200. ALDIZKARIA - 2015eko urriaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1483/2015 EBAZPENA, irailaren 23koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, ikerketa komisionatuko proiektu baten deialdiaren baldintzak ezartzen dituena, osasun sistema publikoaren eragimena hobetzeko ereduak garatzeari begira.

Osasun Departamentuak bere gain hartzen du Nafarroan osasun zientzien arloko ikerketa sustatzeko ardura, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legeak, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legeak eta Ikerketa Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 1/2007 Legeak ezarritako esparruan, eta Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen Hamargarren Tituluan, “Osasunaren irakaskuntza eta ikerketa” izenekoan, aurreikusitakoa betetzeko.

Ebazpen honen helburua da osasun sistema publikoaren eragimena hobetzeko ereduak garatzeko asmoa duten ikerketa proiektuak egin daitezela sustatzea, izan ere, agerian gelditu da ikerketa esparru horretan proiektu gutxi egiten direla, nahiz eta Osasun Departamentuak ezarritako lehentasunezko arloetako bat den.

Hori dela eta, Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko Zuzendaritzak proposatuta eta Ogasunak duen Kontu-hartzailetza Delegatuaren adostasunarekin, Osasun Zuzendaritza Nagusiak irizten du egokia dela osasun sistema publikoaren eragimena hobetzeko ereduak garatzeko ikerketa komisionatuko proiektu baten deialdia egitea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Osasun sistema publikoaren eragimena hobetzeko ereduak garatzeari begira, ikerketa komisionatuko proiektu baten deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzea, ebazpen honen I. eranskinean xedatutakoari jarraikiz.

2. Guztira 27.192,00 euroko gastua baimentzea, proiektuen deialdia finantzatzeko, honela banatuta:

–6.798,00 euro 2015era luzatutako 2012ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan Ikerkuntza Sustatzeko Proiektuak” izeneko 512002 51350 6095 465100 kontu-sailaren kargura ordainduko dira.

–20.394,00 euro, 2016. urteko aurrekontu ekitaldiari dagokion kontu-sailaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzura, Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalera eta Kontabilitate Bulegora igortzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2015eko irailaren 23an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da ikerketa komisionatuko proiektu bat egin dadila sustatzea, osasun sistema publikoaren eragimena hobetzeko ereduak garatzeko.

2.–Proiektuaren betebehar teknikoak.

Proposatzen den proiektuak betebehar tekniko hauek izanen ditu:

Helburua.

Proiektuaren helburua da tresna eta metodologia batzuk eskaintzea Nafarroako Ospitalegunearen ospitaleetako larrialdiei arreta emateko orduan antolaketaren eragimena hobetzeko.

Metodologia.

Proiektua gauzatzean, metodologia hauek erabili beharko dira:

–Simulazio estatistikorako eta optimizaziorako ereduak garatzea (gertaera diskretuen simulazioa, sistema dinamikoak, eragileetan oinarrituriko sistemak, simulazio anizkoitzeko metodoak,...).

–Eriei ematen zaien arreta optimizatzeko estrategiak identifikatzea.

–Metodo eta eszenaleku bakoitza erabiltzearen abantailak eta desabaintailak zehaztea.

–Hautatzen diren metodoak aplikatzea arreta jaso duten erien lagin adierazgarri batean, hau da, ondorio sendoak ateratzeko moduko jende multzo batean.

–Aurkitzen diren arazo eta oztopoak identifikatzea, eta horiek gainditzeko neurriak proposatzea.

Aurreikusten den azken produktua.

–Ebaluazio azterketa, hobetzeko ekimenak prestatzeko abiapuntu izan dadin.

–Erabilitako modelo matematikoen erabilgarritasuna, beste kasu batzuetan ere aplikatu ahal izateko.

–Larrialdi zerbitzuetako erien arreta hobetzeko behar diren tresna, metodologia eta baliabideak proposatzen dituen txostena.

3.–Eskatzaileak eta ikerketa taldearen betebeharrak.

