Iragarkia
192. ALDIZKARIA - 2015eko irailaren 25a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
6E/2015 EBAZPENA, irailaren 9koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitatean ETE enpresek egindako prestakuntza ekintzak finantzatzeko diru-laguntza publikoak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, sektore arteko gizarte eta ekonomia eragileen parte-hartzearekin, Nafarroako aldaketa teknologiko, ekonomiko eta sozialen lehentasunezko balio estrategikotzat eta, beraz, enpleguaren egonkortasunerako eta kohesio sozialerako funtsezko tresnatzat jo eta bere gain hartzen du prestakuntza.
Prestakuntza hori enpresen estrategia orokorraren barrenean ere sartu behar da; horrela, enpresek funtsezko zeregina dute prestakuntza ekintzak antolatu eta gauzatzerakoan.
Langileei lan merkatuaren premietara egokitutako prestakuntza ematea dute helburu prestakuntza ekintzek. Prestakuntza horrek enpresen produktibitate eta lehiakortasun eskaerak bete eta lanbidean gora egiteko langileen sustapen nahiak eta garapen pertsonala ase beharko ditu, gaitu egiten baititu zein bere lanbidean prestatuta aritzeko.
Prestakuntza ekintza horiei esker, enpresek behar dutenean planifikatu eta burutu dezakete prestakuntza, eta giza baliabideen prestakuntza enpresentzako ezinbesteko inbertsioa dela sustatzen ahal dute; horrela, errazago sartzen ahal dira ETEetan. Aldi berean, langileen legezko ordezkariei enpresak egin gogo duen prestakuntzaren berri emanez, bermatu egiten da enpresaren esparruan enpresaburuen eta langileen artean gai horri buruzko elkarrizketa soziala izanen dela. Helburu hori lortuko da Administrazioaren eta ETEen erantzukizun partekatuaren bitartez.
Diru-laguntza hauek norgehiagokako araubidean ematen direnez, beharrezkoa da baremo bat diseinatzea, aukeratzeko zein eskaerari diru-laguntza emanen zaion eta zeini ez edo, eskatzen den kopurua esleitzen dena baino handiagoa bada, dagoen laguntza eskaera guztien artean hainbanatzeko, Diru-laguntzei buruzko Foru Legean jasotako aukera baita. Kasu honetan, Zerbitzu honek bigarren aukeraren alde egitea erabaki du, zenbait ETE beren plantilla prestatzeko laguntzarik gabe uztea baino egokiagotzat jotzen baita. Gainera, zaulitasuna ematen dio kudeaketari, eta hori oso komenigarria da gaur egungo egoeran.
Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak Batzordeak ekainaren 17an emandako 651/2014 EE Erregelamendua betetzen dute. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
Enplegurako Lanbide Heziketaren Sistema lan esparruan urgentziaz aldatzeko martxoaren 22ko 4/2015 Errege Lege Dekretuak zenbait aldaketa sartu ditu, eta deialdi honetan jaso dira.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du, non, besteak beste, deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzea eskatzen baita.
Horrenbestez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen, martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsien, 11.2 eta 13. artikuluetan xedatutakoarekin bat,
EBATZI DUT:
1. Diru-laguntza publikoen deialdia onestea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ETE enpresek egindako prestakuntza planak finantzatzeko.
2. Deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honi atxikirik daude.
3. 93.605 euroko gastua baimentzea 2015eko gastuen aurrekontuko ‘’Enplegu Plana. Langileen enplegurako prestakuntza ekintzak’’ izeneko 170002/15200/4709/242102 kontu-sailaren kargura.
Diru-laguntzei buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58.2 artikuluarekin bat, aipatu kontu-sailean aurrekontu erabilgarririk badago deialdia ebatzi baino lehen, hasiera batean aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2015eko irailaren 9an.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.
I. ERANSKINA
ETEen prestakuntza ekintzetarako laguntzak
emateko deialdiaren oinarri arautzaileak
1.–Xedea eta helburua.
1.1. ETE enpresek Nafarroako Foru Komunitatean beren langileentzat egiten dituzten prestakuntza ekintzak finantzatzeko diru-laguntzak emateko prozedura arautzea dute xede oinarri hauek.
1.2. Deialdi honen babesean ematen diren diru-laguntzek prestakuntza ekintzak finantzatzea dute helburu, horiek lana duten langileen gaitasun eta kualifikazioak hobetzera eta lanbidea eguneratu eta espezializatzera bideraturik, edozein dela ere langileak zerbitzuak ematen dituen jardueraren sektorea edo arloa. Prestakuntza ekintzek ezagutza berriak lortzen eta etengabe birziklatzen lagundu beharko dute, langileen sustapena eta integrazio soziala eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko.
1.3. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren fitxategiko espezialitateekin lotutako eta lotu gabeko prestakuntza ekintzak lagunduko dira diruz, 70 orduz gehienez ere.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuak 70 ordutik gorako prestakuntza ekintzak laguntzen ahalko ditu diruz, entitate eskatzaileak eskaera arrazoitua egin ondoren.
