200. ALDIZKARIA - 2015eko urriaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1950/2015 EBAZPENA, irailaren 30ekoa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko arauak ezartzen dituena, Gazteen Bermearen Sisteman inskribaturiko gazte langabeak lan munduan txertatzea errazteko asmoz.

Nafarroako Gobernuaren kezkarik handienetako bat da gazteen langabezia tasa murriztea. Horretarako, Gazte Enplegurako Programa bat prestatu du, Europako Gizarte Funtsaren Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren barnean. Programa horren hiru jarduketa-ardatzak lagungarriak dira lanbide prestakuntza hobetzeko, kontratazioa sustatzeko eta kolektibo horren bana-banako orientazioa lortzeko, betiere enplegu tasa hobetzea helburu. Kontratazioa sustatzeko neurrien artean sartzen da tokiko entitateek langabe gazteak kontratatzeko diru-laguntzak ematea, deialdi honetan eta bere oinarri arautzaileetan garatzen den xedea, alegia. Neurri hori aipatutako programen barnean kokatzen da, eta Europar Batasuneko YEI Gazteen Enplegurako Ekimenaren (Youth Employment Initiative) eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa du.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen duenak, deialdi bat eta oinarri arautzaileak onestea eskatzen du, besteak beste. Hori dela eta, bidezkoa da Gazteen Bermearen Sisteman inskribaturiko gazte langabeak kontratatzeko 2015eko diru-laguntzen deialdia onestea.

Foru lege horrek xedatzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioaren araubidea baimentzen duenean.

Nafarroako Gobernuak, 2015eko otsailaren 25ean egindako bilkuran, erabaki zuen banakako ebaluazioaren araubidea onartzea Gazte Bermearen Sisteman inskribaturiko langabe gazteak kontratatzeagatik Nafarroako toki entitateei ematen zaizkien diru-laguntzetarako; izan ere, diru-laguntzaren gertaera eragilea berdina da kasu guztietan: gazte horiek kontratatzea haien enplegagarritasuna hobetzeko eta haien laneratzea errazteko.

Azaldutakoarekin bat, eta martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuen 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako toki entitateentzako diru-laguntzen deialdi bat onestea Gazteen Bermearen Sisteman inskribaturiko gazte langabeak lan munduan txertatzea errazteko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. 331.086,00 euroko gastua baimentzea, 2015. urtera luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Enplegu Plana. Interes sozialeko kontratazio, obra edo zerbitzuetarako diru-laguntzak. Sektoriala eta PE, EGF-YEI Gazte enplegua” kontu-sailaren kargura (Diru-laguntzen eta laguntzen biltegi zentraleko 4935 zenbakia, E-14/000102-03 PEP elementua).

4. Diru-laguntzei buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, aipatu kontu-sailean aurrekontu erabilgarririk badago deialdiaren ebazpena eman baino lehen, hasiera batean aurreikusitako diruari gehitzen ahalko zaio.

5. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honen kontra zilegi izanen da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, dagokion Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2015eko irailaren 30ean.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, María Paz Fernández Mendaza.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.a. Xedea, jarduteko eremua eta finantzaketa iturriak.

1. Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko baldintzak eta betebeharrak arautzea, Gazteen Bermearen Sisteman inskribaturiko gazte langabetuak lan munduan txertatzea errazteko. Hori helburu, Gazteen Bermearen Sisteman inskribaturiko gazte langabetuekin egindako kontratuak diruz lagunduko dira, betiere kontratu horiek gutxienez sei hilabeteko iraupena badute eta lanaldia, gutxienez, kasuan kasuko hitzarmen kolektiboak finkatzen duen lanaldi osoaren %50 adinakoa baldin bada.

Kontratazioak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 2015eko abenduaren 31ra bitarte egin beharko dira.

2. Jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

3. Deialdi hau Gazteen Enplegurako Programa Eragilearen barnean sartzen da, zein Gazteen Enplegurako Ekimenak eta Europako Gizarte Funtsak batera finantzatzen baitute 2014-2020 eperako.

2.a. Entitate onuradunak eta bete beharreko baldintzak.

1. Diru-laguntza hauen onuradunak Nafarroako toki entitateak izanen dira, hain zuzen, 5. oinarrian ezarritako betebeharrak betetzen dituzten gazte langabetuak kontratatzen dituztenak deialdi honen ondorioetarako.

2. Diru-laguntzen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Toki entitate bat izatea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren betebehar orokorrak betetzea. Hori “Erantzukizuneko aitorpen” baten bidez frogatzen ahalko du diru-laguntza eskatzen duen entitateak.

3.a. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta diruz laguntzen ahal diren gastuak.