3.1. Ikertzaile nagusiak baldintza hauek beteko ditu:

a) Nafarroako sare publikoko osasun zentro bati edo Nafarroan kokaturiko unibertsitate bati atxikia egotea, edo irabazi-asmorik gabeko Nafarroako beste erakunde publiko edo pribatu bati.

b) Aurreko puntuan adierazitako zentro publiko edo pribatuekin funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun gisako lotura formalizaturik izatea, gutxienez ere laguntza eskatzen denetik esleipen ebazpena eman arte.

c) Osasun prestakuntza espezializatuko programa bat egiten ez aritzea.

3.2. Ikerketa taldea diziplina anitzekoa izanen da, eta, osatzeko orduan, irizpide hauek bete beharko dira:

–Taldean, gutxienez, larrialdietako zerbitzu eta unitateetako laguntzako mediku bat eta erizain bat izatea.

–Kudeaketako teknikari bat edo osasun arloaren kudeaketan esperientzia duen fakultatibo bat izatea.

–Simulazio estatistikoan esperientzia egiaztatua duen matematikari bat bederen izatea.

–Gainera, bestelako lanbide profil batzuk dituzten profesionalak ere egon daitezke taldean, eta ez da ezinbestekoa izanen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari lotuak izatea.

Ez dira ikerketa taldeko kidetzat hartuko bakarrik aholkulari lanak egiten dituzten kideak.

Prestakuntza espezializatua hartzen ari diren profesionalak ez dira proiektuko ikertzaile nagusi izaten ahal, baina bai, ordea, ikerketa taldeko kide.

4.–Finantzatzen ahal diren gastuak.

Ikerketa proiektuaren finantzaketa ezin da 27.192,00 eurotik gorakoa izan.

Ematen den laguntza behean azalduko diren gastuak ordaintzeko erabiltzen ahalko da, betiere zuzeneko lotura badute proiektuaren gauzatzearekin:

a) Parte hartzen duten erakundeekin funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun gisako loturarik ez duten langile teknikoen kontratazioa, proiektua gauzatzeko aurreikusitako denbora osoan edo zati batean aritzeko.

b) Zerbitzu profesionalen kontratazioa. Horrelakoetan, komeni da orduka kuantifikatzea, edo egindako lan unitateka (inkestak, aholkularitzak, etab.).

c) Bestelako gastu osagarriak, diren bezalakoak izateagatik aurreko ataletan sar ez daitezkeenak.

Ikerketa taldeko kideek, osasun arloko prestakuntza espezializatua egiten ari diren profesionalak barne, ezin izanen dute ordainsaririk jaso proiektuaren kargura.

Aurkezten diren gastuak, betiere, proiektuaren helburuak lortzeko beharrezkoak izanen dira, eta behar bezala justifikatu beharko dira.

Laguntzak bateragarriak dira xede bererako lortzen diren bestelako diru-laguntzekin, betiere laguntzek guztira ez badute gainditzen finantzatu beharreko zenbatekoa. Hala gertatzen bada, esleitutako zenbatekoa murriztu eginen da gehieneko mugaraino.

5.–Proiektuaren gehieneko iraupena.

Proiektuak urtebete iraunen du gehienez.

6.–Eskaerak.

6.1. Eskaerak agiri hauek bilduko ditu:

1. agiria. Ikertzaile nagusiak eta ikerketa taldeko kide bakoitzak sinatutako eskabidea.

2. agiria. Ikerketa proiektuaren memoria, atal hauek jasoko dituena: proiektuaren aurrekontu xehakatua, aurreikusitako eragina eta proiektua gauzatzeko kronograma.

3. agiria. Ikertzaile nagusiaren eta taldeko gainerako kideen curriculum vitae-a, bertan adierazita proiekturako interesgarrienak diren alderdiak, deialdi honetarako eskura dagoen eredu normalizatuaren arabera beterik.

4. agiria. Ikerketa taldeko kideen zentro edo erakunde bakoitzeko zuzendariak sinatutako txostena, baimena emanez proiektua egiteko eta zehaztuz eskatutako orduetatik zenbat ordu konputatuko diren horretarako ikertzaileen lanaldi arruntaren barnean.

