1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
89/2015 FORU AGINDUA, irailaren 15ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, egoera berezietan dauden familiei laneko eta familiako eginkizunen bateragarritasuna errazteko laguntza ekonomikoak arautzen dituen 2015eko deialdiaren oinarriak onesten dituena.
Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak, besteak beste, honako eginkizun eta helburu hauek ditu: Familiari Laguntzeko Planean aipatzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzea eta familiarentzako programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea eta horien jarraipena egitea.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.
Gaur egun handitu da seme-alaba adingabeak eta premia eta arazo espezifikoak dituzten familien kopurua. Arazo horien iturburua dira bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak bateratzeko zailtasunak, adingabeen ardura eta zaintza heldu bakar batek izateagatik.
Deialdi honen helburua da oinarri arautzaileak ezartzea, oinarriotan agertzen diren kasuetan familiei laneko eta familiako eginkizunen bateragarritasuna errazteko laguntza ekonomikoak arautzeko.
Adingabeen ardura duten familiei lagundu nahi zaie, guraso bakarrak aurrera eraman behar badu, erronka eta zailtasun handiak baitituzte. Erronka horietako batzuk familia guztietakoak dira, baina kasu hauetan handiagotzen dira heldu bakar batek aurre egin behar baitie, laguntzarik gabe eta ardura ekonomiko, emozional eta hezkuntzakoekin, besteak beste. Ekonomiari dagokionez, kide bakar batek ditu diru-sarrerak, eta horren ondorioz kalteberagoak dira eta zailagoa da bizitza pertsonala eta lana bateratzea. Laguntza hauek behin bakarrik hartzekoak eta subsidiarioak dira, eta banakako ebaluazioaren bitartez tramitatuko dira.
Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntza hauek egokiak eta gizarte interesekoak direla, eta deialdia eta haren oinarri arautzaileak, legezkoak.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,
AGINDU DUT:
1. Egoera berezietan dauden familiei laneko eta familiako eginkizunen bateragarritasuna errazteko laguntza ekonomikoak emateko deialdia onestea, bai eta foru agindu honen eranskinean dauden oinarri arautzaileak ere.
2. 200.000 euroko gastua baimentzea, 2015era luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko "Familia eta lana bateratzeko laguntzak" izeneko 930002 94200 4809 231507 kontu-sailaren kargura; hori guztia, aurrekontu erabilgarria izatearen menpe.
3. Baldin eta eskabide guztiei erantzuteko aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua handitu ahal izanen da, aurrekontua handitzearen bidez.
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
5. Foru agindu hau Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzara eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2015eko irailaren 15ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.
DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenbizikoa.–Laguntzaren xedea.
Deialdi honen helburua da laguntza ekonomikoak ematea egoera berezietan dauden familiei (deialdiaren 2. oinarrian zehazten direnei), laneko eta familiako eginkizunen bateragarritasuna errazteko.
Bigarrena.–Onuradunak.
1. Laguntza hauen onuradun izanen dira bakar-bakarrik seme-alaba adingabeen edo harrerapean dauden adingabeen ardura duten helduak.
2. Orobat, onuradun izanen dira senar-emazteak edo bikote egonkorrak, kide bat 2015ean Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo bizitzera behartuta badago (edo egon bada) lana dela medio, etengabe, gutxienez 240 egunez, eta lantokiaren herria ohiko bizilekutik 200 kilometrotik gora badago.
3. Orobat, senar-emazteak edo bikote egonkorrak, elkarrekin bizi ezin badira genero indarkeriagatik edo 2015ean kide bat espetxean egoteagatik, etengabe, gutxienez 6 hilabetez.
4. Eskatzaileek ez dute deialdi honetako laguntzarik jaso, aurreko ataletan jasotzen diren egoeretako batean egonda ere, baldin eta beste heldu batekin bizi badira, 25 urte bitarteko seme-alabak eta mendekotasuna edo desgaitasuna duten helduak salbu. Seme-alaben pare daude familian harrerapean egon diren pertsonak.
5. Orobat, ez dute laguntzarik jasoko bikote banandu edo dibortziatuek, salbu eta eskatzaileak guraso-agintea eta, berak bakarrik, zaintza eta jagoletza baditu, araubide konpartiturik eta bisitarik gabe.
Hirugarrena.–Laguntzen zenbatekoa.
1. Laguntzaren zenbatekoa hauxe izanen da:
a) 800 euro, familia unitatearen per capita errenta 11.078,57 eurotik beherakoa denean.
b) 500 euro, familia unitatearen per capita errenta 11.078,57 eurokoa edo hortik gorakoa eta 13.848,22 eurotik beherakoa denean.