Honako hau izanen da diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa:

a) 1. kotizazio talderako kontratuetan, 6.500 euro lanaldi osorako egiten den kontratu bakoitzeko.

b) 2. kotizazio talderako kontratuetan, 6.200 euro lanaldi osorako egiten den kontratu bakoitzeko.

c) 3. kotizazio taldetik 11.era bitarteko kotizazio taldeetarako kontratuetan, 5.990 euro lanaldi osorako egiten den kontratu bakoitzeko.

Lanaldi laburragoetan, proportzioan murriztuko da eman beharreko diru-laguntza.

Zenbateko horiek finkatu dira unitate bakoitzeko baremo estandar bat erabiliz, toki entitateak honako hauei jarraikiz egin beharreko gutxieneko kontratazio kostuak estaltzen dituena: lan arloan eta gizarte segurantzaren arloan indarrean dagoen legedia (lanbidearteko gutxieneko soldata eta Gizarte Segurantzako enpresaren kuota), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko EB 1303/2013 Erregelamenduaren 67. artikuluan ezarritakoa eta Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzaturiko gastuen justifikazioari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko EB 1304/2014 Erregelamenduaren 14.4 artikuluan ezarritakoa.

4.a. Diruz laguntzen ahal den gehieneko lanaldi kopurua.

Toki entitate bakoitzari honenbeste lanaldi osotarako diru-laguntza ematen ahal zaio:

BIZTANLEAK

LANALDI OSOAK

1.000 arte

2

1.001-5.000

4

5.001-10.000

8

10.001-40.000

10

40.000 baino gehiago

35

5.a. Langabe gazteak hautatzeko betebehar eta irizpideak.

1. Toki entitateek kontratatzen dituzten pertsonek 30 urte baino gutxiago izan behar dituzte kontratazioaren unean. Halaber, langabeak izanen dira, eta lan eskatzaile gisa inskribaturik egonen dira Nafarroako Enplegu Zerbitzuko enplegu agentziaren batean eta Gazteen Bermearen Sistema Nazionalean, jarduteko moduko egoeran.

2. Entitate onuradunek, eskaintza orokor baten bidez, behar dituzten langabeak eskatuko dizkiote kasuan kasuko enplegu agentziari, 1. puntuan ezarritakoa kontuan harturik.

Enplegu agentziak, eskatutako profilari jarraituz (kasu guztietan bat etorriko da diru-laguntzaren eskaeraren ereduan adierazitakoarekin), azterketa bat eginen du enplegu horretarako egokiak diren eta eskura dauden pertsona batzuk aurretik hautatzeko, hau da, eskainitako lanpostuaren edukira eta lanbide mailara egokitutako lanbide profila dutenak. Azterketa hori eginda, enplegu agentziak entitate onuradunak eskatzen dizkion adina hautagai aukeratuko ditu proiektuak aurreikusten duen lanpostu bakoitzeko.

Enplegu agentziak, aurretiko hauta-lan horretan, lanpostuaren udalerriko edo udalerrietako hautagaiak bilatuko ditu. Proiektua egiteko behar adina hautagai aurkitu ezean, beste udalerri batzuetara zabalduko du bilaketa, lehentasuna emanez hurbilen daudenei, proiektuan aurreikusitako hautagai kopurua lortu arte. Bilaketa beste udalerri batzuetara zabalduta ere lanpostu horretarako behar adina hautagai egokirik ez badago, proiektuak eskatutako hautagai kopurua lortzeko, eskainitako lanpostura gehien hurbiltzen den lanbide profila daukaten beste pertsona batzuengana zabalduko da bilaketa, lanpostuaren udalerritik hasita. Eskainitako lanbide profiletik hurbil zein dagoen zehazteko, bilaketa bat eginen da Lanbideen Estatuko Sailkapeneko kodeen taula indarduna erabiliz (talde primarioaren mailan, 4 digitu).

3. Kontratatutako pertsonaren batek lana uzten badu 6 hilabeteko epea bukatu baino lehen, ordezko bat jarri beharko zaio gehienez ere 15 eguneko epean, oinarri honetan ezarritako betebeharren arabera, betiere ordezten den kontratuaren lanaldi bera eta kotizazio talde bera errespetatuz. Nafarroako Enplegu Zerbitzuari horren berri eman beharko zaio, kontratu berriaren egunetik hasita hilabeteko epean gehienez.

Kasu horretan, egiten diren kontratu guztien iraupenen batura, gutxienez, sei hilabetekoa izanen da, hots, deialdi honen bidez diruz laguntzen den denboraldia.

6.a. Eskaeren aurkezpena eta epeak.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabete natural batekoa izanen da, lan kontratua hasi eta biharamunetik aurrera. 2015eko abenduaren 1etik aurrera sinatzen diren kontratuetarako eskaerak, betiere, 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dira.

