2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BAZTAN
Udal ordenantza, desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena
Baztango Udalak, 2014ko abuztuaren 28ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza.
Onespenaren erabakia 2014ko 191. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 30ean. Jendaurreko epean aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, ordenantzako aldaketa behin betikoz onetsi da eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen hartan, xedatutakoari jarraikiz.
Baztanen, 2014ko abenduaren 18an.–Alkate udalburua, Garbiñe Elizegi Narbarte.
UDAL ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen helburua da desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak emateko edo berritzeko arauak ezartzea, kontuan hartuz desgaitasuna dutenen aukera berdintasuna eta haien gizarteratzea. Hori, legedi honekin bat: Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an eman zuen 98/376/EE Gomendioa eta EEAO C 62/24, 1998ko otsailaren 26koa; Oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legea, martxoaren 25eko 22/2003 Foru Legearen bidez aldatua; eta abenduaren 19ko 19/2001 Legearen 7.b artikulua; azken lege horrek Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna (martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) aldatu zuen.
Orobat arautu da aparkatzeko txartel hori emateko eta hura erabiltzeko prozedura.
2. artikulua. Lurralde eremua.
Ordenantza hau Baztango udal mugape guztian aplikatuko da; bertan arautzen dira desgaitasuna dutenek aparkatzeko txartela erdiesteko egin behar diren tramiteak, baita horiek aparkatzeko jarri diren espazioak erabiltzeko baldintzak ere.
Era berean, Europar Batasuneko gainerako administrazio publikoek desgaitasuna izanik mugikortasuna murriztua dutenei aparkatzeko ematen dizkieten txartelak erabiltzeko eskubidea aitortu da Baztango Udalaren lurralde eremuan.
3. artikulua. Aparkatzeko txartelen kontzesioa. Eskumena.
Alkate udalburuari eskumena dagokio aparkatzeko txartela emateko eta gai honen gaineko zehapen ahalmena erabiltzeko.
Udaltzaingoak eginen ditu zaintza eta kontrol lanak txartelen erabileraren gainean eta aparkatzeko tokien erreserben gainean.
Mugikortasun murriztua duten pertsonek erabiltzen dituzten ibilgailuak aparkatzeko erreserbatzen diren espazioak seinalatuko dira; horretarako, irisgarritasunaren nazioarteko ikurra paratuko da lurrean eta zutikako seinale bat ere bai, ikusteko maneran, mugikortasuna murrizturik ez duten pertsonen ibilgailuak aparkatzea debekatzen duena.
4. artikulua. Mugikortasun murritzeko pertsonendako aparkaleku erreserba bereziak sortzea.
Erreserbak norbanakoek edo taldeek eskaturik sustatu ahal izanen dira, edo Udaleko zerbitzu teknikoek nahiz Udaleko bertze edozein organok ofizioz sustaturik. Erreserbak, norbanakoek eskaturik sortzen direnak ere, ez dira pertsona jakin batendako izanen eta aparkatzeko txartel berezia duen mugikortasun murritzeko edozein lagunek erabili ahal izanen ditu.
Mugikortasun murritzeko pertsonek erabiltzen dituzten ibilgailuak aparkatzeko erreserbaturako tokiak Udaleko Hirigintza sailak seinaleztatuko ditu lurzoruan nazioarteko irisgarritasun-ikurra adieraziz.
5. artikulua. Aparkatzeko txartelaren ezaugarriak eta hura erabiltzeko baldintzak.
Europar Batasunaren erabakian zehazturik daude aparkatzeko txartelen ezaugarriak.
Txartela norberarena baino ez da; erabiltzeko, titularra eraman beharko da ibilgailuan edo mugikortasun murriztuko titularrak berak gidatu beharko du.
Txartela aitzineko haizetakoan paratu beharko da, haren aurreko aldea ibilgailuaren kanpotik irakurtzeko maneran dela. Agintari eskudunak edo agenteek eskatuz gero, azter dezaten utziko zaie.
6. artikulua. Txartela eskuratzeko baldintzak.
Aparkatzeko txartela eskuratzeko, behar den eskaera egiteaz gain, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Baztango Udalean erroldatuta egotea.
b) Dagokion organoak aitorturik eduki beharko dute %33ko edo hortik gorako desgaitasuna.
c) Mugikortasun murriztua: garraio kolektiboa erabiltzeko zailtasuna edo ezintasuna zehazten duen baremoa agertuko da desgaitasunaren ziurtagirian. Beharrezkoa izanen da baremo hori positiboa izatea eta A edo B kategorietan sartzea, edo gutxienez 7 puntu lortzea mugikortasunaren baremoko D, E, F, G eta H atalen batura eginez. (Otsailaren 1eko 283/1984 E.D.-aren 25. art.).