2. Laguntza honen ondorioetarako, hauek osatzen dute familia unitate bat: heldu bat (edo senar-emazteak edo bikote egonkorra, deialdi honen 2. oinarriko 2. eta 3. kasuetan), seme-alaba adingabeak eta harrerapean dauden adingabeak.
Laugarrena.–Betebeharrak.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira, laguntza eskatzen den unean eta hura hartzen denean:
a) Laguntzaren ondorioetarako aintzat hartzen diren familiako kide guztiak elkarrekin bizitzea, 2. oinarriko 2. eta 3. kasuetan izan ezik.
b) Familiako kide guztiak Nafarroako Foru Komunitatean erroldatua egotea, bi urteko antzinatasuna gutxienez; deialdi honen 2. oinarriko 2. eta 3. kasuetan, adingabeekin bizi denari eskatuko zaio baldintza hau.
c) Familia unitatearen per capita errenta 13.848,22 eurotik beherakoa izatea.
Hauxe hartuko da familia unitatearen per capita errentatzat: familia unitatearen errenta zati familiako kideen kopurua, 3. oinarriko 2. atalaren arabera.
Familia unitatearen errenta kalkulatzeko, familiako kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zerga-oinarriaren parte orokorrak batuko dira.
Ondorio horietarako, errentaren gaineko zergaren aitorpena hartuko da kontuan, 2014ko zergaldiari dagokion kanpainan egindakoa (hau da, 2015ean aurkeztutakoa).
d) Laguntza eskatu duenak norberaren edo beste baten kontura lan egitea. 2. oinarriko 2. kasuan, bikoteko bi kideek lan egin beharko dute.
Bi kasuetan, eskaeraren aurreko sei hilabeteetan lanean hiru hilabeteko antzinatasuna frogatu beharko da eta, gainera, beste baten kontura lan egiten bada, kontratua gutxienez lanaldi erdikoa izan.
e) Deialdi honen 2. oinarriko 2. atalean aurreikusitako kasuan, beharrezkoa da bikoteko kide bat 2015ean Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo lan egitea (edo lan egin izana), etengabe, gutxienez 240 egunez, eta lantokiaren herria ohiko bizilekutik 200 kilometrotik gora izatea.
Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.
1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2015eko azaroaren 1ean bukatuko.
2. Eskaerak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren erregistroan (Abejeras kalea, 9; 31007 Iruña) aurkeztuko dira, inprimaki normalizatua erabiliz, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako gainontzeko tokietako edozeinetan, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari zuzenduko zaizkio.
Oinarrizko gizarte zerbitzuak ez dira erregistro ofizialak, eta horregatik ez da kontuan hartuko haiek emandako sarrera-data; bai, ordea, erregistro ofizial batek emandakoa.
3. Laguntza eskaeraren eta transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakiak Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzaren bulegoetan, oinarrizko gizarte zerbitzuetan eta Iruñeko Udaleko auzoko unitateetan eskuratzen ahal dira, baita www.navarra.es Nafarroako Gobernuaren webgunearen bidez ere.
4. Laguntza eskatzen duen pertsonak sinatu beharko du eskaera; hura aurkeztearekin bat, baimena ematen zaio organo kudeatzaileari laguntzari buruzko datuak tramitatu eta egiaztatzeko beharrezko informazioa lor dezan, bai Zerga Ogasunetik, bai espedientearen gaineko ebazpena emateko eta eskatzaileak alegatutako datuak egiaztatzeko baliagarri gerta daitezkeen argibideak eman ditzakeen edozein erakunde publikotatik zein pribatutatik, zuzenean nahiz telematika bidez.
5. Eskaerak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, gehienez ere 10 egun balioduneko epean okerra zuzentzeko eskaera eginen zaio eskatzaileari, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.
Seigarrena.–Dokumentazioa.
1. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Familia Liburuaren fotokopia edo familiako kideak familia horretakoak direla frogatzen duen antzeko agiriarena.
b) Harrera onesten duen ebazpena, halakorik bada.
c) Banantzeari edo dibortzioari buruzko epaia, edo ezkontzatik kanpoko haurrendako neurrietarako epaia, halakorik bada, non frogatzen den guraso-agintea eta zaintza eta jagoletza eskatzaileari esleitu zaizkiola.
d) Eskatzailearen bikotea hil dela dioen deklarazioa, halakorik gertatu bada.
e) Familiako kideen bizikidetza frogatzen duen erroldatze ziurtagiria edo bizikidetasun ziurtagiria, gehienez ere bi hilabete lehenago luzatua.
f) Erroldatze edo bizikidetasun ziurtagiriak bizikidetza frogatzen ez badu, eskatzaileak hura frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, laguntzaren organo kudeatzaileak eskatuta.
