202. ALDIZKARIA - 2015eko urriaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

37/2015 FORU AGINDUA, irailaren 30ekoa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, zenbait eskumenen erabilera Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailearen esku uzten duena, eta hura aldi baterako ordezteko araubidea ezartzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Aginduko 37. artikuluak bide ematen die kontseilariei bere dituzten eskumenak beren departamentuei atxikiriko erakunde publikoetako organoen artean banatzeko, eskumen horien erabilera bat badator entitatearen xede eta helburuekin eta eskumen horiek bere gain hartu behar dituen erakundeak aldez aurretik onartzen baditu.

Bestalde, aipatu 15/2004 Foru Legearen 41.2 artikuluan xedatutakoarekin bat egiten da zuzendari kudeatzailea ordezteko izendapena.

Horrenbestez, aipatu legezko aginduekin bat,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailearen esku uztea Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari aipatu erakunde autonomoak kudeatzen dituen gaietan dagozkion administrazio espedienteak ebazteko eskumenak, ezin eskuordetu direnak izan ezik.

Aipatu zuzendari kudeatzailearen kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri denean edo ezintasunen bat duenean, ordezko izendatzen denak erabili ahal izanen du eskumena.

2. Errekurtso administratiboen gaineko ebazpenari dagozkion eskudantziak aurreko ataletan aipatzen den eskuordetzetik kanpo uztea.

3. Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak noiznahi ere bereganatzen ahalko du edozein espediente edo afera.

4. Foru agindu honen bitartez egindako eskuordetzaren bidez ematen diren ebazpenetan inguruabar hori aipatu beharko da espresuki. Ebazpen horiek Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emanak bailiran hartuko dira ondorio guztietarako.

Ebazpen horien kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua edo, bestela, berraztertze errekurtsoa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari zuzendua, tributu arloan ematen direnen kontra izan ezik, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta hori garatzen duten xedapenetan xedaturikoaren arabera inpugnatzen ahalko baitira.

5. Erakunde autonomo horretako zerbitzuetako zuzendariak izendatzea Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailearen ordezko, haren kargua hutsik dagoenean, kanpoan edo eri denean edo ezintasunen bat duenean. Lehentasun ordena, zerbitzuko izendapenaren antzinatasunak ezarriko du eta, antzinatasun bera izanez gero, adinez zaharrena izateak.

6. Foru agindu hau jakinaraztea Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari, erakunde autonomoko zerbitzuetako zuzendariei, Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Kontu-hartzailetza Delegatuari.

7. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Argitaratzen den egunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2015eko irailaren 30ean.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1513422