7. artikulua. Aparkatzeko txartela emateko prozedura.
7.1. Eskaera.
Baztango udal bulegoetan (Oinarrizko Gizarte Zerbitzua) eskuratu ahalko da eskaeraren inprimaki normalizatua. Hura betetakoan Baztango Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko erregistroan aurkeztu beharko da, eskatzen diren agiriekin batera.
Titularrak berak edo bere legezko ordezkariak eskatu ahalko du. Ordenantza honen 6. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituen norbait izanen da beti txartelaren titularra.
A.–Hona hemen aurkeztu beharreko agiriak:
a) Eskabidea.
b) Eskatzailearen NANaren fotokopia.
c) Karneterako argazki bat.
d) Desgaitua dela egiaztatzen duen ebazpenaren fotokopia.
e) Erroldaren ziurtagiria.
8. artikulua. Balio-aldia.
Txartelaren balio-aldia 2 urtekoa izanen da. Alabaina, mugikortasun murriztuaz irizpenean ezarritako iraunaldia txikiagoa bada, hartara egokituko da balio-aldia.
Nolanahi ere, indarraldia amaitutzat joko da Baztango biztanleen erroldan baja ematen bada; halakoetan, hogei eguneko epea izanen da, baja egunaren biharamunetik hasita, txartela udaletxean uzteko.
9. artikulua. Txartelaren berritzea.
1. Iraungi baino bortz egun lehenago egin beharko du eskaera titularrak, aurrekoaren epea bukatzen den egunean txartel berria eskuratu ahal izateko.
2. Aurkeztutako dokumentazioa azterturik, txartel berria emanen zaio titularrari, zaharra utzi ondoren.
3. Txartel berriak zaharraren zenbaki bera izanen du.
4. Txartela ebatsi, hondatu edo galduz gero, berria atera beharko da. Ebatsiz gero, interesdunak salaketaren frogagiria aurkeztu beharko du. Hondatuz gero, interesdunak txartel hondatua aurkeztu beharko du.
5. Orobat berrituko da ibilgailuaren titulartasuna aldatzen denean.
10. artikulua. Zenbatekoa.
Txartela emate edo berritzeagatik ordaindu beharreko tarifa urtero ezarriko da, 2014 urtean 3,50 eurokoa delarik.
11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Ordenantza honek ezarritakoari kontra egiten dioten eginak eta ez eginak arau-hauste izanen dira eta behar bezala zehatuko dira.
Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
Egindako arau-hausteak delitu edo hutsegite itxura badute, horren berri emanen zaio Fiskaltzari, ekintza penalik abiarazi behar ote den.
Aparkatzeko txartela behar ez bezala erabiltzeak hura kentzea ekartzen ahalko du, legozkeen erantzukizun administratibo, zibil edo penalak batere ukatu gabe.
11.1. Arau-hauste arinak.
Hauek izanen dira arau-hauste arinak:
1.–Txartela osoki ikusteko maneran ez jartzea.
2.–Txartelean paperen bat edo bertze zeren bat paratzea, haren daturen bat ezkutatzen duena.
3.–Herri honen barnean bizilekua aldatuz gero, horren berri ez ematea horretarako ezarritako epean.
4.–Ordenantza honetako bertze edozein arau-hauste, larria edo oso larria ez bada.
11.2. Arau-hauste larriak.
Hauek izanen dira arau-hauste larriak:
1.–Titularra ez den bertze pertsona bati txartela lagatzea, mailegatzea edo uztea.
2.–Mugikortasunean hobekuntzarik izanez gero, horren berri ez ematea horretarako ezarritako epean.
3.–Txartela ez itzultzea, horretarako errekerimendua egin bazaio.
4.–Minusbaliatuen aparkatzeko txartela erabiltzea, haren titularra izan gabe.
5.–Izatez nahiz zuzenbidez bizilekua aldatuz gero herri honetatik kanpora, horren berri ez ematea horretarako ezarritako epean.
6.–Txartela erabiltzea indarra galdu duenetik hiru hilabete baino gehiago iraganik. Halakoetan, udaltzainek txartela kentzen ahalko diote badaezpadako neurri gisa, harik eta titularrak frogatzen duen arte ezin izan duela epearen barnean berritu.
7.–Urtean hiru arau-hauste arin egitea.
11.3. Arau-hauste oso larriak.
Hauek izanen dira arau-hauste oso larriak:
1.–Txartel faltsutu eta/edo manipulatu bat erabiltzea, hortik etor daitezkeen erantzukizun penalez aparte.
