1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
350/2015 EBAZPENA, irailaren 15ekoa, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak emana, zenbait eskudantziaren erabilera Kudeaketaren eta Baliabideen zuzendariordearen, Balorazioen eta Zerbitzuen zuzendariordearen eta Familiaren eta Adingabeen zuzendariordearen esku uzten duena.
Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi dituen irailaren 3ko 172/2015 Foru Dekretuaren 13. artikuluaren arabera, zuzendari kudeatzaileak zilegi du bere eskudantzia batzuk agentziako zuzendariordeen esku uztea, indarra duen legerian ezarritakoarekin bat.
Beharrezko eraginkortasuna eta azkartasuna lortu nahian, bidezkotzat jotzen da Kudeaketaren eta Baliabideen zuzendariordearen esku uztea ordainketak eta gastuak baimentzeko eta kontratuak egiteko eskudantzia batzuk, baita zuzendariordetza horri dagozkion gaiei buruzko ebazpen, agiri eta datuen ziurtagiriak egitekoak ere.
Orobat, bidezkotzat jotzen da Balorazioen eta Zerbitzuen zuzendariordearen esku uztea PFEZren ondorioetarako desgaitasun maila, menpekotasun egoera eta etxebizitza egokitu beharra aitortzeko eskumena, baita zuzendariordetza horri dagozkion gaiei buruzko ebazpen, agiri eta datuen ziurtagiriak egitekoak ere.
Azkenik, bidezkotzat jotzen da Familiaren eta Adingabeen zuzendariordearen esku uztea, alde batetik, adingabeei dagokienez, kautelazko neurriak hartzeko, babes zentroetara presaz sartzea baimentzeko eta babesgabetasun egoeraren balorazio prozedurak hasteko eskumenak, eta, beste aldetik, familiei dagokienez, familia orientazioko zerbitzua, familia bitartekaritza eta familia elkartzeko gunea eta haur eskoletako altak eta bajak baimentzeko eskumena.
Eskuordetze hau dagokion arloan indarra duen legerian ezarritakoaren arabera egin behar da, hau da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36. artikuluaren arabera.
Horrenbestez, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi dituen irailaren 3ko 172/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Kudeaketaren eta Baliabideen zuzendariordearen esku uztea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailearen zenbait eskudantzia, gai hauei buruzkoak:
a) Ahalmenak erabiltzea kontratazio administratiboari buruzko indarreko araudiak erakunde autonomoen ordezkariei esleitzen dizkien kontratuak egiteko, baldin eta estimatzen zaien balioa ez bada 1.000.000 eurotik gorakoa (BEZa kanpo), obren kontratuen kasuan, eta 125.000 eurotik gorakoa (BEZa kanpo), berriz, laguntza edo hornidura kontratuen kasuan.
b) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren transferentzia arrunten ordainketak eta gastuak, kapitaleko gastuak eta funtzionamenduko gastuak baimentzea, 15.000 euro bitarte (BEZa kanpo).
c) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren inbertsioen ordainketak eta gastuak, 40.000,00 eurora bitartekoak (BEZa kanpo), baimentzea.
d) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako organoen ebazpenen eta agentzian bere titulartasuneko zuzendariordetzaren eskumenei buruz dauden agirien eta datuen fede ematea eta ziurtagiriak egitea.
2. Balorazioen eta Zerbitzuen zuzendariordearen esku uztea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailearen zenbait eskudantzia, gai hauei buruzkoak:
a) Aitorpen hauek egitea: desgaitasun maila, mendekotasun egoera, eta etxebizitza egokitzeko beharra PFEZaren ondorioetarako.
b) Aurreko paragrafoan aipatzen diren aitorpenen egiaztagiriak ematea.
c) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako organoen ebazpenen eta agentzian bere titulartasuneko zuzendariordetzaren eskumenei buruz dauden agirien eta datuen fede ematea eta ziurtagiriak egitea.
3. Familiaren eta Adingabeen zuzendariordearen esku uztea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailearen zenbait eskudantzia, gai hauei buruzkoak:
a) Kautelazko neurriak hartzea adingabeak babesik gabe gelditzen badira.
b) Babes zentroetan presaz sartzea baimentzea.
c) Prozedurak hastea adingabeak babesgabetasun egoeran dauden baloratzeko.
d) Familia orientazioko zerbitzua, familia bitartekaritza eta familia elkartzeko gunea baimentzea.
e) Haur eskoletako altak eta bajak baimentzea.
f) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako organoen ebazpenen eta agentzian familiari eta adingabeei buruz dauden agirien eta datuen fede ematea eta ziurtagiriak egitea.
4. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak edozein unetan eskatzen ahalko du honen bidez eskuordetutako edozein espediente, haren gaineko ebazpena emateko.
5. Eskuordetutako eskudantzien ondorioz ematen diren ebazpenetan espresuki aipatuko da inguruabar hori. Ebazpen horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari nagusiak emandakotzat hartuko dira ondorio guztietarako, eta haien kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua.
6. Ebazpen hau Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Kudeaketaren eta Baliabideen Zuzendariordetzari, Balorazioen eta Zerbitzuen Zuzendariordetzari eta Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari jakinaraztea, baita Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegoari ere.
7. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2015eko irailaren 15ean.–Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailea, Inés Francés Román.
Iragarkiaren kodea: F1512896