202. ALDIZKARIA - 2015eko urriaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

73/2015 FORU AGINDUA, irailaren 29koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, uztailaren 11ko 255/2006 Foru Agindua aldatzen duena, Irañetako (Arakil) udal mugapea sartzeko. Aldatuko den foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean hazitarako patataren ekoizpena arautu zen.

1989ko maiatzaren 24ko Ministro-Aginduaren bidez, Hazitarako patata kontrolatu eta ziurtatzeko Erregelamendu Teknikoa onetsi zen. Haren 4. ataleko 4.1. puntuak xedatzen duenez, hazitarako patataren ekoizpena autonomia erkidegoetako organo eskudunek baimendutako eskualdeetan eginen da, edo Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak baimendutakoetan, baldin eta eskualde horien eremuak autonomia erkidego bat baino gehiago hartzen baditu.

Uztailaren 11ko 255/2006 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitatean hazitarako patata ekoizteko araudia onetsi zuen. Hazitarako patata ekoizteko baimena duten eskualdeak eta herriak agertzen dira agindu horretan.

Urtarrilaren 24ko 30/2009 Foru Aginduaren bidez, uztailaren 11ko 255/2006 Foru Agindua aldatu zen, Izarbeibarko zenbait udalerri sartzeko, eskualde hartako nekazarien interesa eta baldintza agronomikoak kontuan hartuz.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko apirilaren 14ko 153/2011 Foru Aginduaren bidez, beste aldaketa bat egin zitzaion Nafarroako Foru Komunitatean hazitarako patataren ekoizpena arautu zuen uztailaren 11ko 255/2006 Foru Aginduari, hazitarako patataren ekoizpena baimentzeko Espartza Zaraitzun eta “Erremendia” 18. fazerian.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 14ko 189/2013 Foru Aginduaren bidez, aldaketa bat egin zitzaion Nafarroako Foru Komunitatean hazitarako patataren ekoizpena arautu zuen uztailaren 11ko 255/2006 Foru Aginduari, hazitarako patataren ekoizpena baimentzeko Murietako udal mugapean eta Mendilibarriko Kontzejuan, Antzingo udal mugapean.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abuztuaren 29ko 304/2014 Foru Aginduaren bidez, beste aldaketa bat egin zitzaion Nafarroako Foru Komunitatean hazitarako patataren ekoizpena arautu zuen uztailaren 11ko 255/2006 Foru Aginduari, hazitarako patataren ekoizpena baimentzeko Mendazako udal mugapean eta Antzingo udal mugapean.

Hazitarako patata ekoizten duen OPPOSA entitateak eskaera aurkeztu du Irañetako udal mugapean hazitarako patataren ekoizpena baimentzeko, gaur egun ez baitago aipatu foru aginduaren barrenean.

Nafarroako eremu berrietan bestelako laborantzak proposatzea bereziki interesgarria da, eskualde horietan nekazaritzaren, ekonomiaren eta gizartearen garapen egokia lortzeko. 2014an eta 2015ean Irañeta aldearen egokitasuna ebaluatu da, hazitarako patata ekoizteari begira. Ebaluazio horren emaitzak onak izan dira, eta udalerri hori sartzeak, gainera, halako lasaitu bat ekarriko luke; izan ere, Kodes aldean eta Pirinio aldean kisteko nematodoak agertu dira, eta, horren ondorioz, hazitarako patata ekoizteko lurzatiak mugatu dira.

Hortaz, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitatean hazitarako patataren ekoizpena arautu zuen uztailaren 11ko 255/2006 Foru Aginduaren 2. artikulua aldatzea, Sakana aldean Irañeta udalerria sartzeko. Gomendagarria da alde hori irekita uztea. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea betetzeko, foru agindu hau aztergai jarri da herritarrek gomendioak aurkez ditzaten.

Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak proposaturik, aipatutako araudiak ezarritako esparruaren barrenean, bidezko da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak arau bat ematea aipatutako udalerria hazitarako patata ekoizteko eskualde batean sartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3kok 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan esleitutako eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.–Nafarroako Foru Komunitatean hazitarako patataren ekoizpena arautu zuen uztailaren 11ko 255/2006 Foru Agindua aldatzea.

Uztailaren 11ko 255/2006 Foru Aginduaren 2. artikulua aldatzea. Honela idatzita gelditu da:

“2. Ekoizpen aldeak.

Hauek dira Nafarroan hazitarako patata ekoizteko baimena duten aldeak eta horien udalerriak:

–Pirinio aldea: Abaurregaina, Abaurrepea, Auritz, Aurizberri, Ezkaroze, Garaioa, Garralda, Hiriberri Aezkoa, Jaurrieta, Otsagabia eta Orontze.

–Kodes aldea: Cabredo, Genevilla, Marañon, Murieta, Antzin eta Mendaza.

–Izarbeibar aldea: Adios, Añorbe, Eneritz, Legarda, Muruzabal, Obanos, Gares, Tirapu, Ukar eta Uterga.

–Sakana aldea: Irañeta.

–Pirinio aldea esparru itxi deklaratzen da, eta debekaturik dago bestelako pataten ekoizpena.

–Kodes, Izarbeibar eta Sakana aldeak esparru ireki deklaratzen dira, eta baimendurik dago kontsumorako patataren ekoizpena, I. eranskinean adierazten diren baldintzetan.

Dena dela, alde guztietan etxeko kontsumorako patata ereiten ahalko da, II. eranskinean adierazitako baldintzetan.

Kontsumorako patata ekoizteko, bai eta etxerakoa ere, laborantzaren aitorpena aurkeztu beharko da, III. eranskinean ageri den ereduari jarraikiz.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2015eko otsailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2015eko irailaren 29an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1513521