5. agiria. Nafarroako Foru Komunitateko Ikerketa Klinikorako Batzorde Etikoak egindako txostena. Proiektuarekin batera Batzordeari egindako baimen-eskaera besterik ez da aurkeztu beharko, baina baimena, betiere, laguntzaren esleipena ebatzi aurretik aurkeztu beharko da.

6.2. Agiri horiek egiteko txantiloi normalizatuak Nafarroako Gobernuko webguneko zerbitzuen katalogoan daude eskura (www.navarra.es).

7.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

7.1. Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Eskaerak Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko Erregistroan edo erregistro elektronikoan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren erregistro edo bulegoetan.

Posta bulegoen bidez aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onarpen data eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak agerraraz daitezen. Gainera, interesdunak, egokitzat jotzen badu, eskaera igortzen duen egun berean igorpenaren berri emanen dio Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuari, telefax bidez edo bestelako bitarteko telematikoen bidez.

7.3. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, jakinarazpen elektronikoaren bidez eskatuko zaio interesdunari gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala eta ohartaraziko zaio, zuzentzen ez baditu, bere eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela, beste tramiterik gabe.

8.–Ebaluaziorako Batzorde Teknikoa.

Aurkezten diren eskaerak honako hauek osatuko duten batzorde tekniko batek baloratuko ditu:

–Osasun Departamentuko Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Ataleko burua.

–Nafarroako Ospitaleguneko ikerkuntzako koordinatzailea.

–Nafarroako Ospitaleguneko Larrialdi Zerbitzuko burua.

–Miguel Servet fundazioko zuzendaria.

–Osasun Departamentuko Ikerketa Bulegoko burua.

9.–Eskaeren balorazioa.

Ebaluazioaren Batzorde Teknikoak ondoko irizpide hauek aplikatuz baloratuko ditu eskaerak:

1. Proiektuaren kalitate teknikoa eta metodologikoa. 50 puntu gehienez. Atal honetan honako hauek baloratuko dira:

–Proposamenaren formulazioa, argitasuna, bidezkotasuna eta zehaztasuna.

–Taldeak gaiari buruz duen ezagutza eta aurkeztutako bibliografiaren garrantzia.

–Metodologiaren egokitasuna.

–Proposamenen originaltasuna eta berrikuntza.

2. Proiektuaren bideragarritasuna.

2.1. Proiektuan programatutako gaietan eta jardueretan ikerketa taldeak duen esperientzia. 20 puntu gehienez. Atal honetan honako hauek baloratuko dira:

–Gaitasun zientifikoa eta teknikoa, eta ikertzaile nagusiak zein ikerketa taldeko gainerako kideek ikergaiaren arloan duten esperientzia.

–Taldeak ikerkuntza ebaluatzailearen arloan daukan esperientzia, batik bat ikertzaile nagusiak.

2.2. Proposatutako proiektuaren aurrekontua eta lan plangintza. 15 puntu gehienez. Honako hauek baloratuko dira:

–Lan plangintza, zereginen banaketa.

–Eskura dauden baliabideak eta aurreikusten direnak nola egokitzen diren.

–Kudeatzeko gaitasuna.

–Eskatutako aurrekontua nola egokitzen den proiektuaren helburuetara.

3. Zentro askotan erabili ahal izatea, eta kooperatiboa eta diziplina anitzekoa izatea. 10 puntu gehienez. Honako hauek baloratuko dira:

–Ikerketa taldea diziplina anitzeko kideek osatua izatea.

–Zentroen eta/edo ikerketa taldeen arteko lankidetza maila.

–Lankidetza unibertsitateekin eta beste erakunde publikoekin, pribatuekin eta abarrekin.

4. Ikertzeko dohaina sustatzea. 5 puntu gehienez. Honako hauek baloratuko dira:

–Nabarmendu bidean dabilen ikertzaile bat burutzan duen proiektua. Halakotzat joko dira ikertzaile nagusi gisa aldez aurretik lehiakortasuneko finantzabiderik izan ez dutenak, hura I+G+Bko plan nazionalarena izan, Carlos III.a Institutuaren Osasunaren Ekintza Estrategikoarena, Europar Batasuneko deialdiena edo Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuarena izan; halaber, lehenengo edo azken autore gisa edo harremanetarako autore gisa, gutxienez 3 argitalpen izan behar dituzte azken 5 urtean, Journal Citation Report-ean indexatuak.