1.4. Aplikaziorako lurralde eremua Nafarroako Foru Komunitatea izanen da. Zer urtetarako diren laguntzak, haiek eman eta urte horretako azaroaren 30era bitarte gauzatu beharko dira prestakuntza ekintzak.
2.–Diru-laguntzen zenbatekoak.
2.1. Deialdi honetan aurreikusitako ekintzak “Enplegu plana. Langileen enplegurako prestakuntza ekintzak” izeneko 170002/15200/4709/242102 kontu-sailaren kargura finantzatuko dira, krediturik baldin bada.
Diru-laguntzei buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58.2 artikuluarekin bat, aipatu kontu-sailean aurrekontu erabilgarririk badago deialdiaren ebazpena eman baino lehen, hasiera batean aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.
2.2. Prestakuntza ekintza bakoitzagatik eman beharreko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa honela zehaztuko da: ikasleen kopurua (gehienez ere 15, ondorio ekonomikoetarako) bider orduen kopurua bider deialdi honen II. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoa.
Diru-laguntzen zenbatekoa prestakuntza orokorreko ekintzen kostu finantzagarriaren %70ekoa izanen da, eta berariazko prestakuntzako ekintzen kostu finantzagarriaren %35ekoa.
3.–Entitate onuradunak.
3.1. Nafarroan kokatuta eta, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 EE Erregelamenduaren I. eranskineko definizioaren arabera, ETE diren enpresa pribatuak oinarri hauetan araututako laguntzen onuradunak izaten ahalko dira.
Ondorio horietarako, ETE enpresaren definizioa Europako Erkidegoak unean-unean ezartzen duena izanen da.
3.2. Nafarroan kokatuta egon eta langileen %50 baino gehiago desgaitasunak dituzten pertsonak edo baztertuak edo baztertzeko arriskuan direnak badira, entitate horiek oinarri hauetan araututako laguntzen onuradunak ere izaten ahal dira.
3.3. Oinarri honetako 3.1 eta 3.2 puntuetan aipatuetako entitate batzuek beren langileentzako prestakuntza ekintza bateratuak finantzatu nahi izanez gero, elkartuta har dezakete parte deialdi honetan. Kasu horretan, haietako bat eskatzaile eta bitartekari izanen da Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aurrean, diru-laguntzaren ondoriozko kudeaketak egiteko.
3.4. Aldi baterako laneko enpresak eta beren langileentzako prestakuntza entitate edo zentroak ezin dira onuradunak izan.
3.5. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuren batean dauden entitateak ezin dira inoiz onuradunak izan.
4.–Prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenak.
4.1. Aurreko oinarrian entitate onuradun gisa aipatu enpresetako langile guztiek hartzen ahal dute parte deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza ekintzetan, hartan zehaztutako moduan eta baldintzetan. Langileen Estatutuko lan-kontratazioko edozein modalitateren arabera egoten ahalko dira lanean langile horiek, edo kooperatibetako eta lan-enpresetako bazkide langileak izaten ahal dira.
Prestakuntza hartzen dutenek Nafarroan kokatuta dauden lantokietan eman beharko dituzte zerbitzuak.
4.2. Ezin izanen dute bitan edo gehiagotan parte hartu prestakuntza ekintza berean.
4.3. Entitate onuradunak bertaratze ziurtagiria emanen dio prestakuntza ekintza bukatu duen parte-hartzaile bakoitzari (ikastaroko ikastorduen %75 gutxienez), eta egiaztapen diploma bat, berriz, prestakuntza ebaluazio positiboarekin gainditu duen parte-hartzaile bakoitzari. Bi agirietan honako hauek adierazi beharko dira, gutxienez ere: ekintzaren izena, prestakuntza eman duen zentroa, prestakuntzaren edukiak, zein egunetan egin den eta zenbat prestakuntza ordu jaso diren.
Aurreko lerroaldean aipatu diren egiaztagiriek, gutxienez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren logotipoa erakutsi beharko dute, toki ikusgarri batean. Logotipo hori ez da inolaz ere izanen entitate sustatzaile nahiz antolatzailearen ikurra baino txikiagoa. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.
5.–Prestakuntza ekintzak:
5.1. Prestakuntza ekintzak presentzialak baizik ez dira izanen eta langileen gaitasunak eta kualifikazioak hobetzea eta lanbideko eguneratzea eta espezializazioa bultzatzea izanen dute helburu.
5.2. Prestakuntza ekintzatzat hartzen da lanbide gaitasunak, teorikoak eta/edo praktikoak, eskuratzera bideratzen dena. Ekintzak unitate pedagogiko batean egituratua egon beharko du eta berezko helburuak, edukiak eta iraupena eduki beharko ditu, parte-hartzaile guztientzat berdinak.
5.3. Prestakuntza ekintzak ezin izanen dira atzerrian egin, eta Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo egiten direnak diruz lagundu ahal izateko, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aldez aurreko baimena beharko da arrazoi bereziengatik, betiere interesdunak eskaera arrazoitua egiten badu laguntza eskatzeko unean.