2.–Bi urtean hiru arau-hauste larri egitea.
11.4. Arau-hausteen preskripzioa.
Arau-hauste arinak hiru hilabetean preskribatuko dira, larriak sei hilabetean eta oso larriak urtebetean.
Preskripzio epea egitateak gertatzen diren egunetik hasten da kontatzen.
Preskripzioa etenen da administrazioaren edozein jarduketagatik, salatuak horren berri badu edo salatua nor den edo non bizi den jakitea helburua badu eta, zein dependentziatan sortzen den, hortik kanpoko proiekzioarekin egiten bada. Orobat etenen da preskripzioa, horren jakinarazpena egiten badu agintaritzaren agente batek.
Preskripzioak jarraipena izanen du prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik.
11.5. Zehapenak.
Arau-hauste arin bat egiteagatik, zehapena 100 eurorainoko isuna izanen da.
Arau-hauste larri bat egiteagatik, zehapena 200 eurorainoko isuna izanen da. Halaber, txartela hiru hilabetez kentzea ekartzen ahalko du.
Arau-hauste oso larri bat egiteagatik, zehapena 1.000 eurorainoko isuna izanen da, eta zehatuek txartel berria eskatzen ahalko dute. Halaber, txartela urtebetez kentzea ekartzen ahalko du.
Zehapenen zenbatekoa honen araberakoa izanen da: egitatearen larritasuna eta garrantzia, arau-hausleak gai horretan dituen aurrerakinak edo behin baino gehiagotan egin ote duen, zuzenean nahiz zeharka egin duen kaltea, eta proportzionaltasun irizpidea.
Salaketa egiten duen udaltzainak emanen du salatzen diren egitateen eta horren inguruko xehetasunen berri, zehapena behar bezala mailakatzeko.
11.6. Zehapenen preskripzioa.
Zehapenen preskripzio epea urtebete izanen da, dagokion zehapena ezartzeko ebazpena irmo bilakatu eta biharamunetik hasita.
Interesduna jakinaren gainean egonik betearazpen prozedura hasteak preskripzioa etenen du eta berriz ere epea iraganen da, prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik.
12. artikulua. Zehapen prozedura.
Alkate udalburuak ezarriko ditu zehapenak, kontuan harturik ordenantza honetan ezarritakoa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio prozedura Erkideari buruzko Legean zehapen prozeduraz agertzen diren arauak, haietaz gero egin diren aldaketak eta haien erregelamenduzko garapena.
Prozedura hasi zenetik urtebete iragan eta ez bada zehatzen duen ebazpenik eman, hura iraungi eginen da eta jarduketak artxibatuko ditu ebazpena emateko organo eskudunak, edozein interesdunek eskatuta edo ofizioz.
Prozedura geldiarazten bada jurisdikzio penalak egitateen berri izateagatik, iraungitze epea eten eginen da, eta berriz ere hasiko da bertze urtebeko iraungitze epea ebazpen judizialaren organo eskudunari jakinarazi ondoan.
XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA
Lehenago emandako txartelen edukitzaileek hiru hilabete izanen dute ordenantza honetan xedatuarekin bat etorriz eman zaizkiela frogatzeko. Udalak, aitzinetik, jakinarazpena eginen die, hartan aurreikusitako dokumentazioa aurkez dezaten; Udalak kontzesioa kentzen ahalko du, aipatu den hori betetzen ez badute edo ezarritako irizpideei jarraikiz txartela ematea bidezkoa ez bada.
AZKEN XEDAPENA
Indar hartzea
Behin betikoz onetsi ondoan, ordenantza honek Nafarroako Aldizkari ofizialean osorik argitaratu eta hamabortz egunera hartuko du indarra.
APARKATZEKO TXARTELAREN ESKAERA, DESGAITASUNA DUTENENTZAT. BAZTANGO UDALA
Eskatzailearen datuak:
Izen-deiturak
NANa ......................, telefonoa
Helbidea
Herria .................................................., posta kodea
Helbide elektronikoa
AZALTZEN DUT:
Baztango Udalean eskaera egin nahi dudala desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela eskuratzeko.
Hitz ematen dut horretarako eskatutako agiri guztiak aurkeztuko ditudala, eskaera hori baloratu ahal izateko.
Aurkezten ditudan agiriak:
Eskaera.
Eskatzailearen NANaren fotokopia.
Karneterako argazki bat.
Desgaitua dela egiaztatzen duen ebazpenaren fotokopia.
Erroldaren ziurtagiria.
Baztanen, 20 .......ko ...........................aren ..............(e)an.
Sinadura
Iragarkiaren kodea: L1501092