–Prestakuntza espezializatuaren aldian dauden profesionalen parte-hartzea.

Finantzaketa lortzeko, proiektuek gutxienez 25 puntu lortu behar dituzte 1. atalean (proiektuaren kalitate zientifiko-teknikoa eta metodologikoa), eta gutxienez 10 puntu 2. atalean (proiektuaren bideragarritasuna).

Ebaluazio Batzorde Teknikoari dagokio finantzaketa jasoko duten eskaeren proposamen arrazoitua egitea. Finantzagarritzat jotzen den proiektu bakoitzaren aurrekontua zehazteko, dauden baliabideak ahalik eta eraginkortasunik handienarekin banatzeko irizpideak erabiliko dira.

10.–Ikerkuntzarako laguntzen kontzesioa.

Ebaluazioaren Batzorde Teknikoaren proposamen arrazoitua ikusita, Osasun Zuzendaritza Nagusiak zehaztuko du zer ikerketa proiektu izanen den Osasun Departamentuaren ikerketa komisionatua egiteko laguntzen onuradun, ematen diren laguntzen zenbatekoa eta gastu kontzeptuak adierazita.

Hartutako erabakia eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Gobernuaren web orriko zerbitzuen katalogoan egonen da ikusgai (www.navarra.es).

11.–Proiektua gainbegiratzea.

Nafarroako Ospitaleguneko Zuzendaritzak aukeraturiko teknikari batek gainbegiratuko du proiektua nola gauzatzen den. Hari dagokio, orobat, begiratzea ikerketak balio duela eredu errealista eta eraginkor bat garatzeko, arreta hobetzeko esku-hartzeak ezartzeari begira.

Ikertzaile nagusiak proiektuaren gauzatzeari buruzko memoria eguneratu bat aurkeztu beharko du urtero, non jasoko baitira egindako aurrerapenak eta, hala balegokio, lortutako behin-behineko emaitzak. Memoria hori Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalera igorriko da.

12.–Proiektuaren kudeaketa.

Proiektuaren kudeaketa ikertzaile nagusiaren ardura da. Nolanahi ere, ikertzaile nagusiak lankidetza hitzarmen bat sinatu beharko du bera kide den zentroari lotutako entitate kudeatzaile batekin.

13.–Ordaintzeko prozedura.

Proiektuari esleitutako zenbatekoa ikertzaile nagusiaren izenean ordainduko da, dagokion entitate kudeatzailearen banku kontuan, 12. atalean aipatutako kudeaketa entitatearen eta ikertzaile nagusiaren arteko lankidetza hitzarmena eta onartzeko agiria formalizatu ondoren.

13.1. Onarpen agiria eta ikertzaile nagusiaren eta entitate kudeatzailearen arteko lankidetza hitzarmena formalizatu ondoren ordainduko da 2015. urteko ekitaldiari dagokion zatia, osorik.

13.2. 2016. urteko aurrekontu ekitaldirako onetsitako finantzaketa urteko ordainketa batean gauzatuko da, behin Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak urteko memoria (14.3 atalean aipatua) aztertu ondoren. Atal horrek ordaintzeko proposamena eginen du, bertan egiaztatuta finantzaketaren xedeak bete direla.

13.3. Proiektuari egotz dakizkiokeen gastuak erregularizatuko dira proiektua bukatzean eta azken memoria aurkeztean.

14.–Proiektua gauzatzea.

14.1. Proiektua deialdi honetan eta ikertzaile nagusiak sinatzen duen onarpen agirian ezarritakoari jarraikiz gauzatuko da.

14.2. Proiektua gauzatzean gertatzen den edozein gorabehera edo aldaketa idatziz baimendu beharko du aurretik Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuak.