5.4. Prestakuntza ekintza ez da 10 ordutik beherakoa izanen.
Prestakuntza ekintzaren iraupena, eguneko, ez da inoiz 8 ordu baino luzeagoa izanen, eta asteko, ez 40 ordu baino luzeagoa.
5.5. Prestakuntza ekintzak taldeka antolatzen ahalko dira, 20 lagun daudela gehienez ere talde bakoitzean, baina 15 ikasleko taldearena izanen da gehieneko finantzaketa.
5.6. Honela burutzen ahalko dira prestakuntza ekintzak:
a) Enpresaz kanpokoak diren eta enpresarekin loturarik ez duten prestakuntza entitateak, ekintzen xede diren prestakuntza espezialitateak emateko behar adinako kreditazioa eta gaitasuna baldin badute. Kasu horretan, egiaztatze edo inskribatze baldintza, martxoaren 22ko 4/2015 Errege Dekretu Legearen 16.1 artikuluan ezarria, bete beharko da.
b) Enpresa hornitzaileak edo laguntza teknikoa ematen dutenak makineriaren edo/eta ekipamendu ondasunen mantentze-lanetarako, haien tratamenduan eta funtzionamenduan espezializatuta badaude. Kasu horretan, egiaztatze edo inskribatze baldintza, martxoaren 22ko 4/2015 Errege Dekretu Legearen 16.1 artikuluan ezarria, bete beharko da.
c) Enpresak berak, baldin eta prestakuntza ekintzarako langile adituak baditu eta horiek titulazio eta/edo esperientzia eta ekipamendu egokia badute, edo kanpoko kontratazioen bidez, antzeko kreditazio eta gaitasuna badute.
5.7. Ez dute diru-laguntzarik jasoko informazio edo zabalkundeko jarduerek, beren helburua prestakuntza prozesu baten garapena ez bada, hala nola jardunaldiek, azokek, mintegiek, sinposioek eta biltzarrek.
Irakaskuntza arautuak, doktorego ikastaroek, graduatu ondoko ikastaroek eta masterrek ere ez dute diru-laguntzarik izanen, ez eta enpresetako harrera prestakuntzak ere.
6.–Eskabideak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.
6.1. Eskaerak egiteko, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen duen eredua erabiliko da. Gainera, euskarri informatizatuan aurkeztu beharko dira.
Eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko erregistro orokorrean aurkeztuko dira, baita erregistro elektronikoen bidez nahiz lan agentzietan ere. Eskabideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatutako erregistro eta bulegoetan ere aurkez daitezke.
6.2. 2015erako eskaerak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
6.3. Diru-laguntzen eskabidearekin batera jatorrizko dokumentazio hau edo haren kopia aurkeztu beharko da:
a) Entitate eskatzailearen nortasuna frogatzen duten agiriak, eraketa eskrituraren, estatutuen eta erregistroko inskripzioaren kopien bidez, salbu eta lehenagotik Nafarroako Enplegu Zerbitzuan badaude.
b) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.
c) Eskaera egiten duen lege ordezkari baimenduaren identifikazioa eta sinadura. Ordezkaritza hori notario-ahalordearen bidez edo zuzenbidean onartzen den beste edozein dokumenturen bitartez frogatuko da, eta horrekin batera NANaren fotokopia eta jakinarazpenetarako helbidea aurkeztuko dira.
d) ETE izatearen aitorpena edo enpresaren plantilla osoari buruzkoa, desgaitasunen bat duten, baztertuta dauden edo baztertzeko arriskuan dauden langileen kopurua aipatuta.
e) Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatu egoeretakoren batean ez dagoela dioen aitorpena, ez dakion onuradun izatea galarazi.
f) Prestakuntza ekintzen eta birziklatzearen beharra justifikatzen duen memoria, egoeraren eta plan estrategikoaren araberakoa, enpresako Zuzendaritzak sinatu eta izenpetua.
g) Zer prestakuntza ekintzatarako eskatzen den diru-laguntza, haien laburpen taula, bakoitzeko aurrekontua adierazita, mugatzailea izanen baita justifikaziorako.
h) Eskatutako prestakuntza ekintza bakoitzaren dokumentazioa, eredu normalizatua erabiliz.
i) Langileen ordezkariek egindako txostena, prestakuntza ekintzei buruzko iritziak biltzen dituena edo, halakorik ez bada, hura ez izatea justifikatuko duena.
j) Transferentzia bidezko ordainketarako eskaera, diru-laguntza, ematen baldin bada, ordaindu ahal izateko.
k) Prestakuntza ekintza berberetarako beste diru-laguntza publiko edo pribaturen bat izateari buruzko aitorpena. Halakorik bada, zehaztu haren ezaugarriak.
6.4. Aurrekoaz gain, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aurkezten zaizkion eskaeren gainean behar bezala ebazteko behar dituen argibide eta agiri osagarri guztiak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei.
Kopiak aurkezturik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak dokumentazioaren jatorrizkoa eskatzen ahalko du, beharrezkotzat jotzen badu.
Ez da beharrezkoa izanen lehendik Nafarroako Enplegu Zerbitzuan dauden agiriak aurkeztea. Kasu horretan, eskatzaileak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4. artikuluan ezarritakoari heldu ahalko dio, baina zein espediente zenbakirekin tramitatu ziren esan beharko du.
