1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
345E/2015 EBAZPENA, irailaren 14koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Nagoreko atzealdeko presari hornidura elektrikoa egiteko proiekturako, Artzibarko udal mugapean. Ebroko Ur Konfederazioak sustatu du.
Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.
Proiektatutako jarduketak helburu du Nagoreko atzealdeko presako transformazio zentroari hornidura elektrikoa egitea. Horretarako, aireko eta lur azpiko linea bat planteatu da, Agoitz-Nagoreko 20 kV-eko lineako 3.812. euskarritik abiatuko dena, eta haren ondoan airetik lur azpira pasatzeko beste euskarri bat paratuko da. Puntu horretatik aurrera, linea elektrikoa lur azpitik joanen da 516 bat metroan, bide batetik, atzealdeko presaren ondoan kokatu beharreko transformazio zentroraino.
Espedientean Artzibarko Udalaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren aldeko txostenak ageri dira. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Nagoreko atzealdeko presari hornidura elektrikoa egiteko proiekturako, Artzibarko udal mugapean. Ebroko Ur Konfederazioak sustatu du.
2. Baimenak neurri zuzentzaile hauek betetzera behartzen du:
Ingurumen arlokoak:
–Deribazioko euskarriko eta linearen bukaerako euskarriko lotzeko kate guztietan, proposatu den C3670EBAV isolatzaile ereduaren ordez, C3670EBAV–AR eredua erabiliko da. Aurrekoaren eboluzioa da, eta hegaztiak bertan pausatzea galarazteko hegats gehiago dauzka.
–Deribazioko euskarrian, deribaziko zubi lokak isolatuko dira.
–Linearen amaierako euskarrian eta eroaleak lurpeko linearekin duen konexioan elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira lineako eroaleak eta XS zirkuitu-etengailuak lotzen dituzten zubiak, horien eta tximistorratz autobalbulen arteko lotuneak eta horien eta konexioko botilen artekoak. Isolamenduan erabiliko den materialak goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko egokia izan beharko du. Bestetik, tximistorratz autobalbulak BCAC (“Bushing Connection Animal Cover”) estalki aurremoldeatuekin edo antzekoekin babestuko dira.
Hirigintza arlokoak:
–Nahitaezko desjabetzeaz baliatu ezean, Ebroko Ur Konfederazioak egin beharreko jarduketa horrek herrilurrak ukitzen dituenez, obra lizentzia eman baino lehen, Nagoreko Kontzejuak eskuratu beharko du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, lur horiek okupatzeko baimena, beharrezko tramiteen ziurtagiriak aurkeztuz, 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.
–Artzibarko Udalak begiratuko du Udalaren eskumeneko determinazioak betetzen direla.
–Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa para dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Artzibarko Udalari, Agoitz aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2015eko irailaren 14an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1513006