14.3. Urte bakoitzeko azaroaren 15a baino lehen, ikertzaile nagusiak emaitza teknikoei buruzko urteko memoria eguneratua eta laburtua aurkeztu beharko du Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalean. Ikertzaile nagusiak zer entitate kudeatzailerekin sinatzen duen hitzarmena, entitate horrexek aurkez ditzake aurrekontua gauzatzeari buruzko memoria eta gastuen justifikazioa. Gastu guztiak jatorrizko agirien bidez justifikatuko dira (gero itzultzen ahalko dira, interesdunak eskatuta, behar diren egiaztapenak egin ondoren), edo ikertzaile nagusiak eta entitate kudeatzaileko zuzendariak sinatutako fakturen eta gastuen zerrenda bat aurkeztuz (halakoetan, bidezkoa bada, jatorrizko fakturak eskatzen ahalko dira).

Proiektua gauzatzean, beharrezkotzat jotzen bada gastu mota bakoitzari esleitutako zenbateko partzialak aldatzea (betiere proiektuari emandako zenbateko osoa gainditu gabe), proiektuaren ikertzaile nagusiak idatzizko eskaera egin beharko dio Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuari, behar bezala arrazoituta.

Egindako lana aurreikusitakoaren araberakoa ez dela frogatzen bada, Osasun Zuzendaritza Nagusiak, Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuak egindako txosten arrazoitua ikusita, bertan behera uzten ahalko du proiektuaren finantzaketa, deusetan galarazi gabe izan daitezkeen erantzukizunak.

15.–Proiektuaren bukaera.

Proiektuaren onarpen agirian ikerketa bukatzeko agertzen den egunetik hasita bi hilabeteko epean, ikertzaile nagusiak honako hauek jasoko dituen azken memoria aurkeztuko du Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuan:

a) Memoria teknikoa, ikerketa komisionatuaren emaitzak jasotzen dituena. Honako alderdi hauek bildu beharko ditu:

–Ebaluazio azterketa bat, hobetzeko esku-hartzeak prestatzeko abiapuntu izanen dena.

–Erabilitako eredu matematikoak, beste kasu batzuetan ere erabili ahal izateko.

–Txosten bat, larrialdi zerbitzuetako erien arreta hobetzeko behar diren tresna, metodologia eta baliabideak proposatzen dituena.

b) Proiektuaren laburpena, 2 orrikoa gehienez. Laburpen hori Osasun Departamentuaren “Anales del Sistema Sanitario de Navarra” izeneko aldizkarian argitaratzen ahalko da, Osasun Departamentuak onartutako proiektuen sailean.

c) Ikerketaren eraginari buruzko memoria teknikoa: eragin bibliometrikoa, praktika klinikoan edo osasun arloko politiketan izanen duen eragina eta osasunean edo eskaintzen ari den osasun zerbitzuan izanen duen eragina.

d) Memoria ekonomikoa, non izandako gastuak justifikatuko baitira emandako finantzaketari dagokionez.

Proiektua gauzatzeari begira beharrezkoa bada, ikertzaile nagusiak azken memoria aurkezteko epea luzatzeko eskatzen ahalko dio Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuari, behar bezala arrazoituta.

16.–Konpromiso osagarriak.

Ikerketa proiektuaren emaitzen gaineko argitalpen zientifikoetan, ahozko komunikazioetan eta, oro har, zabalkunde lan guztietan, deialdi honen bidez finantzatu dela adierazi beharko da. Produkzio horien berri eman beharko zaio Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuari, proiektuaren espediente zenbakia zehaztuta, eta argitalpena egiten denean, baita separatak bidali ere, azken memoria noiz igortzen den kontuan izan gabe.

Finantzaketa onartzeak deialdi honetan ezarritako baldintzak onartzea dakarkio ikerketa taldeari.

Deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak edo proiektua onartzeko agirian ezarritako baldintzak erabat edo hein batean bete ezik, proiektua bertan behera utziko da eta kobratutako dirua itzuli beharko da, izan litekeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

Ikerketa proiektu honetarako beste edozein motatako laguntza edo diru-laguntzarik ematen baldin bada, horren berri eman beharko zaio Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuari, Osasun Zuzendaritza Nagusiari jakinaraz diezaion. Azken horrek ikerketa proiektuaren esleipen ekonomikoaren baldintzak aldatzen ahalko ditu.

Iragarkiaren kodea: F1513306