7.–Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.
7.1. Diru-laguntzarako eskabidea aurkeztu ondoren, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei 10 eguneko epea emanen zaie, idazkia jaso eta biharamunetik hasita, behar diren argibideak edo agiriak aurkez ditzaten, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.
7.2. Ez dira tramitera onartuko deialdian ezarritako epean aurkezten ez diren eskabideak; horrelakoetan ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.
8.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.
8.1. Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.
8.2. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da deialdi honen xedeko eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.
8.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Prestakuntza Zerbitzuari dagokio.
8.4. Baldintzak betetzen dituzten eskaeren zenbateko guztien artean ez bada diru-laguntzetarako gehieneko zenbateko orokorrera iristen, eskatu zaiona emanen zaio entitate onuradun bakoitzari.
Aipatu zenbateko guztien artean eman daitekeena gainditzen bada, onuradunen artean hainbanatuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan jasotakoaren arabera.
8.5. Oinarri arautzaile hauen 2 eta 8.4 oinarrietan xedatutakoa aplikatuz diru-laguntza zehaztu ondoren, eta espedientea eta aginduzkoak diren txostenak ikusi ondoren, organo instruktoreak ebazpen proposamena eginen du, behar bezala arrazoitua, Zerbitzuko zuzendariak ontzat emana, eta onetsitako prestakuntza ekintzen eranskina gehituta.
Instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusirik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak espedientearen gaineko ebazpena emanen du.
8.6. Espedienteko ebazpena eman eta jakinarazteko epea lau hilabetekoa izanen da, gehienez, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.
8.7. Ebazpenak ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
9.–Entitate onuradunen betebeharrak.
9.1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak ukatu gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:
–Deialdi honetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenentzako nahitaezko doakotasuna errespetatzea.
–Diru-laguntzaren sarrera eta prestakuntza ekintzen exekuzio gastuak kontabilitateko kontu bereizietan edo berariazko epigrafe batean identifikatzea, guztietan “enplegurako prestakuntza” erreferentzia jarrita.
–Diru-laguntza zein prestakuntza jardueratarako eskatu den, hura egitea deialdi honen baldintza eta beharkizun formal eta materialei jarraikiz, baita diru-laguntza emateko oinarri izan ziren onespen baldintzekin bat ere.
–Prozedura instruitzeko eta prestakuntza ekintzak gauzatu eta likidatzeko fasean behar diren argibide eta agiriak aurkeztea, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea parte-hartzaileak prestakuntza ekintzetara agertu direla frogatzen duten agiriak, parte-hartzaileek sinatuak eta ezarriko diren gutxieneko betebeharren arabera.
–Bertaratze ziurtagiria ematea prestakuntza ekintzaren parte-hartzaile bakoitzari, edo aprobetxamendua egiaztatzen duen diploma bat, deialdi honetan ezarritako moduan.
–Diru-laguntza emateko betebeharrak eta baldintzak betetzen direla, diru-laguntza emateko arrazoia izan den jarduera egin dela eta haren kostuak zenbatekoak diren frogatzea.
–Administrazio eskudunari diru-laguntzaren xede diren jarduerak finantzatzen dituzten beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu dituztela jakinaraztea, harturiko funtsen aplikazioa frogatu baino lehen.
–Prestakuntza ekintzak ebaluatu, kontrolatu eta begiratzeko Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta kontrol organoek sustatzen dituzten jarduketak onartu eta haiei modu aktiboan laguntzea, eskatzen dituzten argibide eta agiri guztiak noiznahi emanez. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egokiak iruditzen zaizkion informazio eta agiriak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei.
–Eskaerako datuak ez faltsutzea, ezta organo eskudunei aurkeztutako dokumentu eta ziurtagirietakoak ere.
–Deialdi honen babeseko ekintzen informazio eta publizitate jardueretan adieraziko du haiek finantzaketa publikoa izan dutela eta, horrekin batera, diru-laguntza zein administraziok eman duen.
–Entitate onuradunak bere jakinarazpen, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan gutxienez Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian eta inolaz ere izan gabe entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino neurri txikiagokoa. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira. Ez da diruz lagunduko atal honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez dituen materiala.
–Onuraduna, gainera, oinarri hauen aplikazioaren ondoriozko gainontzeko betebeharrak betetzera behartua dago.
–Onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen, prestakuntza ekintzen garapenean hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratazioa egiten bada osorik edo partzialki.
9.2. Oinarri hauetan jasotzen diren eta eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta gainerako arau aplikagarriek eskatzen dituzten betebeharrez gain, pertsona juridiko eta entitate onuradunek, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasuna bete beharko dute Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituztenean eta honako bi inguruabar hauek ematen direnean:
–Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
–Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Ondorio horietarako, bi baldintza horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek ondotik zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko dute, entitatearen legezko ordezkariak sinatua, modu telematikoan Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzenduta, hilabeteko epean diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarri bezala:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.
9.3. Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du, aipatutako epean.
10.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.
