erreklamatuko da. Liburutegiko Zuzendaritzak dagokion erreklamazio ekonomikoa egiten duen errektoreordearen ebazpenaren proposamena egingo du. Horrelako kasuetan, arau-hausleak Liburutegiaren erabiltzaile izateari utziko dio, agiria berriz itzuli edo dagokion konpentsazio ekonomikoa ematen ez duen artean.

b) Ekipo teknologikoen eta informatikoen erabilera desegokia dakarten portaerek, esaterako, konfigurazioaren manipulazioa, norberaren aplikazioen instalazioa, ekipoen erabilpena irabazi-asmoko jardueretarako edo Unibertsitateari kaltea edo gastua ekartzen dioten transakzioetarako, beti eskatuko dute, beharrezkoa bada, konponketaren gastua eta aurreikusten den zerbitzuaren etenaldia.

c) Identitatea ordeztuz edo dokumentuak faltsutuz zerbitzuetara sartzearekin lotutako portaera desegokiak egiten dituztenek erabiltzaile izateari utziko diote, dagokion arautegian ezarritako denbora epean, 18. artikuluan jasotzen diren gainerako ondorioak ezertan kaltetu gabe.

d) Copyright aginduak eta jabetza intelektualari buruzko arauak bete beharreko ondasunetan betetzen ez dituzten portaerak egiten dituztenek erabiltzaile izateari utziko diote, dagokion arautegian ezarritako denbora epean.

e) Maileguan hartutako dokumentuak itzultzeko ezarritako epea baino epe luzeagoan atxikitzeak berarekin ekarriko du mailegu zerbitzurik ez edukitzea dagokion arauan ezarritako epean.

Liburutegiaren Zuzendaritzari dagokio artikulu honetan aipatzen diren berme neurriak bete daitezen eskatzeko ahalmena.

22. artikulua.

Liburutegiaren zerbitzuen, instalazioen eta ekipamenduen erabilera desegokia, gehiegizkoa edo arriskutsua dakarten kasu bereziki larrietarako, errektoreordeak izango du ahalmena hartu beharreko neurriak hartzeko, erabiltzaileari entzun eta gero.

V. TITULUA

Aurrekontua

23. artikulua.

Liburutegiak zenbateko bat edukiko du esleitua Unibertsitatearen aurrekontuetako urteko gastu-unitate funtzionalean, Aurrekontuen Exekuzio Oinarrietan ezarritako aurrekontu-betetzearen arauekin bat kudeatuko dena. Liburutegiak aurrekontuen proposamena aurkeztuko du urtero, eta bertan erantzun beharreko beharrak justifikatuko dira.

24. artikulua.

Liburutegiak zentralizatuko du Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikaskuntza, irakaskuntza eta ikerketa helburuetarako urtero erosten den material bibliografikoa.

25. artikulua.

Liburutegiak ematen dituen zenbait zerbitzu kobratzeko tarifak unibertsitateko organo eskudunek onetsitako prezio publikoek arautuko dituzte.

VI. TITULUA

Langileak

26. artikulua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiak bere helburuak betetzeko behar dituen langileak, liburuzainak eta bestelako profesionalak edukiko ditu, erabiltzaile kopuruarekin, eskaintzen dituen programekin, eraikin kopuruarekin, zerbitzuguneekin, funtzionamendu orduekin eta ematen dituen zerbitzuekin bat etorriz.

27. artikulua.

Liburutegiko zuzendaria izango da Liburutegiari atxikitako langile guztien zuzendaritzaren eta koordinazio teknikoaren arduraduna.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Arautegi honetan, dauden pertsona bakarreko organoei, organo horietako buru eta kideei, batzordekideei, kontseilukideei eta unibertsitateko komunitateko kideei buruzko izendapenak, bai eta araudi honetan egiten den beste edozein izendapen ere, gaztelaniazko testuan genero maskulinoan azaldu arren, ulertuko da halaber genero femeninoan eginak direla, izendapenak nori eragiten dion, pertsona horren sexuaren arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arautegi honek baliogabetu egiten ditu 106/96 Erabakia, Liburutegiko Erabiltzaileen Batzordearen osaera onesten duena, eta 100/98 Erabakia, Unibertsitateko Liburutegiaren Arautegia onesten duena.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman, eta biharamunean hartuko du indarra Arautegi honek.

Iragarkiaren kodea: F1501448