2. Eskaerak, ahal delarik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan, baita Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoaren bidez ere, www.navarra.es webgunetik abiatuta (sinadura elektronikoa behar da).

3. Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, harrera data eta tokia agerrarazteko. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.

4. Eskaerak adierazitako epeaz kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

7.a. Eskaerek bete beharreko baldintzak.

1. Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak eskatu nahi dituzten entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Diru-laguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa (II. eranskina). Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.navarra.es) eskura daiteke.

b) Toki entitateak eta Gazteen Bermearen Sisteman inskribaturiko pertsonak sinatutako lan kontratua.

c) Eskaintza generikoa eta Enplegu Agentziak aurretik hautatutako pertsonen zerrenda.

d) Kontratatutako pertsona Gazteen Bermearen Sistema Nazionalean inskribaturik eta jarduteko moduko egoeran dagoela justifikatzen duen agiria.

e) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, diru-laguntzarik gabe gelditzen den zatia finantzatzeko kreditua badagoela adierazten duena.

f) Entitatearen ziurtagiria edo erantzukizunpeko aitorpena, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzez gainera bestelako laguntzarik jaso ez duela adierazteko.

g) Europar Batasunaren betebeharrak ezagutzen dituela adierazten duen aitorpena (III. eranskina), Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.navarra.es) eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa.

h) Aurretik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso ez bada, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” izeneko inprimakia.

2. Eskaera osorik egon ezean, dagokion instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. idatz-zatian xedatu bezala.

8.a. Instrukzioa eta tramitazioa.

1. Diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuari dagokio.

2. Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuak, behar diren egiaztapenak eginda eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena emanen du, eta dagokion ebazpen proposamena eginen, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

3. Eskaerak sarrera-ordenaren arabera bideratuko dira.

9.a. Ebazpena eta diru-laguntza ordaintzea.

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak egindako proposamena jasorik, ebatziko du diru-laguntza eman edo ukatzen den.

Ebazpena gehienez ere bi hilabetean eman eta jakinaraziko da, eskaera aurkezten den egunetik hasita. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.

2. Ebazpena entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, diru-laguntza eman edo ukatzearen arrazoiak adierazita.

3. Egindako eskaeraren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren aurka, toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

4. Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuak egiaztatzen duenean diru-laguntza eskaeraren xedeko jarduketa egin dela, hau da, toki entitateak Gazteen Bermearen sisteman inskribaturiko langabetua kontratatu duela, eta enplegu-emaileak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, diru-laguntza eman eta ordainduko da.

10.a. Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Emateko prozedura Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

11.a. Laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak ez dira bateragarriak Nafarroako Gobernuak, beste beste administrazio publiko edo entitate publiko zein pribatu batzuek, nazionalak edo nazioartekoak izan, edo partikularrek helburu bererako ematen dituztenekin.

12.a. Diru-laguntzen jakinarazpena eta publizitatea.

1. Ebazpenak entitate interesdunei jakinaraziko zaizkie, administrazio prozedurari buruzko legedian aurreikusi bezala. Gainera, Nafarroako Atarian argitaratu beharko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzetan, eta, orobat, egiturazko funtsei buruzko xedapenak ezartzen dituen 1303/2013 EB Erregelamenduaren 115. artikuluko 2. atalean ezarritakoa betez (Informazioa eta jakinarazpena).

2. Era berean, Europako Gizarte Funtsak Nafarroan duen erabilerari gardentasuna eta zabalkundea eman nahian, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak aldian behin argitaratuko du diru-laguntzen zerrenda Europako Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren web orrian, eta Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak, berriz, UAFSEren web orrian. Honako hauek adieraziko dira: entitate onuraduna, IFK, jasotako laguntzaren zenbatekoa eta haren helburua.

Laguntza onartzearekin batera, toki entitateak berariaz onartzen du bere datuak argitaratzea aipatutako web orrietan.

3. Entitate onuradunek sustatu eta zabaltzeko jarduketa guztietan agertu beharko dute Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela, eta Europako Gizarte Funtsaren eta Gazteen Enplegurako Ekimenaren baterako finantzaketa izan dutela. Kasu horretan, diru-laguntzaren xedeko lan kontratuan berean jasoko da Europatik etorriko den baterako finantzaketa.

13.a. Entitate kontratatzaileen betebeharrak.