10.1. Deialdi honetan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 9. artikuluan eta aplikatzekoak diren beste arauetan ezarritakoa kontuan hartuta gauzatuko ditu onuradunak prestakuntza ekintzak.
10.2. Entitate onuradunak bere giza baliabideak izan beharko ditu prestakuntza ekintzen programazio, koordinazio eta barne kontroleko eginkizunetarako eta, betiere, diruz laguntzen den jardueraren exekuzioaren erantzukizun guztia hartuko du Administrazioaren aurrean. Hala hark nola azpikontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen eta kontrol erakundeen eginkizunak egoki betetzen direla.
10.3. Prestakuntza ekintza bakoitza hasi baino bi egun natural lehenago, gutxienez ere, entitate onuradunek hurrengo jatorrizko dokumentazioa igorri beharko dute Nafarroako Enplegu Zerbitzura:
a) “Hasierako jakinarazpena”, datu hauek adierazita: entitatearen zenbakia eta izena, ekintzaren zenbakia, ekintzaren izena, prestakuntza barrenekoa edo kanpokoa den, hasiera eta bukaera egunak, zein egun eta ordutan ematen den, egutegi osoa, eta non egiten den.
b) Prestatzaileen fitxa osoa eta haien prestakuntzaren eta espererientziaren frogagiriak.
c) Prestakuntza ekintzan hasten diren ikasleen zerrenda.
Jakinarazpen horretarako, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eskura dagoen eredu normalizatua erabiliko da.
Jakinarazpena egin ondotik, aldaketa edo bertan behera gelditzea Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, ekintza hasteko data baino lehenago, salbu eta toki, egun nahiz ordutegi aldaketa edo etetea eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuak eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza gauzatzen ari dela gertatzen bada. Kasu horietan, onuradunak aldaketaren berri eman beharko du, gorabehera hori izan dela jakin eta berehala.
Oinarri honetan ezarritako epeetan jakinarazi ezik, ulertuko da prestakuntza ekintza ez dela burutu, diru-laguntzaren likidazio ekonomikoaren ondorioetarako, salbu eta jakinarazpena epean ez bada egin ezinbesteko arrazoiengatik, behar bezala frogatuta.
11.–Prestakuntzaren kontrola, ebaluazioa eta jarraipena egiteko plana.
11.1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bere eskumenen barnean, arau honen bidez diruz laguntzen diren ekintzen ebaluazio, kontrol eta jarraipen eginkizunak burutzen ahalko ditu. Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren iritziz eginkizun horiek betetzeko bidezkoa bada.
Era berean, gauzatutako prestakuntza guztiaren kanpoko ebaluazioa egiten ahalko du Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, etengabeko prestakuntzaren azpisistema hobetzeko xedearekin.
11.2. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluaziorako “Kalitatea ebaluatzeko galdetegia” erabiliko da, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak horretarako ezarritako eredu normalizatuan.
12.–Kostuak justifikatzeko jarraibideak, eta diru-laguntzen likidazio ekonomikoa.
12.1. Emandako diru-laguntzen likidazio ekonomikoa eginen da kontuan hartuta zenbat parte-hartzailek bukatu duten prestakuntza eta egiaz egindako eskola orduen kopurua, prestakuntza ekintzaren kostu finantzagarrien arabera. Sortzen den diru-laguntzaren gehieneko muga izanen dira deialdi honen II. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoak, prestakuntzaren maila kontuan hartuta.
12.2. Prestakuntza egin ondoren, diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztearen ondorioetarako, parte-hartzaile baten prestakuntza bukatutzat emateko, prestakuntza ekintzako orduen %75ean, gutxienez ere, parte hartu behar izanen du. Parte-hartzaileren batek prestakuntza jarduera uzten badu haren iraupenaren lehenbiziko %25ean, beste batzuek hartzen ahalko dute parte prestakuntzan haien ordez; horrelakoetan, behar bezala jakinaraziko da.
12.3. Egindako prestakuntza ekintza bakoitzaren diru-laguntzaren azken likidazioa egiteko, hura hasi zela behar den unean jakinarazi bada, entitate onuradunak 30 egun naturaleko epean, gehienez ere, aurkeztu beharko du diru-laguntzaren justifikazioa, prestakuntza ekintza hori bukatu ondoko hurrengo egunetik aurrera.
Diruz laguntzen ahalko dira inolako zalantzarik gabe jarduera lagungarriaren ezaugarriak biltzen dituzten gastuak, betiere justifikazio epea, aurreko lerroaldean aipatua, bukatu baino lehen ordaindu badira.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egokiak iruditzen zaizkion informazio eta agiriak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei.