g) 2. oinarriko 3. atalean aurreikusitako kasuetan, egoera horiek behar bezala frogatu beharko dira, genero indarkeriaren egoera edo espetxeratzea frogatzen duen ebazpen judiziala aurkeztuz.
h) Laguntza eskatzen duenaren hiru nominen fotokopia, betiere azken 6 hilabeteetakoak, edo egoera hori frogatzen duen enpresaren ziurtagiria; langile autonomoen kasuan, autonomoen araubideko kuota ordaintzen dutenez, Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko hiru kuotaren ordainagiria, betiere azken 6 hilabeteetakoak, eta JEZaren altaren frogagiria.
i) Deialdi honen 2. oinarriko 2. atalean aurreikusitako kasuan, Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo lan egiten duen bikoteko kideari dagokionez, lan kontratuaren kopia edo enpresaren ziurtagiria, lan-bizitzaren agiria eta Nafarroatik kanpo bizi dela frogatzen duten agiriak (alokairu kontratua, hotelaren edo apartamentuaren ziurtagiria, etab.).
j) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.
k) Familia unitateari helburu bererako eman zaizkion laguntza ekonomiko guztien aitorpena.
2. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ez da beharrezkoa izanen eskatzen diren agiriak aurkeztea, baldintza horiek Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean, edo lehendik haren esku dauden agiriak badira. Kasu horretan, eskatzaileek identifikatu beharko dute zer espedientetan dauden agiriak; halaber, organo eskudunek eskatzen ahalko diete hori egin dezaten.
Zazpigarrena.–Antolamendua eta instrukzioa.
1. Deialdi honen ondorioetarako, Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzako Familien Atalari esleitu zaizkio foru agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak. Oinarri hauetan instrukzio organoari egindako aipamenak atal horri egindakotzat hartuko dira.
2. Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaile hauetan ezarritakoa kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
3. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz, eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean tramitatu eta ebatziko dira espedienteak. Deialdi honetarako aurrekontu erabilgarria agortzen bada, eskaerak ezetsi eginen dira.
Zortzigarrena.–Ebazpena.
1. Prozedura instruitu eta ebazpen proposamena igorri ondoren, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du, arrazoiak azaldurik, eta eskatzaileari ebazpena jakinaraziko dio, eskabidea aurkeztu zenetik hiru hilabete iragan baino lehen. Dagozkion diru-laguntzak emanen dira horretarako kreditua dagoen bitartean.
2. Diru-laguntza ematen duen ebazpenean onuraduna eta diru-laguntzaren zenbatekoa jasoko dira.
3. Hiru hilabeteko epean ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.
Bederatzigarrena.–Ordainketa.
Ordainketa bakar baten bidez emanen da laguntza, ordainketa transferentzia bidez egiteko aurkeztutako eskaeran ageri den kontu korrontean.
Hamargarrena.–Onuradunen betebeharrak.
1. Laguntzen onuradunek, haiek jasotzeko baldintzetan aldaketaren bat izaten bada, horren berri eman beharko diote Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari, aldaketa izan eta 15 egun balioduneko epean.
2. Onuradunek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak egiten dituen kontrol jarduketak onartu beharko dituzte, eta kudeaketa organoak edo beste organo eskudun batzuek, indarra duen araudiarekin bat, eskatzen dizkieten agiriak eman.
Hamaikagarrena.–Bazterketak eta laguntzen bateragarritasunaren araubidea.
Deialdi honetan araututako laguntza ekonomikoak bateraezinak izanen dira beste edozein administrazio publikok edo entitate pribatuk helburu bererako ezar dezaketen edozein laguntzarekin.
Hamabigarrena.–Laguntza itzultzea.
1. Laguntza eskuratzen bada horretarako behar diren baldintzak bete gabe onuradunari egotzi beharreko arrazoiengatik, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, osorik edo partez, eta diru-laguntza bidegabeki ordaindu zenetik sortutako berandutza interesak eskatuko dira, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
2. Laguntza eskuratzen bada horretarako behar diren baldintzak bete gabe Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari egotzi beharreko arrazoiengatik, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, osorik edo partez.
3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatutako kasuetan ere itzuli beharko dira jasotako diru kopuruak, osorik edo partez.
Hamahirugarrena.–Publikotasun araubidea.
Ematen diren diru-laguntzak ez dira argitaratuko, zeren, onuradunen datuak zabaltzea, diru-laguntzaren xedea dela-eta, pertsonen intimitatearen aurkakotzat jotzen baita, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1.b) artikuluan aurreikusi bezala.
Hamalaugarrena.–Errekurtsoak.
1. Deialdi honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.
2. Deialdi honen aplikazio egintzen kontra, bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoarekin bat.
Hamabosgarrena.–Legeria aplikagarria.
Foru agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.
Iragarkiaren kodea: F1513017