1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
204/2015 FORU AGINDUA, irailaren 21ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, baimena ematen duena Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoan ematen diren ebazpenak prestatu, igorri, argitaratu eta artxibatzeko lanak Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoaren esku uzteko.
Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 5eko 112/2013 Foru Aginduaren bidez abuztuaren 8ko 52/2012 Foru Agindua aldatu zen, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egitura osasun laguntzaz kanpoko atalen eta osasun laguntzaz kanpoko unitateen mailan ezartzen zuena, izan ere, horren ondorioz Ebazpenak Kudeatzeko Unitatea kendu zen erakunde autonomoaren egitura organikotik. Administrazio unitate horrek erakunde autonomoan ematen diren ebazpenak prestatu, igorri, argitaratu eta artxibatzearen gaineko zenbait eginkizun zituen esleiturik.
Bestalde, administrazio unitate horrek izena aldatu du, orain Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoa baita, eta Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 5eko 111/2013 Foru Aginduaren bidez Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Antolaketa Atalari atxikia gelditu zen.
Horrela, gaur egun Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ez ditu lan horiek egiteko behar diren baliabide tekniko eta langileak.
Berariaz esleitutako xede eta helburuei buruz instrumentalitate printzipioak dioenari jarraikiz (printzipio hori erakunde publikoen araubide juridikoan jasotzen da), gomendagarria izan daiteke erakunde publiko bati atxikita ez dauden administrazio organoek egitea erakunde publiko horri dagozkion zenbait eginkizun orokor, kudeaketa esleipen baten bidez. Eginkizun horien artean Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoan ematen diren ebazpenak prestatu, igorri, argitaratu eta artxibatzeko lanak daude.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39.1 artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko organoek ahalmena dute beren eskumeneko lan material edo teknikoak edo zerbitzuak beste organo batzuei mandatu bidez esleitzeko, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako. Antzeko moduan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluak xedatzen duenez, administrazio organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko lan material edo teknikoak edo zerbitzuak administrazio bereko edo ezberdineko beste organo batzuei mandatu bidez esleitzen ahalko zaizkie, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako.
Ondorio horietarako, Osasuneko kontseilariak abuztuaren 9ko 118/2013 Foru Aginduaren bidez, baimena eman zen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoan ematen diren ebazpenak prestatu, igorri, argitaratu eta artxibatzeko lanak Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoaren esku uzteko. Mandatu hori bi urterako egin zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen egunetik aurrera, hau da, 2013ko urriaren 28tik aurrera; hortaz, laster bukatuko da epea.
Horiek horrela, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39. artikuluan emandako eskudantziez baliatuz.
AGINDU DUT:
1. Baimena ematea Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoaren esku uzteko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoan ematen diren ebazpenen gaineko jarduketa hauek:
a) Ebazpenak prestatzea, administratiboki gainbegiratzea, helaraztea eta, kasua bada, argitara daitezen igortzea.
b) Ematen diren ebazpen guztiak katalogatu eta artxibatzea.
c) Administrazio egintza horiei buruzko ziurtagiriak prestatzea.
2. Mandatua lau urterako izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2015eko irailaren 21ean.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.
Iragarkiaren kodea: F1513117