12.4. Aurreko atalean aurreikusitako ondorioetarako, onuradunak, ezarritako baldintzak bete dituela eta diru-laguntza emateko ebazpenean ageri ziren helburuak lortu dituela frogatzeko, jatorrizko dokumentazio hau aurkeztuko du:
a) Egindako prestakuntza ekintza bakoitzagatik, gastuen aitorpena eta ikastaroen azken likidazioa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen duen ereduaren arabera, behar bezala beteak eta entitate onuradunaren legezko arduradunak sinatuak. Horrek bere gain hartuko du aurkezten diren datuen egiazkotasunaren erantzukizuna eta konpromisoa hartuko du administrazioak eskatzen dizkionean, agiri horietan ematen diren datuak abalatzen dituen kontabilitate dokumentazioa aurkezteko eta hark bidezkotzat jotzen dituen argibide osagarriak emateko.
b) Ikastaroa bukatu duten parte-hartzaileen zerrenda.
c) Parte-hartzaileen fitxak, beraiek sinatua, datak eta guzti.
d) Prestatzaileen zerrenda, haien deiturak, izena eta NANa adierazita.
e) Asistentzia kontrolaren jatorrizko agiria, prestakuntza saio bakoitzean parte hartu dutenen sinadurak biltzen dituena, eredu normalizatuan, prestakuntza irakasle edo arduradunak sinatua.
g) Bertaratze ziurtagiria edo aprobetxamendu diploma eskuratu duten ikasleen zerrenda, non haiek hartu izanaren agiria edo banatu dela frogatzen duen agiri fede-emailea agertuko baita.
h) Material didaktikoa hartu duten ikasleen zerrenda, non banatutako materiala eta haiek hartu izanaren agiria edo banatu dela frogatzen duen agiri fede-emailea agertuko baitira.
i) Ikasleak Nafarroako Gobernuaren finantzazioaren berri izan duela frogatzen duen agiria.
j) Prestakuntza ekintzaren datu orokorren fitxa osoa, ekintzaren ebaluazio memoria barne.
k) Prestakuntza ekintzaren kalitatea ebaluatzeko ikasleek betetako galde-sorten fotokopia. Galde-sorta horiek baloratuko dituzte edukiak, baliabide didaktikoak, baliabide teknikoak, antolaketa, irakasleak eta prestakuntza ekintzaren balorazio orokorra.
l) Prestakuntza ekintzari buruzko diplomaren edo ziurtagiriaren fotokopia.
m) Kanpo prestakuntzarako, honako hauek aurkeztuko dira:
–Indarra duen araudiaren arabera prestakuntza eman duen pertsona fisikoaren edo juridikoaren jatorrizko faktura eta horren kopia, biak alderatzeko; gutxienez ere, honako hauek adierazi beharko dira:
- Ekintzaren izena, hasiera eta bukaera data eta ordu kopurua adierazita.
- Ekintzari dagokion zenbatekoa adierazten duen faktura, zigilua daramana.
–Faktura ordaindu dela egiaztatzen duen agiriaren jatorrizkoa eta kopia, biak alderatzeko.
n) Barne prestakuntzarako, honako hauek aurkeztuko dira:
–Enpresako barne prestatzailearen kasuan: entitate onuradunak luzatutako jatorrizko ziurtagiria, non honako hauek agertuko baitira: urteko soldata gordina, enpresaburuek Gizarte Segurantzari ordaindutako kuota, hitzarmenaren araberako urteko lanorduen kopurua, orduaren kostua eta enpresako barne prestatzailea(k) prestatzen emandako ordu kopurua. Gainera, nominaren fotokopia eta ordainketaren agiria.
–Kanpoko prestatzaileak kontratatzeko kasuan: prestakuntza ekintzaren jatorrizko faktura xehatua, eta horren kopia, konpultsatzeko. Bertan hauexek adieraziko dira, gutxienez ere: ekintzaren izena; zein egun eta ordutan eman den; eta kupoi zigilatua, ekintza horri dagokion zenbatekoa adierazten duena. Aurkeztuko dira, halaber, faktura hori ordaindu dela frogatzen duen jatorrizko agiria eta horren kopia, konpultsatzeko.
Lehen aipatu diren agiriak eredu normalizatuan eta/edo Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ezarriko dituen euskarri informatikoetan igorriko dira.
12.5. Kostuak honela justifikatuko dira: auditorearen txostena aurkeztuta edo fakturen eta frogatzeko balio duten bestelako agirien bidez, jatorrizkoa zigilatu ondoren, funtsak ongi erabili direla frogatzeko adinako zehaztasunaz. Horiek entitate onuradunean gordailutuko dira. Zigilatzeak gutxienez ere argibide hauek bildu beharko ditu:
“............. euroko zenbatekoa justifikatzen da, Nafarroako Gobernuak enplegurako prestakuntzaren esparruan emaniko diru-laguntzaren kargura, ...............urteko deialdiko ..... zenbakiko ikastarorako.”
12.6. Eskuarki onartzen diren kontabilitate arauekin bat, kostuak kargu agirien bidez frogatzea ontzat emanez gero, agiri horiek gastuaren edo haren egozpenen frogekin batera igorri beharko dira.
Azpikontratazioen kasuan, azpikontratistek egiten dituzten fakturak gastuen aitorpena eta azken likidazioa izeneko agiriko atalen arabera xehakatu beharko dira, eta prestakuntza ekintza bakoitzari egotzitako kostuak identifikatu.
Kontratistek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, laguntza ematekoa, alegia.