Honako hauek dira toki entitate kontratatzaileen betebeharrak:

a) Gazte langabeekin lan kontratua sinatzea, legez ezarritako edozein modalitateren bidez.

b) Nafarroako Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga arloko betebehar guztiak egunean izatea, bai eta, kasua bada, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeari buruzkoak ere. Betebehar hori egunean duela egiaztatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan, laguntza emateko ebazpenaren proposamena onesten den unean onuradunak betebehar horiek egunean dituen egiaztatzeko.

c) Diru-laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea eta egiten diren kontroletan laguntzea.

Europar Batasunaren Aurrekontu Orokorretik datorren baterako finantzaketaren ondorioz, kontrolak honako erakunde hauek egin ditzakete, besteak beste: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak, Europako Batzordeak edo Europar Batasuneko Kontuen Auzitegiak. Kontrol horiek eginez gero, toki entitate onuradunak behar den laguntza emanen du ongi egin daitezen.

d) Ekintza horien kudeaketarekin eta gastuekin zerikusia duten egiaztagiriak auditoria eta kontrol organoen eskura edukitzea hiru urtez, eragiketaren gastuak biltzen dituzten kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 140.1 artikuluak ezartzen duen bezala.

e) Kontabilitate-sistema bereizi bat edo azpi-kontu bat eramatea Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketaren xedeko eragiketei lotutako transakzio guztietarako, edo, gutxienez, transakzio horiek argi eta garbi identifikatzeko moduko kontabilitate-kodifikazio bat erabiltzea.

f) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legedian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

g) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

14.a. Diru-laguntzen jarraipena eta kontrola.

1. Diru-laguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko noizean behin, proiektuak gauzatzen direla ziurtatzeko, baita diru-laguntzak jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzeko ere. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta, zehatzago, Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuak egiaztatuko du deialdi honen bidez finantzatzen den kontratazioaren xedeko pertsona gutxienez 6 hilabetez egon dela kontratatua eta Gizarte Segurantzan alta-egoeran, betiere hasierako kontratuaren egunetik hasita.

2. Jarduketak gauzatzean eta haiek eta haien gastuak egin direla justifikatzean, egiturazko funtsei diru-laguntzen, kudeaketaren eta kontrolaren arloetan aplika dakizkiekeen xedapen guztiak errespetatuko dira, batez ere Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Egitura eta Inbertsio Funtsei buruzko xedapen komunak ezartzen dituena.

15.a. Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.

1. Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak, administrazioak aldaketa onartu ala ez, diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

2. Programa gauzatzen ez bada, edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

3. Kontratua aurretik bukatzen bada, 5.3 oinarrian adierazi bezala, eta entitateak ez badu kontratatua ordezten, edo ordezten badu oinarri horretan ezarritako baldintzak bete gabe, bidezkoa izanen da egindako ordainketaren hein bateko itzulketa eskatzea, oinarriotan eskatzen den 6 hilabeteko kontratazioa betetzeko falta den denboraren arabera kalkulatuta.

Kontratua 4 hilabete igaro aurretik iraungitzen bada, eta toki entitateak ordezkorik kontratatzen ez badu, edo bidegabekotzat aitortutako edo deklaratutako kaleratzearen bidez kanporatzen baldin badute, diru-laguntza osoa itzuli beharko da, berandutze-interesak eta guzti.

4. Helburu bera duten beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasotzeak berarekin ekarriko du emandako diru-laguntza guztia itzuli beharra.

5. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura honako arau hauetan ezarritakoari jarraikiz gauzatuko da: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen VI. tituluan biltzen diren administrazio prozeduren gaineko xedapen orokorrak eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

16.a. Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

2. Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

17.a. Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, dagokion administrazioarekiko auzien epaitegiari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

18.a. Araudi osagarria.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak eta aplikagarri den gainerako araudi administratiboa aplikatuko dira.

Zehazki, Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketari dagokionez, hauxe izanen da erreferentziazko araudia:

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1303/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 17koa, Europako Egitura eta Inbertsio Funts guztiei buruzko xedapen komunak ezartzen dituena.

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1304/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 13koa, Europako Gizarte Funtsari buruzkoa.

–Hazkundeari, Lehiakortasunari eta Eragimenari buruzko urriaren 15eko 18/2014 Legearen I. kapitulua, Gazteen Bermearen Sistema Nazionala izenekoa, gero Hazkundeari, Lehiakortasunari eta Eragimenari buruzko uztailaren 28ko 25/2015 Legearen 12. xedapen gehigarriaren bidez aldatu zena.

–Lan Autonomoaren, Ekonomia Sozialaren eta Enpresen Gizarte Erantzukizunaren Zuzendaritza Nagusiaren 2015eko uztailaren 29ko Ebazpena, Gazteen Bermearen Sistema Nazionalaren aplikazio eremua hedatzen duena (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 181. zenbakia, 2015eko uztailaren 30ekoa).

Iragarkiaren kodea: F1513341