12.7. Diruz laguntzen ahal den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obren exekuzioak sortutako kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipamenduko ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuek sortutako gastuen kasuetan, onuradunak gutxienez ere hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, zerbitzua kontratatu edo ondasuna erosi baino lehen, salbu eta, diruz laguntzen ahal diren kostuek izandako ezaugarri bereziren bat dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada. Diru-laguntzaren justifikazioarekin batera edo, hala bada, diru-laguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharko dira eskaintzak. Haien arteko hautapena efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz eginen da, eta memoria batean justifikatuko da espresuki, proposamen ekonomiko onuragarriena hautatu ez bada.
12.8. Aurkeztutako agiriak justifikatzeko aski ez badira, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onuradunari atzemandako akatsak jakinaraziko dizkio, 10 eguneko epean zuzen ditzan.
12.9. Azken frogagiriak aztertu ondoren, Prestakuntza Zerbitzuak prestakuntza ekintzaren espedientea amaitu eta azken likidazioa egiteko ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari, Zerbitzuko zuzendariak ontzat emanda.
Instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusirik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak espedientearen gaineko ebazpena emanen du.
13.–Diru-laguntzaren ordainketa.
Diru-laguntza ordaintzeko, prestakuntza ekintzak eta haiek sortutako gastuak likidatu eta ekintzak egin direla justifikatu behar da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Prestakuntza ekintza bakoitzaren espedientea bukatzeko ebazpena eman eta gero, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketako Zuzendaritzak, entitate onuradunak Foru Ogasuneko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak egunean dituela egiaztatu ondoren, diru-laguntza ordainduko du, onuradunak titular gisa duen kontu korrontean, berak jakinarazitakoan, bankuko transferentzia bidez.
Diru-laguntzak emanik, ez da aurrerakinik ordainduko eta ez da konturako ordainketarik eginen.
14.–Azpikontratazioa.
14.1. Entitate onuradunak osorik edo hein batean, behingoz bakarrik eta oinarri hauetan ezarri bezala, prestakuntza jarduera azpikontratatzen ahalko du. Onuradunak diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleren bat kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko.
Nolanahi ere, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizuna hartuko du bere gain administrazio publikoaren aurrean, eta berak zein azpikontratistak bermatu beharko dute jarraipen eta kontrol erakundeen eginkizunak behar bezala betetzea.
Behin ere ez da azpikontraturik eginen hirugarrenekin, haren edukiari balio erantsia gehitu gabe jardueraren kostua handitzen bada.
14.2. Azpikontratazioa onuradunari lotutako entitateekin egiten bada, ondoko egoera hauek gertatu beharko dira:
–Kontratazioa merkatuko baldintza normalen pean egitea.
–Aldez aurretik organo emailearen baimena eskuratzea.
14.3. Hirugarrenekin itundutako jarduera diru-laguntzaren %20 baino handiagoa denean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, kontratua agiri idatzi baten bidez formalizatu beharko da eta organo emaileak aldez aurretik baimendu beharko du. Ezin izanen da, inolaz ere, kontratu bat zatikatu haren zenbatekoa gutxitzeko eta baldintza hori betetzea saihesteko.
14.4. Oinarri honen bigarren eta hirugarren ataletan aipatutako organo emaileak aldez aurretik eman beharreko baimenari dagokionez, espresuki eman ahal izanen da diru-laguntza emateko ebazpenaren bidez, edo baimena eskatu eta biharamunetik 15 eguneko epean igorritako ebazpenaren bidez. Aipatu epea organo emaileak ezer ere adierazi gabe bukatzen bada, baimena emantzat joko da.
14.5. Edonola ere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 11/2005 Lege Orokorraren 26. artikuluan jasotzen diren mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie onuradunei eta kontratistei.
15.–Prestakuntzaren barne kontrola.
15.1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarraipen eta kontroleko jarduketa hauek egiten ahalko ditu:
a) “Denbora errealeko” jarduketak. Bertan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta egiten den bitartean, froga fisikoak eta lekukoenak erabiliz, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta prestatzaileei elkarrizketen bidez eskatuko baitzaizkie, teknikoki egiaztatzeko prestakuntza ekintza nola egin den, haren edukia, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Halaber, argitalpenetan eta bestelako komunikabideetan agertuko da ekintzak Nafarroako Gobernuak finantzatuta egin direla.
b) “Ex post” jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren egiten ahalko dira, entitate onuradunei, prestakuntzako arduradunei, ikasleei eta/edo prestatzaileei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak erabiliz, besteak beste, honako hauek egiaztatzeko:
–Prestakuntza ekintzak egin ote diren.
–Parte-hartzaileen benetako kopurua.
–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma ematea eta bertan Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren logotipoa identifikatzea.
–Prestakuntzaren kostuak frogatzea: haien kontabilizazioa eta ordainketa, kontuan hartuta indarra duen araudian ezartzen diren betebeharrak.
15.2. Profesionaltasunaren ziurtagiriak lortzera zuzendutako prestakuntza ekintzak Nafarroako Enplegu Zerbitzuak profesionaltasunaren ziurtagiriak lortzera bideratutako ikastaroetan Kalitatearen Jarraipenerako duen Plana jarraitu eta kontrolatzeko jarduketen mende egonen dira.
16.–Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.
16.1. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako beharkizunak eta emate-ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak diru-laguntza osorik edo hein batean kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du, edo, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako diru-laguntza osorik edo hein batean itzultzea, ondoriozko berandutza-interesekin batera (ordainketa agindu eta itzulketa bidezkoa dela erabakitzen denera bitartekoak).
16.2. Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, partez galduko da kobratzeko eskubidea, eta proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren.
16.3. Dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatu dela jakitean hasiko da ofizioz dirua itzultzeko prozedura, ezarritako prozedurarekin bat, eta, bidezko bada, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
16.4. Atal honetan ezarritako itzuli beharrak ez du galarazten Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean diru-laguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei buruz ezarritakoa.
16.5. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo diru-laguntzari espresuki uko egiteagatik askatzen den dirua aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskabideak aintzakotzat hartzeko erabiltzen ahalko da.
17.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.
Onuradunek diru-laguntzaren xedeko jarduerak finantzatzen dituzten beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu badituzte, betiere finantzaketak prestakuntza ekintzaren gastuaren %100 gainditu gabe, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko diote, hartutako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.
18.–Datuak babestea.
18.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.
18.2. Entitate eskatzaile, onuradun eta parte-hartzaileen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan oro har ezartzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira interesdunak.
19.–Aplikatu beharreko arauak.
19.1. Oinarri hauetan aipatzen den deialdian parte hartzeak berarekin dakar oinarriak oso-osorik eta bete-betean onartzea.
19.2. Deialdi honetan aurreikusita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.
19.3. Programa honetako diru-laguntzek Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 EE Erregelamenduan aldez aurretik ezarritako muga eta baldintzak beteko dituzte. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
20. –Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Prestakuntza Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Atarian (www.navarra.es), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea.
21.–Errekurtsoak.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
II. ERANSKINA
Kostuak eta moduluak
Kostu finantzagarriak.
a) Barreneko eta/edo kanpoko prestatzaileen ordainsariak; horien barrenean sartzen ahal dira soldatak, gizarte aseguruak, dietak, joan-etorrietako gastuak eta, oro har, ekintzak prestatu, eman eta ebaluatzen aritzen diren prestatzaileei dagozkien kostu guztiak.
Prestakuntza ekintzak prestatu eta ebaluatzeko erabiltzen diren orduak, oro har, ezin dira prestakuntza ekintzaren ordu guztien %10 baino gehiago izan.
b) Ekintzan erabilitako eta/edo parte-hartzaileei emandako material didaktikoen eta kontsumigarrien gastuak.
Ikastaro bakoitzerako azkenean pagatu beharreko zenbatekoa kontrol finantzarioaren eta deialdiko baldintzen emaitzen ondoren finkatuko da.
Kontzeptu partzialen kostuaren batura kapitulu bakoitzaren kostu osoa da, eta bi kapituluen kostuaren baturak ikastaroaren gastu justifikatuak osatzen ditu.
Entitate onuradunaren legezko arduradunak bere sinadura eta zigilua ezarriko ditu Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen dituen gastuen aitorpeneko eta ikastaroko azken likidazioko agirietan eta gastuen frogagirien zerrendan. Horrekin, datuen egiazkotasunaren gaineko erantzukizuna bere gain hartuko du eta, gainera, konpromisoa hartuko du Administrazioari, hala eskatzen zaion unean, agiri horietan agertzen diren datuak abalatzeko kontabilitateko dokumentazioa eta hark bidezkotzat jotzen duen informazio osagarria ere emanen diola.
Gehieneko modulu ekonomikoa.
Ondoren ezarritakoa da deialdi honetako diru-laguntzen xedeko ikastaroak finantzatzeko ematen diren laguntzen likidazioari aplikatzen ahal zaion gehieneko modulu ekonomikoa (parte-hartzailearen eta prestakuntza orduaren araberako kostua) ikastaro modalitatearen arabera:
IKASTARO MODALITATEA | PARTE-HARTZAILEA PRESTATZEKO ORDUA |
Presentziala | 11 euro |
Diru-laguntzaren gehieneko kostua zehazturik, haren azkeneko zenbatekoa prestakuntza orokorreko ekintzen kostu finantzagarriaren %70 artekoa izaten ahalko da, eta berariazko prestakuntzako ekintzen kostu finantzagarriaren %35 artekoa.
Enpresa onuraduneko lanpostuari aplikatzeaz gain, beste enpresa edo lan esparru batzuetara alda daitezkeen kualifikazioak ematen dituen irakaskuntza teoriko eta praktikoari esaten zaio prestakuntza orokorra; horrela, langileari lana lortzeko aukera gehiago ematen dio.
Langileak orain duen edo geroago izanen duen lanpostuari zuzenean aplikatzeaz gain, beste enpresa edo lan esparru batzuetara aldatu ezin diren edo oso modu mugatuan aldatzen ahal diren kualifikazioak ematen dituen prestakuntza teoriko eta praktikoari esaten zaio berariazko prestakuntza.
Iragarkiaren kodea: F1512587
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
